129. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko maiatzaren 19an hartua, iraungitzen duena “animalien gorpuak eta ABM produktuak errausteko planta” izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala, Pitillasen. Sustatzailea “Tratamientos MER SL” da.

Nafarroako Gobernuak 2001eko irailaren 17an hartutako Erabakiaren bidez, “animalien gorpuak eta ABM produktuak errausteko planta” izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zen Pitillasen. Sustatzailea “Tratamientos MER SL” izan zen. Erabaki hori 2001eko 116. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 24koan.

Proiektuko instalazioak Pitillasko udal-mugartean daude, 3. poligonoko 433. katastro lurzatiaren zati batean. Lurzati hori herri-lurretakoa da.

2020ko abenduaren 23an, “Tratamientos MER SL” enpresak eskabide bat aurkeztu zuen, jakinarazteko uko egiten ziola “animalien gorpuak eta ABM produktuak errausteko planta” izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialari: horrekin batera, adierazi zuen proiektua ez dela gauzatu.

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.2b) artikuluaren arabera, udalez gaindiko proiektu sektorialak iraungitzen ahalko dira horien sustatzaileak gauzatzeari uko eginez gero.

Horrenbestez, planteatzen da iraungitzea “animalien gorpuak eta ABM produktuak errausteko planta” izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala, Pitillaskoa, entitate sustatzaileak gauzatzeari uko egin diolako.

Horiek horrela, 2021eko martxoaren 2an, entzutea eman zitzaion Pitillasko Udalari hogei egun baliodunez, udalez gaindiko proiektu sektorial horrek ukitzen baitu udal-mugarte hori, toki entitateak jakinaraz zezan proiektua iraungitzearen kontrako arrazoirik zegoen. Horretarako jarritako epean Pitillasko Udalak ez du erantzun.

UPrSa behin iraungita, “animalien gorpuak eta ABM produktuak errausteko planta” izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialak ukitutako eremuan aplikatuko dira Pitillasko udal planean jasotako hirigintza antolamenduko determinazioak, eta lurzoru urbanizaezinaren sailkapena berreskuratuko du, nekazaritzako produktibitate ertaineko kategoriarekin.

Horrenbestez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Iraungitzea “animalien gorpuak eta ABM produktuak errausteko planta” izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala, “Tratamientos MER SL” enpresak Pitillasen sustatu zuena. Proiektuaren determinazioek ez dute ondoriorik izanen aurrerantzean.

2. Adieraztea eremu horretan Pitillasko udal planeko hirigintza antolamendurako determinazioek aginduko dutela.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Herri-lurren Atalera igortzea eta Pitillasko Udalari eta “Tratamientos MER SL” sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Jakinaraztea bidezkoa dela abala itzultzea, hain zuzen ere “animalien gorpuak eta ABM produktuak errausteko planta” izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialeko urbanizazio eta azpiegitura lanetarako aurrekontuaren % 6.

5. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 19an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2108224