121. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

91/2021 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2020-2021 ikasturtean goi mailako arte ikasketak egiteko nazioarteko mugikortasunerako programen laguntza osagarrien deialdia egiten duena. DDBN identifikazioa: 555271.

Arte Ikasketen Ataleko buruak, 2021eko martxoaren 9ko txostenaren bidez, proposatu du 2020-2021 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia onetsi eta argitaratzea. Deialdia goi mailako arte ikasketen ikastetxeek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2020-2021 ikasturtean goi mailako arte ikasketen ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri da.

2. 6.000 euroko gehieneko gastua onestea, Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorren “Goi mailako arte ikasketen ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak” izeneko 420001 42440 4800 322500 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Arte Ikasketen Atalera, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara eta “Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimendura, behar diren ondorioak sor ditzaten.

Iruñean, 2021eko martxoaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Goi mailako arte ikasketen ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia.
2020-2021 ikasturtea

OINARRIAK

1.ª Xedea.

Nazioarteko dimentsioaren garapena gakoetako bat da unibertsitateko ikasketak hobetzeko orduan. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek eta unibertsitatetik kanpoko goi mailako ikasketen ikastetxeek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarriak Nafarroako Gobernuak egiten duen ekarpen zuzena dira, goi mailako arte ikasketen ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2. Laguntzen hartzaileak.

Laguntza hauek goi mailako arte ikasketen ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako goi mailako arte ikasketen ikastetxeek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradun gertatzen diren eskatzaileei esleituko zaizkie zuzenean.

3. Laguntzen zenbatekoa.

Arte Ikasketen Atalak ezarriko du laguntzei aplikatu beharreko hileko modulua. Hori kalkulatzeko, 2021eko aurrekontu partidan erabilgarri dagoen diru kopuru osoa banatuko da baliozkoak diren eskaeren hilabete guztien artean. Deialdi honetako aurrekontu esleipena 6.000 eurokoa da graduko edo masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako.

Azaroaren 30a hartuko da jaso beharreko laguntza kalkulatzeko azken eguntzat. Ez da laguntzarik emanen hiru hilabetetik beherako egonaldietarako.

4. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

a) 2020-2021 ikasturtean Espainiako goi mailako arte ikasketen ikastetxe batean matrikulaturik egotea.

b) Goi mailako ikasketen ikastetxeen arteko nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.

c) Egoera hauetako batean izatea:

–Nafarroan jaioa izatea.

–Nafarroan erroldaturik egon izana eskaera egunaren aurreko azken bi urteetan, gutxienez, etenik gabe.

d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

5. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laguntzaren eskaera eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetako edozeinetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

6. Dokumentazioa.

a) Laguntza eskabidea, deialdiaren II. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Laguntza kobratzeko erabiliko den banku edo aurrezki kutxako libretaren lehen orriaren fotokopia, edo antzeko agiri baten lehen orriarena, non laguntzaren onuraduna –kontuaren titular gisa– eta IBAN zenbakia agertzen baitira. Kontuak aktiboa egon beharko du laguntza jaso arte.

c) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, bi aldeetatik egina.

d) Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek erroldatze-agiri bat aurkeztuko dute, azken bi urteotan Nafarroan bizi izan direla frogatzeko.

e) 4. oinarriaren a) eta b) atalak frogatzeko agiria:

–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan matrikulaturik dauden ikasleen kasuan, ikastetxeek beraiek aurkeztuko dute ofizioz ziurtagiri hori.

–Goi mailako arte ikasketen beste ikastetxe batzuetan matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, ikastetxe horretan matrikulaturik dagoela ziurtatzen duen eta eskatzailea partaide den truke-programaren edo hitzarmenaren gaineko datu hauek biltzen dituen ziurtagiria aurkeztuko da: destinoko ikastetxea eta egonaldiaren hasiera eta amaiera egunak.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori. (II. eranskina)

g) Nafarroatik kanpo dauden goi mailako arte ikasketen ikastetxeetako ikasleen kasuan: erantzukizunpeko adierazpena, dioena bere ikastetxea dagoen autonomia erkidegoan ez duela beste laguntza osagarri bat hartu nazioarteko mugikortasunerako programetarako. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori. (II. eranskina)

h) Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu bada, “Egonaldiaren amaierako agiria” (III. eranskina) ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua.

