12. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

515/2020 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleendako euskarazko eskolaz kanpoko kultur jarduerak egiteko 2020-2021 ikasturtean. DDBN identifikazioa: 539626.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalak aldeko txostena egin du dirulaguntzen deialdi bat onets dadin xede honekin: euskarazko eskolaz kanpoko kultur jarduerak egitea Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleendako 2020-2021 ikasturtean. Jarduera horiek izan daitezke eskola-ordutegitik eta -esparrutik kanpo egiten diren arte-diziplinetako ikuskizun, sariketa edo lehiaketa kulturalak (antzerkia, kantua, bertsolaritza, poesia, etab.). Orobat, aipatu jarduerak Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasle ez-unibertsitarioek eginen dituzte, herritar guztientzat irekiak izanen dira eta euskara hutsez garatuko dira.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak (ebazpen honen 1. eranskinean jasoak) onestea diruz laguntzeko Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleendako euskarazko eskolaz kanpoko kultur jarduerak, 2020-2021 ikasturtean.

2. Gehienez 15.000,00 euroko gastua baimentzea, “Euskarazko eskolaz kanpoko kultur jarduerak diruz laguntzea” izeneko 42410 420001 4816 322002 partidaren kargura, 2021eko gastuen aurrekontukoa, ekitaldi horretan kreditu nahikoa egotearen baldintzapean.

3. Ebazpen hau eta eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio (“Berriak”-”Gaur-gaurkoa”) eta www.nafarroa.eus (“Tramiteak”) webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura eta Euskara Atalera.

Iruñean, 2020ko abenduaren 9an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA

Oinarriak, euskarazko eskolaz kanpoko kultur jarduerak diruz laguntzeko deialdiarenak

1.–Xedea.

1.1. Oinarri hauen xedea da prozedura ezartzea irabazi-asmorik gabeko entitateei dirulaguntza batzuk emateko, norgehiagokako araubidean, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak protagonista dituzten euskarazko ikuskizunak edo kultura-lehiaketak egin ditzaten 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean, baldin eta eranskin honetako baldintzak betetzen badituzte eta kreditu erabilgarria badago aurrekontuan.

1.2. Deialdiak bi helburu ditu: batetik, eremu ez-akademikoetan euskararen erabilera sustatzea, eta, bestetik, ikasle euskaldunak motibatzea, euskarazko kultura-ekoizpenean inplikatuz.

2.–Onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi honi atxikitzen ahalko zaizkio Nafarroako Gobernuko elkarteen eta fundazioen erregistroan alta emanda dauden entitateak.

2.2. Laguntzaren entitate onuradun izateko baldintzak:

Deialdi honen kargurako dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitatean egoitza duten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetako ikasleak protagonista dituzten jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateek, baldin eta, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, dirulaguntza ematen den ekitaldi ekonomikoan zehar mantendu beharreko baldintza hauek betetzen badituzte:

–Haien estatutuetan ezarritakoaren arabera, jarduerak hezkuntzaren alorrean gauzatzea.

–Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan behar bezala inskribatuta egotea.

–Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, dagozkion ziurtagirien bidez frogatuz (Foru Ogasuna eta Gizarte Segurantza), edo erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, 4. eranskinean erantsitako ereduaren arabera, baldin eta aurreko betebeharretan aipatzen diren aitorpenak edo dokumentuak aurkeztera behartuta ez badaude.

–Hezkuntza Departamentuarekin lankidetza-hitzarmenik, zerbitzu-kontrataziorik edo bestelako kontratu edo konpromisorik sinatuta ez izatea, finantzatu nahi den proiektuari dagokionez. Laguntza horiek bateragarriak izanen dira beste administrazio publiko batzuek emandakoekin, baldin eta bien baturak ez badu gainditzen jardueraren gastua (horretarako beste administrazio, entitate edo pertsona publiko edo pribatu batzuei eskatutako eta/edo haiengandik jasotako dirulaguntzen aitorpena, zehaztuta eskatutako zenbatekoa, entitatearen izena eta lortutako zenbatekoa, 6. eranskinaren arabera).

–Jardueretan parte hartzen duten langileek, adingabeekin harremanetan egon ohi direnek, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboak izatea, eta horiek Hezkuntza Departamentuaren eskura egotea, egiazta ditzan.

–Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

–Xedeak edo helburuak, onarpen- edo sarbide-sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduna, antolaketa edo estatutuak gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-printzipioen aurkakoak ez izatea.

–Berdintasunerako Foru Legean edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako betebeharrak bete izana.

3.–Diruz lagundutako jarduera-motak eta kanpoan utzitako jarduerak.

3.1. Diruz lagundutako jarduerak.

–Eskola-ordutegitik eta -esparrutik kanpo egiten diren arte-diziplinetako ikuskizun edo lehiaketa kulturalak, hala nola antzerkia, kantua, bertsolaritza, poesia, etab.

–Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasle ez-unibertsitarioek egindakoak.

–Herritar guztientzat irekiak eta euskara hutsez garatuak.

3.2. Kanpoan utzitako jarduerak.

–Ikasturte bukaerako eskola festak.

–Euskara hutsean ez diren jarduerak.

–3.1 apartatuan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten jarduerak.

–Eskolako oporraldietan egindako jarduerak.

4.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Erabilgarri dauden kredituen barnean deialdi honetan zehaztutako gehieneko zenbatekoa: 15.000 euro.

4.2. Aurrekontuko partida: “Euskarazko eskolaz kanpoko kultur jarduerak diruz laguntzea” izeneko 42001-42410-4816-322002 partida, 2021eko gastuen aurrekontukoa, ekitaldi horretan kreditu nahikoa egotearen baldintzapean.

4.3. Banakako kopurua gehienez, eta kopuru hori zehazteko irizpideak: entitate bakoitzari muga bat ezartzen zaio, guztira: aurrekontuan onartutako gastuaren %60; nolanahi ere, ez da 5.000 eurotik gorakoa izanen.

4.4. Hainbanaketa egiteko aukera.

Eskaera guztiei erantzun ondoan diru erabilgarria gelditzen bada helburu hori duen partidan, hainbanaketa aplikatuko da, eta behar den portzentajean gehituko dira laguntzak.

4.5. Jasotako dirulaguntzak ez du inola ere gaindituko aurkeztutako aurrekontua.

5.–Entitate onuradunaren betebeharrak:

Deialdi honen ondorioetarako, entitate onuradunaren betebeharrak dira apartatu honetan ezartzen direnak; honako hauek, alegia:

5.1. Entitate onuradunek proiektua hitzartutako moduan eta datetan garatu beharko dute eta diruz lagundutako jardueraren garapenean gertatutako edozein gorabehera jakinarazi, gertatzen den unean. Proiektuan edozein aldaketa egiteko organo kudeatzailearen adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak ez badu proiektua funtsean aldatzen.

5.2. Entitate onuraduna behartuta dago diruz lagundutako jardueren publizitatea egitera eta jarduera horien publizitate-euskarrietan Hezkuntza Departamentuaren logotipoak jasotzera. Logotipo horiek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalean eskatuko dira, “Laguntzailea/Colabora” testuarekin. Testuak ele bitan editatuko dira (euskaraz eta gaztelaniaz).

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, webgunean eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldaketa eginen da, eta Hezkuntza Departamentuaren logotipoa sartuko, aurreko apartatuko baldintzei jarraituz.

5.3. Aurkeztea 12. oinarriko 2. apartatuan aipatzen diren justifikazio agiriak, baita 5. eranskina ere, behar bezala betea.

5.4. Genero ikuspuntua proiektu osoan sartzea, era koherentean, integralean eta zeharkakoan. Hizkuntza eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabili beharko dira. Horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak bere gidetan argitaratutako gomendioak beteko dira:

“Incorporación de la perspectiva de género en contratos, subvenciones, convenios y conciertos” (Hitzarmena NUKF-rekin):

(http://www.fnmc.es/wp-content/uploads/sites/135/2018/11/GUIA-FNMC-IGUALDAD.pdf)

Guía sobre estrategias de comunicación incluyente:

(https://www.igualdadnavarra.es/imagenes/documentos/-67-f-es.pdf)

5.5. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen (gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa) 3. artikuluan ezarritakoarekin, hala badagokio, foru lege horretan ezarritakoaren arabera.

Aitorpen eredua (8. eranskina) eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo dirulaguntza hau kudeatzen duen Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren bidez.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

5.6. Deialdi honetan diruz lagundutako programa egiteko erabili beharko da dirulaguntza, ez beste edozertarako.

5.7. Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

5.8. Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

5.9. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

5.10. Entitateak garaiz eman beharko du egiten dituen jarduerei buruzko informazioa, aldian behin Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta beste hedabide batzuetan zabal dadin.

