121. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

397E/2021 EBAZPENA, apirilaren 26koa Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita Aldeko Ingurumen Eragineko Adierazpena, “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoak jartzeko proiektuei buruz eta haien ebakuazio azpiegiturei buruz; sustatzailea Suno Energia 5 SL eta Suno Energia 4 SL dira, hurrenez hurren, eta Corellako udalerrian kokatzen dira.

Proiektuen ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen dira (ingurumen ebaluazio sinplifikatua bete behar duten proiektuak). Hala ere, lege horren 7. artikuluaren arabera, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete beharko dute ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua bete behar duten proiektuek, sustatzaileak hala eskatzen duenean, eta mintzagai ditugun bi kasu hauetan hala da.

1.–Ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko prozeduraren garapena eta sustatzailearen eskaera.

2020ko martxoaren 13an, sustatzaileak aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoei buruzko dokumentazioa, eta administrazio baimenak eta proiektu horien onarpena eskatu zituen, hala nola ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen II. kapituluaren I. atalean jasotzen dena betez.

1.1. Jendaurreko informazioa:

Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 138. zenbakian, 2020ko ekainaren 23koan, argitaratuta. Aurkeztu diren alegazioen laburpena I. eranskinean dago.

1.2. Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera:

Jendaurreko aldiaren eta egindako kontsulten emaitzak jaso ondoren, Suno Energia 5 SL eta Suno Energia 4 SL sustatzaileek, 2020ko urriaren 19an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eskatu zioten ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko, 21/2013 Legearen 39. artikuluan ezarritakoa betez.

Organo substantiboak dokumentazioa osorik dagoela egiaztatu ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia helarazi zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketak analizatu eta ingurumen eraginaren adierazpena egin dezan.

2.–Proiektuaren deskribapena.

0 alternatiba edo ez jarduteko aukeraz gain, beste 3 alternatiba aztertu dira, eta egindako azterketaren arabera, ezaugarri antzeko samarrak erakusten dituzte. Sustatzaileak 2. alternatiba aukeratu du “Guardian” instalaziorako, ukitzen dituen lurzati kopuru txikiagoagatik eta lotura puntura duen hurbiltasun handiagoagatik, eta 1. alternatiba “Cierzo” instalaziorako, honek ere lotura puntura duen hurbiltasunagatik.

“Guardian” eta “Cierzo” instalazioek hainbat nekazaritza alor betetzen dituzte, gehienbat labore lurrak, lur zelaien morfologia nagusi den lekuan. “Guardian” instalazioa, 37,15 MWp-ko potentzia instalatua duena, bi barrutiz osatzen da, beren artean 250 metroko tartearekin, guztira 62 hektareako azalera betez. “Cierzo” instalazioak 24,84 MWp-ko potentzia instalatua du, eta lau barrutiz osatzen da, bereizirik baina elkarren ondoan daudenak, guztira 44,26 hektareako azalera betez.

“Guardian” instalaziorako sarbidea NA-161 errepidearen 3,8 kilometro puntutik eginen litzateke, Camino de Grávalos bidean barna, eta ondoren Camino de las Vagonetas bidean barna. “Cierzo” instalazioaren barrutietarako sarbidea NA-6891 errepidetik abiatzen diren hainbat bidetatik egiten da.

“Guardian” eta “Cierzo” instalazioetarako aurreikusitako potentzia lortzeko, hurrenez hurren, 92.880 eta 62.100 modulu fotovoltaiko erabiliko dira, silizio monokristalinozkoak, multzoka ezarriak ardatz baten gaineko jarraitzaile horizontalen egitura mugikorretan, eremuan ipar-hego norantzan jarriak, eta lurzoruan zuzeneko tinkatuaz finkatuak. Jarraitzaile horien artean proposatzen den tartea 10 metrokoa da, beren artean itzalgune handiak saihesteko, eta haien altuera 2,4 metrokoa da. Modulu multzo horiek hornitzen duten korronte zuzena tentsio baxuko korronte alternoa bihurtzen dute inbertsoreek, eta ondoren, transformazio zentroetan, tentsio ertainera igotzen da (20kV). Transformazio horiek lur azpitik lotzen dira SET-Guardian eta SET-Cierzo guneetara (66 eta 20 kV, hurrenez hurren), eta hara ebakuatuko dute sortutako energia.

