129. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

39/2021 FORU DEKRETUA, maiatzaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua aldatzen duena. Erregelamendu hori uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 4. artikuluak biltzen ditu Nafarroako Foru Ogasunak Foru Komunitateko tributuak ordainarazi, kudeatu, likidatu, bildu, ikuskatu eta berraztertzeko dituen ahalmen eta eskumenak.

Zehatz esateko, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren IV. tituluaren V. kapituluak biltzen du diru-bilketarako prozedura. Uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuak onesten duen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduak garatu zuen prozedura hori.

Foru Dekretu honen helburu nagusia da enbargatutako ondasunak besterentzeko araubide juridikoa aldatzea, enkante prozedurari dagokionez, batik bat, azkartzeko eta sinplifikatzeko, bai eta bitarteko elektronikoak indartzeko ere. Egun bizi dugun pandemia egoera dela eta, are beharrezkoagoa da pertsonak leku itxi batean egotea eskatzen ez duten bitartekoak erabiltzea. Gainera, beste aldaketa, eguneratze eta zehaztapen tekniko batzuk sartuko dira arauan, zenbait gairi buruzkoak.

Era berean, zerga bateraezinen kasuan egin beharreko jarduketak deskribatzen dira, administrazioaren likidazio bikoitzaren pertsona edo erakunde kaltetuaren babesa nabarmenduta eta, aldi berean, inplikatutako administrazio publikoen arteko koordinazio bideak arautzen dira, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 52.6 artikuluko xedapenak garatuta.

Bestalde, aukera berri bat sartzen da zor geroratu ezinen kasuan, zergak ordaintzeko betebeharra etengabe atzeratzeko aukera saihesteko. Bat dator premiamendu-prozeduran bermatutako obligazioak exekutatzeko betebeharrarekin (Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 120. artikuluan dago ezarrita betebehar hori). Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 70.6 artikuluaren arabera errekurtsoa jarri eta galdagarritasuna automatikoki eten zaien zehapenei ere eragiten die.

95. artikuluaren 3. apartatua ere aldatzen da. Administrazio publikoekiko kobrantzen kudeaketak errespetatu eginen du erabilera edo zerbitzu publikoei atxikiak dauden ondasunen enbargaezintasuna, ordenamendu juridikoak jasotakoa eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak aitortutakoa. Ezaugarri horrek, edonola ere, ez dio eragiten administrazio publikoen jabetzakoak izanda ere erabilera edo zerbitzu publikoari atxikiak ez dauden ondare-ondasunei. Beraz, ez da baztertzen premiamendu-prozedura abiarazteko aukera, dagokion probidentzia jakinarazita. Bertan likidatuko dira epe exekutiboko errekarguak eta interesak, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 117. artikuluan xedatutako terminoetan.

Gorago esan den bezala, enbargatutako ondasunak besterentzeko araubide juridikoa aldatzen da, zehazki, enkante bidezko prozedura, sinpleagoa, efikazagoa eta efizienteagoa izan dadin, bitarteko elektronikoak sustatuta.

Enbargatutako ondasunak besterentzeko prozesuetan, xedatzen da, beharrezkoa den moduan, Estatuko Aldizkari Ofizialaren Enkanteen Atarian (https://subastas.boe.es/) aurreikusitako prozedura elektronikoak dagoeneko dituen termino eta zehaztapenen arabera egokitzea besterentzeko prozedura, eta enkantean parte hartzeko eskatzen den gordailuaren zenbatekoa murrizten da, parte-hartzea sustatze aldera. Tresna hori erabiltzeak ageriko abantailak ditu prozeduren ezagutza zabaltzeko eta, horrela, besterentze mota horien arrakasta handitzeko.

Lizitatzaileen araubideari dagokionez, aldaketa batzuk txertatu dira, kontuan har dadin enkantean parte hartzeko bitarteko elektronikoak erabili behar direla beti.

Gordailuei dagokienez, egokitu egin dira, Estatuko Aldizkari Ofizialaren Enkanteen Atariko terminoen arabera. Horrela, eskatutako gordailua enkantea hasteko prezioaren ehuneko 20tik 5era jaitsi da. Gainera, gordailua erreserbatzeko aukera berri bat ere jaso da, beste lizitatzaileei eskaintzak mantentzeko aukera ematen diena. Horrela, ez da beharrezkoa prozedura berriak hastea adjudikaziodun suertatu den lizitatzaileak erremateko prezioa ordaintzen ez duenean.

Idazketa berria eman zaio enkantea egiteko moduari buruzko 137. artikuluari. Aurrez aurreko parte-hartzearen eta eskaintzak aurrez aurre aurkeztearen erreferentzia oro kendu da, bai eta enkantean lehen eta bigarren lizitazio bat egotea ere.

Enkantea ez da aurrez aurre eginen; aitzitik, bitarteko elektronikoen bidez gauzatuko da, Estatuko Aldizkari Ofizialaren Enkanteen Ataria erabilita.

Modu argi eta zehatzagoan jaso dira enkante bidezko besterentze prozeduraren alderdiak. Ildo horretan, irizpide objektiboak ezarri dira besterendutako ondasun eta eskubideen adjudikazioari dagokionez (Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 650. artikuluan aurreikusitako termino beretan).

