121. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

374E/2021 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, “2021eko Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urteko fluxua” izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 559410.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

Uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen da 2021eko ekitaldiko Hondakinen Funtsaren osaera, eta, bertan adierazten denaren arabera, 2021eko ekitaldiko Hondakinen Funtsa 2019ko bigarren seihilekoan eta 2020ko lehenean bildu edo ekarri diren benetako diru kopuruek osatuko dute. Diru kopuru horiek 4.351.385 euro izan dira.

2020ko azaroaren 17an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak proposatu du Funtsa proportzioan banatzea, hondakinen fluxu bakoitzaren diru ekarpenaren arabera, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan bildutako definizioekin, eta kontuan harturik Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluko arloak.

Eta, 49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak gauzatu ondoren, otsailaren 16an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 27E/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinean ezartzen baita 2.063.370 euro erabiltzea etxeko hondakinen fluxurako. Diru kopuru hori hainbat jarduketaren artean banatzen da. Zehazki, 1.763.370 euro erabiliko dira 2021ean jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotuta.

Bestalde, irailaren 29ko 20/2020 Foru Legearen bidez, 2021. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onetsi ziren. Gastu aurrekontuan aurreikusi dira Hondakinen Funtsari dagozkion gastu partidak, bat etorriz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin. Eta, partida horien artean, honako hauek daude, behar beste funts dituztenak aurreko paragrafoan aipatutako etxeko hondakinen fluxuaren dirulaguntzarako: 740001-74100-4609-456205: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak eta 740001 -74100 -7609 -456204: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. 2021eko ekitaldiko Hondakinen Funtseko dirulaguntzak emateko deialdia onartzea, 2021ean zehar jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotuta. Dirulaguntzen hartzaileak:

–Etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena duten eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori izanen da funtsen onuradun potentziala.

Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako entitateek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

740001-74100-4609-456205: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak

2021

763.370,00

740001-74100-7609-456204: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak

2021

1.000.000,00

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da 2021ean toki entitateei dirulaguntzak ematea, baldin eta entitate horiek esleituta badute etxeko hondakinen bilketa, garraio edo kudeaketarako eskumena, eta Hondakinen Funtsa eratzeko ekarpena egin badute Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza horren helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 1.763.370 eurokoa da, guztira, eta hurrengo apartatuan zehazten diren jarduketa lerroen artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Dirulaguntzaren xede izanen dira gastu arrunten ekintzak (azterlanak edo proiektuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak eta abar) edo kapital inbertsioak, baldin eta lotuta badaude etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako jarduketa lerro hauek garatzen dituzten proiektuak:

a) 1. jarduketa lerroa: 320.000 euro izanen du gehienez, etxeko hondakinak saihesten laguntzen duten ekintzak sustatzeko helburua duten jarduketetarako. Diruz lagungarriak izanen dira hondakinik ez sortzen laguntzen duten jarduketak, batez ere helburu hauek dituztenak:

1. Elikagai hondakinak murriztea, elikagaiak alferrik galtzea saihesteko eta kontsumo arduratsua sustatzeko neurriak sartuz, hala nola iraungitako elikagaien kopurua gutxitzeko akordioak egitea saltegiekin, kontsumitzaileentzako jarraibideak ezartzea, jatetxeak eta jantokia duten jarduketak antolatzea soberako elikagaiak aprobetxatzeko, egoera onean dauden soberakinak aprobetxatzeko bideak sortzea gizarte ekimenen bidez (herri jantokiak, elikagaien bankuak, etab.).

2. Ontziak berriz erabiltzea sustatzea, esaterako Gordailu, Itzulketa eta Berrerabilera Sistemak erabiliz. Proiektuak, ekitaldi jasangarriak edo bestelakoak.

3. Ostalaritza, sukaldaritza eta banaketa sektoreekin akordioak egitea, neurri hauek hartzeko: ontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzea, ingurumen irizpideak eta hondakinen prebentzioari buruzkoak txertatzea material eta zerbitzuen kontratazioan, edo ontziratutako produktuen kontsumoa murrizteko neurriak.

Gastu diruz lagungarritzat jotzen dira prebentzio jarduketak egiteko behar diren materiala eta bestelako gastuak –ezarritako prebentzio jarduketei lotutako informazioa zabaltzeko kanpainak barne–, ekintzekin zuzenean lotutako ekipamenduak eta instalazioen egokitzapena.