SET-Guardian gunetik, 107 metroko tarte batez, tarteko euskarri batekin, 66kV zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoaren 4. euskarriarekin lotuko da, eta hark ebakuatuko ditu Corella eta Tuterako hainbat parke eoliko SET-La Cantera / SET-La Serna guneetaraino; dagoeneko aldeko ingurumen eraginaren adierazpena du linea horrek, baldintzapean. SET-Cierzo gunetik, 391 metroko zati batez, sareta metalikozko bost euskarri tartekatuta, aipatutako 66kV linearen 7. euskarriarekin lotuko da. Azkenik, SET-La Serna / SET-La Cantera inguruan, linea bananduko da, eguzki parkeen eta parke eolikoen konexio puntuak SETaren leku desberdinetan kokatuta daudelako. 550 metroko lur azpiko banakako azken zati baten ondoren, “Guardian” eta “Cierzo” instalazioetan sortutako energia SET-La Serna instalazioaren 220/400kV REE gunean txertatuko da.

SET-Guardian eta SET-Cierzo guneetara iristeko behar diren zangen sare gehiena bideen paraleloan planteatzen da. Tentsio baxuaren kondukzioak 0,60-0,80 metroko sakoneran ezarriko dira, eta 0,45 metro zabal gutxienez izanen dira, eta tentsio ertainaren kondukzioak 0,60-1,00 metro zabal izanen dira, eta 1,10 metro sakoneran jarriko dira. SET-La Sernara iritsi aurreko banakako lur azpiko 550 metroko azken zatiak 0,60 metroko zabalerako eta 1,10 metroko sakonerako zanga bat beharko du, eta 10 kutxatila ere bai, kablea ezartzea errazteko, norantza aldatzeko lekuetan.

Ez da aurreikusten sarbide berririk, ez eta daudenak zabaldu edo hobetu beharrik ere, dagoen sarearen ezaugarriak aski baitira makineria lurzatietara sartzeko. Barneko bideek 3 eta 4 metro bitarteko zabalera izanen dute.

Barruti bakoitzaren ingurua hesitzea planteatzen da, bihurdura bakuneko sareta galbanizatua erabiliz, 2 metroko altuerakoa, zutoin galbanizatuen gainean muntatua, eta zutoinak lurrean tinkatuta hormigoizko zapata isolatuez. Azpiestazioak babesteko 2,3 metroko garaierako hesia erabiliko da, azpian hertsia lurrean zimentatutako hormigoi armatuz egindako zokalo batez.

Instalazioek drainatze sistema bat izanen dute euri urak ebakuatzeko, inguruan eta barneko bideetan arekak izanen dituena, plubiometria datuen araberako tamainan eginak.

Gainera, neurri osagarri gisa, bilakaera libreko eremu bat uztea proposatzen da, instalazio bakoitzaren % 10ekoa alde-aldera (6,2 ha eta 4,5 ha, hurrenez hurren) hasierako asmoaren arabera “Ombatillo-Morterete” izeneko Estepako Abifauna Babesteko Intereseko Eremuaren (AICAENA) inguruan kokatuko dena.

3.–Azterketa teknikoa.

“Guardian” Instalazioa Corellako hirigunearen eta NA-6820 errepidearen artean kokatzen da, herritik 2 km ingurura eta errepidetik kilometro batera, hego-ekialdera. “Cierzo” instalazioa NA-6891 errepidearen bi aldeetara hedatzen da, Corellako hirigunetik 2 km eskasera.

Aztertu den eremua gizakiaren erabilera handikoa da, tartean direla urezta lurrez osatutako nekazaritza eremu bat, labore alorrak, mahastiak, fruta arbolak, olibondoak, etab., eta inguruan bide eta elektrizitate azpiegitura ugari ditu.

