119. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

69/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 7koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez baldintzak eta betekizunak garatzen baitira kenkaria aplikatzeko ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezko sailetan egindako inbertsioengatik. Kenkari hori arautua dago Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 65.1 artikuluan.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 65.1 artikuluak arautzen ditu Espainiako film luzeen eta ikus-entzunezko sailen (fikziokoak, animaziokoak edo dokumentalak) ekoizpenetan egindako inbertsioengatiko kenkariak, baldin inbertsio horiek ahalbidetzen badute euskarri fisiko bat egitea horiek seriean eta modu industrialean ekoitzi aurretik.

Aipatutako 65.1 artikuluak ezartzen du ezen zergaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez arautu behar direla honako hauek:

a.–Kenkariaren oinarria osatzen duten gastuak.

b.–Gastuak Nafarroako lurraldean egindakotzat jotzeko irizpideak.

c.–Nafarroako Gobernuan kulturaren arloan eskumena duen departamentuko zuzendaritza nagusiaren txostenaren edukia eta prozedura. Txostena kenkariaren betekizunak eta baldintzak betetzeari buruzkoa izanen da, sortutako kenkaria eslei dezan zergadunak bere aitorpen likidazioan.

d.–Egindako inbertsioaren eta aplikatutako kenkariaren gainerako baldintzak betetzearen frogagiriak kulturaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuko zuzendaritza nagusian aurkezteko prozedura.

Ondorioz, foru agindu honen xedea da garatzea ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezko sailetan egindako inbertsioengatiko kenkaria aplikatzeko baldintzak eta betekizunak.

Lehenik eta behin, kenkariaren oinarria osa dezaketen gastuak zehazten dira; hau da, ikus-entzunezko lanaren ekoizpen kostua –muga eta berezitasun batzuekin– gehi lanaren publizitate eta sustapen gastuak –ekoizpen kostuaren %40, gehienez ere–, bai eta ikus-entzunezko lana erakusteko, haren zaintza bermatzeko eta kopiak lortzeko beharrezkoak diren euskarri gastuak ere, betiere gastuok erabiltzen badira lanak aretoetan erakusteko edo, sailen kasuan, telebistetan edo edukiak streaming bidez eskaintzen dituzten OTT plataformetan emateko. Kenkariaren oinarrian sartuko dira, era berean, filmaren edo sailaren kostua frogatzeko eskatzen den auditoretza txosten bereziaren gastuak.

Gero, Nafarroako lurraldean egiten diren gastuak zehazteko irizpideak ezartzen dira. Horri dagokionez, komeni da oroitaraztea kenkariaren oinarria ekoizlearen inbertsioak osatuko duela, baldin eta Nafarroako lurraldean egindako gastuak inbertsioaren %40 badira; eta, ehuneko hori lortzen ez bada, Nafarroako lurraldean egindako gastuak zati 0,4 izanen da kenkariaren oinarria.

Azkenik, arautzen da, batetik, zer dokumentazio aurkeztu behar den kenkaria aplikatu aurreko txostena eskatzeko eta, bestetik, zer prozedura aplikatuko den Kultura Zuzendaritza Nagusiak kenkariaren oinarria zehazteko ebazpena eman dezan, honako hauek kontuan izanik: ekoizlearen inbertsioa, Nafarroako lurraldean egindako gastuak, eta inbertsioak finantzatzeko jaso diren dirulaguntzak.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 65. artikuluan ezarri den eta eman zaidan gaikuntzagatik,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezko sailetan inbertsioak egiteagatiko kenkariaren oinarrian sartzen diren gastuak.

1. Honako hauek sartuko dira Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 65.1 artikuluan ezarritako kenkariaren oinarrian:

a) Ekoizpenaren kostua, kopia estandarra edo master digitala lortu artekoa, honako berezitasun eta muga hauekin:

1. Ekoizle exekutiboaren ordainsaria, zeinak ezin izanen duen gainditu muga hauetatik handiena:

a’) Ekoizpen kostuaren %10.

b’) 100.000 euro.

Kostutzat hartuko da, bakar-bakarrik, pertsona fisikoek egindako ekoizpen exekutiboa, edo pertsona juridikoek egindakoa, baldin eta azken horiek ekoizpen exekutiboa badute sozietatearen berariazko helburutzat, beste batzuk alde batera utzi gabe.

Baldin ekoiztetxearen eta ekoizle exekutiboaren artean merkataritza harremana badago, kontratuarekin batera dagokion faktura aurkeztu beharko da; eta, harremana lanekoa bada, kontratuarekin batera dagokion nomina aurkeztu beharko da, non berariaz adieraziko baita Gizarte Segurantzaren araubide orokorra.