Enkantea egiteko modua aldatzen da, hauek izanik txertatutako berritasun nagusiak: eskaintzak elektronikoki aurkeztu eta ordenatuko dira; gordailua erreserbatzeko eskatzen ahal da, adjudikazioa azkenean eskaintza onenaren alde egiten ez bada ere; eta eskaintzen arteko berdinketak denboran lehenago egin denaren alde ebatziko dira.

Era berean, zergadunak ondasuna zer une zehatzetaraino libratzen ahal duen xedatzen da: adjudikazioaren ziurtagiria eman edo, dagokionean, salmentaren eskritura publikoa egin aurreko edozein unetara arte, hain zuzen.

Gainera, lehen adierazi den bezala, gordailuaren erreserba duten eskaintzen figura berria jaso da.

Azkenik, enkantea hasteko prezioaren ehuneko 50eko atalasea ezarri da. Horrela, eskaintzarik onena atalase horren azpikoa bada, Mahaiak erabakitzen ahalko du ondasuna edo lotea adjudikatzea edo enkantea hutsik geratu dela deklaratzea.

Idazketa berri bat eman zaio 139. artikuluari, “zuzeneko adjudikazio bidezko besterentzea” izenburuarekin. Kendu egin da zuzeneko adjudikazioa enkante prozeduraren ondorengo prozedura gisa. Helburua da besterentzeko prozedura sinplifikatzea, parte-hartzea sustatzeko eta gardentasuna eta bizkortasuna handitzeko.

Adjudikaziodunak eskritura publikoa egin dadin eskatzeko epe bat ezartzen da. Izan ere, dagoeneko ez da egonen eskritura egiteko eskaera hori egiteko aurrez aurreko ekitaldirik, eta beraz beharrezkoa da epe bat zehaztea eskaera hori gauzatzeko. Kasu horretarako, xedatu da ondasunaren erremateko prezioaren ehuneko 5eko ordainketa gehigarri bat eskatzea.

Azkenik, besterentzeko prozedura berrietara jotzeko aukera argitzen da, baldin eta adjudikatu gabeko ondasun edo eskubideak eta ordaindu gabeko zorrak geratzen badira.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluari entzunik, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko maiatzaren hemeretziko bilkuran hartutako erabakiarekin,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua aldatzea.

Uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduko manu batzuek, jarraian zerrendatutakoek, idazketa hau izanen dute hemendik aurrera:

Bat. I. liburuaren I. tituluan beste kapitulu bat gehitzea, I. bis kapitulua, eta bertan beste artikulu bat, 23. bis artikulua:

“I. BIS KAPITULUA

Zerga bateraezinen kasuan egin beharreko jarduketak

23 bis. artikulua. Zerga bateraezinen kasuan egin beharreko jarduketak.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 52.6 artikuluan aurreikusitako kasuetan, organo eskudunak bidezko zerga zein den ebatzi eta gero, jarraian adierazten den moduan jokatuko da:

a) Bidezko zerga lehenik likidatutakoa bada, egindako bigarren likidazioa bertan behera utziko da, eta egokia izanen da azken likidazio horregatik jasotako zenbatekoak itzultzea, halakorik dagoenean.

b) Bidezko zerga bigarrenik likidatutakoa bada, honela jokatuko da, kasuaren arabera:

1. Bigarrenik eginiko likidazioa irmoa denean epe barnean errekurtsorik jarri ez delako, egokia izanen da zorra azkentzea lehenik likidatu den eta bidegabea den likidazioari dagokion itzulketarekin bat egiten duen partean, itzulketa akordio hori irmoa denean. Kasu horretan, bidezko zergaren alorrean eskudun den administrazioak azkentze hori deklaratuko du 2. apartatuko terminoetan.

Hala eta guztiz ere, azkentze hori ez da eginen hurrengo kasuetan:

Jasanarazitako zerga bat bidegabea dela deklaratu denean, bidegabeki jasanarazitako zerga baten jasanarazpena ordaindu zuen zergadunak bidegabeki jasanarazitako zenbateko guztiaren kenkarirako eskubidea duenean.

Jasanarazitako zerga bat bidegabea dela deklaratu denean, jasanarazitako zergaren subjektu pasiboak eragiketari dagozkion jasanarazitako kuotak zuzendu dituenean, dena delako zergaren araudi propioaren arabera.

2. Bigarrenik eginiko likidazioaren kontrako errekurtsoa jarri denean, ebazpena instantzia guztietan irmoa izan arte itxaronen da. Behin irmoa denean, jarraian adierazi bezala jokatuko da, kasuaren arabera:

Ebazpen administratibo edo judizialak likidatutako zerga bidegabea dela deklaratzen badu, lehen likidazioa bidezkoa dela joko da, eta ebazpen administratibo edo judizialak baliogabetutako likidazioaren harira eginiko diru-sarrera oro itzuliko da.

Ebazpen administratibo edo judizialak zerga bidezkoa dela deklaratzen badu, baina likidazioa baliogabetzen badu, beste likidazio bat igorriko da eta, hura irmoa denean, aurreko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera jokatuko da eta zorra azkendu dela deklaratuko da. Kontzeptu horregatik beste likidazio bat egin ezin daitekeenean, baliogabetutako likidazioaren harira eginiko diru-sarrerak itzuliko dira.

Ebazpen administratibo edo judizialak tributazioa eta dagokion likidazioa bidezkoak direla deklaratzen badu, zorra azkenduko da aurreko 1. paragrafoan xedatutako forman eta betekizunak beteta.

