133. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

38E/2020 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroako toki entitateentzat, 2021-2022 urteetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak eta “Kontziliaziorako tokiko itunak” programa garatzearren. DDBN identifikazioa: 558860.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki entitateek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, baieztatzen du, foru lege honek esleitzen dizkien funtzioei dagokienez, Nafarroako Gobernuak osatuko duela toki entitateen nahikotasun finantzarioa.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki entitateek emakumeen eta gizonen aukera berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean honako hau biltzen da: udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, erantzunkidetasunaren aldeko neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta laguntzea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki entitateekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.

Toki entitateetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten toki entitateentzat. Ebazpen honetan lau laguntza modalitate desberdin aurreikusten dira, eta beharkizun eta diru kopuru desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten toki entitateentzat, eta bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten toki entitateentzat. Deialdi honen xede da, orobat, toki entitateetan Kontziliaziorako tokiko itunak izeneko programa garatzea.

Institutua udalen berdintasun arloak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen eredua bultzatzen ari da esku-hartzea errazagoa, sistematikoa eta koherentea izan dadin. Eredu horretan, esku hartzeko esparru bat ezartzen da toki entitateen arteko lankidetza eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko koordinazioa ahalbidetzeko. Ibilbide horrek inbertsio arlo hauek ezartzen ditu: Toki gobernamendua eta genero zeharkakotasuna; Emakumeen aurkako indarkeria; Zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa; eta Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat onestea, Nafarroako toki entitateentzat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak eta “Kontziliaziorako tokiko itunak” programa garatzearren.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea, baldin eta aurrekontuko krediturik bada:

AURREKONTUKO PARTIDA

ZENBATEKOA

080001-08100-4609-232200: Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko

2021

350.000

080001-08100-4609-232200: Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko

2022

120.000

Salbuespen gisa, deialdi honetarako zenbatekoa handitzen ahalko da, guztira 100.000 euro izan arte, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, foru lege horren 31.3.a) artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 20an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Isturiz Garcia.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra arteko aldian, Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, entitate horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, toki entitateek prestatzen eta planifikatzen dituzten proiektuak gauzatzearen bitartez.

Deialdi honen xedea da, orobat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei 2021-2022 aldian dirulaguntzak emateko araubide bat ezartzea, entitate horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, Nafarroako toki entitateak kontziliaziorako tokiko itunen programan sartuz eta/edo “Kontziliaziorako tokiko itunak” izeneko programako proiektuak garatuz.

2. oinarria.–Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.

2.1. Toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte. Halaber, talde batean sartu diren toki entitateak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskaeran berariaz adierazten badira zein den entitateetako bakoitzak hartzen dituen gauzatze konpromisoak, eta ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat.

2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:

a) 1. modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik ere, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

b) 2. modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jasotzen duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

c) 3. modalitatea: berdintasuneko agenterik lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan ez duten 6.000 biztanle baino gutxiagoko Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.

d) 4. modalitatea: gaur egun, kontziliaziorako tokiko itun bat sinatua duten Nafarroako toki entitateek gauzatzen dituzten proiektuak, edo, horrelako itunik ez badute, kontziliaziorako tokiko ituna 2021eko urriaren 31 baino lehen abian jartzeko konpromisoa hartzen duten toki entitateenak. Azken kasu horretan, data horren aurretik, hartan parte hartzeko eskaria ere aurkeztu beharko da, honako helbide honetan dagoen ereduari jarraikiz: https://www.igualdadnavarra.es/eu/kontziliaziorako-toki-itunak-programa-kxti

3. oinarria.–Betekizunak.