6.–Eskaeren aurkezpena, epea eta dokumentazioa.

6.1. Eskabideak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura bidali behar dira, eta telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez.

Entitateetako lehendakariek edo ordezkariek egin beharko dituzte eskaerak.

6.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.3. Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira (Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez eskuragarri, https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1 helbidean), horretarako ezarritako eredu ofizialaren arabera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat, ez aurkeztutzat joko dira ereduarekin (2. eranskina) bat ez datozen eskabideak eta telematikoki aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

6.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Erregistro Orokor Elektronikoan eskuragarri den eskabide orokorrari deialdi honen eranskinak gehituko zaizkio. Nolanahi ere, ondoren adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Eskabidea, 2. eranskinaren araberakoa.

b) Programatutako jardueraren edo jardueren azalpen-memoria laburra, proposamena 8. puntuan ezarritako irizpideen arabera behar bezala baloratzeko behar diren alderdiak zehazten eta garatzen dituena. Gehieneko luzera: 5 orrialde, DIN A4.

Memoriak honako hauek jaso beharko ditu berariaz:

–Lortu nahi diren helburuak.

–Tokiko kultura-agendari egindako ekarpena, interesari eta aniztasunari dagokienez.

–Programatutako jarduera, antolaketa-alderdiak eta ikastetxeetan aurreikusitako aldez aurreko lana, kalitatea bermatzeko.

–Hartzaile mota, egutegia eta tokia (zehaztu edukiera eta sarrera-aurreikuspena).

–Jarduerak arlo hauetan egiten duen ekarpena: metodologia aktiboak sustatzea, euskara erabiltzea, ikasleak motibatzea eta euskarazko kultura-ekoizpenen sortzaile gisa duten ahalmenaz jabetzea.

–Entitate eskatzailearen ibilbidea eta aurretik egindako lanak, dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko garrantzitsuak direnak.

c) Jardueren aurrekontua, 3. eranskinari jarraikiz.

d) Erantzukizunpeko aitorpena, 4. eranskinaren araberakoa.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera (7. eranskina), banku entitateak bete eta zigilatuko duena. Agiri hori web-orri honetan ere jasota dago:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Foru Ogasunarekiko eta/edo Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duten aitorpenak edo agiriak aurkeztu behar badituzte, dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Eskatzaileei 10 eguneko epea emanen zaie gehienez, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren agiriak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzeko. Halakorik egiten ez badute, eta epea iraganik, eskaerari uko egin diotela ulertuko da.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi honetako oinarri guztiak onartzea.

7.–Bateragarritasuna.

Eskatzaileei beste administrazio publiko batzuek kultura-jarduera berberetarako emandako laguntzak eman badizkiete, diruz lagundu duen administrazioak emandako zenbatekoaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, eta laguntza hori eta Hezkuntza Departamentuak emandakoa batuta, inoiz ez dira egindako gastuaren zenbatekoa baino handiagoak izanen. Edonola ere, entitate eskatzaileak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio zer laguntza eskatu edo jaso duen, 6. eranskinaren arabera.

8.–Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Aurkeztutako jarduerak baloratuko dira deialdi honetako 1. oinarriko 1.1 eta 1.2 apartatuetan adierazitako baldintzak, moduak eta balorazio lehentasunak aintzat harturik, honako baremo honen arabera (100 puntu, gehienez):

Programatutako jardueren kultura izaera eta kalitatea

1. Programaturiko jardueraren interesa: tokiko kultura-agendari egindako ekarpena, aniztasunari dagokienez.

2. Programatutako jardueraren kalitatea: plangintza eta aldez aurreko lana

20 puntu

20 puntu

Guztira:

gehienez ere, 40 puntu

Eragiteko gaitasuna, bideragarritasuna eta jarraitzeko bokazioa

3. Entitate eskatzaileak kulturaren arloan duen ibilbidea eta aurretik egindako lanak.

4. Programatutako jarduerarekin jarraitzeko bokazioa

10 puntu

10 puntu

Guztira:

gehienez ere, 20 puntu

Eragina ikasleen motibazioan eta jarreran

5. Metodologia aktiboak sustatzea.

6. Ikasleek euskara erabil dezaten sustatzea.

7. Euskararekiko motibazioa eta jarrera hobetzea, euskara jarduera atsegingarriekin lotuz.

8. Kultura-eragile eta -sortzaile gisa duten ahalmenaz jabetzea

10 puntu

10 puntu

10 puntu

10 puntu

Guztira:

gehienez ere, 40 puntu

Gutxienez 60 puntu lortu beharko dira dirulaguntza jaso ahal izateko.

