129. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

URDIAIN

Deialdia, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat (C maila)

Urdiaingo alkateak, 2021eko apirilaren 20ko ebazpenaren bidez, hautaketarako deialdi baten oinarriak onetsi ditu, zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat betetzeko, funtzionario araubidekoa eta C mailakoa, Udalaren D mailako funtzionarioen arteko oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez.

Abuztuaren 30eko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren babespean egiten da deialdia, plantilla handitu gabe eta, beraz, D mailako zerbitzu anitzetako lanpostu bat zuzenean ezabatuko da izendatuak lanpostuaren jabetza hartzen duenean.

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Urdiaingo Udalean C mailako zerbitzu anitzetako lanpostu bat betetzea, Urdiaingo Udalaren D mailako funtzionarioen arteko oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluari jarraikiz.

2.–Ordainsariak.

Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak.

3.–Lanaldia eta ordutegia.

Ordutegia eta lanaldiaren araubidea izanen dira Udalak zerbitzuaren beharrei erantzuteko ezarritakoak, eta behar horien arabera aldatzen ahalko dira.

4.–Eginkizunak.

Izendatutako izangaiak ondoko eginkizunak izanen ditu, besteak beste:

–Udalaren hainbat zerbitzu koordinatzea: hilerria, kale-garbiketa, lorategien zaintza, udal eraikinetako mantentze-lanak, instalazio eta azpiegituren mantentze-lanak, bai eta zerbitzu horietara atxikitako langileen zein aldi baterako kontratatzen direnen lana koordinatzea, planifikatzea eta haiekin elkarlanean aritzea.

–Haren ardura izanen da udal langileei betearaztea laneko segurtasun eta higieneko eta laneko arriskuen prebentzioko neurriak.

–Udal-mugartearen zaintza-lanak egitea aparkatzeari eta eremu publikoaren okupazioari dagokienez.

–Herritarren herri-lurretako aprobetxamenduak zaintzea eta kontrolatzea.

–Udalak adjudikatutako baso aprobetxamenduak zaintzea eta kontrolatzea.

–Udalaren ibilgailuak eta makinak gidatu eta zaintzea.

–Alkateak edo Udalbatzak agindutako era guztietako zerbitzuak eta lanak egitea.

–Udalak antolatutako kultur, festa, kirol edo aisialdiko jardueretan laguntzea.

–Administrazio lanetan laguntzea, hala nola, diru-bilketaren kudeaketan, zergadunen datu-baseak, estatistika, sarrera eta irteera erregistroak, eta bere gain uzten ahal diren beste batzuetan.

–Eta oro har, Udalak agintzen dizkion beste guztiak, dagokion kategoriaren barnean sartzen badira, betiere.

5.–Baldintzak.

Izangaiek ondoren azaltzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, bestela, estatu batekoa, sarturik dagoena Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea.

d) Gutxienez bost urteko antzinatasun aitortua izatea Nafarroako administrazio publikoan, edo gutxienez 8 urtekoa, eskatutako titulazio akademikorik ez badu.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea bereizia administrazio publikoren baten zerbitzutik.

g) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoerako abiaburuko lanpostuan.

h) Urdiaingo Udalaren zerbitzuko D mailako funtzionario izatea.

i) B, C1, eta B+E motetako gidabaimenak izatea.

j) Dagozkien tituluen edo ziurtagirien bidez egiaztatzea euskararen B2 jakite-maila duela gutxienez.

6.–Eskabideak aurkeztea.

Interesdunek Urdiaingo Udalaren Erregistro Orokorrean egin beharko dute eskaera, hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak, NANaren fotokopia konpultsatuarekin batera, deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio, eta haiekin batera lehiaketaldian baloratuko diren merezimenduen frogagiriak ere aurkeztu beharko dira.

Ezin izanen da luzatu eskaerak aurkezteko epea.

7.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

Erreklamazioetarako epea amaituta eta aurkeztutakoak ebatzita, alkate udalburuak ebazpena emanen du, onesteko izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta zehazteko oposizioko ariketaren eguna eta ordua, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

8.–Kalifikazio epaimahaia.

Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Urdiaingo alkatea. Ordezkoa: hark eskuordetutako zinegotzia.

–Lehen epaimahaikidea: Javier Echeverria Lizarraga, herri lanetako ingeniari teknikoa.

–2. epaimahaikidea: Eunate Nicuesa Chacón, idazkaria.

–Mahaikide-idazkaria: M.ª Carmen Garmendia Aguirre.

9.–Lehiaketaldiaren nondik norakoa.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera.

30 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

–Eskatu baino maila handiagoko titulu bakoitzeko: 5 puntu; gehienez ere 10.

–Erakunde publiko aitortuek antolatutako ikastaro bakoitzeko, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute eta 10 orduko iraupena gutxienez: 2 puntu; gehienez, 20 puntu.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

10.–Oposizioaldiaren garapena.

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzean aditzera emanen den egunean, orduan eta tokian eginen da oposizioa.

Ariketa bakarra izanen du, gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira, eta galdera sorta bat erantzun beharko da honako gai hauei buruz:

Toponimia, herri-basoen antolamendua, lorezaintza, eraikinen mantentze-lanak, udal azpiegiturak eta instalazioak, igeltserotza, iturgintza eta elektrizitatea, diru-bilketaren eta errolda fiskalen kudeaketa, biztanleen errolda eta estatistika, hirigintza eta hirigintza-diziplina, udalaren obra eta zerbitzuak, arriskuen prebentzioa, agirien erregistroa, eta, oro har, bete beharreko eginkizunekin zerikusia duen beste edozein.

Proba gainditzeko 35 puntu lortu beharko dira gutxienez.

Izangaiek NANa erakutsiz frogatu beharko dute nortasuna.

Ariketa kalkulagailu, eskuko telefono, liburu edo antzekoen laguntzarik gabe egin beharko da, plika itxien sistema erabiliz, eta izangaia nor den jakitea ahalbidetu dezakeen inolako elementurik gehitu gabe.

Epaimahaiak ariketa zuzendu ondoren, puntuazioak iragarki-taulan argitaratuko dira, eta plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua adieraziko dira.

11.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Proba gainditu dutenen zerrenda iragarki-taulan argitaratuko da, puntuazio-ordenaren arabera, eta epaimahaiak puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du.

Proposaturiko izangaiak hamar egun natural izanen ditu izendapen proposamena argitaratzen denetik hasita, honako agiri hauek aurkezteko:

a) NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua.

c) Ziurtagiria, egiaztatzen duena Nafarroako administrazio publikoan gutxienez bost urteko antzinatasun aitortua duela, edo 8 urtekoa, eskatutako titulazio akademikorik ez badu.

d) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun-ziurtagiri ofiziala, egiaztatzen duena karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela.

e) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez baditu ezin izanen da izendatu, eta ordura arte egin dituen jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, baztertu gabe eskabidea faltsutzeagatik dagokion erantzukizuna.

Halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengo izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen da eta, horrela, hurrenez hurren; horiekin, oinarri honetan ezarritako moduan jokatuko da.

12.–Izendapena.

Aurreko oinarrian zehaztutako agiriak aurkeztuta, Urdiaingo alkateak C mailako lanposturako funtzionario izendapena eginen du, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hamabost egun naturaleko epean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, honako errekurtso hauek jartzen ahalko dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Urdiaingo Udalari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien epaitegiari edo salari zuzendua, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu eta hilabeteko epean.

Urdiainen, 2021eko maiatzaren 12an.–Alkatea, David Carmelo Oroz Alonso.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2108223