133. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 3koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariarena, EUROPE DIRECT NAVARRA Informazio Zentroan bi prestakuntza beka emateko deialdia onesten duena, Nafarroako Gobernuaren eta Europako Batzordearen arteko 2021-2025 aldirako lankidetzarako esparru-hitzarmenari jarraikiz. DDBN identifikazioa: 561526.

Herritarren Harremanetarako Departamentuaren egitura organikoa eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak baliatuta, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa eguneratu da; hala, ezarri da kopurua ezin dela izan 9.000 eurotik beherakoa, ezta 18.000 eurotik gorakoa ere.

Deialdi honen xedea bi beka ematea da gazteei prestakuntza eskaintzeko Europako gaien arloan. Bekaren zuzkidura, urtero, 30.360 euro gordinekoa da pertsona eta urte bakoitzeko, 1.200 euroko 12 hilekotan banatua, gehi 780 euro, urtero, Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko (65 euro hilabetean).

Beka horien helburua EUROPE DIRECT NAVARRA Informazio Zentroan unibertsitate titulua duten pertsonen prestakuntza sustatzea da. Zerbitzu hori Europako Batzordeak ematen du eta herritarrei, erakundeei, organoei eta administrazioei Europako gaietan informazioa, aholkularitza eta laguntza emateko xedea du. Batetik, onuradunek Europako erakundeei, erkidegoko politikei eta horiek Nafarroako errealitatean duten eraginari buruzko ezagutzak hobetzeko aukera izanen dute. Bestetik, Europako gaien ezagutzan espezializatzea bultzatu nahi da, eta, horrela, gai horiei buruzko informazioa gizarte osora zabaltzen parte hartu.

Helburu hauek lortu nahi dira:

–Gazteen prestakuntza sustatzea, zehazki, kanpo ekintzaren arloan.

–Europari buruzko ezagutza praktikoa hobetzea Europe Direct-en egoitzan.

–Europar Batasuneko erakundeen funtzionamenduari, politikei eta ekintzei buruzko ezagutza hobetzea.

–Bruselako bulegoaren ohiko lanetan parte hartzea eta haren zeregin teknikoetan laguntzea: informazioa bilatzea eta materiala eta dokumentazioa prestatzea, Europe Direct-en erakunde eta organoen bilera edo biltzarretara joatea eta txostenak, buletinak eta abar prestatzen laguntzea.

–Nafarroa Europar Batasunaren barruan egoteak dakarren guztiari buruzko ezagutza praktiko zabala sendotzea.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta, honako hau

AGINTZEN DUT:

1. Unibertsitateko titulua duten gazteen prestakuntza praktikorako bi bekaren deialdia onestea. Beken xedeko prestakuntza praktikoa EUROPE DIRECT NAVARRA Informazio Zentroan eginen da 2021., 2022. eta 2023. urteetan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi horretarako, 81.090 euroko gastua onestea, honela finantzatuko dena:

–2021. urteari dagokion gastua, guztira 20.240 euro, Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretako “Suspertu Plana. Informaziorako gune europarreko bekak” izeneko B50000 B5000 4809 145100 partidaren kargura ordainduko da.

–2022. urteari dagokion gastua, guztira 30.360 euro; 2023. urteari dagokiona, guztira 30.360 euro; eta 2024. urteari dagokiona, azkenik, 130 euro “Suspertu Plana. Informaziorako gune europarreko bekak” izeneko B50000 B5000 4809 145100 partidaren baliokide izateko asmoz urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaitzen diren partiden kargura ordainduko dira, horretarako kreditu egoki aski baldin badago.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 3an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Europe Direct Informazio Zentroan prestakuntza praktikoko bi beka emateko deialdia arautzen duten oinarriak, Europako Batzordeak Nafarroako Gobernuarekin 2021-2025 aldirako sinatuta duen hitzarmenari jarraikiz.

1. Xedea eta helburua.

4.c oinarrian ezarritako unibertsitate tituluetako lizentziadunei edo graduatuei zuzendutako bi beka norgehiagoka araubidean emateko jarraitu beharreko oinarri arautzaileak ezartzea da deialdi honen xedea.

Beka horien helburua EUROPE DIRECT NAVARRA Informazio Zentroan unibertsitate titulua duten pertsonen prestakuntza sustatzea da. Zerbitzu hori Europako Batzordeak ematen du eta herritarrei, erakundeei, organoei eta administrazioei Europako gaietan informazioa, aholkularitza eta laguntza emateko xedea du.

