119. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, “Generazinema Sustapena 2021” izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 554695.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du Generazinema Sustapena 2021 laguntzen deialdia onestea, haren oinarri arautzaileak onestea, 66.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Generazinema Sustapena 2021 dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2540-4709-334102: Suspertu Plana Generazinema: Zinemagintzarako laguntzak

2021

66.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko martxoaren 23an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Generazinema Sustapena 2021 laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiak xedea du bi laguntza-modalitate arautzea, banakako ebaluazioko araubidean, Nafarroako ikus-entzunezko profesionalaren sektorean filmak sustatzeko eta zabaltzeko ekintzak egin daitezen 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte, biak barne.

1.2. Deialdi honetan, bi laguntza-modalitate daude:

–A) modalitatea. Azoka eta jaialdietan parte hartzeko laguntzak.

Modalitate honetan, enpresek eta profesionalek aurkezten ahalko dituzte eskaerak zinemagintzako eta ikus-entzunezkoen jaialdi, azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko, modu presentzialean zein online, jada eginak dituzten pelikulak aurkez ditzaten.

–B) modalitatea. Sustapen eta publizitaterako laguntzak.

Modalitate honen eskaeretan sartzen ahalko dira ikus-entzunezko lanen sustapen eta publizitaterako gastuak, eta zinemagintza emanaldien euskarrietara egokitzeko behar diren gastuak eta haiek zaintzekoak, bikoizketa eta/edo azpititulatze lanetakoak eta kopiak edo aretoetan emateko bestelako euskarriak egiteko gastuak.

1.3. Deialdi honen xedeko jarduerak 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte eginen dira, biak barne.

1.4. A) modalitatean, eskaera bakar batean laguntza eskatzen ahalko da azoka, jaialdi edo ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko proiektu batekin edo gehiagorekin. Halaber, eskaera bat aurkeztu eta gero, eskaera gehiago aurkezten ahalko dira, betiere lehenengoaz bestelako ekitaldietarako badira eta ekitaldi horiek 4.1 puntuan ezarritako eguna baino lehen egiten badira. Laguntza eskaera guztien baturak, guztira, 3.3 puntuan eskatzaile bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga izanen du.

1.5. Pertsona eta entitate eskatzaileek B) modalitaterako eskaera bat baino gehiago aurkezten ahalko dute 4.1 oinarrian ezarritako eguna baino lehen, baldin eta laguntza film batzuetarako eskatzen bada.

1.6. Eskatzaile bakoitzak bi modalitateetarako eskaerak aurkezten ahalko ditu, baldin eta proiektu bakoitzean sartutako gastuak desberdinak badira.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik. Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean ikus-entzunezko edo zinema jarduerak egitea egon beharko da.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona fisikoek edo entitateek, eskaera aurkezten duten unean, alta emanik egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean (kasuan kasuko udalak emana) edo zinemari edo ikus-entzunezko jarduerari lotutako beste edozeinetan:

–1. atala (enpresa jarduerak): 96 edo 99 multzoak.

–2. atala (jarduera profesionalak): 85 edo 89 multzoak.

–3. atala (jarduera artistikoak): 1, 2 edo 3 multzoak.

2.3. Onuradun izateko aukeratik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki-erakundeak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeen partaidetza duten enpresa-erakunde publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2020ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak eta entitateak.

3. Aurrekontuko kontsignatzea eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honetarako, guztira, 66.000 euro bideratuko dira, 2021erako onetsitako aurrekontuaren partida honen kargura: “Suspertu Plana Generazinema: zinemagintzarako laguntzak” izeneko A20002 A2540 4709 334102 partida.

3.2. Modalitateka, aurrekontua honela banatuko da:

–A) modalitatea. Azoka eta jaialdietan parte hartzeko laguntzak: 16.000 euro.

–B) modalitatea. Sustapen eta publizitaterako laguntzak: 50.000 euro.

3.3. Laguntzen zenbatekoak 3.1 puntuan ezarritako muga izanen du, eta ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %50 baino handiagoa, eta gehienez ere:

–A) modalitatea. Azoka eta jaialdietan parte hartzeko laguntzak: 3.000 euro.

–B) modalitatea. Sustapen eta publizitaterako laguntzak: 20.000 euro.

3.4. Onetsitako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: pertsona edo entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua ken berreskuratzen ahal duen BEZari dagozkion zenbatekoak eta, hala denean, deialdi honen 5. oinarrian xedatuaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.

