117. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

34/2021 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako laguntzen 2021eko deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 556242.

Ingurumen hezkuntza, sentsibilizazioa eta boluntariotza norbanakoen eta taldeen erantzunkidetasuna garatzeko tresnak dira, ingurumenaren egoerari eta bilakaerari dagokienez, eta jarreren, balioen eta portaeren aldaketa sustatzen dute, jasangarritasunerantz aurrera egiteko. Zientzia herritarra da jendeak oro har (bai zientzia ikasketak dituztenak, bai horrelakorik ez dutenak) bere borondatez parte hartzea antolatutako jarduera zientifikoetan, eta honako hauek dakartza berekin: galderak egitea eta datuak jaso eta interpretatzea eta jendeak oro har ikerketa zientifikoko jardueretan konpromisoa hartzea. Hori gauzatzen da herritarrek zientzian aktiboki parte hartzen dutenean ahalegin intelektuala eginez edo jakintzari euskarria emanez beren tresna edo baliabideekin, betiere biodibertsitatea eta haren kontserbazioa aztertzeari lotuta.

Nafarroako Gobernuak ingurumen hezkuntzaren tratamendua zeharka indartu nahi du maila guztietan, eta ingurumen arloko boluntariotza eta zientzia herritarraren arloetako ekimenak babestu. Helburu nagusia da herritarren sentsibilizazioa eta ezagutza handitzea ingurumen arloan, eta balioak eta trebetasunak berenganatzea, ingurumen arloko arazoen konponketan parte hartzeko gai izan daitezen, banaka zein taldeka.

Nafarroako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak xedatzen du Nafarroako Gobernuaren politikak, programak eta jarduketak ebaluatu behar direla urtero, Garapen Jasangarriaren 2030 Agendak dakartzan erronkei aurre egin ahal izateko. Laguntzen deialdi honek Garapen Jasangarriko hainbat helbururen (GJH) xedeak lortzen lagundu nahi du:

–12.8 xedea. Jasangarritasunaren kultura sustatzea gizarte sentsibili+zaziorako ekintzen bitartez (12. GJHa);

–13.3 xedea. Ingurumen heziketa eta gizarte sentsibilizazioa hobetzea klima aldaketaren aurrean (13. GJHa);

–15.5 xedea. Habitat naturalen degradazioa murriztea eta dibertsitate biologikoaren galera etetea (15. GJHa).

Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen 100eko 0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legearen 4.bis artikuluaren arabera, deialdia Nafarroako Ingurumen Kontseiluari igorri zaio, horren berri izan eta onets dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea.

Ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako dirulaguntzen 2021eko ekitaldiko deialdia onestea.

2. Oinarri arautzaileak onestea.

Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. Gasturako baimena ematea.

276.963,00 euroko gastua egiteko baimena ematea, 2021eko gastuen aurrekontuko “PFEZren %0,7ko funtsa. Ingurumen hezkuntza, boluntariotza, lurraldearen zaintza” izeneko 740002 74200 4819 456200 partidaren kargura, ebazpen honetatik sortutako konpromisoei aurre egiteko, ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako dirulaguntzen deialdiari dagokionez.

Gastuaren banaketa honako hau izanen da proiektu motaren arabera:

–166.178,00 euro ingurumen hezkuntzako proiektuetarako.

–110.785,00 euro ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako.

Dirulaguntza ematen den unean taldeetako batean ez bada amaitzen zehaztutako zenbatekoa, beste proiektu motetan gastua ematea baimenduko da.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Deialdi hauek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, deialdia onetsi eta hurrengo egun baliodunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

7. Ebazpena jakinaraztea.

Ebazpen hau jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpena argitaratzea.

Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko martxoaren 31n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako
eta zientzia herritarreko proiektuetarako laguntzen 2021eko deialdienak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako elkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek ingurumena hobetzeko laguntza helburuak erdiestearren sustatzen dituzten proiektuetarako laguntza ekonomikoak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea, Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legean ezarritakoaren arabera. Mota hauetako bateko proiektuak izan beharko dira:

a) Ingurumen hezkuntzako proiektuak: halakotzat jotzen dira gizabanakoek zein taldeek ezagutzak, balioak, trebetasunak eta esperientziak jasotzea helburu dutenak, egungo eta etorkizuneko ingurumen arazoak konpontze aldera bakarka zein taldeka jarduteko gaitu daitezen.

b) Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuak: halakotzat jotzen dira gizakiak ingurumenean duen eragin kaltegarria gutxitzea helburu dutenak, baita egun dagoen natura ondarearen, animalia eta landare espezieen, ekosistemen eta baliabide naturalen garrantzia nabarmentzea ere.

c) Zientzia herritarreko proiektuak: deialdi honen ondorioetarako, halakotzat jotzen dira herritarren, orokorrean, borondatezko partaidetza duten ikerketa zientifikoari buruzko jardueretakoak, herritarren parte hartze hori aktiboa denean, bai ahalegin intelektualaren bidez bai inguruneari buruzko ezagutzaren bidez bai beraien tresnak eta baliabideak jarriz.

Mota horietan guztietan, proiektuak Nafarroako Foru Komunitatean egin behar dira eta ingurumenaren arloko jarduketak bildu behar dituzte, halakotzat hartuta honako hauei buruzkoak:

a) Nafarroako ingurumena, paisaia eta/edo biodibertsitatea zaindu, mantendu eta leheneratzea.

b) Natura 2000 Sareari eta Naturagune Babestuen Sareari buruzko ezagutza, edota bestelako naturagune bereziei buruzkoa eta baliabide naturalak zaintzeko lankidetza proiektuei buruzkoa ere.

c) Ekonomia zirkularra, kontsumo arduratsua, hondakinen kudeaketa eta klima aldaketaren eta/edo ingurumenaren kutsaduraren aurkako borroka sustatzea eta bultzatzea, eta horietaz sentsibilizatzea.

d) Uraren arrazoizko erabilera, energiaren arrazoizko erabilera, ingurune naturalaren kontserbazioarekin bateragarriak diren baliabide naturalen erabilerak eta aprobetxamenduak.

e) Ingurumenaren kalitatea hobetzea hiri esparruan: ekintzak hiriko eta hiriaren inguruko berdeguneetan, hondakinetan, energian, kontsumoan.

f) Ingurumen jasangarritasuna.

Jarduketak jendeari oro har edo talde espezifikoei zuzenduko zaizkie, eta 2021. urtean egin beharko dituzte, justifikatzeko memoria aurkezteko azken egunera arte. Deialdi hau argitaratu aurretik urte horren barruan eginiko jarduketek ere jasotzen ahalko dute dirulaguntza.

Nolanahi ere, jarduera jende artean hedatzen dela bermatu behar da. Hala ez egitea proiektua ezeztatzeko arrazoia da. Ez dira diruz lagungarritzat hartuko promozio eta/edo publizitaterako jarduerak ez besterik egiten duten proiektuak, lehenago deskribatu diren ingurumenari buruzko ekintzekin lotura badute ere.

2. oinarria.–Onuradunak.

Deialdi honen laguntzen onuradun izaten ahalko dira Nafarroan helbidea eta nortasun juridikoa duten elkarteak eta gobernuz kanpoko erakundeak, 1. oinarriko motetako jarduerak egiten badituzte (aipatzen diren ingurumenari buruzko gaien inguruan).

Laguntza hauekin bateraezin deklaratutako laguntzarik jaso duten Nafarroako elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeek ezin izanen dute ingurumena hobetzeko laguntza helburuak erdiesteko laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, bateraezin deklaratutako laguntza horren zenbateko osoa itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte, berreskuratze interesak barne.

3. oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Onuradunek, deialdian onartuak izateko, irizpide hauek bete beharko dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

a) Entitateek jardunean egon behar dute, eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek egoki den erregistro publikoan izena emanik egon behar dute.

b) Sarturik ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretan, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluarekin.

c) Egunean izatea tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, dirulaguntza eman eta ordaindu aurretik.

d) Proiektuak bete behar ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren ingurumen politikak, eta bateragarri eta koherente izan behar da aipatutako departamentuak egiten dituen jarduketekin.

e) Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena betetzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan ezarritako gardentasuna bete beharko baitute.

Entitate eskatzaileek proiektuaren koordinatzaile tekniko bat izendatuko dute, proiektua diseinatu, gauzatu eta ebaluatzearen arduraduna izan dadin.