Baldin ekoizle exekutiboaren edo beste langile batzuen kontratua orokorra baldin bada, balio duelako ekoiztetxeak gauzatzen dituen hainbat ekoizpen zinematografikotarako edo ikus-entzunezko hainbat sailetarako, kontratu horren kostua hainbanatuko da, ekoizpen bakoitzean benetako parte-hartzea zein den, horren arabera.

Ekoiztetxeko plantillako langileek berariazko kontraturik gabe egiten badituzte ekoizle exekutiboaren eginkizunak, gastu orokorrei egotziko zaie haien ordainsaria, aurreko paragrafoan ezarritako hainbanatze baldintza berberekin.

2. Gastu orokorren zenbatekoa; ekoizpen kostuaren %10 gehienez ere.

Kenkariaren xedeko lanerako berariazko lan kontraturik ez duten ekoiztetxeko langileen gastua gastu orokorrei egotziko zaie.

Gerta daiteke plantillako zenbait langilek berariazko lan kontratua izenpeturik izatea –esleitutako lan kategoriaren arabera– ekoiztetxearen ikus-entzunezko hainbat lanetan parte hartzeko. Langile horien gastua lan bakoitzean duten benetako partaidetzaren arabera hainbanatuko da, eta teknikarien gastu gisa egotziko da.

3. Filmaketa epearen barruan filmaketarekin lotura zuzena duten lokaletan edo instalazioetan egindako hornidura gastuak, hala nola urari, gasari edo elektrizitateari dagozkionak, baldin eta dagozkion kontratuak aurkezten badira lotura hori justifikatzeko.

Gastu horiek ekoiztetxearen egoitza sozialean egiten direnean, eta egoitza hori ez denean filmaketarekin zuzenean lotutako lokala, gastu orokorrei egotziko zaizkie.

4. Zerga ondorioetarako kengarria den amortizazio kostua, ikus-entzunezko lana egitean ekoiztetxearen jabetzako ekipamenduak eta material teknikoa erabiltzen den denborari dagokiona.

5. Jatetxe, ostalaritza, bidaia eta lekualdatze zerbitzuei dagozkien gastuak, bai eta ikus-entzunezko lana filmatzean sortutako telefono eta Internet gastuak ere. Filmaketa hasi aurretik eta amaitu ondoren, gastu horiek gastu orokorrei egotziko zaizkie.

b) Ikus-entzunezko lanaren publizitate eta sustapen gastuak; ekoizpen kostuaren %40, gehienez ere.

c) Ikus-entzunezko lana bukatu ondotik, hura zinema aretoetan emateko edo haren ustiapen zinematografikorako beharrezkoak diren sistemetara edo euskarrietara egokitzeko gastuak, edo, sailen kasuan, telebistetan edo edukiak streaming bidez ematen dituzten plataformetan ematekoak.

d) Ikus-entzunezko lana zainduko dela bermatzeko behar diren euskarri materialak egiteko gastua. Era berean, kopiak edo beste euskarri batzuk lortzeko gastuak, baldin eta zinema aretoetan ematekoak badira edo zinematografikoki ustiatzekoak, edo, sailen kasuan, telebistetan edo edukiak streaming bidez eskaintzen dituzten plataformetan ematekoak.

e) Ikus-entzunezko lanaren kostua frogatzeko auditoretza txosten bereziaren gastuak (4. artikuluan aipatutakoa).

2. Inbertsioaren zenbatekotzat hartutako gastuek tarte honetan eginak behar dute: filmaketari ekin baino 24 hilabete lehenagotik hasi eta filmaketa bukatu ondoren 24 hilabete igaro arte.

Filmaketa zer egunetan hasi eta zer egunetan bukatu den zehazteko, Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICCA) ezarritako irizpideei jarraikiko zaie.

3. Finantza gastuak eta zeharkako zergak ez dira inbertsioaren zenbateko gisa zenbatuko.

4. Inbertsioa denean pertsona edo erakunde lotu bati ondasunak edo zerbitzuak erostea, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, erakunde lotuan ondasun edo zerbitzu horiek zer kostu duten, horren arabera zehaztuko da inbertsioaren zenbatekoa, baldin eta behar bezala justifikatzen bada.

5. Aurreko apartatuan ezarritako mugak eta berezitasunak azpikontratatutako gastuei aplikatuko zaizkie ere.

2. artikulua. Nafarroako lurraldean egindako gastuak.

1. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Nafarroako lurraldean egindako gastutzat joko dira honako hauek:

a) Nafarroatik egiten diren zerbitzuak, baldin eta zerbitzu horiek egiten dituenak egoitza fiskala Nafarroako lurraldean badu.

b) Nafarroako lurraldean erabilitako ondasunak erosteari dagozkion gastuak, egoitza fiskala Nafarroan duten pertsonei eta erakundeei erosi zaizkienean.

c) Ibilgetu materialaren edo ukiezinaren elementuetatik eratorritako amortizazio gastuak, baldin eta Nafarroako lurraldean benetan erabiltzen bada eta ibilgetua ematen duenak egoitza fiskala lurralde horretan badu. Ondasunak zati batean erabiltzen badira Nafarroako lurraldean, Nafarroan egindako gastutzat joko da gastua, lurralde horretan erabili den proportzioan.

2. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, Nafarroan egindako gastutzat hartuko dira honako hauek:

a) Lan araubideko langileen soldatak ordaintzearen ondoriozko gastuak, baldin eta lanak edo zerbitzuak Nafarroan egiten badira. Lanak edo zerbitzuak zati batean egiten badira Nafarroako lurraldean, ulertuko da, kontrakorik frogatu ezean, ezen zerbitzuak Nafarroan egiten direla, baldin eta langilea atxikirik dagoen lantokia lurralde horretan badago.

Telelanaren kasuan, Nafarroan egindako gastutzat joko telelanean ari den pertsonak egoitza fiskala Nafarroan duenean.

b) Ur, gas edo elektrizitate horniduren ondoriozko gastuak, Nafarroako lurraldetik jartzen badira eskuratzailearen esku, hau da, kontagailua edo hargunea Nafarroan badaude.

c) Aseguruak ordaintzetik eratorritako gastuak, arriskua edo konpromisoa Nafarroako lurraldean kokatzen bada. Ondorio horietarako, arriskua Nafarroako lurraldean dagoela ulertuko da, bat etorriz Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onesten duen abenduaren 26ko 28/1990 Legean aseguru primen gaineko zergarako ezarritako arauekin.

d) Ondasun higiezinen erabilera lagatzearekin edo errentamenduarekin zerikusia duten gastuak, ondasun horiek Nafarroako lurraldean badaude.

e) Ostalaritzako eta jatetxeetako gastuak, zerbitzua egiten bada Nafarroako lurraldean kokaturiko establezimenduetan.

e) letra honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko catering enpresek egindako zerbitzuen gastuei.

3. Aurreko apartatuetan ezarritako kokapen irizpideak ekoiztetxeak egindako gastuei aplikatuko zaizkie, bai eta azpikontratatu beharreko gastuei ere.

3. artikulua. Ekoizpen zinematografikoen eta ikus-entzunezko sailen proiektuei buruzko aurretiko txostena.

1. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.1 artikuluko kenkariari heldu nahi dioten zergadunek behean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute kulturaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuko zuzendaritza nagusian, eta hark txosten bat emanen du proiektu horrek kenkariaren betekizunak eta baldintzak betetzen dituen argitzeko.

a) Proiektuaren azalpen memoria, honako hau bilduko duena:

1. Ekoizpen zinematografikoak edo ikus-entzunezko sailak izanen duen izena.

2. Proiektuaren ekoizleen IFZ eta sozietate izena.

3. Kenkaria sortuko den aldia edo aldiak.

b) Proiektuari atxikitako gastuen aurrekontua, www.culturanavarra.es/eu webgunean argitaratuko den ereduaren arabera. Aurrekontuan, kenkariaren oinarria osatzen duten gastuen partidak kuantifikatu beharko dira, kenkaria egin behar den aldi bakoitzerako, eta Nafarroako lurraldean egindako gastuen zenbatekoa zehaztu.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko proiektuak betetzen dituela nazionalitate ziurtagiria eta kultur izaeraren ziurtagiria lortzeko baldintzak, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak eskatutakoak.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko proiektuak betetzen dituela %40ko kenkaria lortzeko baldintzak, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.1.a) artikuluan ezarritakoak.

Txostena eskatu ondoren, zergadunak sortutako kenkaria esleitzen ahalko du bere aitorpen-likidazioan.

2. Kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak txostena emanen du hiru hilabeteko epean, eskaera aurkeztu zenetik zenbatzen hasita. Txosten hori kulturaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko zuzendaritza nagusiko titularraren ebazpen bidez onartuko da, eta adieraziko du ea proiektuak betetzen dituen Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.1 artikuluko kenkaria egiteko eskubidea izateko baldintzak. Kenkariaren oinarria finkatuko da foru agindu honen 4. artikuluan adierazitako ebazpenean. Txostenak, halaber, zehaztu beharko du zer ekoizpen mota den, kenkariaren %35 edo %40 aplikatu ahal izateko.

4. artikulua. Inbertsioa egiaztatzeko eta kenkariaren oinarria zehazteko prozedura.

1. Nazionalitate ziurtagiria eskatu eta sei hilabeteko epean, zergadunak inbertsioaren justifikazioa aurkeztu beharko dio kulturaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko Zuzendaritza Nagusiari, bai eta kenkaria egiaztatzeko ezarritako gainerako betekizunak betetzearen justifikazioa ere.