3.1. Nafarroako toki entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte, salbu 3.1 oinarriko b.2 apartatuan jasotakoaren kasuan:

a) 1. eta 2. modalitateak:

1. B mailako berdintasuneko agente bat kontratatua edo plantillan izatea, lanaldi osorako. Toki entitateak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non ez den agente nagusia lanaldiaren murrizketa eskatzen duena; izan ere, horrelakoetan, zilegi izanen da bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa. (Hori egiaztatzeko, Idazkaritzako ziurtagiria izeneko IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

Betiere, lanaldia osoa dela ulertuko da, eta ez da nahitaezkoa izanen bi lagunek betetzea, baldin lanaldia zortziren bat, seiren bat edo laurden bat murrizten bada, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo horri dagokionez aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Orobat, toki entitateek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin lanaldi osoko berdintasuneko agentea izateari buruzko betebeharra betetzeko. Kasu horretan, diruz laguntzeko proiektu bakar bat aurkeztu beharko dute, eta elkartutako erakundeen artean garatu.

2. 2021erako partida edo aurrekontu esleipena edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuak finantzatzeko. (Hori egiaztatzeko, Idazkaritzako ziurtagiria izeneko IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

3. Aukera berdintasunerako plan bat edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo lanerako urteko plana izatea, udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen araberakoa. Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, beharkizun hori betetzat joko da toki entitateko idazkaritzaren egiaztagiri bat aurkeztuz gero (IV. eranskinean dago), non egiaztatuko baita toki entitateak asmoa duela berdintasun plana edo urteko lan plana prestatzeko deialdi honek aintzat hartzen duen aldian, “Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentua oinarri hartuta.

4. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agenteak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan 2021. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada. (Hori egiaztatzeko, Idazkaritzako ziurtagiria izeneko IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

b) 3. modalitatea:

1. 2021erako partida edo esleipen ekonomikoa edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetara bideratua. (Hori egiaztatzeko, Idazkaritzako ziurtagiria izeneko IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

2. Eskaera egiten den unean, ez izatea B mailako berdintasuneko agenterik lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan. (Hori egiaztatzeko, Idazkaritzako ziurtagiria izeneko IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

3. 6.000 biztanle baino gutxiago izatea.

c) 4. modalitatea:

Kontziliaziorako tokiko itun bat sinatua izatea, edo bestela, konpromisoa hartzea toki entitate horretan 2021eko urriaren 31 baino lehen abian jarriko dela kontziliaziorako tokiko itun bat. (Hori egiaztatzeko, Idazkaritzako ziurtagiria izeneko IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

4 oinarria.–Exekuzio epea eta proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra bitartean gauzatu beharko dira.

4.2. Toki entitateek proiektu bakarra aurkezten ahalko dute 1., 2. eta 3. modalitateetarako, eta, horrez gainera, denek beste proiektu bat aurkezten ahalko dute 4. modalitaterako, betiere kontziliaziorako tokiko itun bat baldin badute edo konpromisoa hartzen badute 2021eko urriaren 31 baino lehen abian jarriko dutela kontziliaziorako tokiko itun bat beren toki entitatean.

4.3. Dirulaguntzen xede diren proiektuek oinarri honetan xehetasunez azaltzen diren ekintzak izaten ahalko dituzte, eta horiek, garatzeko eta kudeatzeko, egokitzen ahalko dira.

Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jasotzen ahal dute dirulaguntza:

1. eta 2. modalitateak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten toki entitateetan.

Proiektuak deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira, bai eta “Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean” adierazitako esku-hartze arlo hauen arabera ere:

a. Toki gobernamendua eta zeharkakotasuna.

b. Emakumeen kontrako indarkeria.

c. Zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa.

d. Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Dirulaguntzaren xede izanen dira honelako ekintzak dituzten proiektuak:

Baldintzak sortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia administrazioan eta haren politika publikoetan zeharkakotasunez integratzeko.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, eta abar).

Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko azterlanak, ikerketak, plangintzak eta ebaluazioak. Atal honetan diruz laguntzen ahal diren ekintzen artean sartzen da INAI/NABIk emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko tokiko koordinazio protokoloak egiteko gidan jasotzen diren indarkeriaren tokiko protokoloak egitea. Nolanahi ere, aipatutako gidan zehazten eta jasotzen diren baldintzen, jarraibideen, mekanismoen eta ereduen arabera egokitu beharko dira protokoloak.