Bestetik, Europako gaien ezagutzan espezializatzea bultzatu nahi da, bai eta gizarte osoari gai horiei buruz ematen zaion informazioan ere.

2. Diru zuzkidura.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak konpromisoa hartzen du, bekek dirauten bitartean, beka horien bi onuradunetako bakoitzari urtero 14.400 euro gordin emateko (1.200 euro gordin hilean).

Kopuru horiei kasuan kasuko atxikipenak egin beharko zaizkie, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du bekadunen gizarte segurantzagatik egin beharreko ordainketa. Bekadunek beren gain hartuko dituzte Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkien betebeharrak, Estatuko araudiak gai horren gainean ezarritakoari jarraikiz.

3. Beken iraupena.

Prestakuntza bekek 12 hilabeteko iraupena izanen dute hasieran, eta, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak proposatuta, luzatzen ahalko dira, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez (hasierako aldia eta bi luzapenak barne), aurrekontu eskuragarritasunaren arabera. Bekak luzatzen badira, ez da inola ere aldatuko haien izaera.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiaren Emakida Ebazpenean adierazitako egunean hasiko dira bekak.

4. Hartzaileek bete beharreko baldintzak.

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa, Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuan zehaztutako baldintzei jarraikiz. Nolanahi ere, derrigorrezkoa izanen da espainieraz ongi jakitea.

c) Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko, Publizitate eta Harreman Publikoetako, Marketineko, Zuzenbideko, Ekonomia eta Enpresa Zientzietako, Bibliotekonomia eta Dokumentazioko, Soziologiako edo Politika eta Administrazio Zientzietako lizentziatura edo graduko unibertsitate-titulu ofizialen bat edo antzeko tituluren bat –ahal dela, Gizarte Zientzietakoa– izatea, baldin eta titulazioa zentroan gauzatuko dituen funtzioetara egokituta badago; EBko beste estatu kide batzuetan parekoak direnak ere balio dute.

d) Ezinbestekoa da ingelesez jakitea –nola ahoz hala idatziz– (C1 maila). Frantsesez eta EBko beste hizkuntza batzuetaz jakitea ere baloratuko da. Hori guztia, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari jarraikiz (HEEEB).

e) Europar Batasunarekin lotutako gaiei buruzko prestakuntza teoriko eta/edo praktiko espezifikoa.

f) Sare sozialen erabilera.

g) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

h) Nafarroan bizitakoa izatea gutxienez deialdiaren data baino urtebete lehenago.

i) Eskatutako titulua eskuratua izatea prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

j) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten ahal dionik.

5. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Bekaduna hautatzeko prozesuan parte hartzeko eskabide formularioa (II. eranskina).

2. Indarreko NANaren edo pasaportearen fotokopia.

3. Eskatzen den ikasketa titulu ofiziala, non eta noiz eman zen adierazita.

4. Lortutako titulazioaren ikasketa espediente ofiziala, lortutako batez besteko nota jasotzen duena, 0tik 10era bitarteko eskalan.

5. Curriculuma, EUROPASS formatuan.

6. Ingeles titulu ofiziala (C1) eta EBko beste hizkuntza batzuen titulu ofiziala, hala badagokio.

7. Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

8. Betebeharrak eta aurkeztutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiri edo tituluen egiaztapen ofiziala.

9. Zinpeko aitorpen bat, adierazteko, batetik, hautatua izanez gero, beste beka batzuei uko eginen diela, eta bestetik, ez dela bereizia izan inolako administrazio edo erakunde publikotatik diziplinazko espediente baten ondorioz eta ez duela inoiz bekadun izaera galdu entitate publiko batean betebeharrak ez betetzeagatik.

7. Dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

Eskabideak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusira zuzenduko dira, eta, ahal dela, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz aurkeztuko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/dos-becas-de-formacion-practica-en-el-centro-de-informacion-europe-direct

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Tramitatzeko, ziurtagiri digitala, NANa+PINa, edo cl@ve erabil daiteke.

Hala egiterik ez badago, eskabideak aurkezten ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan.

Ez dira baloratuko, ezta aintzat hartuko ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzean betetzen ez diren betebeharrak eta merezimenduak, alegatu badira ere, ez eta agiri bidez argi eta garbi frogatzen ez direnak ere.

