135. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

286/2021 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Nafarroako Gobernuak, osasun agintaritza den aldetik azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaren indarrez, 2020ko ekainaren 19ko Erabakia hartu zuen, non ezartzen baita Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hori aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoa gehitzeko, osatzeko edo murrizteko neurriak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Eskumen horiek erabiliz, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 13/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori berretsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren 11ko 65/2021 Autoaren bidez, salbu eta Nafarroako Foru Komunitatean gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea eta terrazen, janaria etxera eramateko zerbitzuen, kanpoko kirol-instalazioen, haurren jolastokien eta funtzio anitzeko aretoetako kanpoko espazioen ordutegia murriztea.

Osasun Departamentuak beharrezko jo du prebentzio komunitarioko neurriak mantentzea, helburu hauekin: ospitaleen egoera hobetzen segitzea; galga jartzea aldaera berriak sartzeari eta zabaltzeari, kutsatzeak ugaltzeko eta ospitaleratze arruntak eta ZIUetakoak eragiteko ahalmen handiagoa baitute; eta, azkenik, denbora irabaztea txertoen bidez biztanle zaurgarrienak babesteko eta halako immunitate maila bat lortzeko, kutsatzeak ugaltzea mugatzeko modukoa. Horregatik, onetsi da Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Foru agindu horren bidez hainbat sektoretako neurri sanitarioak arautu dira, lehen ere egin izan den bezala. Sektore horien artean kirol esparrua ere badago; Nafarroako Kirolaren Institutuari eman zaio ardura neurri horiek zehazteko zenbait alderditan, hala nola kanpoko zein barneko kirol jardueretan parte-hartzaileen kopuruak ezartzea, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak gune itxietan egitea edo igerilekuen kirol erabilera.

Osasuneko Departamentuak hartutako neurri guztiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Horregatik, eta Osasuneko kontseilariak onetsi dituen neurri guztiak errespetatuz, Nafarroako Kirolaren Institutuak beharrezko jotzen du ebazpen honen bitartez onestea berariazko prebentzio neurriak, Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren kirol jardueretarako

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Berariazko prebentzio neurri apartekoak onestea Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Ebazpen honi eranskin bat atxikitzen zaio, zeinean zehazten baitira onetsitako prebentzio neurriak.

2. Ebazpen honetan onesten diren neurriek mugarik gabeko indarraldia izanen dute, eta egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

4. Ebazpen hau igortzea Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 27an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

I. ERANSKINA

Berariazko prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz

1.–Ohar orokorrak:

–Eranskin honetan dauden neurriei, Osasun Departamentuak unean unean onesten dituenak gehitu beharko zaizkie.

–Baimenduta egonen da Nafarroa mailako lehiaketa ofizialak egitea, edozein kirol modalitate eta kategoriatan, bai kontaktu edo aurkakotasuneko kiroletan, bai kontaktu edo aurkakotasunik gabekoetan. Horiek egin ahal izateko baldintzak eranskin honen 2. eta 3. apartatuetan daude araututa.

Nafarroako lehiaketa ofizialak hasteko eta egiteko (bai kontaktu edo aurkakotasuneko kiroletan, bai kontaktu edo aurkakotasunik gabekoetan) bete beharko dira Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urtarrilaren 26ko 48/2021 Ebazpenaren 1. (bertan ezartzen diren hasiera datak alde batera utzita), 2., 3. eta 4. eranskinetan zehaztuta dauden betebehar eta baldintzak. Eranskin horietan dauden betebeharrak exijituko zaizkie hastekoak diren zein dagoeneko hasiak ziren lehiaketei.

–Baimendutako proba eta lehiaketa ofizialak eta ez ofizialak egiten diren bitartean, entitate antolatzaileek bermatu beharko dute bertaratutako ikusleek betetzen dituztela Osasun Departamentuak onetsi dituen prebentzio neurri guztiak. Horien artean hauek daude: maskarak behar bezala erabiltzea; pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko tartea uztea; eskuak garbitzea soluzio hidroalkoholikoaz edo ur eta xaboiaz, bai eta jatekoak eta edatekoak debekatzea ere.

–Baimendutako proba eta lehiaketa ofizialak eta ez ofizialak egiten diren bitartean kirolariek ezin izanen dute bertaratutakoekin inolako kontaktu fisikorik izan, eta momentu oro pertsonen artean eskatutako segurtasun tartea errespetatu beharko dute. Okupazioaren kalkulua egitean, prebentzio eta higiene neurriak errespetatuko dira.