3. modalitatea: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agenterik lanaldi osoan ez duten toki entitateek aurkeztuak, arlo hauen gaineko ekintzak garatzen dituztenak:

a) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

b) Zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa.

c) Emakumeen kontrako indarkeria. Arlo honetan garatutako ekintzak, indarkeriaren tokiko protokolo baten barruan badaude, diruz laguntzen ahalko dira soilik protokolo hori NABIk ziurtatu badu edo emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko tokiko koordinazio protokoloak egiteko gidako jarraibideen arabera egiten ari bada.

Arlo horietako ekintzak helburu hauek lortzera bideratuko dira:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean prestakuntza ematea gauzatzen diren ekintzen eremuan (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, etab.).

–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

–Toki entitatean emakumeek eta gizonek berdintasunean jardun dezaten lehentasunak ezartzeko asmoz egindako ikerlanak eta diagnostikoak. Aipatutako ikerlan edo diagnostiko horiek elkarrekin egiten ahalko dituzte ekintza komuneko lurralde eremu bat partekatzen duten entitateek. Atal honetan diruz laguntzen ahal diren ekintzen artean, honako hauek daude, besteak beste: indarkeria diagnostikoak egitea, “Jaiegunetako eraso sexistei aurre egiteko jarduera protokoloak” egitea, edo “Emakumeen aurkako indarkeriagatiko hilketa eta egoera larriei aurre egiteko jarduera protokoloak” egitea. Horiek INAI/NABIk emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko tokiko koordinazio protokoloak egiteko argitaratutako gidan jasotzen dira. Nolanahi ere, aipatutako gidan zehazten eta jasotzen diren baldintzen, jarraibideen, mekanismoen eta ereduen arabera egokitu beharko dira protokoloak.

4. modalitatea: gaur egun, kontziliaziorako tokiko itun bat sinatua duten Nafarroako toki entitateek gauzatzen dituzten proiektuak, edo, horrelako itunik ez badute, kontziliaziorako tokiko ituna 2021eko urriaren 31 baino lehen abian jartzeko konpromisoa hartzen duten toki entitateenak. Azken kasu horretan, data horren aurretik, hartan parte hartzeko eskaria ere aurkeztu beharko da, 2. oinarri honetan adierazten den moduari jarraikiz: Modalitate honetan bi proiektu mota aurkezten ahalko dira:

a) Kontziliaziorako tokiko itun berri bat martxan jartzea, aurretik halako itunik eduki ez duten entitateentzat, edo ituna biziberritzeko proiektuak, tokiko ituna eduki duten arren, itun hori, bizitasun falta dela eta, berriz abiaraztea beharrezkoa duten entitateentzat.

b) “Zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa” esku-hartze arloko ekintzak, “Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean” jasotzen den bezala.

4.4. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

4.4.1. Modalitate guztietan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik (gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira):

a) Laguntza teknikoa. Atal honetan dirulaguntza jasotzeko baldintza izanen da kontratatzen diren pertsona fisiko edo juridikoek genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea, organismo publikoek edo unibertsitate publiko zein pribatuek emana.

Pertsona edo entitate kontratatuaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da generoaren arloko prestakuntza (X. eranskina). Prestakuntza egiaztatzea eskatuko da modalitate bakoitzeko gehieneko zenbatekoaren (5.2. oinarrian adierazi dira) % 40ko edo gehiagoko balioan kanporatzen diren ekintzetan.

Toki entitate onuradunak azpikontratatzen ahalko du diruz laguntzen den jarduera osoa.

