121. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAUN

Ordenantza fiskala, betearazteko aginduen, betearazte subsidiarioen eta aurri-egoeraren espedienteak tramitatzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Larraungo Udalak, 2020ko abenduaren 22an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ordenantza fiskala, betearazpen subsidiarioen aginduak eta aurri-egoeraren deklarazio espedienteak tramitatzeko tasak arautzen dituena.

2021eko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ilbeltzaren 14an, eta Udalaren iragarki oholean argitaratu ondoan, amaitu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen dira aldatutako artikuluak.

Larraunen, 2021eko apirilaren 30ean.–Alkatea, Mikel Huarte Martija.

ORDENANTZA FISKALA, BETEARAZTEKO AGINDUEN, BETEARAZTE SUBSIDIARIOEN ETA AURRI-EGOERAREN ESPEDIENTEAK TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. 1. Honako jarduera hauek egin eta honako zerbitzu hauek ematea da zerga-egitatea:

a) Betearazteko aginduen espedienteak tramitatzea eta/edo ebaztea, obrak beharrezkoak direnean erabileraren, kontserbazioaren eta birgaitzearen betekizunak konplitzeko, baita ingurumenera egokitzekoa ere, betekizun horiek guztiak indarrean dagoen hirigintza-legerian ezarriak.

b) Betearazte subsidiarioen espedienteak tramitatzea eta/edo ebaztea, aurreko apartatuko kasuetan betearazteko agindu bat bete ez izanak eraginda, edo, baita ere, ordenantzek zein Udalaren erabakiek ezarritako betebeharrak bete ez izanaren ondorio direnean, baldin eta, aurrez, xede horretarako agindu edo ohartarazpen bati muzin egin bazaio.

c) Ofizioz zein edozein interesdunek abiarazitako aurri-egoeraren espedienteak tramitatzea eta/edo ebaztea.

2. Interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek, edo bereziki haien mesederako diren horiek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik edo ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio eman beharrekoak direnek ere, ordainarazpena sortzea ekarriko dute, nahiz eta zerbitzua ez izan interesdunek eskatua.

3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, nolanahi ere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak egiteko. Presako kasuetan, eta kontratazio arautegiak agintzen duenaren arabera, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari fakultatiboen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak. Gero horren berri eman beharko diote Alkatetzari edo, hala badagokio, Udalbatzari.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Modu solidarioan ordaintzera behartuta daude legez erantzule diren pertsona natural nahiz juridikoak; hurrengook, alegia:

a) Ondasunen jabeak edo zerbitzua eragin duten egintzen erantzuleak, baita zerbitzua ematearekin onura partikularrak jasotzen dituzten horiek ere.

b) Halakorik bada, errentariak edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.

c) Espresuki egindako betearazteko erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule direnak.

Zerga-oinarria

5. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarriak:

a) Betearazteko agindua: egiteko den obrari egin behar zaion baloraziotik helduko dena.

b) Betearazte subsidiarioa eta partikularrentzako sorospenak: betearazpenaren edo emandako zerbitzuaren kostu osoa izanen da.

c) Beste kasuetan: zenbateko finko bat izanen da.

Tasa eta kuota

6. artikulua. Karga-tasa ordenantza honen eranskinean agertzen da.

Kuota izanen da ordenantza honen eranskinean agertzen den karga-tasa zerga-oinarriari aplikatzearen ondoriozkoa edo, bestela, horretarako ezartzen den zenbateko finkoa.

Hori guztia, deusetan ukatu gabe EIOZren likidazioak, eta obrak egiteagatik eta zerbitzuengatik egon litezkeen gainerako ordainarazpenak.

Tasaren sortzapena

7. artikulua. Tasa kasuaren arabera sorraraziko da: betearazteko aginduaren, betearazte subsidiarioaren edo aurri-egoeraren espedientea abiatzen denean; edo, aurretiazko ebazpenik ez badago, betearazpenaren zerbitzua edo laguntza ematen denean.

Arau-hauste eta zehapenak

8. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gora-behera, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aurrean, dagokion hirigintza-araudian ezarritakoa betetzeko.

TARIFEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Betearazteko aginduak.

Espedientea tramitatzeko egiten diren txostenen kostua.

2. epigrafea.–Betearazte subsidiarioak.

Kuota ezartzeko, %140 aplikatuko da zerga-oinarriaren zenbatekoaren gainean.

3. epigrafea.–Aurri-egoeraren espedienteak.

Aurri-egoeraren espediente bakoitza tramitatzeagatik eta/edo ebazteagatik: 300,00 euro.

4. epigrafea.–Beste kontsiderazio batzuk.

Teknikari espezializatuei txosten teknikoak eskatzea beharrezkoa denean, zergapekoak aipatu txostenen kostua ordaindu beharko du.

Iragarkiaren kodea: L2107280