Inbertsioa justifikatzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ikus-entzuneko lanaren kostuaren adierazpena, kapituluen eta partiden arabera zehaztuta, www.culturanavarra.es/eu webgunean argitaratuko den ereduari jarraituz.

b) Auditoretza txosten berezia, filmaren edo sailaren kostua berrikusteko eta egiaztatzeko.

Ikus-entzunezko lana hainbat ekoiztetxek egin badute, auditoretza txostena bakarra izanen da.

Txostena Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditoreek egin beharko dute, bat etorriz auditoretzen arloan indarrean dagoen legerian aurreikusitako prozedura arauekin. Horretarako, ekoiztetxearen edo ekoiztetxeen kontabilitate erregistroak aztertuko dira (behar bezala eginbideturik behar dute), eta kontuan hartuko dira ikus-entzunezko lana ekoizteko egin diren gastuen egiaztagiri guztiak.

Txosten horrek honako hauek jaso beharko ditu: egindako lanaren irismenaren deskribapena; egindako prozedurei buruzko aipamena edo horien deskribapena (eranskin batean); auditorearen ondorioa, filmaren edo sailaren kostuen egitura eta kalkulua foru agindu honetan ezarritakoaren arabera prestatu direla adierazten duena; auditorearen izena edo sozietate izena; harremanetarako datuak; sinadura eta data. Lanaren irismena laginketa bidez egiten bada, aztertutako ehunekoa ezin izanen da %85etik beherakoa izan, langileen gastuen %100 aztertuko delarik.

Txostena egitean, 1. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatu beharko dira, honako gai hauek berariaz adierazita:

1. Lan kontratuak, merkataritza kontratuak eta eskubideak eskuratzearekin lotutakoak, bai eta kontratu horiei dagozkien dokumentuak eta fakturak ere.

2. Fakturak eta froga balio baliokidea duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, eta, kasua bada, zerbitzuen edo horniduren kostuak egiaztatzen dituzten kontratuak.

Bereziki, egiaztatzeko gastuek badutela lotura ikus-entzunezko lanarekin, haren izenburua agertu beharko da fakturan, bai eszenografiarekin, dekorazioarekin, storyboard-arekin, modelatuekin lotutako gastuetan, bai postprodukzio gastuetan (muntaketa, ikusizko efektuak, musika, irudi sintetikoen ekoizpena eta sorkuntza, soinu postprodukzioa, laborategia, postprodukzioko negatiboa eta kreditu tituluak).

3. Bidaiak eta joan-etorriak justifikatzeko txartelak, fakturak eta froga balio baliokidea duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak.

4. Azpikontratazio bidez fakturatutako gastuen zerrenda, kontratisten identifikazioa eta ikus-entzunezko lana ekoizten duen ekoiztetxearekin duen loturaren egoera, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluaren arabera.

5. Nafarroan egin diren eta kenkariaren oinarriaren parte diren gastuen egiaztapena, bai eta gastu horiek kenkariaren oinarrian hartzen duten ehunekoa ere.

6. Onartutako laguntza publikoen eta dirulaguntzen zenbatekoa.

c) Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.6 artikuluan ezarritako betebeharrak (material grafikoari eta ikus-entzunezkoei buruzkoak eta logotipoak txertatzeari eta Nafarroako Filmotekari kopia emateari buruzkoak) bete direla egiaztatzea, www.culturanavarra.es/eus webgunean zehazten den moduan.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, kulturaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko zuzendaritza nagusiak egokitzat jotzen dituen justifikazio agiriak eskatu ahal izanen ditu. Horrez gain, zuzendaritzak berak izendatzen duen auditore batek egindako beste auditoretza bat eskatzen ahalko du (bere gain hartuko ditu kostuak).

Era berean, ebazpena eman aurretik, txostena eskatu ahal izanen dio sozietateen gaineko zergaren arloan eskumena duen Nafarroako Foru Ogasuneko zerbitzuari.

2. Kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpena eman eta jakinaraziko du, kenkaria justifikatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik 6 hilabeteko epean. Ebazpen horretan, kenkariaren oinarria zehaztuko du, kontuan hartuta ekoizlearen inbertsioa eta Nafarroako lurraldean eginiko gastuak, bai eta inbertsioak finantzatzeko jasotako dirulaguntzak ere.

Baldin kenkaria justifikatzen duen dokumentazioa aurkezteko unean zenbait gastu egiteke badaude, ebazpena emateko epea eten ahal izanen da, zergadunak hala eskatuta, filmaketa bukatu denetik 24 hilabeteko epea bete arte geratzen den aldian.

Ebazpenak adieraziko du zer errekurtso jar daitezkeen, eta zer epetan.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, eta aplikatuko zaie 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren ekoizpen zinematografikoei eta ikus-entzunezko sailei.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 7an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2107563