135. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

141E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Anueko udal-mugartean neurketa anemometrikorako dorre bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea Sacyr Concesiones SLU da.

2020ko urriaren 6an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “M” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Hasieran eskatu zen neurketa anemometrikorako 105 metroko dorre bat jartzea Olaibarko 7. poligonoko 47. lurzatian ( UTM koordenatuak (ETRS89 30N Eremua) X=616.000, Y=4.752.064). Dorrea saretazko egitura bat da, eta hari eusteko altzairuzko tiranteak tinkatuko dira lurrean, elkarren artean 120º-ko angelua duten hiru planotan kokatuta.

Eskaera aztertuta egiaztatu zen emandako koordenatuak ez zegozkiola aipatutako lurzatiari, ondokoari baizik, alegia, Anueko 7. poligonoko 180. lurzatiari, udalerri horren Udalaren herri-lurretan. Gainera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak egindako eskaeraren bidez, sustatzaileari eskatu zitzaion justifikatzeko jarduketa horrek ez zituela ukitzen bi bide publiko eta haien zortasun eremua (Beraizko bidea eta Saratsibarko bidea), ez eta GR-225 bidexka ere, “Ezkabako ihesaldia 1938”, Nafarroako Memoria Historikoaren Lekua izendatua Gobernuaren 2019ko ekainaren 18ko akordioaren bidez; beharrezkoa balitz, kokapena berriro planteatzeko ere eskatu zitzaion.

Entitate sustatzaileak eskaerari erantzun zion, hasieran aurreikusitako dorrearen ordez beste bat planteatuz, sareta autosostengarri batez egina, 99,5 metroko altuerakoa, koordenada berean kokatua, (X=616.000, Y= 4.752.064), Anueko 7. poligonoaren 180. lurzatian. Era horretan saihesten da bi bide publikoren gaineko ukipena, zirgak haien gainetik tenkatzeagatik, eta orobat haien zortasun eremuaren gaineko ukipena, zirgak finkatzeko zapatak eraiki beharragatik. Dorrea eraikiko da 7,20 m-ko aldea eta 51,84 m²-ko azalera dituen zapata baten gainean, Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundearen arauen arabera seinaleztatuko da, zuri eta gorri aeronautikoa txandaka kokatutako zatietan, eta ez du barne hartzen gaueko balizatze sistemarik, ez delako 100 metrotik gora altxatzen.

Espedienteak jasotzen ditu Anueko Udalaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren txosten bana, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintza ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Anueko udal-mugartean neurketa anemometrikorako dorre bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea Sacyr Concesiones SLU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

• Lanak egitean zuhaitzak kendu beharko balira, ahalik eta gutxien kenduko lirateke, eta kenduz gero, jakinarazi eta baimena eskatu beharko zaio Ingurumena Zaintzeko Ataleko Iruñeko Barrutiari (gmapamplona@navarra.es; tel.: 608-062649), hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean, otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutakoan, eta hura garatu duen erregelamenduan.

• Azpiegitura egiteko beharrezkoak diren obrak amaitutakoan, okupatutako eremu osoko obra hondarrak garbituko dira, eta ukitutako eremuak lehengoratu. Obren ondorioz ukitutako lurrazalak lehengoratu eginen dira; horretarako, aldez aurretik kendu eta metatuko den lurra erabiliko da. Soberako lurren eta obra materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendura eraman beharko dira, izaeraren arabera.

• Ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena ematen denetik gehienez 5 urtera desmuntatuko da dorrea. Eremua garbi geldituko da, eta lurrak leheneratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokien araudia betez.

Hirigintza arlokoak:

• Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko dorre autosostengarri bat, 99,5 metroko altuerakoa, eraikitzea baizik ez du babesten, 2021ko apirilaren 6an aurkeztutako dokumentazioarekin bat, eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

• Herri-lurren Atalak 2020ko abenduaren 16an emandako txostenaren arabera:

Proiektuak Anueko udalerriko Etsaingo Kontzejuaren herri-lurren jabegokoak diren eremuak ukitzen dituenez, sustatzaileak Udal horretako Kontzejuari eskatu beharko dio herri-lur horien desafektazio espediente bat hasteko, erabileraren lagapenagatik, Nafarroako Gobernuari dagokion onarpena eskatuz, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezartzen denaren arabera.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Nafarroako Gobernuaren webguneko lotura honetan (“Administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuak”) kontsultatzen ahalko da tramitazioa eta zer dokumentu aurkeztu behar diren herri-lurrak lagatzeko desafektaziorako edo haien gaineko karga ezartzeko:

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16661/Desafectacion-de-bienes-comunales-para-su-posterior-cesion

Hala ere, Toki Entitateak desafektazioa onartzeko eskaera Atal honi igorri aurretik, sustatzaileak lortu beharko lituzke honen erreferentziazko proiektua abiarazteko beharrezkoak diren txostenak eta/edo baimenak (Lurraldearen Antolamendua, Ingurumena, etab.).

• Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honek babesten dituen jarduerak edo jarduketak gauzatu edo abiarazi beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

• Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Anueko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Iruñeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 20an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2108258