–Kirol instalazioetako aldagela eta dutxak erabiltzea baimenduta dagoen kasuetan, bermatu beharko da erabiltzaile bakoitzak gutxienez 4 metro koadroko tokia duela, eta erabiltzaileen artean 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen ahal dela.

–Izaera ez ofiziala duten lehiaketak soilik egin ahalko dira 8. apartatuan ezarritako egoera eta baldintzetan.

–Lasterkariek (“runner” delakoek) maskara erabiliko dute jarduera fisikoa egiten ari direnean, baldin eta ezin badute bermatu pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea.

Halaber, jarduera fisiko hori pertsona asko dauden tokietan egiten dutenean –hala nola parkeetan, ibai ondoko pasealekuetan, hirigunean edo antzekoetan–, gomendatzen da banaka egitea, eta ez taldeka.

2.–Aurkakotasuneko edo kontaktu kirolen Nafarroa mailako lehiaketa ofizialak egitea.

Aurkakotasuneko edo kontaktu kirolen probak eta lehiaketak egiteko, bai eta horien entrenamenduetarako ere, instalazioaren edukieraren okupazioa kalkulatzeko pertsonako 5 metro karratuko ratio bat hartuko da kontuan, mugikortasun txikiko jarduera bada, eta 16 metro karratukoa, mugikortasun handikoa bada; bai eta aire zirkulaziorik gabeko aireztatze natural edo behartua (mekanikoa) ere.

Horren ondorioetarako ez dira zenbatuko ez kirolariak (ordezkoak), ezta baimendutako gainerako langileak ere (teknikariak, mahaiko epaileak...) gaitutako eremuaren barruan (jarlekuak, epaileen mahaia...), lehiaketan parte hartzen ari ez badira. Horiek une oro 1,5 metroko pertsonen tartea mantendu eta maskara erabili beharko dute.

3.–Aurkakotasuneko edo kontaktu gabeko kirolen Nafarroako mailako lehiaketa ofizialak egitea.

3.1. Aire zabaleko lehiaketa eta probetako parte-hartzaile kopurua:

Aire zabalean antolatutako lehiaketa eta probetan parte-hartze indizea handia bada (hala nola, txirrindularitza probak, atletismo lasterketak, mendi lasterketak, irristaketa, triatloia eta abar), gehienez ere 250 partaide izanen dira aldi berean. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, Nafarroako Kirolaren Institutuari aldez aurreko baimena eskatu beharko zaio.

3.2. Gune itxietako lehiaketa eta probetako parte-hartzaile kopurua:

Gune itxietan egiten diren lehiaketetan eta probetan, gehienez ere 50 parte-hartzaile izanen dira aldi berean. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, Nafarroako Kirolaren Institutuari aldez aurreko baimena eskatu beharko zaio.

Gune itxietan pertsonako 5 metro koadroko ratioa hartuko da kontuan, mugikortasun txikiko jarduera bada, eta 16 metro koadrokoa, mugikortasun handikoa bada; bai eta aireztatze natural edo behartua (mekanikoa) ere, airearen zirkulaziorik gabe.

Horren ondorioetarako ez dira zenbatuko ez kirolariak, ezta baimendutako gainerako langileak ere gaitutako eremuaren barnean, lehiaketan parte hartzen ari ez badira. Horiek une oro 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia mantendu eta maskara erabili beharko dute.

4.–Kirol ekitaldiak antolatzea eta egitea.

4.1. Kirol ekitaldiaren definizioa:

Kirol ekitaldia honela ulertuko da: noizbehinkako edo aldizkako kirol gertaera, antolatu den lekuan eragin nabarmena duena. Eragin positibo horrek honakoak ekartzen ahal ditu: garrantzi eta oihartzun sozial eta mediatiko zabala; garrantzi ekonomiko edo turistiko nabarmena, parte-hartze handia edo baliabide zein azpiegituren aldetik antolaketaren konplexutasuna.

4.2. Antolatzeko eta egin ahal izateko baldintzak:

Nafarroako Foru Komunitatean kirol ekitaldiak antolatzen eta egiten ahalko dira, Nafarroako Kirol Institutuaren aurrez aldeko txostena eman ondoren. Nafarroako Foru Komunitatean kirol ekitaldi bat antolatu eta egin nahi duen entitateak aldez aurretik jarduketa protokolo bat igorri beharko du Nafarroako Kirol Institutura. Protokolo horretan, inplikatutako pertsona guztien osasuna babesteko neurri espezifikoak ezarriko dira, osasun agintariek ezarritako irizpideekin bat.

