129. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

18/2021 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Ataleko buruaren esku uzten duena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeagatiko tasak borondatezko epean kudeatu, likidatu eta biltzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 13. artikuluak xedatzen du borondatezko epean tasak kudeatu, likidatu eta biltzea jabari publikoaren erabilera baimendu, zerbitzua eman edo karga jarduerak egin behar dituen departamentuari edo erakunde autonomoari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuko betearazpen-bideko diru-bilketaren eta ikuskapenaren gaineko eginkizunak deusetan ukatu gabe, hori izanen baita eginkizun horietan arituko dena, tasei nahiz horien kudeaketa esleituta duten organoei dagokienez.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkiak argitaratzeagatiko tasak foru lege horretako 32. artikulutik 35.era bitartean daude araututa, eta Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari dagokio zerbitzu hori ematea, halaxe dago-eta xedatuta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluan.

Tasa horien kudeaketa, likidazioa eta diru-bilketa eraginkorragoa izango litzateke eskumen horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialarekin zerikusia duten eginkizun guztiak egitura organikoan berariaz esleituta dituen organo berak erabiliko balitu, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalak, hain zuzen ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11. artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere. Eskuordetze hori, behin organo eskuordetzaileak onetsita, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Ataleko buruaren esku uztea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeagatiko tasak borondatezko epean kudeatu, likidatu eta biltzea.

2. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Ataleko buruari eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 4an.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.

Iragarkiaren kodea: F2107435