3.5. Aipatutako mugak betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion minorazioa aplikatuta, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean, 3.3 puntuan ezarritako mugak gainditu gabe.

3.6. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.7. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.8. Aurrekontuko dirua deialdi honek ezarritako epeetan bukatzen bada, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, itxitzat emanen du eskaerak onartzeko epea, xede horretarako ezarritako funtsak amaitu direlako. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian (https://www.navarra.es/eu/tramiteak) argitaratuko da.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2021eko urriaren 15era arte (egun hori barne).

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskabideari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoan egonen dira eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

4.3. Eskaera egiteko berariazko inprimakiarekin batera (I. eranskina), honako hauek aurkeztu behar dira, agiri bereizitan eta behar bezala identifikatuak:

a) Agiri bat, bertan frogatzen dela ezen, eskaera aurkezteko unean, alta emanik dagoela 2.2 oinarrian aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetan.

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1) Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinaren araberakoa.

d) Aurrekontu ekonomiko zehatza, Excel formatuan (III. eranskinaren araberakoa). Nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

e) Eskabidea telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdiren baten parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko b).1, b).2 eta b).3 apartatuetan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.5. Dirulaguntzaren eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako helbide elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

4.6. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean izaten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Ekitaldiari lotutako ostatu gastuak, dietak eta joan-etorrien gastuak 2 parte-hartzailerentzat gehienez (ekoiztetxearen eta/edo enpresa banatzailearen ordezkariak), muga hauek gainditu gabe:

–Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroatik ateratzen bada; gau bakoitzeko, 60 euro ordainduko dira gehienez.

–Mantenu gastuak: otordu bakoitzeko (bazkaria eta afaria, eguneko) 20 euro ordainduko dira.

–Joan-etorriak: Norberaren autoa erabiliz gero, 0,30 euro ordainduko dira kilometroko, gehi autobideko, bidesariko eta aparkalekuko gastuak. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

b) Egiaztatze edo inskripzio kuotak ordaintzea.

c) Azoka eta ekitaldi profesionaletan instalatzea eta/edo erakustokia eta bestelakoak alokatzea.

d) Honako hauekin komunikazioa eta konexioa errazteko diseinatutako plataformen edo aplikazioen tasak: salmenta-agenteak, banatzaileak, telebistako operadoreak edo OTT zerbitzuak.

e) Bonuak jaialdietan banatzeko edo salmenta-agenteen kuotak, filmak Estatuko nahiz nazioarteko jaialdietan inskribatzeko.

f) Komunikazioa eta prentsa: Prentsa eta komunikazio agenteen berariazko kontratazio gastuak eta hedabideetarako materialen gastuak.

g) Publizitatea eta zabalkundea: Publizitate kanpainen, kartelen eta sustapenerako materialaren gastuak (material inprimatuak zein digitalak).

h) Zinemagintza emanaldien euskarrietara egokitzeko behar diren gastuak, baita euskarri horiek zaintzekoak ere.

i) Bikoizketa eta/edo azpititulatze lanetako gastuak.

j) Kopiak edo aretoetan emateko bestelako euskarriak egiteko gastuak.

k) Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen dituen materialak erosteko edo zerbitzuak kontratatzeko gastuak.

l) Kontratatzen diren langileen soldata-kostuak eta gizarte segurantzakoak, hain zuzen, proiektua abian jartzeko behar diren koordinazio lanak egiten dituen entitate onuradunak kontratatzen dituenak, betiere langile bakoitzaren arduraldiaren arabera. Kostu horiek ez dira izanen onartzen den guztirako aurrekontuaren %15etik gorakoak.

m) Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola tokien, ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 puntuan adierazitako arloei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, proiektuarentzat nahikoa beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

f) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak tramitatuko eta ebaluatuko ditu eskaerak, banakako ebaluazioko araubidean. Ebaluazio prozesu osoan zehar, eskatzaileen agerraldia eska daiteke, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.5 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak banakako ebaluazioa prestatu, eta deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa gertatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da behar den gehieneko diru-mugaraino.

8. Proiektuen balorazioa.

8.1. Hauek dira A modalitateko balorazio irizpideak:

8.1.1. Proiektuaren ezaugarriak (50 puntu gehienez):

a) Azoka/merkatu eta/edo ekitaldi profesional bakoitzaren lurralde-eremua (ekitaldia egiten den tokia zein den ere):

–Autonomia erkidegoan: 5 puntu.

–Estatuan: 10 puntu.