Berezko landaredia urria muino eta magal bakanetan hazten da, gehienbat han-hemenka ikusten diren belar lehorrak, 6220* lehentasunezko intereseko habitatari lotuak (Bazkaleku mediterraneo xerofitikoak urtekoak eta bizikorrak), eta orobat bide eta drainatze lekuetan ageri direnak. Hainbat pinudi ete ageri dira, Corella inguruko mendi magaletan. Horri dagokionez, bi instalazioek ukituko lituzkete, batez ere, labore lurrak, horietako batzuk erabiltzen ez direnak eta berezko landaredia berreskuratzen ari direnak, landare belarkara nitrofiloekin eta tamaina txikiko sasitzarekin.

Paisaiaren ikuspegitik, zelai zabalak dira nagusi, gizakiaren erabilera handikoak, zuhaitzik gabeak, berezko landaredia oso eskasa dutenak, eta usadiozko ureztatze eremu zabalak (laboreak, fruta arbolak, mahastiak, olibondoak, etab). Horrez gain, han badira errepide ugari, linea elektrikoak, bideak, ubideak, nekazaritza eta abeltzaintzako eraikuntzak, eta zenbait parke eoliko ere bai, inguruko udalerrietan. Aipagarriak dira ingurumen eraginaren aldeko adierazpena duten parke eolikoak, “El Montecillo” eta “La Senda”, biak ere Corellako udalerrian kokatuak eta hemen proposatzen diren parkeetatik oso hurbil, haiekin partekatzen baitute ebakuaziorako azpiegitura.

“Guardian” instalazioa ezarriko den eremua interesgarria izan daiteke, lotura eratzeko “El Ombatillo-Morterete” Estepako abifauna babesteko intereseko eremutik Errioxako Estepakoen Kudeaketarako III. Planaren Eremua deitzen den guneraino. Hala ere, erakunde honen ustez, komunikazio bide horren zabalerak haren gaineko eragina maila bateragarrietara murrizteko aukera ematen du.

“Guardian” instalazioari dagozkion lurzatietan dagoen habitatak nolabaiteko aukera ematen du bertako estepako abifaunak aldian behin erabil dezan, baina aipatutako eremuak hurbil izanik ere, habitat horien kalitatea eskasa izanik, lur eremuaren orografia zulo antzekoa izanik, eta ingurunearen gainean gizakiak egiten duen erabilera trinkoa izanik, balio hori oso urria bihurtzen da, hain zuzen ere, ganga ortega (Pterocles orientalis) eta ganga iberiarra (Pterocles alchata) espezieentzat, horiek baitira lehen aipatutako ondoko estepa eremuetan dauden estepako hegazti babestu nagusiak.

“Cierzo” instalazioaren kasuan, eremua ubide sare usu batek zeharkatzen du, eta hari lotutako landare ertain eta txiki ugari ageri dira. Gainera, orografiak errazten du eremuaren hezetasuna eta ura biltzea zenbait lekutan, eta horren ondorioz landare higrofiloak sortu dira hainbat eremutan (lezka, milazka, etab.). Horren ondorioz, aldian behin, urteko garai zehatzetan, ur ingurunearekin lotutako espezieak agertzen dira. Baina ura aldian-aldian biltzen da, hari lotutako landarediaren garapena eskasa da, ingurunea oso antropizatua da, eta gainera, inguruan badira kalitate handiagoko ur eremuak; horien guztien ondorioz, eremu horren erabilera puntuala eta marjinala da, eta haren gaineko eragina txikia.

Aurkeztu diren ingurumen eraginaren azterketen arabera, eguzki instalazioek eta haien ebakuazio azpiegiturak ez dute ukitzen interes komunitarioko habitatik, haietatik kanpo geratzen baitira, eta katalogazio motaren bat duen landaredia naturalik ere ez dago han. Ez daude Babestutako Naturagune baten barruan, ez eta Natura 2000 Sarearen barneko espazio batean ere.

66kV linearaino eraiki beharreko aireko linea elektrikoen luzera txikia da (lehen aipatutako parke eolikoekin partekatzen da, 107 m.l. eta 391 m.l., hurrenez hurren), eta beraz, azterketaren eremua bat dator plaka fotovoltaikoak ezartzeko eremuaren azterketarekin. Lur azpiko 550 metroko azken linea elektrikoaren eraikuntza ere, beharrezkoa baita eguzki instalazio fotovoltaikoetatik energia ebakuatzeko SET-La Serna guneraino, ingurumen aldetik bateragarritzat jotzen da.

“Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoei buruz aurkeztu diren ingurumen eraginaren azterketen arabera, eraginik handienak lurzoruaren eta paisaiaren gainean eraginen lituzkete. Prebentziorako eta zuzentzeko hainbat neurri erantsita, eragin orokorra bateragarritzat jotzen da, eta ingurumen zaintzarako plan bat ere eransten da, eraikuntza lanak egin bitartean zaindu beharreko gaiak adierazten dituena.

4.–Proposamena.

Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak, espedientearen azterketa teknikoa egin ondoan, ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura egoki egin dela, eta proposatu du ingurumen eraginaren adierazpena egitea, eta hartan zehaztea “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak, eta haien ebakuaziorako azpiegiturak, Corellako udalerrian egitekoak direnak, bateragarriak direla ingurumenaren babesarekin, zenbait neurri eta baldintza betez gero, aurkeztu den dokumentazioan eta ingurumen eraginaren azterketa honen baldintzen atalean azaltzen den moduan.

Adierazitakoarekin bat, eta eskudantziak ematen dizkidatenez, bai Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko Ingurumen Eraginaren Adierazpena formulatzea “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoak jartzeko proiektuei buruz eta haien ebakuazio azpiegiturei buruz; sustatzaileak Suno Energia 5 SL eta Suno Energia 4 SL dira, hurrenez hurren, eta Corellako udalerria da kokalekua.

2. Jarduera egiteko, jarraitu beharko zaie idazpuruan azaltzen den espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei, eta, gainera, baldintza hauek beteko dira:

1. Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, aintzat hartuko da Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak ezartzen duena, hari igorri behar zaizkiolako egin beharreko indusketa arkeologikoen emaitzak, eta atal horren baimena eskuratu beharko delako, eta zenbait baldintza bete, azkenean gauzatuko diren proiektuei dagokienez.

Hala eta guztiz ere, lanak egin bitartean lur azpian agertuko balitz aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

2. Aurkeztutako dokumentazioan ezartzen denaren arabera, jarraitzaileen euskarrien egitura zuzeneko tinkatuaren bidez finkatuko da lurrean.

3. Eguzki instalazio fotovoltaikoak lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi-garbitzeak eta lur-berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrekoak diren ukipenak soilik eraginen dira, haien erabilera eta ezarpen egokirako doi beharrezkoak direnak, eta orobat bide, ubide, transformazio gune eta SET guneetarako behar direnak.

4. Ahal den neurrian, lurzatietan dagoen landaredia bereizten duten ezpondak dauden-daudenean kontserbatuko dira, hala nola Corellako 17. industrialdearen 25. lurzatian dagoen pinudia, leku interesgarriak direlako faunarentzat, nekazaritza nagusi den ingurune hartan. Gainera, ahal den neurrian, lur eremu horrek faunarentzat eskaintzen duen iragazkortasuna eta konektagarritasuna hobetzeko, han dauden ubideen inguruko landaredia errespetatuko da, eta 2 metroko pasabidea utziko da haien alde banatan. Makineria eta materialak biltzeko guneak ezin izanen dira kokatu berezko landaredia sortzen den lekuetan.

5. Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

6. Lanak egin bitartean Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (254/2019 FD) edo/eta Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

7. Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Gainera, baloratuko da proposameneko bihurdura bakuneko hesiaren ordez beste bat jartzea, iragazkortasuna hobetuko duena tamaina txikiko faunarentzat (abeltzaintzako hesia edo zinegetikoa, alanbre arantzadunik gabea).

8. Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako plagizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.

9. Oreka ekologikoa laguntzeko, eta zehazki narrastiei mesede egiteko, eguzki instalazio fotovoltaikoak ezartzeko eremuan dauden harri pilak errespetatzea gomendatzen da.

10. Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, SET horien eta 66kV-ko linea partekatuaren arteko linea elektrikoak abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren arabera egokitu beharko dira (dekretu horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokuziotik babesteko neurriak ezarri ziren).

11. Linea elektrikoaren aireko tarte guztietan, zuntz optikoarekin seinaleztatu beharko da guarda kablea, eta hegaztiak babesteko baliza birakariak jarriko dira, baliza bana 15 metro bakoitzeko.

12. Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.

13. Argiunerik jarriko balitz instalazioan, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, eta talka eremu potentzialetatik urrun jarriko dira (hesiak, tentsoreak, aireko linea elektrikoak, etab.). Erabiliko diren luminariak argi kutsadura gutxikoak izanen dira, intentsitate baxukoak, eta lurrera begira jarriak.

14. Aurkeztu diren ingurumen eragineko azterketetan ezartzen denez, estepako abifaunari mesede egiteko, eta instalazioen erabilerak irauten duen bitartean, gutxieneko hedadura bat kudeatuko da lurzatietan (6,2 ha “Guardian” EIFn eta 4,5 ha “Cierzo” EIFn), Ebazpen hau emateko egunean laborantzan edo lugorri dauden eta Batasunaren Nekazaritza Politikaren ordainketa berdeari lotuta ez dauden lursailetan. Lursail horiek muino gain lau eta soiletan eratuko dira, lehentasunez “Ombatillo (Morterete)” AICAENAren barruan, edo inguruko estepako abifaunarentzat interesgarria den beste eremu batean. Lursail horiek aukeratzeko, aholkua eskatzen ahalko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hari aurkeztu behar zaio aukeratutako lursailen zerrenda, onets ditzan. Ingurumen Eraginaren Atalari egiaztatu beharko zaio aipatutako lursail horien gaineko erabiltzeko eskubidea baliagarri dagoela, edo nekazariekin lotutako akordioak.

Lursail horien kudeaketa Jarraipen eta Zaintza Planean zehaztu beharko da, eta lanei ekin aurretik aurkeztu beharko da; aukerak izan daitezke, besteak beste, lugorri uztea eta 2-3 urtetik behin kontrolatzea landarediaren garapena, azaro-otsail arteko azaleko labore lan bat eginez, edo lugorrien kudeaketarako beste hainbat eredu, betiere fitosanitarioen erabilera baztertuz eta labore lanak ugaltzeko garaitik (martxotik abuztura) kanpo eginez.

15. Ingurumen eta paisaia integrazioa:

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da, eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira.

–Egin beharreko lur erauzketa eta lubetetarako gehienez 2H:1V-ko maldak izanen dira onargarriak, bertako espezieekin eginen den landare-berritzeak emaitza onargarria izan dezan.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira, okupatu den eremu osoan. Eguzki instalazio fotovoltaikoen eremu osoan, eta lanen kaltea jasan duten beste edozein zatitan ere, aldi batez izan bada ere, landaretza naturalik agertzen ez badute, belar-ereintza eginen da, bertako belardiko hazien nahasketa bat erabiliz, aurrera eraman beharreko jarduerarekin bateragarriak. Lanak egin bitartean lur azal begetala kendu edo kaltetu bada, edo halakorik ez balitz, belarra erein baino lehen lur geruza begetala jarriko da bertan, gutxienez 20 cm-koa, aurretik lurretik behar bezala erauzi eta bildu ondoren.

–Aurkeztu den ingurumen eraginaren azterketan zehaztutako Lehengoratze Planean azaltzen denez, modulu fotovoltaikoak ezartzen diren eremuaren inguruan, landarediz osatutako pantaila bat ezarriko da. Bertako espezieak erabiliko dira, garaiaren arabera egokiak, eta debekatuta dago espezie exotikoak erabiltzea.

–Obrek ukituko dituzten eremu guztietan landaredia berriro jarri beharko da.

–Landaredia berrezartzea lanak amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan egin behar da. Landaketak, behar den garaian egin beharrekoak izanik, klima baldintzen arabera, etab., lanak amaitu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketa horiek jarraipena behar dute, eta bideragarriak direla ziurtatzea, eguzki instalazioaren erabilerak irauten duen aldi osoan barna.

