12. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenaren bidez hartutako neurriak; ebazpen horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horretan, aparteko neurri murriztaile batzuk onetsi ziren. Besteak beste, “osasun-hesi” bat ezartzen zen, Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak mugatzeko. Gainera, eta berariaz kirol arlorako, mugak ezarri ziren kirol instalazioen erabileran eta erabiltzeko ordutegian.

Horri guztiari gehitu behar zaio urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma-egoera deklaratu zela SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen zion autonomia-erkidegoetako lehendakaritza duenari.

Emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publikoan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, salbuespenak salbuespen.

Lehendakariak hartutako neurriak luzatu dira urriaren 27ko 24/2020 Foru Dekretuaren eta azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez. Gero, abenduaren 14an, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 29/2020 Foru Dekretua onetsi zen, neurri berriak ezartzen zituena, bereziki Eguberrietarako (geroago Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abenduaren 28ko 31/2020 Foru Dekretuaren bidez aldatua). Gaur egun, indarrean jarraitzen du talde, kirolari, teknikari eta arbitroak Nafarroako Foru Komunitatera sartu eta bertatik ateratzeko aukerak, baldin eta parte hartzen badute Estatuko txapelketa ofizial ez-profesionaletan, Espainiako kirol federazioen menpeko nazioarteko txapelketetan eta erkidegoen artekoetan. Era berean, maila eta errendimendu handiko kirolariak ere sartu eta irten ahalko dira, apartatu horretan aipatzen diren lehiaketa ofizialak prestatzeko kontzentrazioetan parte hartzen badute.

Bestalde, Osasuneko kontseilariak azaroaren 4an eman 58/2020 Foru Aginduaren bidez, luzatu eta zati batean aldatu zen Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori luzatu eta zati batean aldatu zuten Osasuneko kontseilariaren azaroaren 16ko 59/2020, azaroaren 25eko 61/2020, azaroaren 27ko 62/2020, abenduaren 14ko 63/2020 eta abenduaren 30eko 64/2020 foru aginduek. Gutxienez 2021eko urtarrilaren 14ra arte indarrean jarraituko duten onetsitako neurrien artean, batzuk kirolaren esparru eta jardunari buruzkoak dira, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren esku uzten da zenbait alderdi arautzea.

Horregatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak zein Osasuneko kontseilariak ondoz ondo onetsitako neurri guztiak betez, Nafarroako Kirolaren Institutuak kirol arlorako berariazko neurriak hartu ditu: Nafarroako Kirolaren Institutuak, zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituen Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz.

Neurri horiek Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 27ko 659/2020 Ebazpenaren bidez luzatu ziren, 2020ko azaroaren 10era arte. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 11ko 672/2020 Ebazpenak berriro ere luzatu zituen aipatu neurriak, 2020ko azaroaren 20ra arte, eta neurri horietako bat edo beste aldatu zuen. Azaroaren 19ko 680/2020 Ebazpenak 2020ko abenduaren 2ra arte luzatu zituen neurriak, eta arau berriak ezarri aldagelen eta dutxen erabilerari lotuta. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 2ko 700/2020 Ebazpenaren bidez, berriro luzatu ziren onetsitako neurriak, 2020ko abenduaren 17ra arte, egun hori barne, eta arau berriak ezarri zituen kirol entrenamenduak egiteko. Azkenik, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 17ko 730/2020 Ebazpena berriz luzatu eta zati batean aldatu zen, eta baldintza berriak ezarri ziren entrenamendu osoak egiteko instalazio itxietan eta parte-hartzaileen gehienezko kopurua finkatu zen Nafarroako kirol federazioek antolatutako lehiaketa eta probetan.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak eta Osasuneko kontseilariak azken neurriak hartu zituztenetik, eta Eguberrietatik bereziki, kutsatzeen eta ospitaleratzeen intzidentziak igoera kezkagarria izan du, joera goranzkoa izan baita. Eta Espainiako batezbestekotik behera badago ere kasuen eta ospitaleratzeen intzidentzia, oso arrisku handiaren balorazioaren atarian dago Nafarroako Foru Komunitatea.

Horregatik, eta arduraren eta zuhurtasunaren printzipioa aplikatuz, bidezko da kirol arloan indarra duten neurriak luzatu eta mantentzea behin-behinekoz, ikusi arte bilakaera epidemiologikoa zein den eta Osasuneko kontseilariak zer neurri hartzen duen, hura baita arlo horretako agintari eskuduna.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak urriaren 13an eman 625/2020 Ebazpenaren bidez onetsitako neurriak luzatzea. Ebazpen horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenaren bidez izandako aldaketa guztiak daude luzatzen diren neurrien artean.

2. Luzatzen diren neurriek mugarik gabeko indarraldia izanen dute, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Orobat, eta kontra egiten ez badiote urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenean eta hurrengo aldaketetan xedatutakoari, indarrean jarraituko dute Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen hauetan zehaztutako xedapenek: 459/2020 Ebazpena, ekainaren 23koa; 551/2020 Ebazpena, abuztuaren 27koa, eta 593/2020 Ebazpena, irailaren 25ekoa.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirolaren Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 12an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

Iragarkiaren kodea: F2100420