–Nazioartean: 15 puntu.

b) Azoka, jaialdi edo ekitaldi profesional bakoitzean parte hartzeko modua (apartatu honen puntuazioa a) eta c) letrei gehituko zaie, eta gehienez 50 puntu emanen dira guztira).

–Filmak proiektatzea: 2 puntu proiektaturiko film bakoitzeko.

–Topaketa profesionalak: 2 puntu.

c) Salmenta-agenteekin eta/edo banatzaileekin bilerak egitea, film bat erosteko edo saltzeko.

–10 bilera baino gehiago egitea: 15 puntu.

–6-10 bilera egitea: 10 puntu.

–0-5 bilera egitea: 5 puntu.

8.1.2. Eskaera egiten duen pertsonaren, enpresa ekoizlearen edo banatzailearen ibilbidea (30 puntu gehienez):

a) Jarduera: 2 puntu, azken 5 urteetan ekoitzitako edo banatutako film bakoitzeko (10 puntu gehienez).

b) Ibilbidea: puntu bat, eskaera egiten duen pertsonak, enpresa ekoizleak edo banatzaileak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (10 puntu gehienez).

IBILBIDEA

HAZTAPENA

10 urtetik gora

10 puntu

9 urte

9 puntu

8 urte

8 puntu

7 urte

7 puntu

6 urte

6 puntu

5 urte

5 puntu

5 urte

4 puntu

3 urte

3 puntu

2 urte

2 puntu

1 urte

1 puntu

c) Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren azken 5 urteetako deialdietan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuak (10 puntu gehienez).

–4 puntu, eskatzaileak jasotako dirulaguntza bakoitzeko.

–2 puntu, onartu bai baina dirulaguntzarik gabe utzitako proiektu bakoitzeko (deialdian diru aski ez egoteagatik).

8.1.3. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez):

proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZik gabe), eskatutako dirulaguntzaren portzentajea:

ONARTUTAKO AURREKONTUAREN GAINEKO DIRULAGUNTZAREN PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

%30 arte

15 puntu

%30 eta %40 artean

10 puntu

%41 eta %50 artean

5 puntu

8.1.4. Nafarroako kultura zabaltzea eta euskara erabiltzea (5 puntu gehienez).

a) Nafarroako kultura zabaltzea, egile, zuzendari edo ekoizle nafarrak sustatuz (2 puntu gehienez).

b) Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (3 puntu gehienez).

–Euskara erabiltzea proiektuan edo jarduerak edozein euskarritan hedatzen direnean, elebitan izan gabe (puntu 1).

–Proiektua elebitan hedatzea (2 puntu).

–Jarduera euskaraz egitea edo euskara erabiltzea proiektuaren komunikazio-hizkuntza gisa, hala proiektua sortzean nola hedatzean (3 puntu).

8.2. Hauek dira B modalitateko balorazio irizpideak:

8.2.1. Filma sustatzeko kanpaina (gehienez 30 puntu). Besteak beste, hauek baloratuko dira:

–Filmaren sustapenerako materiala, inprimatua zein digitala (dosierrak, teaserrak, flyerrak, kartelak eta abar).

–Komunikazio eta sare sozialetako plana.

–Publizitate kanpainak.

–Sustapenerako ekitaldiak, estreinaldirako.

FILMA SUSTATZEKO KANPAINA

HAZTAPENA

Oso ongi

30 puntu

Ongi

25 puntu

Nahikoa

20 puntu

Hala-holakoa

15 puntu

Eskasa

10 puntu

Urria

0 puntu

8.2.2. Filma emateko eta banatzeko estrategia (gehienez 25 puntu). Besteak beste, hauek baloratuko dira:

–Aretoetan emateko egindako kopien kopurua, formatua eta bertsioak.

–Zinema jaialdietan parte hartzea.

–Filma emateko sinatutako hitzarmen komertzialak (leiho kopurua eta aniztasuna).

–Filma emateko estrategia berritzaileak.

–Desgaitasuna duten pertsonei filmak hurbiltzeko bitarteko teknikoak eta baliabideak (audio deskribapeneko sistemak, azpititulatze berezi normalizatua, gaztelaniazko keinu-hizkuntza).

