135. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

142E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Zurukuaingo hiriguneko saneamendu sarearen proiekturako, Deierriko udal-mugartean. Sustatzailea Rubén Azcona Armenteros da.

2021eko martxoaren 24an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartuta dago (Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren eroanbideak, lurzoru urbanizaezinean egiten direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Aurrera eraman nahi den jarduketa Zurukuaingo (Deierri) UE-ZUR-22A exekuzio-unitatearen urbanizazio proiektuaren esparruan sartzen da, eta zehatzago, unitate horren ur beltzak udalerriko saneamendu sare orokorrera ateratzeari dagokionean.

Exekuzio unitate hori Zurukuaingo (Deierri) hiri-jarduketarako plan bereziari dagokio, eta 21. poligonoaren 118. lurzatia okupatzen du. Hirigunearen mugan dago, eremu urbanizaezinaren hango muga landabide bat baita.

Herriko saneamendu uren arazketa 21. poligonoaren 594. landa-lurzatian kokatuta dagoen putzu septiko batean egiten da. Putzu septiko horretara iristen da azken saneamendu putzutik ateratzen den ubidea, udalerriaren saneamendu ur guztiak biltzen dituena. Exekuzio unitate horren mailaren kotak udalerriko sare orokorraren saneamendu mailaren azpitik daude, han husten baitira mugakide diren gainerako unitateak; horrek esan nahi du, herri saneamenduaren putzuekiko lotura egin ahal izateko, saneamendu urak ponpatu beharko liratekeela.

Konponbide errazago bat aukeratu nahian, eta ponpatzeko sistemek eragin ohi dituzten arazoak saihesteko, grabitatea baliatzen duen konponbide bat aukeratu da, exekuzio unitatearen ipar-ekialdeko mugan barna doan landabide bat erabiliz; sistemaren funtsa da lurpeko PVCko kolektore bat, 250 mm-ko diametrokoa eta 85 metroko luzerakoa, muturrean uztartuko litzatekeena bidegurutzean dagoen saneamendu sare orokorrarekin, Deierriko 21. poligonoaren 594. lurzatiaren mendebaldeko muturrean.

Proiektuaren gauzapena osorik eramanen da bidean eta haren bazterretan barna, hirigunearen ondoko giza erabilerako eremuan, landaredi naturala ukitu gabe.

Espedientean aldeko txostenak jasota daude, Deierriko Udalak 2021eko urtarrilaren 8an eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2021eko apirilaren 26an emandakoak.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zurukuaingo hiriguneko saneamendu sarearen proiekturako, Deierriko udal-mugartean. Sustatzailea Rubén Azcona Armenteros da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

• Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan berrerabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.

• Beharrezkoak diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren lur gaineko elementuek 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk saneamenduko sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Hain zuzen ere, Jurramendiko Mankomunitatearen aldeko txostena lortu beharko da.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honen barruko jarduketa edo esku-hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, eremua leheneratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Deierriko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Lizarra 1 Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 20an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2108257