9.–Eskaerak ebaluatzeko balorazio organoa.

Balorazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Euskara Ataleko burua.

–Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoko burua.

–Euskara Ataleko teknikari bat.

Balorazio batzordeak eskaera guztiak baloratu eta esleituko ditu, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera.

10.–Deialdia ebaztea.

Hautapen batzordeak esleipen prozesuaren behin-behineko emaitzak zerrenda batean argitaratuko ditu web-orri hauetan (“Berriak”-“Gaur-gaurkoa”):

–https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/actualidad(gaztelaniaz).

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actualidad (euskaraz).

–Nafarroako Ataria (www.nafarroa.eus).

Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behinekoz esleitu diren eskaeren zerrenda.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.

Hautagaiek erreklamazioak aurkez ditzakete hautapen batzordearen aurrean, hiru egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik. Epe hori iraganik, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, esleitutako laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko du batzordeak, eta ebazpena jakinaraziko die entitate adjudikaziodunei.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, batzordearen proposamenarekin bat.

11.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Ordainketa zatikatuaren eta ordainketa aurreratuaren sistema mistoa. Entitate bakoitzari bi epetan ordainduko zaio dirulaguntza transferentzia bidez:

–Hasierako dirulaguntzaren %50, ordainketa aurreratu gisa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak dirulaguntza emateko ebazpena hartzen duenean.

–Gainerako %50a, jarduera egin eta 12. oinarrian aipatzen den justifikazioa aurkezteko betebeharra bete ondoren.

–Aurkeztutako justifikazioa onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, azken dirulaguntza proportzionalki murriztuko da.

Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak berekin ekartzen ahal du laguntza emateko ebazpena aldatzea.

Laguntza hauen onuradunak behartuak daude Hezkuntza Departamentuak eskatzen dien informazio guztia ematera, eta behar diren finantza-kontrolerako lanen menpe geldituko dira. Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

12.–Justifikazioa.

1. Justifikatzeko modalitatea: ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, modalitatea “justifikazio-kontu sinplifikatua“ izanen da.

2. Justifikazioa egiteko modua: emandako dirulaguntzaren justifikazioa indarreko legeriaren arabera eta 5. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan (egoitza elektronikoan eskuragarri, www.nafarroa.eus helbidean), honako dokumentazio honekin batera:

–Adierazpen bat, egiaztatzen duena bete direla 5. oinarriko b) puntuko betebeharrak (egindako publizitatearen alea edo kopia).

Justifikazio-kontu sinplifikatuak dokumentazio hau izanen du:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Hizkuntza eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabili beharko dira. Egindako publizitatearen justifikazioa ere erantsiko da (5. eranskina).

b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat, hartzekoduna eta agiria identifikatuta, baita zenbatekoa, jaulkipen eguna eta ordainketa eguna ere (5. eranskina).

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

d) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo ordainketa frogatzen duen beste edozein dokumentu.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita (5. eranskina). Argi eta garbi zehaztuko da zein jarduera zehatzek jaso duten dirulaguntza.

f) Hala balegokio, itzulketaren ordainketa gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, baita haietatik eratorritako interesena ere.

Organo emaileak laginketa-tekniken bidez egiaztatuko ditu erabakitzen dituen egiaztagiriak, dirulaguntza egoki aplikatu dela arrazoiz frogatzeko. Horretarako, onuradunari eskatzen ahalko dio hautatutako gastuen egiaztagiriak igortzeko.

5. eranskineko berariazko inprimakian aurkeztuko dira a), b) eta c) apartatuak.

Ekintza irabazizko ekintza bihurtzen bada, Hezkuntza Departamentuak emandako dirulaguntza itzuli eginen da, lortutako onuraren arabera.

3. Justifikazioa emateko epea: 2021eko uztailaren 15eko 23:59 baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan (egoitza elektronikoan eskuragarri, www.nafarroa.eus helbidean), Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzendua.