FILMA EMATEKO ETA BANATZEKO ESTRATEGIAK

HAZTAPENA

Oso ongi

25 puntu

Ongi

20 puntu

Nahikoa

15 puntu

Hala-holakoa

10 puntu

Eskasa

5 puntu

Urria

0 puntu

8.2.3. Eskaera egiten duen pertsonaren, enpresa ekoizlearen edo banatzailearen ibilbidea (30 puntu gehienez):

a) Jarduera: 2 puntu, azken 5 urteetan ekoitzitako edo banatutako film bakoitzeko (10 puntu gehienez).

b) Ibilbidea: puntu bat, eskaera egiten duen pertsonak, enpresa ekoizleak edo banatzaileak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (10 puntu gehienez).

IBILBIDEA

HAZTAPENA

10 urtetik gora

10 puntu

9 urte

9 puntu

8 urte

8 puntu

7 urte

7 puntu

6 urte

6 puntu

5 urte

5 puntu

5 urte

4 puntu

3 urte

3 puntu

2 urte

2 puntu

1 urte

1 puntu

c) Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren azken 5 urteetako deialdietan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuak (10 puntu gehienez).

–4 puntu, eskatzaileak jasotako dirulaguntza bakoitzeko.

–2 puntu, onartu bai baina dirulaguntzarik gabe utzitako proiektu bakoitzeko (deialdian diru aski ez egoteagatik).

8.2.4. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez):

proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZik gabe), eskatutako dirulaguntzaren portzentajea:

ONARTUTAKO AURREKONTUAREN GAINEKO DIRULAGUNTZAREN PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

%30 arte

15 puntu

%30 eta %40 artean

10 puntu

%41 eta %50 artean

5 puntu

8.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio bi modalitateetako bakoitzean aurkeztutako proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskabide-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

9.4. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek, baldin lege horren 4.f) artikuluan aurreikusitako pertsonek egiten badituzte, interes soziala izanen dute. Ondorio horretarako, eskatzaileek V. eranskina beteko dute.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11. Onuradunek bete beharrekoak.

11.1. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du ados dagoela zenbatekoarekin, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Eta onuradunak hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkeztean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.

11.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek (pertsona fisikoak izan ezik) gardentasun betebeharraren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute telematika bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa).

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

Onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du, horrek galarazi gabe zehapenak.

11.3. Orobat, onuradunak betebehar hauek ditu:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

b) Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, betiere aldaketak, balorazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

11.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

11.5. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

11.6. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko apartatuko baldintzei jarraikiz.

11.7. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

12. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1.1. Ordainketa.

Oro har, onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2021eko azaroaren 15a izanen da (egun hori barne). Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina baldin badago, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

Justifikazioa egiteko, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFZ; fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta, eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan. 100 eurotik gorako gastuen ordainketa guztiak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

c) Egindako jarduera azaltzen duen memoria.

d) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

e) Proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena, non adieraziko baita proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

f) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Filmak zer gairi heltzen dion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

g) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.1.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketa bat egiten ahalko da, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Ordainketa modu hori baliatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko da 2021eko irailaren 30a baino lehen (egun hori barne). Horretarako, eskaera-idazki bat aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez, dokumentazio honekin batera:

a) Ordainketa mota horren eskaera (konturako ordainketa) eta eskatutako zenbatekoa.

b) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren eginen da konturako ordainketa.

12.1.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, eta gehienez emandako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da. Horretarako, entitateak Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari eskatu beharko dio, aurrerakina eskatzeko IV. eranskina aurkeztuz, eta egiaztatuz diru-funtsak behar dituela dirulaguntzaren helburuak betetzeko.

Horretarako, onuradunak 2021eko urriaren 15a baino lehen aurkeztu beharko du aurrerakinaren eskaera (egun hori barne). Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina baldin badago, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

12.2. Aurreko apartatuan aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, pertsona edo entitate onuradunek 12.1.1 oinarrian adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte 2021eko azaroaren 15era arte, egun hori barne.

12.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

12.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12.5. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

13. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Memoria, Generazinema Sustapena. A) modalitatea.

II. eranskina.–Memoria, Generazinema Sustapena. B) modalitatea.

IV. eranskina.–Aurrerakinaren eskaera.

V. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu I., II.A, II.B, IV. eta V. eranskinak dituen agiria (DOC).

III. eranskina.–Aurrekontua, Generazinema Sustapena. A) modalitatea.

Deskargatu III.A eranskina duen kalkulu-orria (XLS).

III. eranskina.–Aurrekontua, Generazinema Sustapena. B) modalitatea.

Deskargatu III.B eranskina duen kalkulu-orria (XLS).

Iragarkiaren kodea: F2105215