2. Zerga bidegabea likidatu duen administrazioak bidezko zerga likidatu duen administrazioari transferituko dio bidezko likidazioaren ondoriozko zorra azkendu dela deklaratzeko beharrezko zenbatekoa. Transferentzia jaso denean, zergaren azkentzea deklaratuko da.

3. Aurreko apartatuan araututako azkentzea ez da oztopo izanen dagokion zerga jasanarazi zuen zergadunaren zerga egoera erregularizatzeko.”

Bi. 48.3. artikulua, f) letra gehitzea;

“f) Errekurtso edo erreklamazio ekonomiko-administratibo batean edo administrazioarekiko auzi-errekurtso batean emandako ebazpen irmo guztiz edo partzialki ezesleak exekutatzearen ondoriozkoak, baldin eta aldez aurretik etenik geratu badira errekurtso edo erreklamazio horiek izapidetu bitartean.”

Hiru. 59.2. artikulua, lehen paragrafoa.

“2. Geroratze edo zatikatzeak eskatzen dituztenek, dagokion baimenaren bidez, Nafarroako Ogasun Publikoaren diru-bilketako erakunde kolaboratzaile bateko kontu bat adierazi beharko dute, eta bertan helbideratu beharko dituzte nahitaez, mugaegunean, geroratzea edo zatikatzea ematean ezarritako epeen ordainketak.”

Lau. 73.1. artikulua.

“1. Ofiziozko konpentsazioa egin behar denean, zerga zorra epe exekutiboa hastean azkenduko da, edo zor eta kredituetarako eskatzen diren betekizunak betetzen direnean, baldin eta azken hori geroago gertatzen bada. Konpentsazio erabakiak kasuko zenbatekoaren azkentzea deklaratuko du.

Alderdi batek eskaturiko konpentsazioa egin behar denean, zerga zorra eskabidea aurkeztean azkenduko da, edo zor eta kredituetarako eskatzen diren betekizunak betetzen direnean, baldin eta azken hori aurkezpenaren ondoren gertatzen bada. Konpentsazio erabakiak azkentze hori deklaratuko du.”

Bost. 78.2 artikulua, azken-aurreko paragrafoa, eta 4.a.

“Baimena eman eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik, baimen hori entitate batek dauzkan bulego guztiei hedatuko zaie, salbu eta salbuespenez kanpo uzten direnei.”

“4. Zergen alorreko Departamentu eskudunaren eta kontuak dituzten baimendutako zenbait gordailu-erakundeen arteko harremanak erakunde kolaboratzaileak izendatzen duen bulegoaren bidez eginen dira.”

Sei. 90. artikulua indargabetzea.

Zazpi. 95.3. artikulua.

“3. Baldin eta Nafarroako Ogasun Publikoarekin zergak dituztenak autonomia erkidegoak, toki erakundeak, erakunde autonomoak eta zuzenbide publikoko beste erakunde batzuk badira, ondasunen enbargora jotzeko aukeraren kalterik gabe (lege xedapenez salbuetsita ez dauden kasuan), ofiziozko konpentsazioaren eta transferentzien gaineko kenkariaren prozeduretara ere jo ahal izanen da.”

Zortzi. 98.1. artikulua.

“1. Zor diren kopuruek berandutze-interesak sortuko dituzte epe exekutiboa hasten denetik dirua sartzen den arte, Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 117. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe.

Bederatzi. 100.6 artikulua, 2. eta 3. paragrafoak.

“Administrazioaren exekuzioa hasten denean, diru-bilketaren organoak bi aletako agindu baten bidez jakinaraziko dio exekuzio agindua Jabetzaren Erregistratzaileari, hark kasuko jabari eta karga ziurtagiria jaulki eta eman dezan, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 688. artikuluan finkatzen diren eduki eta ondorioekin.

Diru-bilketaren organo eskudunak exekuzio-prozeduraren hasiera jakinaraziko dio jabariaren azken inskripzioaren onuradunari, ordaintzeko errekerimendua egin ez bazaio, eta ziurtagirian agertzen diren hipotekaren ondoren eratutako karga edo eskubide errealen titularrei.”

Hamar. 132. artikulua.

“132. artikulua. Besterentzeko moduak.

1. Titulu honen IV. kapituluan espresuki araututako kasuetan izan ezik, enbargatutako ondasunak besterentzeko enkante publikoa, lehiaketa edo zuzeneko adjudikazioa erabiliko dira, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera.

2. Enbargatutako ondasunak adjudikatzeko prozedura arrunta enkante publikoa izanen da, eta hura baliatuko da besterentzeko beste modu bat espresuki aplikatzekoa denean izan ezik.

Ondasunen enkante bakarra eginen da eta bitarteko elektronikoen bidez eginen da Estatuko Aldizkari Ofizialeko Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian, salbu eta enkantearen gauzatze materiala enpresa edo profesional espezializatuei agintzen dienean diru-bilketa organoak, erregelamendu honetan aurreikusitako terminoetan.

3. Interesdunek organo eskudunak onetsitako bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez parte hartu ahal izanen dute ondasunak besterentzeko prozeduretan.

4. Lehiaketa bidezko besterentzea egin behar denean, hurrengo artikuluak xedatutakoaren arabera eginen da.

5. Araututa dauden, araudi berezia duten edo eskualdatzeko baldintza bereziak dituzten produktu, artikulu edo salgaien kasuan, diru-bilketa organoak aplikatu beharreko gaiaren inguruko xedapenen arabera jokatuko du.