Jarduketa lerro horretatik kanpo daude hondakinak bereizi, bildu eta tratatzeko ekipamendu eta elementuak, eraikuntza lanak eta prebentzioarekin zerikusirik ez duten eta/edo beharrezkoak ez diren sari eta opariak.

b) 2. jarduketa lerroa: 1.170.000,00 euro izanen du gehienez, etxeko eta merkataritzako hondakinak gaika biltzeko sistemak (udalek kudeatu beharrekoak) hobetzeko jarduketetarako. Diruz lagungarriak izanen dira toki entitateetan hondakin horien gai organikoen gaikako bilketa kantitatean eta kalitatean handitzeko jarduketak, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planeko biohondakinak bildu eta birziklatzeko helburuak betetzen laguntzeko, baita gaika bildu beharreko beste gai batzuei buruzko komunikazio ekintzak ere. Honako hauek har ditzakete barnean proiektuek:

1. Proiektuan sartutako biztanleei prestakuntza, informazioa eta sentsibilizazioa emateko jarduketak, etxeko eta merkataritzako hondakinak (udalek kudeatu beharrekoak) gaika biltzeari dagokionez. Informazio horretan sartuko dira gaiak gaika biltzeak ingurumenean dituen onurak, bilketa egiteko modua eta zerbitzuaren ezaugarriak, bai eta kudeaketaren alderdi ekonomikoak ere (bilketa, tratamendua, tasak, hobariak, etab.).

2. Biohondakinak gaika biltzeko zerbitzua ezartzeko edo hobetzeko elementuak, materialak eta baliabideak eskuratzea, lurraldera hobekien egokitzen den modalitatean. Ontzi arinen bilketa bereizia hobetzeko elementuak, materialak eta bitartekoak erostea (ez ezartzea).

3. Biohondakinak gaika biltzeko zerbitzua ezartzeko edo hobetzeko egun dauden elementuak, materialak eta baliabideak egokitzea edo berritzea, lurraldera hobekien egokitzen den modalitatean.

4. Diruz lagungarria den helburuari aplikaturiko aplikazio informatikoak garatzea edo informazioaren teknologiak erabiltzea. Adibidez, aukera ematen dutenak trazabilitatea, kontrola eta jarraipena hobetzeko edo hondakinak sortzeagatiko ordainketaranzko aurrerapausoak emateko.

5. Edukiontziak: gordetegi masiboko sistema mugatzaileren bat duten zatiki hondarreko edukiontziak erostea; lehendik dauden edukiontzietarako egokigailuak erostea, hala nola giltzak, tapa txikia, etab.; ehun edukiontziak.

6. Biohondakinak biltzeko kamioiak erostea.

Ziurtatu beharko da kamioia biohondakinak biltzeko erabiltzen dela. Erabilera beste frakzio batzuekin partekatuko bada, ziurtagiri horretan zehaztuko da urtean batez beste zer ibilbide eginen diren eta zer edukiontzi mota jasoko den. Informazio horrekin zehaztuko da zer dedikazio ehuneko emanen zaion biohondakinak biltzeari, eta hori izanen da diruz lagundu daitekeen zatia.

Ez dira diruz lagungarriak izanen gaikako bilketaren zerbitzuaren kostuak eta hondakinen tratamendua, ezta mantentze lanen kostuak eta alokairuak ere.

c) 3. jarduketa lerroa: 273.370 euro izanen du gehienez, etxeko eta merkataritzako hondakinak kudeatzeko sistemak (udalek kudeatu beharrekoak) hobetzeko jarduketetarako. Diruz lagungarriak izanen dira honako kudeaketa jarduketa hauek:

Diruz lagungarriak izanen dira proiektuan sartutako biztanleei prestakuntza, informazioa eta sentsibilizazioa emateko jarduketak, toki entitateek kudeatzen dituzten etxeko eta merkataritzako hondakinak kudeatzeari dagokionez. Informazio horretan sartuko dira gaiak zuzen kudeatzeak ingurumenean dituen onurak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen jarduketa lerro horietarako bakarrik erabiliko ez diren makinak eta ondasun materialen zuzkidura.

3. oinarria.–Diruz lagungarriak diren gastuak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jarduketaren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Justifikatzen diren eta diruz lagungarriak diren gastuen zenbatekoari dagokionez, entitate onuradun bakoitzak gehieneko laguntza hau jasoko du: 1. lerrorako 60.000 euro, 2. lerrorako 240.000 euro eta 3. lerrorako 25.000 euro. Lerroren batean soberako krediturik baldin badago, lerro horren onuradun izan direnen artean banatuko da, horietako bakoitzaren puntuazioan ezarritako ordenaren arabera eta aipatutako gehieneko laguntzarekin, diruz lagungarria den zenbatekora iritsi arte eta erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Oraindik soberako krediturik badago, gainerako lerroen artean banatuko da, lehentasuna ordena honetan emanez: 1., 2. eta 3. lerroak.