7. Laguntzak emateko irizpideak.

Onartzen den eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa esleituko zaio, kontuan hartuta egonaldiaren hilabete kopurua eta deialdian guztira erabilgarri dagoen zenbatekoa.

8. Ebazpena.

Arte Ikasketen Atalak onartu diren eskatzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko du www.nafarroa.eus atarian, zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan, baita baztertutako eskatzaileen izenen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak azalduta. Baztertutako eskatzaileek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoia zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko. Arte Ikasketen Atalera zuzenduko da dokumentazioa, eta ebazpen honen 5. oinarrian aurreikusitako edozein tokitan aurkeztuko da.

Atal horrek balizko erreklamazioei erantzunen die eta, ondoren, eskatzaile onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, lehenago aipatutako bide berberak erabiliz. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztuko du.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman edo ukatuko dira laguntzak. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa egiteko organo eskuduna Arte Ikasketen Atala da, zeinak eskaerak ebaluatuko baititu eta ebazpen proposamena Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari igorriko baitio.

Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.nafarroa.eus atariko zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.

9. Onuradunen betebeharrak.

Egonaldia amaituta, laguntzen onuradunek “Egonaldiaren amaiera” izeneko agiria aurkeztu behar dute (deialdiaren III. eranskina), behar bezala beteta eta destinoko ikastetxeak zigilatuta. Agiri hori “nafarroa.eus” atariko zerbitzuen katalogoan ere eskuratzen ahal da.

Azaroaren 30aren ondoren bukatzen diren egonaldien kasuan, agiria egun hori baino lehen aurkeztuko da, eta egun hori egonaldiaren azken eguntzat hartuko da laguntza justifikatu eta ordaintzeko ondorioetarako.

“Egonaldiaren amaiera” agiria laguntzak ordaintzeko ezinbesteko baldintza da eta Arte Ikasketen Atalari zuzenduko zaio bide hauetako baten bidez:

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako batean. Aipatu agiria igorri baino lehen, eskaneatuta helaraziko da helbide elektroniko honetara: ensearti@navarra.es.

–ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita.

10. Uko egiteak.

Laguntzei uko eginez gero, horren berri emanen zaio Arte Ikasketen Atalari ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita, eta itzuli egin beharko da jasotako dirua.

11. Ez-betetzeak.

Arrazoi hauetako bat gertatzen denean galduko da laguntza:

a) Egonaldia ez egitea edo egin dela frogatzen duen “Egonaldiaren amaiera” agiria ez aurkeztea. Kasu horretan, laguntza ez da ordainduko.

b) Egiten den egonaldia eskatutakoa eta onartutakoa baino laburragoa izatea, egindako egonalditzat hartuta “Egonaldiaren amaiera” agirian agertzen dena. Kasu horretan, laguntzaren onuradunak agirian justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa jasoko du soilik, betiere kontuan hartuta justifikatutako egonaldia ezin dela azaroaren 30etik haratago joan, eta baldin eta egonaldiaren iraupen osoa gutxienez hiru hilabetekoa izan bada.

12. Dirulaguntza ordaintzea.

Laguntzen onuradunek egonaldia amaitu ondoren jasoko dute zenbateko osoa.

Laguntzak ordainketa bakarrean emanen dira, behin onuradun guztiek “Egonaldiaren amaiera” agiria aurkeztuta.

Egonaldia azaroaren 30etik aurrera bukatzen duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da ordainketa.

13. Laguntzaren bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.

14. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

15. Errekurtsoak.

Oinarrien eta horiek aplikatzeko behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

16. Argibideak eta harremanak.

Eskabide-orria eta “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria oinarri hauekin batera argitaratuko dira, “nafarroa.eus” atariko zerbitzuen katalogoko atal honetan: Zerbitzuak-Laguntzak eta bekak.

Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:

–Arte Ikasketen Atala:

  • Hezkuntza Departamentua.
  • San Domingo kalea zk.g. - 31001 Iruña (Nafarroa).
  • Telefonoak: 848 426973 / 848 426218
  • Helbide elektronikoa: ensearti@navarra.es.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2105196