Epearen barruan aurkeztutako eskabideak ez badu eskatutako guztia betetzen, bideratze organoak hamar egun naturaleko epean zuzentzeko errekerimendua eginen dio interesdunari. Interesdunak hala egiten ez badu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin. Hau da, eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, ez da merezimenduen gaineko inolako dokumentaziorik onartuko.

Prestakuntza beka jasotzeko eskabidea aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8. Merezimenduak: balorazio irizpideak

Ebaluazio Batzordeak honako baremo honi jarraikiz baloratuko ditu izangaiaren esperientzia eta prestakuntza-maila:

1. Eskatzaileek adierazitako lanbide espezializaziorako ikastaroak, mintegiak, lankidetzak eta antzekoak, deialdi honekin lotutako gaiei buruzkoak:

–30 ordutik beherako ikastaroak ez dira baloratuko.

–30-100 orduko ikastaroak: 0,50 puntu.

–100-200 orduko ikastaroak: 1 puntu (0,75 gehituko zaizkio 100 ordu edo zatiki bakoitzeko, 200 ordutik aurrera).

Kontzeptu horrengatik 3 puntu lortzen ahal dira gehienez.

2. Unibertsitate master ofiziala, Europar Batasunarekin lotutakoa.

Kontzeptu horrengatik 1 puntu lortzen ahal dira gehienez.

3. Lan esperientzia:

Europako informazioarekin eta sare sozialekin lotutako gaietan lanean emandako hilabete bakoitzeko: 0,20 puntu.

Kontzeptu horrengatik 2 puntu lortzen ahal dira gehienez.

4. Beste hizkuntza batzuk (frantsesa, alemana, italiera, etab.):

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera ofizialki egiaztatutako mailei dagokienez, B2 mailatik aurrerakoak baino ez dira baloratuko:

–B2 maila: 0,75 puntu egiaztatutako hizkuntza bakoitzeko.

–C1 maila: 1 puntu egiaztatutako hizkuntza bakoitzeko.

–C2 maila: 1,25 puntu egiaztatutako hizkuntza bakoitzeko.

Kontzeptu horrengatik 2 puntu lortzen ahal dira gehienez.

5. Ikasketa espedientean batezbesteko onena duen izangaiari 2 puntu emanen zaizkio, eta gainerakoei, dagokien puntuazioa, zuzeneko proportzioa aplikatuz.

Azken sailkapenean berdinketa gertatuz gero, hauetan puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da: lehenik, lan esperientziaren baremoan; bigarrenik, titulazioaren baremoan.

Berdinketak irauten badu, hizkuntzetan lortutako puntuaziora joko da. Azkenik, berdinketak irauten badu, epaimahaiak zozketaz ebatziko du.

Lehenbiziko hautapenean sartzen diren izangaien zerrenda webgunean argitaratuko da, eta posta elektronikoaren bidez emanen zaie izangaiei horren berri.

9. Izangaiak hautatzeko prozesua.

Ebaluazio Batzorde batek eskabideak aztertu eta baloratuko ditu oinarri hauen 8. oinarrian ezarritakoaren arabera, eta emaitzei buruzko txostena emanen du, non honako hauek jasoko diren:

a) Eskatutako betebeharrak ez betetzeagatik baztertu diren eskatzaileen zerrenda, bakoitzak betetzen ez d(it)uen betebeharra(k) adierazita.

b) Gainerako eskabideen zerrenda, oinarri arautzaile hauetan adierazitako baremazio irizpideen arabera ordenatua.

Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia, zeina batzordeburua izanen baita (ordezkoa, Eskualdeen Arteko Lankidetzaren eta Herritarren Zerbitzuko zuzendaria).

–Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuko zuzendaria, batzordekide gisa (ordezkoa, Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Ataleko burua).

–Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Ataleko burua, batzordekide gisa (ordezkoa, Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Ataleko teknikari bat).

–Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari atxikitako APTa (arlo juridikoa), Batzordeko idazkari gisa.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

10. Emakida ebazpena.

Deialdi honen 8. oinarrian adierazitakoaren araberako ebaluazioa bukatu ondoren, ebaluazio batzordeak hautatutako pertsonen aldeko proposamen loteslea igorriko dio organo eskudunari, beka jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazita. Onartutako pertsona guztiei emandako puntuazio osoa ere adieraziko da proposamen horretan.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia da organo eskuduna, bekak nori eman erabakitzeko.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskabideak administrazio isiltasunez ezetsi direla. Hala ere, organo eskuduna behartua dago bekak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

Onuradun batek uko egiten badio bekari, edo beste arrazoiren bat tarteko, bekaren bat hutsik geratzen bada, onuradun izan ez direnei emanen zaie, beka horietarako ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz.