6. Inguruabarren arabera egokia denean eta posible denean, diru-bilketa organo eskudunak baimena eman ahal izanen du, halaber, beste administrazio publiko batzuekin batera egin beharreko ondasunen besterentzeak metatzeko.

7. Zerga administrazioak, zerga aplikazioaren lankidetza sozialaren esparruan, akordioak sinatzen ahalko ditu higiezinen merkatuko bitartekaritzaren sektoreko ordezkaritza erakundeekin edo bitartekaritza erakundeekin berekin, premiamendu-prozeduraren bidezko ondasunak besterentzeko prozeduretan parte har dezaten.”

Hamaika. 133. artikulua.

“133. artikulua. Lehiaketa bidezko besterentzea.

1. Kasu hauetan bakarrik besterentzen ahalko dira enbargatutako ondasunak lehiaketa bidez:

a) Enbargatutakoaren ezaugarriak edo handitasuna dela eta, enkante bidez besterenduta merkatuan perturbazio kaltegarria eragiten ahal badu.

b) Behar bezala justifikatutako interes publikoko beste arrazoi batzuk daudenean.

2. Lehiaketa Nafarroako Foru Ogasuneko Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak baimendu beharko du, eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da. Deialdi horretan adieraziko dira besterenduko diren ondasunak, parte hartzeko epea eta baldintzak, ordaintzeko modua eta fidantza. Lehiaketaren baldintza bereziak ere adieraziko dira, baldin badaude, hala lehiaketako parte-hartzaileei dagozkienak nola besterendutako ondasunak erretiratu eta erabiltzeari buruzkoak.

Espresuki araututa ez dagoen guztian, enkante bidezko besterentzeetarako xedatutakoaren arabera jokatuko da aplikagarria den orotan.

3. Eskaerak onartzeko epea amaituta, Nafarroako Foru Ogasuneko Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak, bost eguneko epean, lehiaketa adjudikatzea edo hutsik uztea erabakiko du.

Adjudikatzen badu, eskaintza onenaren alde eginen da. Horretarako, alderdi ekonomikoaz gain, deialdiko baldintzak betetzen direla ere hartuko da kontuan.

Hutsik geratzea erabakitzen bada, Erregelamendu honen 139. artikuluan araututako zuzeneko adjudikaziora jotzen ahalko da ondoren.”

Hamabi. 134. artikulua.

“134. artikulua. Besterentzeko erabakia.

1. Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak behar adina ondasun enbargatu besterentzea erabakiko du pagarazi nahi den zorra eta prozedurako kostuak nasaiki estaltzeko; eginahalean ez ditu salduko zorrek baino nabarmen handiagoko balioa dutenak, nahiz eta ondoren zilegi duen behar direnak besterentzeko baimena ematea.

2. Diru-bilketa organo eskudunak zilegi izanen du ondasun multzotuak enkantatzea, aurreikusten ahal bada horrela salduta emaitza hobea izanen dela.

3. Besterentzeko erabakian zordunaren eta enkantatu beharreko ondasunen identifikazio datuak jasoko dira, bai eta enkantea hasteko prezioa ere. Erabakian eskaintzak egiteko epearen iraupena adieraziko da, 137.2 artikuluan aurreikusten den moduan. Era berean, adieraziko da eskaintzak elektronikoki aurkeztuko direla Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian.

4. Besterentzeko erabakia jakinaraziko zaie zordunari; haren ezkontideari, irabazpidezko ondasunak edo ohiko etxebizitza badira; hartzekodun hipotekario eta bahidunei eta, oro har, ogasun publikoaren eskubidearen ondoren dagokion erregistro publikoan inskribatutako eskubideen titularrei, baldin eta horretarako igorritako kargen ziurtagirian ageri badira; gordailuzainari, administrazioz bestelakoa bada eta, egonez gero, enkantatu beharreko ondasunen jabekideei eta hirugarren edukitzaileei.

Negozio lokalen errentamendu kontratuen lagatze eskubideen enkanteen kasuan, finkaren errentatzaileari edo administratzaileari ere jakinaraziko zaio, Hiri errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legean ezarritako ondorio eta baldintzekin.

Helbide ezezaguneko zordunen kasuan, enkantearen jakinarazpena egindakotzat joko da, legezko ondorio guztiekin, iragarkiaren bidez.

Jakinarazpenean jasoko da ezen, adjudikazioaren ziurtagiria eman edo, dagokionean, salmentaren eskritura publikoa egin aurreko edozein unetara arte, enbargatutako ondasunak libratzen ahalko direla, zorrak eta prozeduraren kostuak ordainduta.

Apartatu honetan adierazitako jakinarazpenak egin ondoren, 15 eguneko epea utzi behar da, gutxienez, enkante elektronikoa egin arte.”

Hamahiru. 135. artikulua.

“135. artikulua. Enkantearen iragarkia.

1. Enkantea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarriko da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu eta gutxienez 24 ordu iragan direnean irekiko da. Iragarkian jasoko dira, gutxienez, enkantearen data, prozedura zer organok gauzatzen duen eta Enkanteen Atarian enkanteari dagokion helbide elektronikoa.

Atal eskuduneko buruak uste badu kasuko helburua iristeko eta ondasunek balio dutenaren arabera komeni dela, zilegi izanen da iragarkia ondasunak dauden herrietako udaletxeetan ere argitaratzea, bai eta hedabide handietan eta argitalpen espezializatuetan ere.

