129. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

422/2021 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, proiektu honetako lanek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko dei egiten duena: “Iruñeko Ingurabidearekiko lotune berria: Lezkairuko Zaldua-Mutiloartea, 1. fasea”.

Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariaren martxoaren 16ko 39/2012 Foru aginduaren bitartez (2012ko 70. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 13koa), hasiera eman zitzaion “Iruñeko Ingurabidearekiko lotune berria: Lezkairuko Zaldua-Mutiloartea, 1. fasea” deritzon proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetze espedienteari, eta proiektua jendaurrean jarri zen.

Sustapeneko kontseilariak uztailaren 23an emandako 18/2012 Foru Aginduaren bidez (20212ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 6koa), “Iruñeko Ingurabidearekiko lotune berria: Lezkairuko Zaldua-Mutiloartea, 1. fasea” eraikitzeko proiektua jendaurrean egoteko epea ebatzi zen, eta proiektua behin betiko onetsi.

Nafarroako Gobernuak 2021eko maiatzaren 5ean hartutako erabakiaren bidez, adierazi zuen presakoa dela “Iruñeko Ingurabidearekiko lotune berria: Lezkairuko Zaldua-Mutiloartea, 1. fasea” egiteko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Hori horrela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52.2 artikuluari jarraikiz, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 26. artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Iruñeko Ingurabidearekiko lotune berria: Lezkairuko Zaldua-Mutiloartea, 1. fasea” deritzon proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea, 2021eko uztailaren 22an eta 23an Aranguren Ibarreko udaletxean eta Iruñeko udaletxean ager daitezen, okupatu aurreko aktak egiteko, eta hala badagokio, okupazio aktak egiteko.

2. Ekitaldi horretara titularrek beraiek joan beharko dute, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimendutako pertsona bat bidali, titulartasuna frogatzen duten agiriak aldean dituztela (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzote, perituak eta/edo notarioa eraman ditzakete, baina, betiere, norberak ordainduta.

3. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitatean editatzen diren egunkari hedatuenetako bietan eta Aranguren ibarreko udaletxearen eta Iruñeko udaletxearen iragarki-tauletan. Halaber, ohartarazten da argitalpen hau urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 44. artikuluan xedatzen diren ondorioetarako ere egiten dela.

4. Ukitutako titularrei jakinaraztea, banakako zitazio zedularen bidez.

5. Ebazpen hau igortzea Aranguren Ibarreko Udalera, Iruñeko Udalera eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 7an.–Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Pedro Andrés López Vera.

Iragarkiaren kodea: F2107698