119. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26/2021 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, 2021ean Lanbide Heziketa Dualarekin loturiko jarduerak egiteko Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari egindako esleipena formalizatzeko hitzarmenaren testua onesten duena.

2019-2023 aldirako bizikidetza berdintasunezkoa, Programa akordioa bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoian jasoriko elementuetako batek Lanbide Heziketa Dualaren garapenean aurrera egiten jarraitzearen aldeko apustua azpimarratzen zuen, prestakuntza-modalitate horrek enpresen eta Lanbide Heziketako zentroen arteko prestakuntza partekatua sustatzen baitu.

Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 2. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Ganbera zuzenbide publikoko korporazioa da eta nortasun juridikoa du, bai eta bere helburuak betetzeko jardute gaitasun osoa ere; administrazio publikoen aholkularitza eta lankidetzarako organo bezala taxutu da. Ganberaren helburua da merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea, deusetan galarazi gabe interes pribatuak, horiek ere xede baititu.

Aipaturiko apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legeak, 5. artikuluan, Ganberaren eginkizunen artean jasotzen du laguntza ematea Lanbide Heziketa Dualaren ekintzetan eta prestakuntza ekimenetan, administrazio eskudunek hala eskatzen dutenean. Halaber, 7. artikuluaren bidez, Administrazioari ahalmena ematen zaio Ganberari bere eskumeneko jarduera material edo tekniko batzuk edo zerbitzu batzuk esleitzeko, eraginkortasun arrazoiengatik edo jarduera horiek egiteko baliabide tekniko egokirik ez badu, betiere aurretik Parlamentuari jakinarazita. Kudeaketa-esleipen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Ganberaren arteko hitzarmen baten bidez gauzatuko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Honako hauek agertuko dira hitzarmen horretan: esleipenaren xedeko jarduerak, esleipenaren indarraldia, esleituriko kudeaketaren izaera eta hedadura eta, bidezko bada, bi alderdiek jartzen dituzten bitarteko ekonomikoak.

Horregatik, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuak aurkezturiko txostena aztertu da.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. 2021. urtean Lanbide Heziketa Dualarekin loturiko jarduerak garatzeko Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari egindako esleipena formalizatzeko hitzarmen testua onestea. Hitzarmen testu hori ebazpen honen eranskinean jaso da.

2. 2021eko gastuen aurrekontuaren barnean, 58.080 euroko gastua (BEZa barne) Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren (IFK: Q3173001C) alde xedatzea, Hitzarmenaren ondoriozko konpromisoei erantzuteko:

• 15.730 euro “LH DUALA. Ikasketak eta sustapena” izeneko 422002-43200-2276-322E07 partidaren kargura, PEP, P-20000267.

• 42.350 euro “LH DUALA. Hirugarrenek egindako bestelako lanak” izeneko 422002-43200-2279-322E00 partidaren kargura, PEP, P-20000267.

3. Ebazpen hau eta eranskina helaraztea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Foru Erakundeekiko Prozeduren Kudeaketarako Atalari, Nafarroako Parlamentuari igortze aldera, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluan eta Nafarroako Merkataritza Ganbera Ofizialari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau eta esleipenaren hitzarmena, behin bi alderdiek sinatu ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko apirilaren 12an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

2021. URTEAN LANBIDE HEZIKETA DUALAREKIN LOTURIKO JARDUERAK GARATZEKO NAFARROAKO MERKATARITZA, INDUSTRIA ETA ZERBITZU GANBERARI EGINDAKO ESLEIPENA FORMALIZATZEKO HITZARMENA

Iruñean, bi mila eta hogeita bateko .........aren .........(e)an bildu dira:

Alde batetik, Tomás Rodríguez Garraza jauna, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako zuzendari nagusia,

Eta, bestetik, Javier Taberna Jiménez jauna, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialeko presidentea; biek dihardute dagozkien karguak betez eta dagokien ordezkaritzan jardunez,

Alde biek dokumentu hau sinatzeko beharrezko gaitasuna aitortu diote elkarri, eta horri jarraiki,

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.–Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da eta nortasun juridikoa du, bai eta bere helburuak betetzeko jardute gaitasun osoa ere; administrazio publikoen aholkularitza eta lankidetzarako organo gisa taxutu da, dituen interes pribatuak alde batera utzi gabe. Apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legeari jarraikiz arautzen da Ganbera.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari dagozkion funtzio publiko eta administratiboen artean, honako hauetan lankidetzan aritzea dago: ikastetxe publiko edo pribatuek –eta, hala badagokio, administrazio publiko eskudunek– ezarririko prestakuntza programetan; Lanbide Heziketako irakaskuntzetan bilduriko lantokietan prestakuntza praktikoaren eta Lanbide Heziketa Dualeko prestakuntza ekintza eta ekimenen antolakuntza; informazioa eta orientazioa ematea ebaluazio, ziurtatze eta egiaztapen prozedurei buruz, lan esperientziaren bitartez lorturiko lanbide-gaitasunen aintzatespenerako; eta prozeduraren zenbait fase gauzatzeko instalazio eta zerbitzuen ekarpena.