–Erabilerari lotutako eraikinen diseinua (transformazio zentroak, azpiestazioa, etab.) ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

16. Jarraipen eta zaintza plana:

–Obrak hasi baino lehen, jarraipenerako eta zaintzarako plan bat aurkeztu beharko da obren eta funtzionamenduaren faserako, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren onespena beharko duena, eta egin beharreko jarduketen metodologiaren proposamena jasoko duena. Besteak beste, “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoen neurri osagarri gisa ezarritako 6,2 eta 4,5 hektareatako guneen kokapena eta egin beharreko kudeaketa jaso beharko dira.

17. Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago horren berri emanen zaio Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es).

18. Ustiapen aldia amaitzean, ukitutako eremuko landaredia lehengoratuko da, urtebete igaro aurretik. Instalazio guztiak eraitsi eta bertatik kenduko dira, hondakinen kudeaketa indarreko legediaren arabera eginen da, eta landare estalkia lehengoratuko da. Jarduketa horiek dagokion ingurumen ebaluazioaren prozeduraren esparruan eginen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Corellako Udalera, Basozaintzaren Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatea), Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, alegazio-egileei eta sustatzaileari, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2021eko apirilaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

“Guardian” EIF jendaurrean jartzeko izapidearen emaitza

Aurkeztutako alegazioen laburpena:

Gurelur.

Alegatzaileak honako hauek adierazi ditu:

1. Ingurumen eraginaren azterketak akatsak aurkezten ditu, 21/2013 Legean adierazitakoari dagokionez.

Erantzuna:

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen dokumentazioa aski dela proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio egokia egiteko. Halaber, erakunde honen ustez, hautaturiko alternatiba bateragarria da ingurumen aldetik, baldin eta aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan eta ingurumen eraginaren adierazpen honen baldintzen atalean jasotako neurriak eta baldintzak betetzen badira.

2. Ingurumen eraginaren azterketak jasotzen duen ingurumen inbentarioan akatsak daude, landa lanik ez baitu erakusten.

Erantzuna:

Ingurumen Eraginaren Atalaren ustez, espedientean jasotako dokumentazioa, gehi Biodibertsitate Zerbitzuak erabilgarri duena, aski dira proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio egokia egiteko; hala ere, alegazio horren edukia balioetsi da, eta kontuan hartu da ingurumen eraginaren adierazpena prestatzean.

3. Ez dira aintzat hartu zenbait osagai interesgarri, ez baitira landa lanean detektatu.

Erantzuna:

Alegazio honen edukia kontuan hartu da ingurumen eraginaren adierazpena prestatzean.

4. Eragin handia paisaian, eta ingurumen aldetik gainezka egotea eskualdea, eguzki instalazioei dagokienez.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren azterketak baloratu eta kuantifikatu du “Guardian” eguzki instalazio fotovoltaikoak eragiten duen eragin paisajistikoa, eta gainera, eranskin batean ebaluatu du, besteak beste, “Guardian” eta “Cierzo” instalazio fotovoltaikoek paisaiaren gainean eragiten duten metatze efektua eta sinergikoa.

Ingurumen Eraginaren Atalak uste duenez, “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoek eragiten duten eragin paisajistikoa bateragarria da ingurumen aldetik, baldin eta aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan eta ingurumen eraginaren adierazpen honen baldintzen atalean jasotako neurriak eta baldintzak betetzen badira.

Planteatu den adibidearen baldintzak ezberdinak dira eta, beraz, bi kasuak ez daitezke alderatu.

5. Akatsak daude aurkeztutako dokumentazioan, plano topografikoak eta lur mugimenduen kuantifikazioa falta direlako.

Erantzuna:

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen dokumentazioa aski dela proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio egokia egiteko. Halaber, uste da hautaturiko alternatiba bateragarria dela ingurumen aldetik, baldin eta aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan eta ingurumen eraginaren adierazpen honen baldintzen atalean jasotako neurriak eta baldintzak betetzen badira.

6. Ez datoz bat Nafarroan gaur nahiz iraganean egin diren Ingurumen Intzidentziaren Adierazpenekin eta Plan Energetikoekin.

Erantzuna:

Aipatutako Ingurumen Intzidentziaren Adierazpen horiek ez daude gaur indarrean.

7. “Guardian” eguzki instalazio fotovoltaikoak abeltzaintza bide bat ukituko luke.