4. modalitatean, toki entitateak aholkularitza teknikoa kontratatzen ahalko du itun berri bat abian jartzeko edo daukaten ituna indartzeko.

b) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

d) Jarduerak egiteko behar diren lokalen eta ekipamenduen alokairua, edo material suntsikor eta kontsumigarriaren gastua. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, erakunde onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, gutxienez, bi urteko epean.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean (ez beste inoiz) beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, eta abar).

f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

g) Proiektuaren jarduerarekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak eta oinarri hauen 4.6. puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.

4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren %20 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitatearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, konparazio batera, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.1.e) atalean xedatutakoa salbu.

b) Diseinuan, edukian, abian jartzean eta ebaluazioan genero ikuspegia ez duten proiektuak.

c) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izaten ahal diren proiektuak eta jarduerak.

d) Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetan kontziliaziorako agertzen diren azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.

e) Aisialdiko edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuen eta edukien artean generoaren ikuspegia aurreikusten ez badute.

f) Ikasleekin edozein hezkuntza ziklotan (0-3 tartea barne) egindako jarduerak ez dira diruz lagunduko, edozein dela ere bere titulartasuna, baldin eta jarduera horiek eskola orduetan egiten badira, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

g) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnena, 4.4.1. ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.

Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturikoak eta antzekoak.

d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabiltzen ahal diren produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).

5. oinarria.–Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Hona hemen modalitate bakoitzerako aurreikusita dauden zenbateko osoak:

a) 1. modalitatea: 200.000 euro.

b) 2. modalitatea: 81.000 euro.

c) 3. modalitatea: 136.000 euro.

d) 4. modalitatea: 53.000 euro.

Modalitate bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da modalitate bakoitzerako zenbateko orokorra.

Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiltzen ahalko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan.

5.2. Proiektu bakoitzeko, honako dirulaguntza hauek emanen dira, gehienez, albo batera utzita aurkezten den proiektuaren kostu osoa:

a) Gehienez ere 20.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarik jasotzen ez duten toki entitateen eskaerentzat. (1. modalitatea).

b) Gehienez ere 9.500 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen duten toki entitateen eskaerentzat. (2. modalitatea).

c) Gehienez ere 4.000 euro, berdintasuneko agenterik lanaldi osoan ez duten eta 6.000 biztanle baino gutxiago dituzten toki entitateen eskaerentzat (3. modalitatea).

d) Gehienez ere 5.300 euro, kontziliaziorako tokiko ituna duten edo 2021eko urriaren 31 baino lehen horrelako itun bat abian jartzeko konpromisoa hartzen duten entitateen eskaerentzat (4. modalitatea).

5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

5.3.1. 1., 2. eta 4. modalitateen kasuan, hau emanen zaie 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei:

a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, “NABIk Onartutako Proiektu Aurrekontua”, modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren %100 jasoko dute.

b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, “NABIk Onartutako Proiektu Aurrekontua”, modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua baino handiagoa denean, modalitate bakoitzean ematen den kopuruaren %100 jasoko dute.

5.3.2 3. modalitatean, 8. oinarriko balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta puntuazio hori irizpide harturik, portzentaje hauek aplikatuko dira:

–71-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %100.

–61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %90.

–40-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %80.

Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatu eginen dira.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera. Nahitaez aurkeztu behar da eskaera ereduan (III. eranskina). Bertan, proiektua eta deialdiaren aurrekontu osoa deskribatuko dituen memoria sartu behar da, 2021. urterako (urtarrilaren 1etik urriaren 31ra) eta 2022. urterako (2021eko azaroaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra bitarteko gastua) banakatuta, eta proiektuaren deskribapenaren arabera zehaztuta. Garatuko diren jarduera guztiak banakatuko ditu, eta ez da baliozkoa izanen proiektuaren aurrekontu orokor bat. Agiri bakar batean aurkeztu behar da eskaeraren eredu hori, agiri gehiagotan banandu gabe; kasuan kasuko modalitatea bete beharko da.