Justifikatzeko epeak luzaezinak izanen dira kasu eta egoera guztietan, eta ez da onartuko epetik kanpo iristen den dokumentaziorik.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako informazio osagarria eskatzeko eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko. Arau hauetatik edozein betetzen ez bada, emandako dirulaguntza baliogabetu eginen da; halaber, ikastetxe onuradunak jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, dirulaguntza ordaindu zenetik aurrera sortutako legezko berandutze-interesak gehituta, eta hurrengo deialdian parte hartzeko eskubidea galduko du.

Salbuespen gisa, eta eskaera 2021eko ekainaren 20a baino lehen aurkeztu ondoren, Balorazio batzordeak hala erabakitzen badu, epe hori luzatu eginen da aurreikusitako epeetan gauzatu ezin izan diren proiektuetarako, bai eta iraupen hori eskatzen duten proiektuetarako ere.

13.–Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak.

Dirua itzultzeko arrazoiak sortzen direnean, jasotako diru guztia edo zati bat itzuli beharko da, eta berandutze-interesa ordaindu dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoa, apartatu honetan aurreikusitako kasuetan:

a) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua burutu gabe uztea, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea hartzen ez denean.

c) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea, edo behar bezainbat ez betetzea.

d) Egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihestea edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzea, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den eta dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren.

e) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo onuradunek hartutako konpromisoak ez betetzea, baldin eta konpromiso horiek zerikusirik badute dirulaguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

f) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den eta dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren.

g) Publizitate eta zabalkunde neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea, agirietan eta propagandan jarduera Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak diruz lagundua dela aipatu ez baita, halako baldintza ezarri den kasuetan.

h) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean aurreikusitako gainerako kasuak.

14.–Dirulaguntza borondatez itzultzea.

1. Borondatezko itzulketa da onuradunak Administrazioak inolako errekerimendurik egin gabe egiten duena.

2. 887/2006 Errege Dekretuaren 90. artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunak bere ekimenez itzultzen ahalko du Hezkuntza Departamentuak emandako dirulaguntza, hark eskatu gabe.

3. Horretarako, lehenik eta behin, onuradunak dirulaguntza itzultzeko eskaera eginen du, eta horren arrazoiaren berri emanen du.

Onuradunak eskatuta itzuliko da dirulaguntza, ordainketa-gutun bidez. Hezkuntza Departamentuak onuradunari emanen dio ordainketa-gutuna.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege hori garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan xedatutakoari jarraituko zaio.

16.–Dirulaguntzen araubide juridikoa.

Deialdi honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, araudi honetan ezarritakoa aplikatuko da:

–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

–13/2007 Foru Legea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa.

17.–Errekurtsoen araubidea.

Interesdunei haien eskubideak eta interesak ukitzen dituzten ebazpenak eta administrazio-egintzak jakinaraziko zaizkie, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluak eta hurrengoek ezarritakoarekin.

Oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

18.–Beste ohar batzuk.

Datu pertsonalen tratamendua:

Tratamenduaren arduraduna: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzua.

Helburua: zerbitzu horrek aurreikusitako dirulaguntzak edo laguntzak kudeatzea, dagokion deialdia edo laguntza arautzen duten oinarri edo arauen arabera.

Emandako dirulaguntzak edo laguntzak emateko ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzea.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta beste eskubide batzuk ere, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura joz edo euskaraatala@navarra.com helbide elektronikoaren bidez.

Informazio gehigarria: datuen tratamenduei buruzko informazio gehigarri eta zehatza Hezkuntza Departamentuaren webgunearen egoitza elektronikoan dago eskuragarri.

Eskabidean edo elkarbizitzari buruzko adierazpen erantsian jasotako datuak falta edo faltsutzen badira, edo aurkeztutako agiriak faltsuak badira, horren deuseztasuna deklaratuko da, egileek izan ditzaketen erantzukizunez gain.

2. ERANSKINA

Dirulaguntza eskaera.

3. ERANSKINA

Dirulaguntzaren xede izanik, horretara bideratuko diren jardueren zerrenda.

4. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena.

5. ERANSKINA

Dirulaguntza jasotzen duten jarduerak justifikatzea.

6. ERANSKINA

Erantzukizuneko aitorpena, xede bererako dirulaguntza eskaerei buruzkoa.

Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2015593