2. Enkanteen Atarian enkantearen eta enkantatu beharreko ondasunen funtsezko datuak jasoko dira, honako hauek adierazita:

a) Ondasunen edo loteen deskribapena, bakoitzaren enkantea hasteko prezioa eta lizitatzeko tarteak, ondasun edo titulu eskuragarriak gordailututa dauden lokalak eta horiek aztergai egonen diren egunak eta orduak.

Erregistro publikoetan inskribatzeko moduko ondasunak direnean, adieraziko da lizitatzaileek ez dutela eskubiderik izanen espedientera sartutako jabetza tituluez bestelakorik eskatzeko; ondasunak Erregistroan inskribaturik ez badaude salmenta dokumentu publikoa dela immatrikulazioa egiteko titulua, hipotekei buruzko legediak xedatzen duen moduan, eta hala behartzen den gainerako kasuetan Hipotekei buruzko Legearen VI. tituluak agintzen duen moduan jokatu beharko dutela, erregistroa eta errealitate juridikoa bateratzeko.

b) Enkantea hasteko prezioan ondasunen eskualdatzea zergapetzen duten zeharkako zergak sartuta ez daudela espresuki dioen adierazpena.

c) Eskaintza egin nahi den ondasun edo lotearen enkantea hasteko prezioaren ehuneko 5eko gordailu bat eratzeko betebeharra, adierazten den moduan.

Era berean, adieraziko da adjudikaziodunek erremateko prezioa ordaintzen ez badute gordailu hori zorra kitatzeko erabiliko dela, adjudikazioa ez egitean gordailuaren zenbatekoan eragin ditzakeen kalte handiagoengatik izaten ahal duten erantzukizunaren kalterik gabe.

d) Ondasunak adjudikatzeko ziurtagiria edo, dagokionean, salmentaren eskritura publiko egin aurretik zorra, interesak eta prozeduraren kostuak ordaintzen badira enkantea bertan behera geratuko dela dioen ohartarazpena.

e) Ondasunen eta horien titularren zerga, karga eta egoera juridikoen adierazpen, baldin eta iraunen badute eta ondasunei eragiten badiete, halakorik badago.

f) Ondasun edo lotearen adjudikazioaren jakinarazpena jaso eta hurrengo 15 egunetan adjudikaziodunak eratutako gordailuaren eta adjudikazio prezioaren arteko aldea ordaintzeko betebeharra. Dagokionean, aipatutako zenbateko hori salmentako eskritura publikoa egiten den egunean bertan ordaintzeko aukera jakinaraziko da, erregelamendu honen 140.1 artikuluan aurreikusitako terminoetan.

g) Enkantean aplikatu beharreko beste edozein inguruabar, klausula edo baldintza.

Enkantea enpresa edo profesional espezializatuen bidez egiten denean, inguruabar horren berri emanen da, bai eta horren espezialitateez ere.”

Hamalau. 136. artikulua.

“136. artikulua. Lizitatzaileak.

1. Diru-bilketa organoari atxikitako langileek, espedientean esku hartu duten peritu tasatzaileek eta gordailuzainek, premiamendu-prozeduran zuzenean esku hartu duten funtzionarioek eta haien menpeko langile eta laguntzaile guztiek izan ezik (ez berak ez ordezkari baten bidez), zilegi izanen dute besterentzearen enkantean edo lehiaketan edo zuzeneko adjudikazioan lizitatzaile gisa parte hartzea zuzenbidearen arabera obratzeko gaitasuna izan, legezko eragozpen edo mugaketarik izan ez eta nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen eta hala bide denean duten ordezkaritza frogatzeko moduko dokumentu baten bidez beren burua identifikatzen duten pertsona guztiek.

2. Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian enkantea abiarazi eta gero, eskaintza elektronikoak baino ezin izanen dira egin.

Enkantean parte hartu nahi duten interesdunek alta hartuta egon behar dute sistemaren erabiltzaile gisa eta Estatuko Aldizkari Ofizialak nortasuna egiaztatzeko bitarteko elektronikoetakoren bat erabilita sartuko dira. Horrela, guztiz bermatuta geratuko da lizitatzaileen nortasuna. Alta hartzeko, Enkanteen Ataria erabiltzen ahalko da, Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziak onartutako identifikazio bitarteko elektroniko bat erabilita, edo aurrez aurre, Enkanteen Atariaren bidez enkanteak egiten dituzten administrazio publiko eta organoetako edozeinetako funtzionario batekin, hark izapidea egin dezan dagokio araudian ezarritako terminoetan.

Edonola ere, erabiltzaile gisa alta hartu nahi duenei jakinaraziko zaie zer baldintzatan gauzatzen diren besterentzeko prozedurak Enkanteen Atariaren bidez.

3. Enkanteko parte-hartzea 132.7 artikuluak aipatutako lankidetza sozialaren esparruan egiten denean, lizitatzaileak, akreditatzeko momentuan, adierazten ahalko du adjudikaziodun suertatuz gero eskubidea gordetzen duela errematea hirugarren bati lagatzeko, salmentaren dokumentu publikoa zuzenean lagapen-hartzailearen alde egin ahal izan dadin.”

Hamabost. 136. bis artikulua gehitzea.

“136 bis artikulua. Nahitaezko gordailua.