3. Onartutako proiektu bakoitzaren gehieneko zenbateko finantzagarritik, diruz lagungarriak diren inbertsio inbentariagarrien zenbatekoa % 70 izanen da gehienez.

4. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) 2020ko azaroaren 16a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko nahitaezko arau indardunetara egokitzeko jarduketak.

c) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.

d) BEZa edo beste zerga batzuk.

e) Finantza gastuak.

f) Zehaztu gabeko gastuak edo dirulaguntzaren xedea ez dutenak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

g) Lurrak erosteko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak, proiektuaren ingurumen helburuak garatzeko behar-beharrezkoak ez direnean.

h) Azpiegituren alokairua.

i) Hondakin organikoak biltzeko pertzak eta/edo poltsak erostea, gai organikoen gaikako bilketa ezartzeko eta/edo in situ konposta egiteko proiektu batekin lotuta ez daudenak.

j) Erabilera bakarreko elementuak (poltsak, baxerak, etab.), materia organikoaren gaikako bilketarako erabilera bakarreko poltsa konpostagarriak izan ezik.

k) Beharrezkoak ez diren sariak.

l) Hondakinak kudeatzeko ekintza arruntek eragindako gastu guztiak –hala nola hondakinak biltzeko tasak, edo baimendutako kudeatzaileei arrazoi beragatik egindako ordainketak– edo kasuan kasuko jarduera ekonomikoa garatzeko aplikatu beharreko araudia betez egindako beste edozein gastu.

m) Obra zuzendaritzak, jarraipen eta koordinazio txostenak eta antzekoak, baita obra bukaerako ziurtagiria edo antzekoak ere.

n) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.

o) Diruz lagundutako proiekturako dedikazioa behar besteko ahalorde ziurtagiriaren bidez egiaztatzen ez duten langileen gastuak. Ziurtagiri horretan, honako hauek adierazi beharko dira, banan-banan: gastua justifikatu nahi duen pertsona bakoitzeko, eginkizunak, horien hasiera eta amaiera, proiektuari eskainitako ordu kopurua eta orduko kostua.

p) Dietak, mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.

5. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena duten eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori izanen da funtsen onuradun potentziala.

Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako entitateek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo apartatuan (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, eta izapideen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko. Gune horietan, aholku emanen zaie eskabideak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskabidea aurkezteko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskabidea honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira):

a) Eskabide orria (I. eranskina).

b) Memoria, proiektuaren azalpen zehatza eta norainokoa adierazten dituena eta egin beharreko ekintzak jasotzen dituena; ekintza horiek jarduketa lerroen eta horien zenbatekoen arabera taldekatuta agertuko dira, 2. oinarriarekin bat.

c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua.

d) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.

3. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez bost egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskabide guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek.

2. Eskabideak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskabideak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez dituztenak edo behar den dokumentazioa ez dutenak tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du toki entitate onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da entitate onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Hona hemen dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Proiektuaren memoriaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): 35 puntu gehienez, honela banatuta:

1. Proiektuaren kalitatea memoriaren xehetasun tekniko eta deskriptiboaren arabera baloratuko da (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 15 puntu.

2. Proiektuaren koherentzia baloratzeko, kontuan hartuko dira ekonomia eta ingurumen bideragarritasuna, norainokoa eta jarraipena, eta helburuen planifikazioa, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean ezarritako helburuen ildotik: gehienez ere 10 puntu.

3. Proiektuaren argitasuna baloratzeko, kontuan hartuko dira espero diren ingurumen onurak lortzeko proiektatutako jarduketen ezagutza, azalpena eta justifikazioa: gehienez ere 10 puntu.

b) Jarduketaren eraginkortasuna, artatutako biztanle / euro ratioan (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa): gehienez ere 20 puntu.

c) Proiektua garatzeko aukeratutako eragile motak (2. oinarriko bigarren eta hirugarren jarduketa lerroei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. Etxebizitzetan ezartzeagatik: 2 puntu.

