121. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

376E/2021 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, “2021eko Hondakinen Funtseko dirulaguntza toki entitateentzat. Eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen fluxua eta hondeatutako material naturalak” izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 559367.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

Uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen da 2021eko ekitaldiko Hondakinen Funtsaren osaera, eta, bertan adierazten denaren arabera, 2021eko ekitaldiko Hondakinen Funtsa 2019ko bigarren seihilekoan eta 2020ko lehenean bildu edo ekarri diren benetako diru kopuruek osatuko dute. Diru kopuru horiek 4.351.385 euro izan dira.

2020ko azaroaren 17an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak proposatu du Funtsa proportzioan banatzea, hondakinen fluxu bakoitzaren diru ekarpenaren arabera, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan bildutako definizioekin, eta kontuan harturik Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluko arloak.

Eta, 49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak gauzatu ondoren, otsailaren 16an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 27E/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinean ezartzen baita 625.250 euro erabiltzea eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen fluxurako eta hondeatutako material naturaletarako. Kopuru hori jarduketa desberdinetan banatzen da; zehazki, 362.540 euro, optimizatu eta hobetu daitezen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birziklatzeko eta balorizatzeko sistemak, eta balorizatu daitezen hondeatutako material naturalak, 2021ean Nafarroako toki entitateek egin beharreko lanak badira, betiere.

Bestalde, otsailaren 29ko 20/2020 Foru Legearen bidez, 2021. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onetsi ziren. Gastu aurrekontuan aurreikusi dira Hondakinen Funtsari dagozkion gastu partidak, bat etorriz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin. Eta, partida horien artean, honako hauek daude, behar beste funts dituztenak aurreko paragrafoan aipatutako eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen fluxuaren eta hondeatutako material naturalen dirulaguntzarako: 740001 74100 4609 456205 (Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak) eta 740001 74100 7609 456204 (Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak).

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. “2021eko Hondakinen Funtseko (eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen fluxua eta hondeatutako material naturalak) toki entitateentzako dirulaguntzaren deialdia onartzea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

740001-74100-4609-456205: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak

2021

111.355,00

740001-74100-7609-456204: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak

2021

251.185,00

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da 2021ean toki entitateei eraikuntza eta eraispeneko hondakinen fluxurako eta hondeatutako material naturaletarako emanen zaien dirulaguntza arautzea, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza horren helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 362.540 eurokoa da, guztira, eta hurrengo apartatuan zehazten diren jarduketa lerroen artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzaren xede izanen dira gastu arrunten ekintzak (azterlanak edo proiektuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak eta abar) edo kapital inbertsioak, baldin eta lotuta badaude eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen fluxuarekin eta hondeatutako material naturalekin. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako jarduketa lerro hauek garatzen dituzten proiektuak:

a) 1. jarduketa ildoa. Gehienez ere 180.000 euroko zuzkidura izanen du hondeatutako material naturalak erabiltzen dituzten espazio degradatuak lehengoratzeko proiektuak idazteko. Proiektu horiek kokalekuaren betelanean nahiz beheko eta/edo goiko zigilatze geruzetan erabiltzen ahalko dira, behar izanez gero.

Beheko eta/edo goiko zigilatzearen drainatze geruzak behar izanez gero, agregakin birziklatua erabiliko da agregakin naturalaren ordez.

Eta kokalekua landareztatzeko estaldura geruza handiagoa behar izanez gero, material bioegonkortua erabiltzea lehenetsiko da: hondar frakzioko tratamendu anaerobiotik (190604), gaika bildutako frakzio organikoko tratamendu aerobiotik (190503) edo hondar frakzioko tratamendu aerobiotik (190599) eratorritakoa. Material bioegonkor hori Ministerioaren dekalogoaren irizpideen arabera erabiliko da, landare lurra erabili beharrean.

Proiektuek berariaz jaso beharko dute erabiliko diren hondeatutako material naturalak, agregakin birziklatua edo material bioegonkortua Nafarroako Foru Komunitatean sortu direla.

b) 2. jarduketa ildoa. 50.000 euroko gehieneko zuzkidura, Nafarroako Foru Komunitatearen barruan espazio degradatuak lehengoratzeko hondeatutako material naturalak erabiltzera bideratutako jarduketetarako (II. eranskinean definitzen den bezala).

c) 3. jarduketa ildoa. Gehienez 132.540 euro, urrutiko herrietan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak pilatzeko eta/edo tratatzeko eremuak sortzeko (II. eranskinean definitutakoaren arabera) eta instalazio mugikor bidez in situ tratatzearen kostu osoa finantzatzeko.