Elkartuta aurkezten diren toki entitateen kasuan, zein entitate aukeratzen den elkartutakoen ordezkari izateko, haren ordezkariak sinatu beharko du eskabidea. Hitzarmeneko entitate bakoitzak zer konpromiso hartu dituen bere gain adierazi beharko da eskaeran.

b) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria (IV. eranskin gisa ageri den ereduan), 3. eta 12. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatzen duena.

Entitate bakoitzak bere modalitateari dagokiona aurkeztu beharko du, eta dokumentu bakarrean aurkeztu beharko da.

Berdintasuneko agentea kontratatua baldin badu, ziurtagiri horrek entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena izanen du barne, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan 2021. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

4. modalitateari dagokionez, ziurtagiri horren barruan sartuko da Ituna dagoela edo, oraindik halakorik ez bada, 2021eko urriaren 31 baino lehen itun bati hasiera emateko konpromisoa hartu dela adierazten duen adierazpen sinatua.

c) 1. eta 2. modalitateetarako, kontratazioa bi toki entitateren edo gehiagoren akordio baten bidez egiten bada, 2021erako hartutako akordioaren kopia.

d) Hala badagokio, toki entitatearen eta berdintasuneko agentearen arteko kontratuaren kopia, 2021erako indarraldia izan behar duena.

e) XII. eranskina. Banketxeko datuak: eranskin hau eskatzaile guztiek bete behar dute eskaera egiteko unean. Edukian deialdi honetarako aplikagarri diren banku datu espezifikoei buruzko informazio orientagarria adieraziko da. Nafarroako Gobernuan dagoen banku datua aldatu bada, edo eragiketak harekin hasiz gero, “Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera” inprimakia bete beharko dute.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean erakunde eskatzaileak aurkeztutako justifikazioan zuzentzen ahal diren akatsak daudela, horren berri emanen du, bost egun balioduneko epean zuzendu daitezen.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin izanen da inola ere zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez hamar egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, eskabidea elektronikoki aurkezten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen datatzat.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izaten ahal du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egiten ahal ditu, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Eskaera bakoitzeko, aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoa “NABIk Onartutako Proiektu Aurrekontua” zenbatekoaren gainean eginen da, bertan sartutako jarduerak zer denboran gauzatuko diren kontuan hartu gabe. Emakidaren zenbatekoa “NABIk Onartutako Proiektu Aurrekontua” zenbatekoaren gainean “emakidaren %” aplikatuz lortuko da.

Kontzeptuak argitzen:

–”NABIk Onartutako Proiektu Aurrekontua”: NABIri III. eranskinean eskatutako aurrekontuaren zenbatekoa, “Aurrekontu osoa” deritzona, deialdi honetan diruz lagundu ezin diren proiektuko jardueren zenbatekoa murriztuta, hala badagokio.

–”Emakidaren %”: aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoaren emaitza, deialdiaren II. eranskinean eta 5. oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

Urte anitzeko (2021-2022) deialdi honetan, emakidaren zenbatekoa honela banakatuko da:

–2021eko emakida: aurkeztutako proiektuko jarduerak 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 31 arte gauzatzeari dagokio.

–2022ko emakida: aurkeztutako proiektuko jarduerak 2021eko azaroaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra arte gauzatzeari dagokio.

Bi urte horietako emakidaren zenbatekoak lortzeko, aurrez zehaztutako “emakidaren %” aplikatuko da “NABIk Onartutako Proiektu Aurrekontua” zenbatekoaren gainean.