11. Baldintzak.

Eskolarik gabeko aldia 22 lanegunekoa izanen da, Kanpo Ekintzaren Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik baimena emanez. Jaiegunak Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Nafarroako Gobernuan jaiegunei buruz argitaratutako lan egutegian ezarritakoak izan behar dira.

12 hilabeteko bekaldiaren barruan, bekadunak libreki aukeratzeko 6 egun izanen ditu, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak aurretik baimenduta.

Beka jasotzeak ez du esan nahi entitatearekin lan edo administrazio zerbitzuak emateko harremanik dagoenik, eta ez du inolako lan konpromisorik sortzen bekaldia bukatutakoan.

Bekadunen jarduerak tutore batek zuzendu eta gainbegiratuko ditu. Tutoreak deialdian eskatzen den titulazio bera edo altuagoa izanen du.

Praktiketako prestakuntza programa honen ikaskuntza prozesuan errendimendua baxua izanez gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak beka kentzen ahalko du.

Bekari uko egin nahi izanez gero bekaldia bukatu baino lehen, onuradunak Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio 15 lanegun lehenago. Betetzen ez diren aurreabisu egunak bekadunaren hileko dirulaguntzatik deskontatuko dira, edo bekadunari dagokion beste edozein eskubidetatik.

EUROPE DIRECT-ek Nafarroan duen egoitzan bekadunentzako lekuren bat hutsik geratzen bada, ordezkoek hartzen ahalko dute leku huts hori, dagokion hurrenkerari jarraikiz. Kasu horretan, deialdian ezarritako baldintza beretan hasiko dira jardunean, hasiera batean aurreikusitako prestakuntzaldia bukatu arte.

Bekadunak ez du inoiz ere arriskutan jarriko Nafarroako Gobernuaren izen ona.

Bekadunak agiri bat sinatu beharko du bekaren baldintzak onartzen dituela adierazteko, eta horrela formalizatuta gelditu da Nafarroako Gobernuaren bekadun gisa aritzen dela.

12. Beken onuradunaren betebeharrak.

1. Prestakuntza bekaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Beka emateko finkatutako betebehar eta baldintzak betetzea.

b) Beka bukatu aurreko hilabetean, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna barne.

c) Organo eskudunek eman den bekaren gainean egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin jasotako bestelako beken edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

f) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

g) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

h) Industriaren, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren barne araudia edo funtzionamendu araudia betetzea, han arituko baita.

2. Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta jarduerak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, interesdunari entzun ondoren.

Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, ezertan galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.

13. Jarduerak eta tutoretza.

1. Bekadunen jarduera, oro har, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan eginen da (Yanguas y Miranda kalea 27, 1. solairua, Iruñea).

Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere egin beharko dituzte, eta eskubidea izanen dute zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.

2. Hauek izanen dira EUROPE DIRECT-en egoitzan eginen diren jarduerak:

1. eginkizuna: Herritarrei informazioa ematea, parte har dezaten.

EUROPE DIRECT-ek EBko gaien inguruko jarduerak egin beharko ditu jendearentzat, eta informazio eta parte-hartze jarduerak antolatuko ditu horretarako: askotariko ekitaldiak, tailerrak, herritarrekiko topaketak eta aurrez aurreko edo Internet bidezko bestelako elkarreragin ekintzak.

Europe DIRECT-ek informazioa emanen du oinarrizko zerbitzu gisa eta herritarren parte-hartze esanguratsurako aurretiko baldintza gisa. Horretarako, herritarrek benetan parte har dezatela lortzeko beharrezkoak diren informazio jarduera espezifikoak eginen dira, hala nola irakurketa garrantzitsuak, infografiak eta EBren eskumenei, politikei eta lehentasunei buruzko azalpen erabilgarriak.

2. eginkizuna: Komunikabideekiko eta tokiko biderkatzaileekiko harremanak.

EUROPE DIRECT-ek aldizkako harremanak ezarri beharko ditu, eta komunikabideekin eta tokiko 5 biderkatzaileekin lotura sendoak lortzen ahaleginduko da; zehazki, hauekin:

a) Tokiko prentsa eta horren kazetariak;

b) Tokiko telebista kanalak eta horien batzorde editorialak;

c) Tokiko irrati kate eta programekin;

d) Sare sozialetako influencerrak, eskualde bakoitzean aktibo daudenak edo eskualde bakoitzerako labaintzat jotako gaietan sartzen direnak;

e) Bloggerrak eta videobloggerrak, eskualde bakoitzean aktibo daudenak edo eskualde bakoitzerako labaintzat jotako gaietan sartzen direnak;

f) Tokiko biderkatzaileak edo iritzi liderrak.