1. Lizitatzaile orok, lizitatzaile gisa onartu izateko, eskaintza egin nahi duen ondasunen enkantea hasteko prezioaren ehuneko 5eko gordailu bat eratuko du.

2. Eskaintza egitean, lizitatzaileak adierazi beharko du bere gordailua erreserbatzea nahi duen, posturagile onenak adjudikazioaren prezioaren gainerakoa ordaintzeko epean betebehar hori beteko ez balu ere. Kasu horretan, ondasuna eskaintzaren hurrenkeraren arabera adjudikatzen ahal izanen da eta, eskaintzak berdinak balira, horiek egiteko hurrenkera kronologikoaren arabera.

3. Edonola ere, lizitatzaileak une horretara arteko eskaintza handiena baino txikiagoa edo berdina den eskaintza bat egiten badu, gordailua erreserbatua geratuko da aurreko apartatuaren terminoetan.

4. Eskaintzak aurkezteko epea amaitzen denean, aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera erreserbatuta geratu ez diren gordailuak lizitatzaileen esku geratuko dira, posturagile onenaren gordailua izan ezik, hura erreserbatuta geratuko baita adjudikazioaren gainerako prezioa eta, dagokionean, salmenta prezioa ordaintzeko berme bezala.

Erreserbatutako gordailuak libratu eginen dira erremategileak edo adjudikaziodunak prezioaren gainerako ordaintzeko betebeharra betetzen duenean.”

Hamasei. 136. ter artikulua gehitzea.

“136 ter artikulua. Enkante mahaia.

1. Mahaiko kide izanen dira lehendakaria, idazkaria eta kide bat edo gehiago, funtzionarioen artean izendatuak, antolaketa arau espezifikoak zehazten duen bezala.

2. 132.6 artikuluaren arabera eginiko enkanteen kasuan, Mahaiko kideen artean egonen da gutxienez diru-bilketa organo eskudun bakoitzeko ordezkari bat.”

Hamazazpi. 137. artikulua.

“137. artikulua. Enkantea egiteko modua.

1. Enkantearen iragarkian adierazitako egunean hasiko da enkantea, 135.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Eskaintzak elektronikoki aurkeztuko dira beti, Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian.

2. Enkantea hasten denean, hogei egun naturaleko epea egonen da eskaintzak aurkezteko. Eskaintzak elektronikoki igorriko dira Atarira, komunikazio sistema seguruen bidez, eta hark hartu izanaren agiri teknikoa bidaliko du, zigilu elektronikoarekin bermatua, eskaintza jasotzeko une zehatza eta zenbatekoa adierazita. Une horretan, eskaintza elektronikoki argitaratuko da, eta jakinarazpena bidaliko zaie ordura arte eskaintza txikiagoa egin duten lizitatzaileei.

Ordura arteko eskaintza altuena baino handiagoak, berdinak edo txikiagoak diren eskaintzak egiten ahalko dira, erregelamendu honen 136 bis artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaintza altuena egin duen lizitatzaileak azkenean erremateko prezioa ez ordaintzearen erreserbarako. Zenbateko bereko zenbait eskaintza baleude, denboran aurrena eginikoa lehenetsiko da.

Enkantea ez da itxitzat emanen azken eskaintza egin denetik ordubete iragan arte, hori eginik hasieran zehaztutako epea luzatu behar bada ere. Gehienez ere 24 ordukoa izanen da luzapen hori.

3. Adjudikazioaren ziurtagiria eman edo, dagokionean, salmentaren eskritura publikoa egin aurreko edozein unetara arte, enbargatutako ondasunak libratzen ahalko ditu zordunak, zorrak eta prozeduraren kostuak ordainduta.

Eskaintzak aurkezteko fasea amaituta, Mahaia 15 egun naturaleko epean bilduko da beranduenez ere, eta ondasunak edo loteak adjudikatuko ditu arau hauen arabera:

a) Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkantea hasteko prezioaren ehuneko 50en baliokide edo handiagoa bada, Mahaiak ondasuna edo lotea eskaintza hori egin duen lizitatzaileari adjudikatuko dio.

b) Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkantea hasteko prezioaren ehuneko 50etik behekoa bada, Mahaiak erabakiko du, interes publikoa zainduz eta adjudikatzeko gutxieneko preziorik ez dagoenez, eskaintza nahikoa den, eta ondasuna edo lotea adjudikatuko du edo enkantea hutsik geratu dela deklaratuko du.

c) Zordun beraren zorrei erantzuteko erabaki bada zenbait ondasun enkantean eskaintzea aldi berean eta, eskaintza elektronikoak aurkezteko epea amaitzean, eskainitako zenbatekoak ikusita, ez balitz beharrezkoa ondasun guztiak adjudikatzea eskatutako zorraren guztizkoa berreskuratzeko, Mahaiak erregelamendu honen 131. artikuluko arauen arabera zehaztuko du adjudikazio-hurrenkera.

d) Dagokion erabakia hartuta, enkantea amaitu dela ulertuko da, eta Mahaiko idazkariak akta eginen du.

e) Aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera adjudikazioduna izendatu ondoren eta, aplikatu beharreko legeriaren arabera, eroslehentasun eskubide baten edo adjudikazioaren baldintzak aldez aurretik ezagutarazi behar zaizkion eskuratzeko lehentasunezko eskubideren baten titular den interesdunik balego, egoera jakinaraziko zaie. Mahaiak erabakitako adjudikazioa etenik geratuko da aplikatu beharreko legediaren arabera interesdun horiek ondasuna eskuratzeko eskubidea gauzatzeko duten epeak iraun bitartean.