Eremu horiek sortzeko aurkezten diren proiektuek kontuan hartu beharko dute esparruak perimetro itxitura egokia izan behar duela, ahal den neurrian eraikuntza eta eraispen hondakinak abandonatuta ez uzteko (adibidez, zaintza sistemak). Halaber, abian jartzeko planean honako hauek aurkeztu beharko dira: horretara bideratuko diren langileak, sarreren kontrola eta utzitako materialari emanen zaion helmuga.

Era berean, planta mugikorraren kostuaren finantzaketa eskuratu ahal izateko, gutxienez 3 orduz erabili beharko da, eta, horretarako, beharrezkoa den materiala metatu beharko da aldez aurretik.

3. oinarria.–Diruz lagungarriak diren gastuak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jarduketaren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Ekipamenduak alokatzea proiektuak irauten duen bitartean.

3. 2. oinarriko bigarren jarduketa lerroko proiektuetarako hondeatutako material naturalak erosteko diruz lagun daitekeen zenbatekoa gehienez ere euro 1/t izanen da (edo 1,55 euro/m ³), Nafarroako instalazio kudeatzaile baimendu batek hornituta (R5 edo R10), eta materialak Nafarroako eraikuntza eta/edo eraispen obra batetik badatoz.

Materialaren hornitzaileak egiaztatuko du hori, behar besteko ahaldunak sinatutako ziurtagiriaren bidez.

4. Justifikatzen diren eta diruz lagungarriak diren gastuen zenbatekoari dagokionez, entitate onuradun bakoitzak gehieneko laguntza hau jasoko du: 1. lerrorako 30.000 euro, 2. lerrorako 5.000 euro eta 3. lerrorako 30.000 euro. Lerroren batean soberako krediturik baldin badago, lerro horren onuradun izan direnen artean banatuko da, horietako bakoitzaren puntuazioan ezarritako ordenaren arabera eta aipatutako gehieneko laguntzarekin, diruz lagungarria den zenbatekora iritsi arte eta erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Oraindik soberako krediturik badago, gainerako lerroen artean banatuko da, lehentasuna ordena honetan emanez: 3., 1. eta 2. lerroak.

5. Onartutako proiektu bakoitzaren gehieneko zenbateko finantzagarritik, diruz lagungarriak diren inbertsio inbentariagarrien zenbatekoa %70 izanen da gehienez.

6. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko edo estatuko nahitaezko arau indardunetara egokitzeko jarduketak.

c) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten diren obrak.

d) 2. oinarriko bigarren jarduketa ildoko proiektuetan drainatze geruzan erabilitako agregakin birziklatua edo estaldura geruzan erabilitako material bioegonkortua.

e) Lurrak eskuratzeko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak.

f) BEZa edo beste zerga batzuk.

g) Finantza gastuak.

h) Eskuratzen diren ekipamendu, patente eta bestelakoen amortizazio gastuak, dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso badute.

i) Erabilera orokorreko gailu informatikoak: PCak, eramangarriak, inprimagailuak...

j) Hasierako memorian zehaztu gabeko gastuak, dirulaguntzaren xedea ez dutenak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

k) Azpiegituren alokairua.

l) Langileen eta dieten gastuak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.

7. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Nafarroako toki entitateak izaten ahalko dira laguntza hauen onuradunak.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo apartatuan (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta dirulaguntzen eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, eta izapideen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko. Gune horietan, aholku emanen zaie eskabideak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskabidea aurkezteko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskabidea honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira):

a) Eskabide orria (I. eranskina).

b) Memoria, proiektuaren azalpen zehatza eta norainokoa adierazten dituena eta egin beharreko ekintzak jasotzen dituena; ekintza horiek jarduketa lerroen eta horien zenbatekoen arabera taldekatuta agertuko dira, 2. oinarriarekin bat.

c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua.

d) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.

3. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez bost egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskabide guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek.