Kirol jardueretan ezarriko dira eranskin honen 3. puntuan jasotzen diren parte-hartzaileen kopuruen gaineko neurriak, bai eta Osasun Departamentuak bertaratutako ikusleentzako edukieraren gainean onartutako neurriak ere.

5.–Entrenamenduak.

5.1. Ohar orokorrak:

–Debekatuta dago ikusleak egotea entrenamenduetan.

–Baimendutako lehiaketa baten parte ez diren kirol partidak egiten ahalko dira; adibidez, partida sozialak, lagunen arteko partidak eta gisakoak.

5.2. Entrenamenduak aire zabalean:

Kirol kolektiboetako taldeetan dauden kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte aire zabalean, gehienez ere 25 lagun bitarteko taldeetan. Kirol instalazio berean gehienez ere 25 lagun bitarteko bi taldek entrenatzen ahalko dute aldi berean.

Dena den, taldeek instalaziotik sartu eta atera beharko dute 15 minutuko tartearekin gutxienez, eta ezin izanen dira nahastu talde desberdinetako kideak.

Banakako kirol entrenamenduetan aire zabalean ere entrenamendu talde bakoitzeko gehienez 25 lagunek parte hartzen ahalko dute.

Aire zabalean egiten diren kirol-jarduera fisiko ez-zuzenduak (mendi irteerak, martxak eta abar) aire zabaleko entrenamendutzat joko dira. Apartatu honetan arautuak ez die eragiten ez turismo aktiboko eta naturako irteerei ez eta gida turistikoekin egiten diren jarduerei ere, horiek berariaz arautu ditu-eta Osasun Departamentuak.

5.3. Entrenamenduak instalazio itxietan.

Kirol kolektiboetako taldeetan dauden kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte instalazio itxietan, entrenamendu talde bakoitzeko gehienez ere 20 lagun bitarteko taldeetan. Kirol instalazio berean, gehienez ere 20 lagun bitarteko bi taldek entrenatzen ahalko dute aldi berean, baldin eta instalazioak parte-hartzaile bakoitzeko 5 metro koadro baditu, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta parte-hartzaile bakoitzeko 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala edo behartua (mekanikoa) badu, airearen zirkulaziorik gabe.

Dena den, taldeek instalaziotik sartu eta atera beharko dute 15 minutuko tartearekin gutxienez, eta ezin izanen dira nahastu talde desberdinetako kideak.

Banakako kiroletako (kontaktukoak izan ala ez) kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte instalazio itxietan, 20 lagun bitarteko taldeetan, baldin eta instalazioak 5 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun handiko jardueretarako, eta aireberritze naturala edo behartua (mekanikoa) badu, airearen zirkulaziorik gabe.

6.–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak.

6.1. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoaren definizioa:

Zuzendutako jarduera honela ulertuko da: aisialdiarekin, prestakuntza fisikoarekin eta osasunarekin zerikusia duten jarduera fisikoak, parte-hartzaileen adina edozein delarik ere. Jarduera horien barruan ez dira sartzen kirol modalitate bateko entrenamenduak edo kirol hastapenerako eskolak.

6.2. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egin ahal izateko baldintzak:

Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak espazio itxietan egiteko, taldeetan ez dira arituko 10 lagun baino gehiago. Edonola ere, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak hamabosnaka egiten ahalko dira espazio itxietan, instalazioak 5 metro koadro baldin baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, berriz, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala badu edo behartua (mekanikoa), airearen birzirkulaziorik gabe.

Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak aire zabalean egiteko taldeetan, gehienez ere 25 lagunek parte hartzen ahalko dute, eta baldintza hauek bete beharko dituzte: parte-hartzaile bakoitzak 5 metro koadro edukitzea, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako.

6.3. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak igerilekuetan egin ahal izateko baldintzak:

Igerilekuetan, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egiteko taldeetan, igeriketa ikastarokoetan barne, gehienez ere 15 lagunek parte hartzen ahalko dute, baldin eta instalazioak baldintza hauek betetzen baditu: parte-hartzaile bakoitzak 5 metro koadro edukitzea, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako.