f) Adjudikazioa adjudikaziodunari jakinaraziko zaio, eta eskatuko zaio adjudikazio prezioaren guztizkoaren eta gordailuaren zenbatekoaren arteko aldea ordaintzeko jakinarazpena jaso eta hurrengo 15 egunetan, ohartarazita epe horretan ordainketa gauzatzen ez badu gordailuaren zenbatekoa galduko duela eta zenbateko hori prozeduraren xede diren zorrak kitatzeko erabiliko dela. Hori guztia, adjudikaziodunak erremateko prezioa ez ordaintzeagatik Administrazioari eragiten dizkion kalteengatik izaten ahal duen erantzukizunaren kalterik gabe, horiek ordaintzeko betebeharra izanen baitu betiere.

g) Era berean, eta gordailua erreserbatu duen beste eskaintzarik egonez gero, Mahaiak gordailua erreserbatu duten eskaintza horietako handiena eskaini duen lizitatzailearen aldeko adjudikazioa ematea erabakitzen ahal du, aurreko adjudikazio arauen arabera.

h) 136.3 artikuluan aurreikusitako aukera baliatu duten adjudikaziodunek salmenta dokumentu publikoa zer lagapen-hartzaileren alde eginen den komunikatu beharko dute, 15 eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta ohartaraziko zaie komunikazio horrek ez duela aldatzen lehen aipatutako ordainketa epea.

i) Errematea ordainduta, 140.1 artikuluan aurreikusitako salmentaren eskritura publikoa egitearen aukera hautatu denean izan ezik, adjudikaziodunei ondasunen adjudikazio aktaren ziurtagiria emanen zaie, honako hauek bilduko dituena: aktaren beraren transkripzioa, adjudikatutako ondasunari eta adjudikaziodunari dagokionez; erremateko prezioa ordaindu izanaren ziurtagiria eta premiamendu-prozeduran legezko formalitateak bete izanaren txostena egin izanaren ziurtagiria, Nafarroako Foru Ogasunaren Kudeaketako Zuzendaritzaren eskutik, diru-bilketa organoak eskatu duenean eta, edonola ere, adjudikazioa Jabetzaren Erregistroan inskribatzeko moduko ondasun edo eskubideen gainekoa denean.

Aipatutako ziurtagiria salmenta dokumentu publiko bat ondore guztietarako, eta bertan idatziz jasoko da azkenduta geratzen dela dagokion erregistro publikoan Ogasun Publikoaren alde egindako prebentziozko idatzoharra. Era berean, 140.3 artikuluan ezartzen den moduan, ondorengo kargak deuseztatzeko manamendua emanen da.

Administrazioak dagokion likidazioa eginen du eta, soberakinik badago, zordunari emanen dio. Hark jasotzen ez badu, haren esku geratuko da erremateko prezioa ordaindu eta 10 eguneko epean.

Soberakina gordailutuko da, era berean, Foru Komunitatearen eskubideen ondorengo eskubideen titularrik dagoenean.”

Hemezortzi. 138.1 eta 2 artikulua. Lehen paragrafoa eta c) letra.

“1. Diru-bilketa organo eskudunak enkanteen exekuzio materiala egiteko agintzen ahalko die enpresa edo profesional espezializatuei.

2. Kasu horietan, aplikagarria izanen da atal honetan enkanteetarako xedaturikoa, berezitasun hauekin:”

“c) Mahaia 136 ter artikuluan ezarritakoaren arabera eratua egonen da; haren kideetako bat Mahaiaren ordezkari izanen da lizitazio egintzan, eta hura egitean gertatzen ahal diren gorabeheren inguruan erabakiko du.”

Hemeretzi. 139. artikulua.

“139. artikulua. Zuzeneko adjudikazio bidezko besterentzea.

1. Honako kasu hauetan izanen da zilegi enbargatutako ondasunen zuzeneko adjudikazioa egitea:

a) Lehiaketa egin ondoren adjudikatu gabeko ondasunak geratzen direnean.

b) Produktu galkorrak direnean edo premiazko beste arrazoi batzuk daudenean, espedientean justifikatuta.

c) Jende-bilera egitea ezin den edo komeni ez den beste kasuetan, espedientean horren arrazoiak frogatuta.

2. Diru-bilketa organoak, sei hileko epean, zuzeneko adjudikazio bidez besterentzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta, ondasunen zuzeneko adjudikazioa baldintza ekonomiko onenetan gauzatzeko kudeaketak eginen ditu, haren ustez bizkor eta eraginkorrenak diren bitartekoak erabilita.

3. Honako hau izanen da adjudikatzeko gutxieneko prezioa:

a) Ondasunak lehiaketan eskaini direnean, lehiaketako hasierako prezioa.

b) Ondasunak ez direnean lehiaketan eskaini, merkatuko prezioen arabera balioetsiko dira.

Eskaintzak gutxieneko prezio horien azpikoak badira, ondasunak gutxieneko preziorik gabe adjudikatzen ahalko dira.

4. Zuzeneko adjudikazioa irizpide hauen arabera eginen da:

a) Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

b) Deialdian eskaintzak aurkezteko muga-eguna ezarriko da. Eskaintzak bitarteko telematikoen bidez aurkeztuko dira.

