119. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

51E/2021 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak SA sozietateak Aranoko udal-mugartean sustaturiko Añarbeko Urtegiaren Larrialdi Planeko neurriak ezartzeko obra proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio .

2020ko azaroaren 9an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketaren xedea Añarbeko urtegian zenbait obra eta jarduketa egitea da, bereziki Larrialdi Gela gaitzeko, hornitzeko eta martxan jartzeko, bai eta Añarbeko urtegiaren balizko haustura edo funtzionamendu desegoki larria hasi eta lehenengo ordu erdian ukituriko pertsonei abisua emateko sistema gauzatzea ere, Urtegiaren Larrialdi Plana benetan ezartze aldera. Proiektuak Nafarroako lurraldea baino ez du ukitzen, herritarrei abisatzeko 2. sirena jartzeari dagokionez.

Añarbeko urtegia Añarbe ibaiaren beheko zatian dago, Urumea ibaiarekin bat egiten duen gunetik gertu. 2020ko abenduan aurkeztutako aldaketaren arabera, biztanleei abisua emateko 2. sirena instalatzea proiektatu da Aranoko 1. poligonoko 108. lurzatian, Euntzinpea parajean, herri-lurrean. NA-4150 errepidetik eta Urumea ibaitik 200 metro mendebaldera dago, horien gainetiko toki batean, zuhaitz masa baten barruan. Sirenaren kokalekura aipatutako errepidetik iristen da, mendiko lur pistazko 610 metroren ondoren; pista horren zabalera eta egoera egokiak dira obra makineria sartzeko, eta, beraz, ez da egokitu beharko, behar den tokian petatxatu besterik ez.

Sirena puntu hori pistaren 180 graduko kurba baten barruko ertzean proiektatuko da, eta 11 metroko altuera izanen duen altzairu galvanizatuko zutabe baten bidez eginen da. Zutabe hori lurrean ainguratuko da lurrean hondeaturiko hormigoizko kubo baten bidez. Bertan, puntan jarriko dira modulu barreiatzailea, antena eta panel fotovoltaikoa (energiaz hornitzeko); azkenik, lurretik bi metrora elektronika armairu bat jarriko da. Ez da beharrezkoa izanen panel fotovoltaikoaren osagarri gisako hornidura elektrikorik instalatzea. 3 x 2,5 metroko itxitura perimetrala izanen du. Sarbidearen zati bat 373 zenbakiko “Makutsolo, Eultzin, Soroaldea eta Arranbide” onura publikoko mendialdean dago.

Proiektuak ukituriko gainazala belar landarediz estalita dago, zurezko landarediko oin gazte gutxi batzuk izan ezik, eta zaindu beharreko haritz kandudun handi samar bat (Quercus robur) interesgarria da.

Espedientean jasota daude Aranoko Udalak 2020ko irailaren 14an emaniko aldeko txostena eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2021eko apirilaren 12an emaniko aldeko txostena.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak SA sozietateak Aranoko udal-mugartean sustaturiko Añarbeko Urtegiaren Larrialdi Planeko neurriak ezartzeko obra proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lan eremuko eta ertzetako landaredia garbituko dira.
  • Kokalekuaren ondoan dagoen haritz kandudun handi samarraren (Quercus robur) enborra eta adar nagusiak babestuko dira, azalaren gainean edo adar urradurak ez markatzeko. Beharrezkoa bada, lanak oztopatzen dituzten adarrak inausi beharko dira, ebaki garbiak eginez, oinean osasun arazoak saiheste aldera.
  • Obrak egitean, zuhaitz eta/edo zuhaixkak kendu behar badira, horren berri eman eta mozketarako administrazio baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Oihanak Kudeatzeko Atalari, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori) eta hura garatzen duen erregelamenduari jarraikiz betiere.
  • Beharrezkoak diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukituriko gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.
  • Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak eta sorturiko gainerako hondakin guztiak.
  • Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek lurzoru urbanizaezinean dagoen azpiegituraren zatia –Nafarroako Foru Komunitateari dagokiona– babesten du bakar-bakarrik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 m-ko zor eremua gorde beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Herri-lurren Atalak 2021eko martxoaren 1ean emandako txostenaren arabera, 1. poligonoko 108. herri-lurzatiaren zati bati eraginen zaionez, eta Udala bera ez denez obraren sustatzailea, Aranoko Udalak herri-ondasunak okupatzeko baimena lortu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Komunitate Atalaren bidez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluari eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 215. artikuluari eta hurrengoei jarraikiz”.
  • Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Atalak 2021eko martxoaren 11n emaniko txostenaren arabera:
  • Onespen eguna eta handik bi urtera, urtegien larrialdi planak ezarri beharko dira, eta ezarpen horien aurretik, urtegiaren titularrak Ezarpen Batzordea eratu beharko du.
  • Batzorde horretan honako hauek egonen dira ordezkatuta: urtegiaren titularra, estatuko babes zibila eta urtegian gertaturiko gorabeheraren baten ondorioz agian ukituko liratekeen autonomia erkidegoetako babes zibila, bai eta urtegia dagoen arroko Konfederazio Hidrografikoa.
  • Hauek izanen dira batzordearen eginkizunak:
  • Herri administrazioen arteko koordinazioa ziurtatzea.
  • Ariketen eta simulakroen egutegia ezartzea.
  • Komunikabideen eta abisu sistemen funtzionamendua egokia dela egiaztatzea.
  • Herritarrei informazioa emateko dokumentuak egin eta zabaltzea.
  • Urtegiaren Larrialdi Planak eguneratzearekin loturiko beharrak zehaztea, Gida Teknikoaren 5.6 atalaren arabera.
  • Arauzko epearen barnean ezarpen material eraginkorra bermatuko duen programa ezartzea.
  • Urtegiaren Larrialdi Plana ezartzeko proiektua gainbegiratzea.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • LAHFLTBren 117.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan xedatutako ondorioak izanen ditu, hor ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Aranoko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 19an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2106425