Bigarrena.–Hezkuntza Departamentua eta Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala elkarlanean aritu dira Hezkuntza Departamentuaren Lanbide Heziketako hainbat programatan, hala nola Lantokiko Prestakuntza gauzatzeko enpresa katalogo bat eratzen, ikasle gazteentzako Lanbide Heziketako eta laneratzeko ekintzetan, enpresetan prestakuntza egonaldiak –Lanbide Heziketako irakasleen eguneratze teknikora bideratuak– egiten eta aurreko urteotan Nafarroan eginiko Lanbide Heziketako azoken antolakuntza eta kudeaketan, baita lanbide-gaitasunak ziurtatzeko prozeduraren kudeaketan ere. Gainera, bi alderdiek aitortzen dute lankidetza areagotzea interesatzen zaiela, Nafarroan Lanbide Heziketa eta pertsonen prestakuntza garatzearen aldeko beste ekintza batzuk eraginkortasun handiagoz garatze aldera.

Hirugarrena.–Ministroen kontseiluak, 2019ko azaroaren 22an egindako bilkuran, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak 2019rako kreditua autonomia erkidegoei banatzeko onetsiriko irizpideak formalizatzea erabaki zuen, bai eta kreditu horren ondoriozko banaketa ere, Lanbide Heziketa bultzatu eta sustatzeko jarduerak finantzatze aldera, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzazioarekin, Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzako Programa Operatiboaren barruan.

Laugarrena.–Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, LH Duala Bultzatzeko Programaren esparruan, beharrezkotzat jotzen du Lanbide Heziketaren modalitate duala Nafarroan hedatzen lagunduko duten ekintzak garatzea, batez ere ikasleen prestakuntzan ekoizpen sarearen inplikazio handiagoa sustatzen duten ekintzak.

Bosgarrena.–Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren izaeragatik beragatik, korporazio honek oso posizio mesedegarria du gure erkidegoko enpresekin Lanbide Heziketa Dualeko inplikazioa areagotzera jotzen duten ekintzak garatzeko, ekintza horiei heltzeko kudeaketa gaitasuna profesionaltasun eta malgutasun handikoa izanik administrazio alderdi jakin batzuetan.

Seigarrena.–Aurreko guztiaren ondorioz, bi erakundeen esperientzia esparruak eta Nafarroan Lanbide Heziketa sustatzeko helburuak bat datozela kontuan hartuta, nola Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak hala Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialak deritzote hitzarmen hau sinatzea komeni dela, Nafarroan Lanbide Heziketa Duala bultzatzearekin loturiko jarduerak garatzen laguntzeko, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK:

Lehena.–Xedea.

Hitzarmen honen xedea Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari eginiko esleipena da, zeinaren xedea Nafarroan 2021ean Lanbide Heziketa Duala sustatzearekin loturiko jarduketak garatzen laguntzea baita.

Bigarrena.–Indarraldia.

Akordio honek 2021eko ekainaren 30era arte izanen du indarra.

Hirugarrena.–Esleituriko jarduerak.

Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak jarduketa zehatz hauen esleipena egiten dio Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari:

a) Sektore hauetako 60 enpresatan (gutxienez) azterketa atazak egitea:

–Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpena.

–Lorezaintza.

–Basoa eta natur ingurunea kudeatzea.

–Paisajismoa eta landa ingurunea.

Nafarroako enpresa ehunari sentsibilizazioa eta informazioa ematea prestakuntza eredu horren ezaugarriei buruz eta ekoizpen jarduerarekin zuzenean loturiko onurei buruz, eta prozesuan parte hartu behar dutela adieraztea, prestakuntza modalitate horretan parte hartzeko konpromisoak jasotze aldera.

b) Ikasleen modalitate dualeko prestakuntzan esku hartu nahi duten enpresa tutore eta irakasleei prestakuntza emateko jomuga duten bi prestakuntza ekintza antolatzea gutxienez.

c) Lanbide Heziketa Dualeko zikloen eskaintza Nafarroako Foru Komunitatearen egoera ekonomikora eta sektore ekonomikoen hazkunde aurreikuspenetara egokitzeari buruzko txostena prestatzea.

Jarduketa guztiak 2021eko maiatzaren 18a baino lehen egon behar dute bukatuta.

Laugarrena.–Alderdien betebeharrak.

