121. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

80E/2021 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Castejongo udal-mugartean barazki kontserbak egiteko instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Riberega S. Coop. da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 427/07 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 277E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 4ko 27E/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2020ko otsailaren 20an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, bertan ezartzeko arazketako lohiak tratatzeko sistema bat (DAF flotagailua). Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko martxoaren 2an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); beraz, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena dela zioen, aldaketa handiak eragiten dituelako instalazioaren funtzionatzeko baldintzetan, eta horregatik aldatu behar da lehendik duen ingurumen baimen integratua, aipatutako aldaketak han jasotzeko.

Halaber, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko martxoaren 2an emandako irizpenaren arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitze proiektuak ez zuen ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin behar, ez baita halakorik jasotzen lege horren eranskinetan, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik ez baita eragiten.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2020ko martxoaren 2an, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, arazketako lohiak tratatzeko sistema bat ezartzeko (DAF flotagailua).

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz izapidetu da espedientea (Erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Castejongo udal-mugartean barazki kontserbak egiteko instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzea, arazketako lohien tratamendurako sisteman aldaketa bat ezartzeko (DAF flotagailua). Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Riberega S. Coop. da.

Bigarrena.–Hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena eguneratzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarria eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikulua. Zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionatzen hasi baino lehen, abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du titularrak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Laugarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta jarduera abian jartzeko epeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan ezarritakoak izanen dira. Bestela, aldaketa nabarmenaren baimena iraungitzat emanen da, eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan bete ez diren aldaketaren zatiak gauzatzeko eta abian jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Bosgarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Riberega S. Coop. enpresara, Castejóngo Udalera eta NILSAra igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 27an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2106932