8.4. Proiektuari buruzko irizpideetan, guztira 60 puntu (1., 2., eta 4. modalitateak) eta 40 puntu (3. modalitatea) lortzen ez duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik izanen.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria–Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira, 2021 eta 2022 urteetarako: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak, “Aurrekontua” zenbatekoa III. eranskinaren arabera, “NABIk Onartutako Proiektu Aurrekontua” zenbatekoa (8.3 oinarria), proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik. Horrez gain, proiektu bakoitzari dagokionez, emandako zenbateko osoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa, “NABIk Onartutako Proiektu Aurrekontua” zenbatekoarekin bat datorrena, jasoko dira.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere webgunean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dago), baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Dirulaguntzen onuradun diren entitate guztiek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, Gardentasunari buruzko adierazpena izeneko V. eranskineko dirulaguntzen fitxaren arabera.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria.– Proiektuak gauzatzea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

11. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Deialdi honetan onartutako dirulaguntzak denbora-epe honetan ordainduko dira:

a) Gastu exekuzioaren erantzukizunpeko adierazpena 11.2.a) puntuaren arabera aurkezten denetik hilabeteko epean, konturako ordainketa bat eginen da, eta haren gehieneko zenbatekoa 2021. urteari dagokion dirulaguntza izanen da (2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 31ra).

b) Justifikazioa 11.2.b) puntuaren arabera aurkezten denetik hiru hilabeteko epean, azken ordainketa eginen da, eta haren gehieneko zenbatekoa 2022. urteari dagokion dirulaguntza izanen da (2021eko azaroaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra).

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Aurreko 11.1 puntuan ezarritako ordainketak egiteko, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, telematikoki eta/edo dirulaguntzen fitxaren bidez, bertan dauden ereduekin bat etorriz:

a) 2021eko urriaren 31 baino lehen: Nafarroako Berdintasunerako Institutuari aurkeztutako proiektuan onuradunak orain arte egindako gastu exekuzioaren erantzukizunpeko aitorpena, XI. eranskinaren arabera. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

b) 2022ko otsailaren 28a baino lehen: proiektuaren justifikazio osoa eginen da, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra bitartean egindako gastuak jasoko dituen agiri tekniko-ekonomikoak aurkeztuz. Horretarako, 11.3 apartatuan adierazitakoa izanen da aplikatzekoa.

11.3. Dirulaguntzaren xedeko jarduketak egin ondoren, entitate onuradunek “NABIk Onartutako Proiektu Aurrekontua” zenbatekoa justifikatu beharko dute (8.3 oinarria). Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2022ko otsailaren 28rako:

–VI. eranskina. Justifikazio memoria.

–VII. eranskina. Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria. Diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren justifikazioa barne. Diruz lagundutako jardueren adierazpena eta haien kostua jaso beharko ditu, haiek garatzean egindako gastuetako bakoitza adierazita. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita; hau da, “NABIk Onartutako Proiektu Aurrekontua” (8.3 oinarria).

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.

–VIII. eranskina. Gastuen eredua: zerrenda bat hartuko du barnean, kalkulu orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak xehakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorriko direnak.

–Behar bezala jaulkitako fakturen kopia, tributuak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak. Faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

–IX. eranskina. Enpresaren hautapenaren ziurtagiria. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du enpresa efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Horietan islatuta geratu beharko da bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan duten parte-hartzearen berri emateko betebeharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan araututakoarekin bat. Testu hau agertu behar da: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren webgunean kontsultatzen ahal dira: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala edo haren Argitalpen Zerbitzuaren bidez.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, jarduketei buruzko agiri, publizitate eta zabaltzeko bitarteko guztietan, eta objektu guztietan ezarri beharko dira: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webguneetan eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.

–X. eranskina. Genero arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena. Laguntza teknikoa kontratatu bada, kontratatutako laguntza enpresek edo aholkulariek generoan prestakuntza dutela frogatu beharko da, 4.4.1. puntuaren a) atalean ezartzen denaren arabera.

–4. modalitateko proiektuetan, itunik ez badago eta itunari hasiera emateko konpromisoa hartu bada, itunean parte hartzeko eskaera aurkeztu beharko da, helbide honetan eskuratzen ahal den ereduaren bidez: https://www.igualdadnavarra.es/es/programa-pactos-locales-por-la-conciliacion-plxc.

11.4. Instrukzio organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen elkarteari edo entitateari errekerimendua eginen dio akatsok zuzendu ditzan bost egun baliodun igaro baino lehen.