Erantzuna:

Baso eta Ehiza Zerbitzuaren Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak, gaian eskumena izanik, aldeko txostena eman du “Guardian” instalazioari buruz, haren iritziz, ez baitu zuzeneko eraginik abeltzaintza bideen gainean, eta haien zortasun eremua errespetatzen baitu.

8. Akatsak sinergien azterketan, “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoak bakarrik kontuan hartzen dituelako.

Erantzuna:

Alegazio honen edukia balioetsi da eta kontuan hartu da ingurumen eraginaren adierazpena prestatzean.

9. Landaredia lehengoratzeko planaren arabera erein beharreko eremua ez da aski.

Erantzuna:

Alegazio honen edukia kontuan hartu da ingurumen eraginaren adierazpenaren baldintzen atala prestatzean.

Nafarroako Paisaiak eta Mahastiak.

Alegatzaileak honako hau adierazi du:

1. Interesduna da.

Erantzuna:

Edukia ez da ingurumen arlokoa.

2. Ingurumen eraginaren azterketak ebakuazio linea osoa jaso behar du.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren azterketak aztertzen du 107ren bat metroko zati bat, SET-Guardian gunea konektatzen duena 66kV zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoaren 4. euskarriarekin. Linea horrek ebakuatuko ditu Corella eta Tuterako hainbat parke eoliko, SET-La Canteraraino. Linea elektriko horrek dagoeneko aldeko ingurumen eraginaren adierazpena jaso du eta, beraz, erakunde honen ustez, dagoeneko ebaluatuta dago eta ez da beharrezkoa “Guardian” eguzki instalazio fotovoltaikoaren ingurumen eraginaren azterketan sartzea.

3. Batera ebaluatu beharko lirateke Montecillo/La Senda 66kV lineak elkartzen dituen instalazio guztiak.

Erantzuna:

Aipatutako linea elektriko horren bitartez ebakuatzen duten parke eolikoak (“El Montecillo”, “La Senda” eta “Corral del Molino II”), eta SET-La Canterarainoko linea elektrikoa bera ere, “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazioak baino lehen aurkeztu eta tramitatu ziren, dagoeneko ebaluatu dira, eta aldeko ingurumen eraginaren adierazpena dute. Beraz, erakunde honen ustez, jadanik ez da beharrezkoa ebaluazio berri bat, ez eta hori jasotzea ere, “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoen ingurumen eraginaren azterketetan.

4. “Guardian” eguzki instalazioaren enpresa sustatzaileak aitortzen du “Guardian”eta “Cierzo” instalazio multzoaren ingurumen eragina.

Erantzuna:

Bi instalazioen eragin metatuen eta sinergikoen azterketak bi instalazioen multzoaren eragina aztertzen du.

5. Akatsak alternatiben ebaluazioan.

Erantzuna:

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen dokumentazioa aski dela proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio egokia egiteko. Halaber, uste da hautaturiko alternatiba bateragarria dela ingurumen aldetik, baldin eta aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan eta ingurumen eraginaren adierazpen honen baldintzen atalean jasotako neurriak eta baldintzak betetzen badira.

6. Ez du eragin ekonomiko positiborik Corellako herritarrentzat.

Erantzuna:

Edukia ez da ingurumen arlokoa.

7. Ez dira betetzen foru ordenamenduaren araberako ingurumen eraginaren azterketa batek behar dituen baldintzak, zehazki, Natura 2000 Sarearen eta babes bereziko beste hainbat eremuren gaineko eraginaren ebaluazioan.

Erantzuna:

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen dokumentazioa aski dela proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio egokia egiteko.

8. Aztertutako lekuan dauden eremu babestuen eta sailkapen urbanistikoaren maparik ez dago.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren azterketan, bi irudi jasotzen dira, aztertutako ingurunean dauden gune babestuak eta habitat komunitarioak agertzen dituztenak. Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen dokumentazioa aski dela proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio egokia egiteko. Hala ere, alegazioa aintzat hartu da ingurumen eraginaren adierazpen hau prestatzean. Lur eremuen bateragarritasun urbanistikoa lurzoru ez urbanizagarriaren baimenean aztertzen da, ez ingurumen eraginaren adierazpenean.

