129. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

METAUTEN

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat aldi baterako betetzeko, oposizio sistemako hautaproben bidez

Metautengo Barrutiko Udaleko alkate udalburuak, 2021eko maiatzaren 10ean, honako ebazpen hau eman zuen:

Ebazpena, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio sistemako hautaproben bidez aldi baterako betetzeko deialdia onesten duena, Metautengo Barrutiko Udalean % 60ko lanaldiarekin aritzeko.

Aplikatzekoak diren xedapenek legez ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua kontuan hartuz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio sistemako hautaproben bidez aldi baterako betetzeko deialdia, Metautengo Barrutiko Udalean % 60ko lanaldiarekin aritzeko.

2. Hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean daude.

3. Agintzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Metautenen, 2021eko maiatzaren 12an.–Alkate udalburua, Oihana Beraza Martínez.

DEIALDIA, ADMINISTRARI-OFIZIALAREN LANPOSTU BAT OPOSIZIO SISTEMAKO HAUTAPROBEN BIDEZ ALDI BATERAKO BETETZEKO, METAUTENGO BARRUTIKO UDALEAN % 60KO LANALDIAREKIN ARITZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Arau orokorrak.

Deialdia iragartzen da administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio sistemako hautaproben bidez aldi baterako betetzeko, Metautengo Barrutiko Udalean % 60ko lanaldiarekin aritzeko.

Era berean, eta 10. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat eratzea, probak gainditu baina lanpostu hutsa betetzen ez duten izangaiekin.

1.1. Lanpostuak C mailako lansariak izanen ditu, baita plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan eta Metautengo Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.2. Bere lanbide maila eta kategoriako eginkizunak beteko ditu, besteak beste, jendea hartzea, ordenagailuak erabiltzea, testu tratamendua, kudeaketa programak eta, oro har, berezkoak dituen eginkizunen barnean agintzen zaizkion lan guztiak.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean mantendu ere. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Metautengo Udaleko Erregistro Orokorrean (Foruen plaza, 1, 31110 Metauten) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00 arte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, eta mezu elektronikoa bidali beharko da helbide honetara: ayuntamiento@Metauten.es.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Metautengo Udalaren Erregistro Elektroniko Orokorrean. Erregistro hori Metautengo Udalaren egoitza elektronikoan dago (www.metauten.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabidea eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Elektroniko Orokorrean artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

3.2. Eskabideak III. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udaleko bulego nagusietan eskura daitezke, baita Interneten ere, www.metauten.es helbidean. Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.3. Izangaiek honako hau aurkeztu behar dute eskabidearekin batera:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

Arintasuna helburu, kontratua egiteko deitzen zaien pertsonek bakarrik aurkeztu behar dute eskatzen diren titulazio baldintzak eta deialdian eskatzen diren bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.

3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Laugarrena.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Metautengo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du (www.metauten.es). Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du www.metauten.es Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela atzemanez gero, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa, hurrengo ariketen bidez eginen dena.

5.1. Proba teoriko-praktikoa.

Proba teoriko-praktikoan galdera teoriko-praktiko batzuei erantzun beharko zaie idatziz; horietatik hiru laurdenak 1. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira, eta gainerakoak, berriz, informatikako ezagutza orokorrei buruzkoak.

Galdera guztiendako lau erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek zigorra izanen dute, galderari emandako balorazioaren laurden batekoa. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Ariketaren balorazioak 60 puntu egin ditzake, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta bestelako materialik erabiltzen ahalko ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

5.2. Bi agiri ofizial prestatzeko proba, oposiziogileei ematen zaizkien datuak erabiliz. Ariketan 25 puntu lor daitezke, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

5.3. Proba psikoteknikoa eginen da, izangaiek deialdiko lanpostuetarako duten egokitasuna neurtzeko; Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko langileek baloratuko dituzte objektiboki. Balorazioak gehienez ere 15 puntu izanen ditu.

5.4. Ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, eta aurreikusten da otsailaren bukaera aldera eginen direla.

5.5. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

5.6. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenendako bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Oihana Beraza Martinez, Metautengo Udaleko alkatea.

–Ordezko epaimahaiburua: Cristina Zudaire Landa, Metautengo Udaleko alkateordea.

–1. epaimahaikidea: Estíbaliz Goñi Razquin, Iguzkitzako Udaleko idazkaria.

–Ordezko epaimahaikidea: Alejandro Elso, Deierriko Udaleko idazkaria.

–2. epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

–Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

–3. epaimahaikidea: Sara Lana Gambra, Eulateko Udaleko idazkaria.

–Ordezko epaimahaikidea: Belén Portillo Ochoa de Zabalegui, Gesalazko Udaleko idazkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Pilar Barragán García, Metautengo Udaleko idazkaria.

–Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Conchi Lopez Azanza, Abartzuzako Udaleko idazkaria.

6.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Halaber, izangaiek mahaikideak errekusatzen ahalko dituzte inguruabar horiek gertatzen direnean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritako moduan.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zazpigarrena.–Emaitzak.

7.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den probako puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Zozketaren emaitzak web-orrian (deialdiaren aipuan) eta Metautengo Udaleko iragarki-taulan argitaratuko dira.

7.2. Proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Metautengo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.metauten.es) jarriko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortu duten puntuazioaren ordenaren arabera.

7.3. Proba gainditu dutenen zerrenda, lorturiko puntuazioaren araberako ordenan, alkate udalburuari igorriko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onesteko. Behin betiko zerrenda Udalaren web-orrian argitaratuko da, eta epaimahaiburuak puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen du.

Zortzigarrena.–Agirien aurkezpena.

8.1. Izendapen proposamena iragarki-taulan argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:

–Eskatzen den titulazioaren kopia.

–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

8.2. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzeko.

8.3. Aurreko atalean azaldutakoa gertatzen bada, epaimahaiburuak zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.

Bederatzigarrena.–Izendapena eta lanean hastea.

9.1. Epaimahaiburuak, ebazpen baten bidez, Metautengo Barrutiko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Udaleko aldi baterako lan-kontratuduna izateko eskubide guztiak galduko ditu.

Hamargarrena.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

10.1. Gainditu duten izangaiei Metautengo Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

10.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Egin behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak egiaztatzea Metautengo Udalari dagokio.

10.3. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

10.4. Behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratu ondoren, puntuazio ordenari zorrotz jarraikiz dei eginen zaie izangaiei. Udaleko Idazkaritzak kudeatuko du zerrenda, eta horretan lotuko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari, zeinaren bidez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

Hautatutako izangaiek, beste epe bat jarri ezean, kontratua sinatu beharko dute deia jaso eta 5 eguneko epean, eta lan kontratua prestatzeko behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte (NANa, langabeziako txartela, Gizarte Segurantzako txartela); horrekin batera, zinpeko deklarazioa, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu administrazio publiko bateko inolako kargu edo lanpostutatik, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaituta.

Eskainitako lanpostu batean jarduteari uko egiten diotenek edo eskatutako agiriak ezarritako epean aurkezten ez dituztenek zerrendetan egoteko eskubidea galduko dute, bidezko arrazoiak frogatzen direnean izan ezik; azken horiek Alkatetzaren ebazpen baten bidez hartuko dira aintzat. Ondorio horietarako, bidezko arrazoitzat joko da, besteak beste, deia egiten den unean lanpostu batean aritzea.

Zerrendatik baztertuko dira, orobat, sinaturiko kontratuan agertzen den egunean lanpostuan hasten ez diren izangaiak, lanpostua beren borondatez bertan behera uzten dutenak edo probaldia gainditzen ez dutenak.

10.5. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio araubidekoa edo lan araubidekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz badaudela prest lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

10.6. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan ezarri den kasuetan.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

10.7. Deia jasotzen dutenek aurkeztu beharko dute deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.

10.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

1. ERANSKINA

Eskabidea

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/PNA/020_PNA_solicitud_oposic_E.pdf

ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako tramiteak eta prozedurak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Prozeduran interesdunak direnak; ekiteko gaitasuna; eta interesdunaren kontzeptua, interesdunen ordezkaritza, identifikazioa eta sinadura prozedura administratiboan. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, isiltasun administratiboa, baldintzak eta epeak (zenbatzea). Administrazio egintzak: Beharkizunak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: Printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki-erakunde gisa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

7.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

8.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa: III. titulua: Udalaren lizentzia behar duten jarduera sailkatuak. VI. titulua: Zehapenen araubidea.

9.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan araubidean kontratatutako langileak.

10.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua. Artxiboko tratamendua eta antolaketa.

11.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

12.–Testu prozesadoreak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word 2010: laneko area; aukeren zinta; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialde-diseinua eta konposizioa; estiloak; txantiloiak; taulak; artxiboak administratzea; posta-konbinazioa; eremuekin lan egitea; inprimatzea.

13.–Kalkulu-orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel 2010: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelatxoak; gelatxoak hautatzea eta komandoak; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; orrialde-diseinua eta konposizioa kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; inprimatzea.

14.–Nabigatzaileak erabiltzea: Chrome, Firefox, Explorer, posta elektronikoa erabiltzea, Drive, aplikazioak eta gailuak instalatzea/desinstalatzea.

Iragarkiaren kodea: L2108071