2. Eskabideak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskabideak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez dituztenak edo behar den dokumentazioa ez dutenak tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da entitate onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Hona hemen dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. 2. oinarriko lehen jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

I. Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

II. Zereginen definizioa, kronograma eta esleitzen diren baliabideak.

b) Jarduketaren beharra, ingurumenarekin, dimentsioekin, osasunarekin, gizartearekin eta beste batzuekin lotutako zehaztapenen arabera; gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Jarduketaren beharraren justifikazioa aurkeztutako memorian jaso beharko da.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

2. 2. oinarriko bigarren jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Jarduketaren beharra, ingurumenarekin, dimentsioekin, osasunarekin, gizartearekin eta beste batzuekin lotutako zehaztapenen arabera; gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Jarduketaren beharraren justifikazioa aurkeztutako memorian jaso beharko da.

b) Ongien definitutako eta dimentsionatutako proiektuak eta dokumentazio teknikoaren kalitatea, 10 puntu gehienez.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

3. 2. oinarriko hirugarren jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

I. Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

II. Zereginen definizioa, kronograma eta esleitzen diren baliabideak.

b) Eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeatzailetik hurbilen dagoen distantzia diruz lagundutako jarduketaren kokapenetik. Distantzia hori honako hau bada:

I. 15 km baino handiagoa edo 30 km txikiagoa: 10 puntu.

II. 30 km baino handiagoa: 20 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, eskumena duen jurisdikzio ordenari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskabide batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2021eko urriaren 31n amaituko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria.–Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

Entitate onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztuko dituzte, diruz lagungarriak diren jarduketak amaitu ondoren. Aurkezteko azken eguna 2021eko azaroaren 15a izanen da. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako jarduketak deskribatzen dituen memoria; bertan, era berean, diruz lagundutako jarduketekin lortu nahi diren xedeen emaitzak baloratuko dira.

Eskabidean adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. apartatuko d letra). Neurri horien ordez, eskabidean proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Proiektuaren amaierako memoria.

c) Fakturak eta aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa apartatu honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea amaitu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, entitate onuradunak frogatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 2 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

d) Kudeatzaile baimenduaren ziurtagirien kopia, 2. oinarriko bigarren lerroko proiektuetarako hornitutako material mota egiaztatzen duena, honako hauek adierazita:

–Hornitutako m³ edo tona kopurua.

–Instalazio kudeatzailearen Ingurumen Identifikazio Zenbakia.

–Obra zuzendaritzaren ziurtagiria, erabilitako lekua eta m³ edo material tonak zehazten dituena.

e) Ziurtatzea egin diren ekintzek Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen duena betetzen dutela.

f) 2. oinarriko bigarren eta hirugarren jarduketa lerroetako proiektuetarako obra lizentziaren fotokopia.

g) Gardentasun Legea betetzeko III. eranskina betetzea.

Dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira. Horrekin batera, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Nork bere gain hartzea diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga.

c) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

e) Ekipamendu ondasunak edo higiezinak diruz lagunduz gero, horiek entitate onuradunaren ondarean egon beharko dute gutxienez 5 urtez, salbu eta entitate onuradunari egotzi ezin zaion suntsipena edo galera gertatzen bada. Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

f) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa ematea.

2. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru kopuru horiek askatzen badira, jarduketa lerro bereko entitate onuradunei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuen zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira bestelako dirulaguntzekin, esaterako, Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin.

Kasu horretan, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen jurisdikzio ordenari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

I. ERANSKINA

Dirulaguntza eskabidea (DOC).

II. ERANSKINA

Definizioak

Dirulaguntza hauen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira kontuan:

Agregakin birziklatua: Eraikuntza eta eraispen hondakinak dira; R05 kudeaketa instalaziotik igaro ondoren, baldintza teknikoak, legeria eta obra batean produktu gisa erabiltzeko aplikatu beharreko arauak betetzen dituzte.

Material natural hondeatuak: Oinarri hauen ondoreetarako, eraikuntza edo eraispen obretan hondeatutako lur eta harri naturalak dira, baldin eta 9/2005 Errege Dekretuan, konposatu organikoen kasuetarako, ezarritako beste erabilera batzuetako erreferentziako maila orokorrak gainditzen ez badituzte, ez eta metaletarako erreferentziako maila orokor horiei buruz Nafarroan egindako azterlanean lortutako mailak ere, eta betiere, kutsagarria izan daitekeen jarduketa bat kokaturik egon den tokietatik ez badatoz, 9/2005 Errege Dekretuan zehaztu bezala.

Espazio degradatuak: Hondakindegi zahar itxiak dira. Horietan, ondoren, unean uneko isurketak eta unean unekoak ez diren isurketak egin izan dituzte lurzorura, baita meatze ustiategi zaharretan ere (jarduketa horiek lehengoratzeko planik ez duten meatze ustiategi ez-aktibotzat hartzen dira).

Urrutiko herriak: Hondakin horiek tratatzeko instalazio finkoa 20 km-tik gorako distantzian eta/edo 30 minututik gorako ibilian dutenak.

III. eranskina

Gardentasunari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2106716