EUROPE DIRECT-ek EBko politika eta lehentasunei buruzko informazio eta eduki egokiak emanen dizkie komunikabideei eta tokiko biderkatzaileei aldian-aldian, eta EBk jendearekin egiten dituen jardueretan horiek inplikarazten saiatuko da.

3. eginkizuna: EBrekin lotutako gai labainei buruzko informazioa toki mailan.

EUROPE DIRECT-ek EBko politika edo proiektuei buruz toki mailan dauden kezka edo pertzepzio esanguratsuak adieraziko dizkio Batzordearen Ordezkaritzari, baldin eta kezka edo pertzepzio horiek eragin negatiboa izan badezakete EBri buruz toki mailan dagoen iritzi publikoan, tokiko ikuspegi jakin batetik (herrialdeko gainerako lekuetako ikuspegiaz bestelakoa) Europar Batasunari buruz emandako informazio desitxuratu edo oker guztiak –kezka horiek eragiten dituztenak– barne hartuta.

Informazio okerra Parlamentuarekin, haren lanarekin edo diputatuekin lotuta badago, Europako Parlamentuaren Lotura Bulegoari emanen dio horren berri EUROPE DIRECT-ek.

Komisario batek edo goi mailako antzeko kargu batek bisita egin aurretik, Batzordearen Ordezkaritzak EUROPE DIRECT-i kontsulta egiten ahalko dio lekuan bertan dauden gai labain zehatzei buruz, eta, hala bada, ikastetxeak egoeraren laburpen zehatz bat emateko gai izan beharko du.

4. eginkizuna: EB ikastetxeetan.

EUROPE DIRECT bere eragin eremuko ikastetxe eta institutuekin harremanetan jarri beharko da EBri buruzko material pedagogiko ofiziala sustatzeko, hala nola ikaskuntza eremuan, Parlamentuaren hezkuntza eta ikaskuntza orrian eta EBko erakundeek landutako beste material ofizial batzuetan ageri dena.

EUROPE DIRECT-ek ikastetxe eta institutuetako zuzeneko jardueretan eta irakasleen prestakuntzan ere parte hartzen ahalko du, arreta berezia eskainita hamabi urtetik gorako ikasleei.

Orobat, EUROPE DIRECT Europako Parlamentuaren Lotura Bulegoarekin lankidetzan arituko da gazteentzako jarduerak antolatu eta abiarazteko atazan, hala nola Gazteriaren Europako Ekitaldiarekin, Europako Parlamentuko Eskola Enbaxadorea programarekin eta Euroscola programarekin lotutakoak.

Gainera, EUROPE DIRECT-ek “Back to school” eta “Back to university” ekimenak babestuko ditu, EBko langileei hezkuntza erakundeetan sartzeko bidea erraztuta.

Halere, ikastetxe eta institutuetako zuzeneko jarduerak ezin dira izan EUROPE DIRECT-en jarduera gehienak.

5. eginkizuna: Sareen eskualdeko sare bat sustatzea.

EUROPE DIRECT-ek ikuspegi argia izan beharko du EBri buruzko beste hedapen edo informazio sare batzuek beren eskualdean, eremuan edo eragin eremuan duten presentziari eta misioari buruz.

Sareen artean harreman erregularrak sustatzean, EUROPE DIRECT-ek, tokian bertan dauden beste sare batzuekin batera, sare guztien eta horiek gauzatutako jardueren artean erreferentzia gurutzatuak egon daitezen zainduko du, herritarrei zerbitzu hobea eta sinpleagoa eskaintzeko eta eremuan estaldura hobea izateko.

14. Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

Bekadunaren atazak edo jarduerak Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta horiek izanen dira, hain zuzen ere, ataza edo jarduera horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionarioei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

2. Bekadunek eskubidea izanen dute apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Horren ondorioetarako, prestakuntzan aritzen direnek Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.

15. Bateraezintasunak.

Deialdi honetako prestakuntza beka bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste beka batzuekin.

16. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan berariaz ezarrita ez dauden alderdiei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 4ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2107192