5. Adjudikaziodun bat edo batzuk badaude, Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak adjudikazio proposamen arrazoitua eginen dio Mahaiari 1. apartatuko a) letraren kasuan eta Nafarroako Foru Ogasunaren Kudeaketako zuzendariari gainerako kasu guztietan.

6. Adjudikazioa Mahaiko lehendakariak eta eskuratzaileak sinatutako akta bidez formalizatuko da 1. apartatuko a) letraren kasuan eta Nafarroako Foru Ogasunaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpen bidez gainerako kasuetan.

7. Ondasunak adjudikaziodunari emanen zaizkio erabakitako zenbatekoa ordaindu ondoren eta ondasun horien eskualdaketa kargatzen duten zergen ordainketa edo exentzioa justifikatu ondoren, dagokion arabera.

8. Espresuki araututa ez dagoen guztian, enkante bidezko besterentzeetarako xedatutakoaren arabera jokatuko da aplikagarria den orotan. Zehazki, adjudikaziodunari ohartaraziko zaio ezen, erremateko prezioa ordaintzen ez badu horretarako ematen den epean, ez ordaintzearen ondoriozko kalteen erantzukizuna izaten ahal duela.”

Hogei. 140. artikulua.

“140. artikulua. Salmenta eskritura eta lehentasunezkoak ez diren kargen deuseztatzea.

1. Adjudikazioa jakinarazi ondoren, adjudikaziodunak higiezinaren salmentaren eskritura publikoa egiteko eskatzen ahal du.

Adjudikaziodunak espresuki komunikatu beharko du aukera hori 5 eguneko epean, adjudikazioaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera zenbatuta.

Kasu horretan, adjudikaziodunak, aipatutako bost eguneko epean, ondasunaren erremateko prezioaren ehuneko 5eko ordainketa gehigarri bat egin beharko du.

Eskritura egin aurretik, Nafarroako Foru Ogasunaren Kudeaketako Zuzendaritzaren txostena eskatuko da, Hipotekei buruzko Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako. Txostena ezinbestekoa da, eta bost eguneko epean eman beharko da, espedientea jasotzen den egunetik aurrera zenbatuta. Diru-bilketa organoak beharrezkoa xedatuko du ikusten diren akatsak konpontzeko.

2. Nafarroako Foru Ogasunak espedientea izapidetu ondoren, premiamendu-prozeduran legezko formalitateak bete direla dioen txostenarekin batera, besterendu diren higiezinek salmenta eskriturak egin beharko dira hurrengo 30 egunetan, ordaintzeko betebeharra dutenei edo horien ordezkariei, baldin badaude, behar bezalako jakinarazpena egin ondoren.

Zitaziora agertuko ez balira, ofizioz eginen ditu eskritura horiek adjudikaziodunen alde diru-bilketa organo eskudunak, zeina ordaintzeko betebeharra duenaren ordez arituko baita. Eskrituretan jasoko da azkenduta geratu dela Jabetzaren Erregistroan Nafarroako Foru Ogasunaren alde eginiko prebentziozko idatzoharra.

3. Era berean, exekutatutako kredituekin lotutako ondorengo kargak deuseztatzeko manamendua eginen da, Hipotekei buruzko Erregelamenduaren 175. artikuluko 2. arauan xedatutakoaren arabera.”

Hogeita bat. 141.3. artikuluko lehenbiziko paragrafoa.

“3. Besterentzeko eta, dagokionean, Nafarroako Foru Komunitatearen alde adjudikatzeko prozedurak amaituta, oraindik ere adjudikatu gabeko eskubideak, ondasun higigarriak edo higiezinak geratzen badira, horiek besterentzeko beste prozedura batzuen xede izaten ahalko dira, betiere prozedura horiek egiteko arrazoi diren zorren kobrantzaren akzioak preskribatu ez badu.”

Hogeita bi. 147. artikulua.

“147. artikulua. Jatorria.

1. Liburu honen I. tituluko VI. kapituluan araututako besterentzeko prozeduran enbargatutako ondasun bat edo batzuk adjudikatu ez direnean, Mahaiak modu arrazoituan proposatzen ahalko dio Nafarroako Foru Ogasuneko Kudeaketako Zuzendaritzari Nafarroako Foru Komunitatearen alde adjudikatzea honako ondasun hauek, estali ez diren zorrak ordaintzeko:

a) Ondasun higiezinak.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen interesekoak izaten ahal diren ondasun higigarriak.

2. Nafarroako Foru Ogasunaren Kudeaketako Zuzendaritzak adjudikazioa egitea erabakiko du datozen artikuluetan zehazten diren kasu eta betekizunekin.

3. Adjudikazioa pagarazi nahi den zorraren balio berean eginen da, eta ez da gaindituko Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 127.3 artikuluan ezarritako ehunekoa.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, eta berezitasun hauen arabera aplikatuko da:

48. eta 59. artikuluak aplikagarriak izanen dira dekretuak indarra hartu ondoren aurkeztutako geroratze eta zatikatze eskaeretarako.

73. artikulua aplikagarria izanen da dekretuak indarra hartu ondoren alderdi batek eskaturiko konpentsazio eskaeretarako, eta aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten ofiziozko konpentsazioetarako, dekretuak indarra hartu ondoren.

Azkenik, 132.etik 141.erainoko artikuluak aplikatuko dira enbargatu edo bermatutako ondasunak besterentzeko prozeduretarako, baldin eta besterentzeko erabakia hartu gabe badago.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2108225