Jaioberriei edo haur oso txikiei ematen zaizkien ikastaroen kasuan, familiako bizikide bat (beti bera) haiekin joatea baimenduko da, eta hori 15 parte-hartzaileren gehieneko kopuruan zenbatuko da. Aitzitik, monitorea ez da gehieneko kopuru horretan zenbatuko. Horrez gain, ez dago baimenduta monitorearekin kontakturik izatea, eta, horrenbestez, kontakturik ez egotea bermatzen duten lan metodologiak bilatu beharko dira.

7.–Kirol igerilekuak erabiltzea:

7.1. 25 metro bitarteko luzera duten igerilekuetan igeriketa praktikatzea:

Igeriketan, kale bakoitzeko gehienez ere 8 pertsona sartzen ahalko dira 25 metro edo gutxiagoko luzera duten igerilekuetan.

7.2. 50 metro bitarteko luzera duten igerilekuetan igeriketa praktikatzea:

50 metroko igerilekuetan kale bakoitzeko gehienez ere 16 pertsona sartzen ahalko dira.

7.3. Waterpolon eta igeriketa sinkronizatuan aritzea:

Waterpolon eta igeriketa sinkronizatuan, parte-hartzaile bakoitzeko 10 metro koadroko espazioa bermatuko da, eta ur-xaflako gehienez ere 20 pertsona izanen dira.

8.–Nafarroako lehiaketa ez ofizialak egitea.

Mota guztietako kiroletan, Nafarroako lehiaketa ez ofizialak egiten ahalko dira, baldin eta antolatzaileak nortasun juridikoa duten entitate publikoak edo pribatuak badira.

Nafarroako Foru Komunitatean kirol lehiaketa ez ofizial bat antolatu eta egin nahi duen entitateak aldez aurretik jarduketa protokolo bat igorri beharko du Nafarroako Kirol Institutura. Protokolo horretan, inplikatutako pertsona guztien osasuna babesteko neurri espezifikoak ezarriko dira, osasun agintariek ezarritako irizpideekin bat. Protokolo horretan jardueraren “COVID arduradun” bat izendatu beharko da. Hura arduratuko da protokoloa betetzen dela bermatzeaz eta entitate eta parte-hartzaile guztien artean zabaltzeaz, bai eta ezarritako prebentzio neurri guztiak horiek bete ditzatela laguntzeaz. Nafarroako Kirolaren Institutuak, aurkeztutako protokoloa ikusita, lehiaketa egiteari baiezkoa edo ezezkoa ematen ahalko dio, eta, bigarren kasuan, entitate antolatzeari eskatu egokitu ditzala inplikatutako guztien osasuna babesteko beharrezkoak diren alderdiak.

Lehiaketa ez ofizialetan aplikagarriak izanen dira lehiaketa ofizialetan aurreikusita dauden parte-hartzaileen kopuruen neurri berberak (3. puntua). Halaber, aplikatuko dira ikusleen kopuruari, ordutegiei eta aldagelen eta dutxen erabilerari dagozkien neurriak ere, hain zuzen ere Osasun Departamentuak kirol lehiaketetarako onesten dituenak.

Kirol instalazioetako aldagela eta dutxak erabiltzea baimenduta dagoen kasuetan, bermatu beharko da erabiltzaile bakoitzak gutxienez 4 metro koadroko tokia duela, eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen ahal dela.

Proba eta lehiaketa ez ofizialak egiten diren bitartean, entitate antolatzaileek bermatu beharko dute bertaratutako ikusleek betetzen dituztela Osasun Departamentuak onetsi dituen prebentzio neurri guztiak. Horien artean hauek daude: maskarak behar bezala erabiltzea; pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko tartea uztea; eskuak garbitzea soluzio hidroalkoholikoaz edo ur eta xaboiaz, bai eta jatekoak eta edatekoak debekatzea ere.

Proba eta lehiaketa ez ofizialak egiten ari diren bitartean kirolariek ezin izanen dute bertaratutakoekin inolako kontaktu fisikorik izan, eta momentu oro pertsonen artean eskatutako tartea errespetatu beharko dute.

9.–Nafarroako Kirol Jokoen programan ikusleen bertaratzea.

Nafarroako Kirol Jokoetan bertaratzen ahalko den ikusleen kopurua Osasun Departamentuak baimendutako gainerako kirol lehiaketetarako neurrien arabera arautuko da.

Iragarkiaren kodea: F2108876