2. Ekoizle handietan (jabeen erkidegoak, ikastetxeak, supermerkatuak...) edo merkataritza jardueretan ezartzeagatik: 3 puntu.

d) Jarduketa lerro bakoitzean egiten diren jardueren arabera (2. oinarriko lehen jarduketa lerrorako bakarrik aplikatu beharreko puntuazioa):

1. Lehen mailako jarduketak: 15 puntu.

2. Bigarren mailako jarduketak: 10 puntu.

3. Hirugarren mailako jarduketak: 5 puntu.

4. Laugarren, bosgarren eta seigarren mailako jarduketak: 0 puntu.

e) Oinarri arautzaileen I. eranskinean zehaztutako prebentzio adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. Murriztapen portzentajerik aurkeztu ez badute, 0 puntu.

2. Murriztapen portzentajea 0 baino handiagoa eta % 1 baino txikiagoa bada, 5 puntu.

3. Murriztapen portzentajea % 1 edo handiagoa eta % 2,5 baino txikiagoa bada, 10 puntu.

4. Murriztapen portzentajea % 2,5 edo handiagoa eta % 5 baino txikiagoa bada, 15 puntu.

5. Murriztapen portzentajea % 5 edo handiagoa bada, 20 puntu.

f) Oinarri arautzaileen I. eranskinean zehazten den bilketa garbiaren adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. % 5etik beherako portzentajea lortu badute, puntu bat.

2. % 5 edo handiagoa eta % 10 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 5 puntu.

3. % 10 edo handiagoa eta % 20 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 10 puntu.

4. % 20 edo handiagoa eta % 25 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 15 puntu.

5. % 25 edo handiagoa den portzentajea lortu badute, 20 puntu.

g) Oinarri arautzaileen I. eranskinean zehaztutako gai organikoen bilketa garbiaren kalitatearen adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. % 10etik beherako portzentajea lortu badute, puntu bat.

2. % 10 edo handiagoa eta % 50 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 5 puntu.

3. % 50 edo handiagoa eta % 75 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 10 puntu.

4. % 75 edo handiagoa eta % 90 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 15 puntu.

5. % 90 edo handiagoa den portzentajea lortu badute, 20 puntu.

h) Oinarri arautzaileen I. eranskinean zehazten diren materialak (beira, eta papera eta kartoia) biltzeko adierazleek lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. 20tik beherako balioa lortu badute, puntu bat.

2. 20 edo handiagoa eta 30 baino txikiagoa den balioa lortu badute, 5 puntu.

3. 30 edo handiagoa eta 40 baino txikiagoa den balioa lortu badute, 10 puntu.

4. 40 edo handiagoa eta 50 baino txikiagoa den balioa lortu badute, 15 puntu.

5. 50 edo handiagoa den balioa lortu badute, 20 puntu.

i) Oinarri arautzaileen I. eranskinean zehaztutako ontzi arinak biltzeko adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. 10etik beherako balioa lortu badute, puntu bat.

2. 10 edo handiagoa eta 15 baino txikiagoa den balioa lortu badute, 5 puntu.

3. 15 edo handiagoa eta 20 baino txikiagoa den balioa lortu badute, 10 puntu.

4. 20 edo handiagoa eta 30 baino txikiagoa den balioa lortu badute, 15 puntu.

5. 30 edo handiagoa den balioa lortu badute, 20 puntu.

j) Oinarri arautzaileen I. eranskinean zehaztutako balorizazio adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. % 40tik beherako portzentajea lortu badute, puntu bat.

2. % 40 edo handiagoa eta % 50 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 5 puntu.

3. % 50 edo handiagoa eta % 55 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 10 puntu.

4. % 55 edo handiagoa eta % 60 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 15 puntu.

5. % 60 edo handiagoa den portzentajea lortu badute, 20 puntu.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, eskumena duen jurisdikzio ordenari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskabide batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak 2020ko azaroaren 16tik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2021eko azaroaren 15ean amaituko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria.–Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

Entitate onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztuko dituzte, diruz lagungarriak diren jarduketak amaitu ondoren. Aurkezteko azken eguna 2021eko azaroaren 30a izanen da. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako jarduketak deskribatzen dituen memoria; bertan, era berean, diruz lagundutako jarduketekin lortu nahi diren xedeen emaitzak baloratuko dira.

Eskabidean adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. apartatuko d letra). Neurri horien ordez, eskabidean proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Proiektuaren amaierako memoria.

c) Fakturak eta aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa apartatu honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea amaitu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, entitate onuradunak frogatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 2 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

d) Ziurtatzea egin diren ekintzek Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen duena betetzen dutela.

e) Gardentasun Legea betetzeko III. eranskina betetzea.

Dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira. Horrekin batera, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Nork bere gain hartzea diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga.

c) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

e) Ekipamendu ondasunak edo higiezinak diruz lagunduz gero, horiek entitate onuradunaren ondarean egon beharko dute gutxienez 5 urtez, salbu eta entitate onuradunari egotzi ezin zaion suntsipena edo galera gertatzen bada. Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

f) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa ematea.

2. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru kopuru horiek askatzen badira, jarduketa lerro bereko entitate onuradunei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuen zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira bestelako dirulaguntzekin, esaterako, Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin.

Kasu horretan, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen jurisdikzio ordenari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

I. ERANSKINA

Dirulaguntza eskabidea (DOC).

II. ERANSKINA

Adierazleen kalkulua

Adierazle hauen kalkulua banaka eginen da eskatzaile bakoitzarentzat, etxeko hondakinei buruzko txostenaren 2019ko datuekin (“Hondakinen fluxuen araberako txostenak” atalean), zeinak web-orri honetan argitaratuta baitaude: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Residuos/Inventarios+de+residuos.htm

1. Prebentzio adierazlea:

Adierazle honen bidez, hondakinen sorrera murrizten ari denari puntuak ematen zaizkio.

Honela kalkulatzen da: per capita sorkuntzak (kilogramoak biztanleko eta urteko) izandako murriztapen portzentajea kalkulatzen da, inbentario baliozkotuak dituzten aurreko bi urteetan.

2. Bilketa adierazleak:

2,1. Gai organikoen bilketa garbia:

Adierazle honen bidez, puntuazio bat ematen zaio mankomunitate bakoitzaren bilketa portzentajeari.

Kalkulua honela egiten da:

a) Bilketaren pisu garbi baliokidea, guztira, kalkulatzen da, autokonpostajearen eta gaika bildutako gai organikoen (GBGO) pisu garbi baliokideen batuketa eginez.

Pisu garbi baliokidea kalkulatzeko, desegokien faktorea aplikatzen zaie bilketa gordinaren tonei, kontuan harturik autokonpostajeak ustez ez duela desegokirik.

b) GBGO kalkulatzeko, % 39,26ko portzentajea aplikatzen da.

c) Aurreko bi balioen zatiketan bidez lortzen da mankomunitate bakoitzaren bilketa portzentajea.

2,2. Kalitate baliokidearen adierazlea:

Adierazle honen bidez, puntuazio bat ematen da, gai organikoen kalitate faktorearen balio normalizatua auzokideen arteko hedapenaren portzentajeaz biderkatuta kalkulatzen dena.

Kalkulua honela egiten da:

a) Desegoki baliokideen zenbatekoa honela kalkulatzen da: gaika bildutako gai organikoen portzentajea, gai organikoen bilketa gordin (autokonpostajea eta GBGO) guztiarekin konparatuta.

b) Kalitate faktorea desegoki baliokideen balio tarteen normalizazioa da, % 25 zero delarik (txarrena baita, 25etik aurrera ulertzen delako gai nagusiak jada ez direla organikoak, eta beraz, ez direla zenbatzen), eta % 0, berriz, bata (onena baita, ez daukalako desegokirik).

c) Kalitate faktore baliokidea, portzentajean, honela kalkulatzen da: aurreko kalitate faktorea bider mankomunitateko biztanleen artean gai organikoen bilketak duen hedapena.

2,3. Beiraren, kartoia/paperaren eta ontzi arinen bilketarena:

Adierazle hauen bidez, puntuazio bat ematen zaio beiraren, kartoia/paperaren eta ontzi arinen bilketaren per capita sorkuntzari (kilogramoak biztanleko eta urteko).

Kalkulua honela egiten da:

a) Per capita sorkuntza (gordina edo garbia) (2) mota bakoitzerako (beira, papera/kartoia, eta ontzi arinak) kalkulatzen da.

Lehen bien kasuan (beira eta papera/kartoia), per capita sorkuntza gordina lortzen da eragiketa hau eginez: sorrera gordina zati biztanleak.

Beste alde batetik, ontzi arinen kasuan, per capita sorkuntza garbia lortzen da eragiketa hau eginez: bilketa garbia zati biztanleak. Bilketa garbia da sorkuntza gordinari desegokiak kentzen zaizkionean lortzen dena.

3. Balorizazio adierazlea:

Adierazle honen bidez puntuak ematen zaizkio hondakin balorazioaren portzentajerik onena lortzen ari denari.

III. ERANSKINA

Gardentasunari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2106718