9. Espezie babestuentzako arriskuaren azterketarik ez dago.

Erantzuna:

Formulatu den alegazioa kontuan hartuta, Ingurumen Eraginaren Atalaren ustez, “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoak bateragarriak dira aipatutako espezieen kontserbazioarekin, aurkeztu den ingurumen eraginaren azterketan eta ingurumen eraginaren adierazpen honen baldintzen atalean jasotzen diren neurriak eta baldintzak betetzen badira.

10. Paisaiarentzako arriskuaren ebaluaziorik ez dago.

Erantzuna:

Formulatu den alegazioa kontuan hartuta, Ingurumen Eraginaren Atalaren ustez, “Guardian” eta “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikoek paisaiaren gainean duten eragina bateragarria da ingurumen aldetik, aurkeztu den ingurumen eraginaren azterketan eta ingurumen eraginaren adierazpen honen baldintzen atalean jasotzen diren neurriak eta baldintzak betetzen badira.

11. Sute-arriskuaren ebaluaziorik ez dago.

Erantzuna:

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen dokumentazioa aski dela proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio egokia egiteko.

Cierzo EIF jendaurrean jartzeko izapidearen emaitza

Aurkeztutako alegazioen laburpena:

Gurelur.

Alegatzaileak honako hau adierazi du:

1. “Guardian” EIFrako aurkeztutako alegazioen 1. puntuan adierazitako arrazoi bera; beraz, egokia da erantzuna ere berdina izatea.

2. Ingurumen eraginaren azterketak jasotzen duen ingurumen inbentarioan akatsak daude, landa lanik ez baitu erakusten.

Erantzuna:

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen dokumentazioa aski dela proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio egokia egiteko; hala ere, alegazio honen edukia balioetsi da, eta kontuan hartu da ingurumen eraginaren adierazpena prestatzean.

3. “Guardian” EIFrako aurkeztutako alegazioen 4. puntuan adierazitako arrazoi bera; beraz, egokia da erantzuna ere berdina izatea.

4. “Guardian” EIFrako aurkeztutako alegazioen 5. puntuan adierazitakoaren antzeko arrazoia; beraz, egokia da erantzuna ere berdina izatea.

5. “Guardian” EIFrako aurkeztutako alegazioen 6. puntuan adierazitako arrazoi bera; beraz, egokia da erantzuna ere berdina izatea.

6. “Guardian” EIFrako aurkeztutako alegazioen 8. puntuan adierazitakoaren antzeko arrazoia; beraz, egokia da erantzuna ere berdina izatea.

7. Badira desberdintasunak ebakuazio linearen deskribapenean, eta lur azpian sartzeko aukera.

Erantzuna:

Horri dagokionez, sustatzaileak argitu du bost direla linea elektrikoa SET-Cierzotik LAT 66kV linea partekatura eramateko behar diren euskarriak.

8. “Guardian” EIFrako aurkeztutako alegazioen 9. puntuan adierazitakoaren antzeko arrazoia; beraz, egokia da erantzuna ere berdina izatea.

Nafarroako Paisaiak eta Mahastiak.

Alegatzaileak “Cierzo” eguzki instalazio fotovoltaikorako egin dituen alegazioak bat datoz lehen “Guardian” instalaziorako aurkeztu dituen arrazoiekin eta, beraz, egokia da erantzunak ere berdinak izatea.

Corellako Ureztatzaileen Sindikatua.

Alegatzaileak honako hau adierazi du:

1. Ureztatzaileen sindikatuarekin kontsultatuko da ubideen gainean egin beharreko edozein jarduketa, eta haien ibilbidea aldatzeko aukera ere bai.

Erantzuna:

Edukia ez da ingurumen arlokoa.

2. Ureztatzeko txandaren eta eskubidearen lehentasuna, ubideen gainean egin beharreko edozein jarduketaren aurretik.

Erantzuna:

Edukia ez da ingurumen arlokoa.

3. Instalazioa Nafarroako Ubidearen 2. Faseak ukitzen duen ureztatze eremuaren barnean kokatzen da eta, beraz, ondorio guztietarako mantenduko da ureztatze eremu horren zati gisa.

Erantzuna:

Edukia ez da ingurumen arlokoa.

Iragarkiaren kodea: F2106931