11.5. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino baxuagoa bada, edo gastua eta ordainketa frogatzeko agirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza (“NABIk Onartutako Proiektu Aurrekontua”, 8.3 oinarria, dirulaguntza onartzeko Ebazpenean “Justifikatu beharreko zenbateko” gisa zehaztu dena) baino baxuagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da, proportzio berean (emakidaren % aplikatuz justifikatutako eta NABIk onartutako zenbatekoari), betiere, erabat gauzatzetik hurbil samar ibili bada eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera duela frogatzen bada, eta proiektuaren balorazio berari eutsiko zaio.

12. oinarria.–Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa. Horretarako, IV. eranskin gisa jaso den erantzukizunpeko adierazpena erantsiko da.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntza emateko Ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, telematikoki edo laguntzen fitxaren bitartez, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eredua erabiliz, deialdiaren 9.3 oinarriaren arabera.

Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakinarazpenean honako informazio hau eman behar da: zenbat diru lortu den, diruz lagundutako jarduerak noiz egin diren eta zein diren beren kontzeptuak, ongi zehaztuta. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

h) Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan (haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak) eta maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa) xedatutakoa betetzea.

14. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eskatzen ahal diren erantzukizunak.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3. oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

14.2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez badu berdintasuneko beste agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Hori horrela, entitate onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

14.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6. artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria.–Arau hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

17. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

1. eta 2. modalitateak.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

60

1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

2.–Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3.–Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki entitatetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Web orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan eta abarretan argitaratzea (komunikabide aniztasuna)

5

D) PROIEKTUAN PARTE HARTZEA BESTE TOKI ENTITATE BATZUEK, LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEKO BESTE ARLO BATZUEK

15

Emakumeen elkarteak

5

Tokiko kolektiboak

5

Toki entitatearen eskumeneko beste arlo batzuk eta beste instituzio batzuk

5

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

10

3. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

TOKI ENTITATEAK BERDINTASUNAREKIN DUEN KONPROMISOA

30

Berdintasun plana / Lan plana

15

Kontziliaziorako tokiko ituna

10

Berdintasunerako Kontseilua edo Batzordea

5

PROIEKTUARI BURUZKO IRIZPIDEAK

70

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

40

1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

30

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

10

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

4

Proiektuaren garapen kronologikoa

4

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

2

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

5

2.–Proiektuak toki entitatearen beste programa eta jarduerekin duen harremana (sinergiak beste udal arlo batzuekin, emakumeen elkarteen mugimenduekin, eta abar).

5

3.–Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki entitatetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Web orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan eta abarretan argitaratzea (komunikabide aniztasuna)

5

D) PROIEKTUAREN INPAKTUA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

10

Gauzatze mailaren eta emaitzen adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

4. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

60

1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

2.–Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3.–Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEAREN BESTE ARLO BATZUEK PARTE HARTZEA PROIEKTUAN

20

Emakumeen elkarteak

5

Tokiko kolektiboak

5

Toki entitatearen eskumeneko beste arlo batzuk

5

Beste instituzio batzuk (osasuna, hezkuntza, eta abar)

5

C) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

D) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki entitatetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Web orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan eta abarretan argitaratzea (komunikabide aniztasuna)

5

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

III. eranskina.–Eskabide eredua.

IV. eranskina.–Idazkaritzaren ziurtagiria.

V. eranskina.–Gardentasunari buruzko adierazpena.

VI. eranskina.–Justifikazio memoria.

VII. eranskina.–Idazkaritzaren ziurtagiria (justifikazioa).

VIII. eranskina.–Gastuen eredua.

IX. eranskina.–Enpresaren hautapenaren ziurtagiria.

X. eranskina.–Genero arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena.

XI. eranskina.–Exekuzioaren erantzukizunpeko adierazpena.

XII. eranskina.–Bankuko datuak.

Deskargatu bete beharreko eredu guztiak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2106649