Aginduriko jarduerak behar bezala gauzatzeko, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialak konpromiso hauek hartzen ditu bere gain:

a) Hitzarmen honen arabera bere gain harturiko eginbehar guztiak betetzea.

b) Hitzarmenaren xede diren jarduketak Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak emandako jarraibideen arabera gauzatzea.

c) Hitzarmenaren xede diren jarduketen kudeaketa pertsonal eta material eraginkorra bermatzeko behar adina giza baliabide eta baliabide material izatea.

d) Aginduriko jarduera behar bezala gauzatzeko behar den prestakuntza eta titulazioa duten teknikariak izatea.

e) Hasierako memoria batean, esleituriko jarduketa bakoitzean garatu beharreko jarduketak zehaztu behar dira. Memoria horretan, honako hauek zehaztuko dira: garatu beharreko ekintzak eta jarduerak, esleipenaren xede diren ekintzak behar bezala gauzatzeko eskura jarririko baliabide materialak eta giza baliabideak, lanen aurrekontua, bete beharreko mugarriak jasotzen dituen kronograma eta gauzatzeko epeak.

f) Jarduketa guztien justifikazio ekonomiko eta teknikoa 2021eko ekainaren 18a baino lehen egitea, “Lanbide Heziketa Dualeko –LH Duala 2019– eragiketen justifikazio ekonomiko eta teknikoari buruzko jarraibideak” dokumentuan bilduriko jarraibideen arabera, betiere ministroen kontseiluak 2019ko azaroaren 22an egindako bilkuran ezarririko kreditu banaketari jarraikiz. Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzako Programa Operatiboa, FSE 2014-2020, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari emanen diona.

g) Esleipenaren xede diren ekintzetan sorturiko informazio eta dokumentazio guztia gordetzea eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren esku jartzea.

h) Jarraipen Batzordean zehazturiko erakunde edo entitateen logotipoak biltzea adosturiko jarduketen esparruan sorturiko dokumentu guztietan.

Bestalde, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak konpromiso hauek hartzen ditu bere gain:

a) Aurreko atalean jarduketa bakoitza garatzeko zehazturiko zereginak egiteko behar den laguntza teknikoa ematea.

b) Hitzarmen honen arabera bere gain harturiko eginbehar guztiak betetzea.

c) Behar den informazio guztia Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren esku jartzea, eta behar diren kudeaketak egitea, aginduriko jarduerak errazago gauzatu daitezen.

d) Kasu bakoitzean hitzarturiko zenbatekoak ordaintzea.

Bosgarrena.–Finantzazioa.

Hitzarmen honen hirugarren klausulan ezarririko ekintzak garatzeko, Hezkuntza Departamentuak 58.080 euro (BEZa barne) ordainduko dizkio Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari; zenbateko horren barnean, gehienez ere 15.730 euro ordainduko dizkio “LH DUALA. Ikasketak eta sustapena” izeneko 422002-43200-2276-322E07 partidaren kargura, eta gehienez 42.350 euro, berriz, “LH DUALA. Hirugarrenek egindako bestelako lanak” izeneko 422002-43200-2279-322E00 partidaren kargura (elementua: PEP, P-20000267) 2021eko gastuen aurrekontutik.

Seigarrena.–Ordaintzeko baldintzak.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak esleituriko lanak Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari ordainduko zaizkio, bi ordainketatan. Lehenengo ordainketa –100eko 30ekoa– hasierako memoria aurkeztean eginen da, eta gainerako zenbatekoa, berriz, esleituriko lana amaitzean, amaierako egikaritze memoria aurkeztu ondoren, hitzarmen honen laugarren klausularen f) apartatuan adierazirikoari jarraikiz.

Zazpigarrena.–Jarraipena.

Batzorde paritario bat sortu da (Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala eta Hezkuntza Departamentua), aipaturiko esleipenaren zehaztapen zehatzak onartzeko.

Zortzigarrena.–Auziak ebaztea.

Alderdien artean sortzen diren eztabaida eta auzien gainean Jarraipen Batzordean adostasunik lortzen ez bada, Hezkuntzako kontseilariak ebatziko ditu, eta, bidezko bada, administrazioarekiko auzien gaineko jurisdikzio-ordenari jakinaraziko zaizkio eta haren eskumenean geldituko dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedaturikoari jarraikiz.

Eta adostasunaren adierazgarri, hitzarmen hau sinatu dute alderdiek, hiru aletan eta ondorio bakarrarekin, hasieran adieraziriko tokian eta egunean.

–Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren presidentea.

Sinadura: Javier Taberna Jiménez.

–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia.

Sinadura: Tomás Rodríguez Garraza.

Iragarkiaren kodea: F2106637