4. oinarria.–Diruz lagungarriak diren gastuak.

Jarduera garatzen laguntzen duten gastuak diruz lagungarriak izanen dira, eta, bereziki, hauek:

–Material grafikoak eta ikus-entzunezkoak formatu fisiko edo elektronikoak editatzea, betiere haien edukia adierazten badute eta Departamenduak hura onesten badu.

–Nafarroako Foru Komunitateko edozein hizkuntza ofizialetara itzultzeko gastuak.

–Ikastaroetan eta prestakuntzako eta sentsibilizazioko beste jarduera batzuetan, txostengileen, hizlarien, irakasleen eta boluntarioen hezitzaileen kontratazioa, ostatua, mantenua eta garraioa, baita monitoreena eta jarduera gauzatzeko behar diren pertsonena ere. Txostengileen eta hizlarien ostatu eta mantenuaren ondoriozko gastuak ezin izanen dira izan onartutako aurrekontuaren %10 baino handiagoak.

–Proiektuko parte-hartzaileak eta boluntarioak jarduketa eremura eramateko gastuak.

–Jarduerak garatzeko behar diren material suntsikorrak eskuratzea, betiere modu arrazoizkoan eta proportzionalean erabilita.

–Jarduerak garatzeko behar diren material ez-suntsikorrak eskuratzea, betiere material horiek ezin badira alokatuz eskuratu eta haien kostua ez bada 600 euro eta proiektuaren aurrekontu onartuaren %10 baino handiagoa.

–Ekintza gauzatzeko behar diren instalazioak edo materiala alokatzea, esaterako hitzaldi aretoak, proiektagailuak, tresnak, etab.

–Proiektuari buruzko informazioaren, gizartearen parte-hartzearen eta publizitatearen ondoriozko gastuak.

–Entitate onuradunaren ohiko edo egiturazko funtzionamendu gastuak (Nafarroako egoitzako alokairua, argia, ura, telefonoa, langile ez-teknikoak edo proiektuari zuzenean lotu gabeak). Aurkeztutako aurrekontu osoaren %7 izanen da gehienez.

–Jarduera egin bitartean sortzen diren hondakinak ahalik eta gutxien izatea laguntzen duten materialak.

–Istripu asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua boluntzariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako. Aseguru horren gastuak aukeratzen ahalko dira, boluntarioak eta monitoreak ez ezik, proiektuan inplikatuta dauden eta parte hartzen duten hirugarren pertsonak ere (halakorik dagoenean) estaltzen badituzte.

–Onuradunak diruz laguntzen den jardueraren zenbatekoaren %100 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako. Azpikontratazioak bete beharreko betekizunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarrita daude.

Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuen kasuan, honako hauek ere izanen dira diruz lagungarriak:

–Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetako boluntarioen mantenu gastuak. Gehienez 5 eurokoa izanen da boluntario/egun eta ekintzako, eta aurkeztutako aurrekontu osoaren %10 (400 euro).

Gastu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.

b) Dirulaguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

c) Inbertsioak.

d) Beste entitate batzuekin egindako hitzarmenen ondoriozkoak.

e) Beharrezkoak ez direnak edo behar ez bezala justifikatzen direnak. Beharrezkoak ez diren edo behar ez bezala justifikatzen diren gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat ez datozenak, behar-beharrezkoak ez direnak eta ebazpen honek ezarritako epean egiten ez direnak.

f) Bankuko transferentzien ondoriozkoak.

g) Txostengileentzako sariak edo opariak.

h) Erabili eta botatzeko diren plastikozko plater, mahai tresna, edalontzi, kikara eta erretiluak, erabilera bakarreko poltsak eta, orokorrean, ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren eremuan sartzen direnak.

i) Ingurumen hezkuntzako eta zientzia herritarreko proiektuetan, catering edo janari gastuak hitzaldietan, aurkezpenetan, ikastaroetan, tailerretan eta proiektuaren barruan eginiko gainerako ekintzetan parte hartzen dutenentzat.

Gastu diruz lagungarrien erosketa kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa, ezta neurrigabea ere, ekonomiaren eta kostua/eraginkortasuna erlazioaren printzipioen arabera.

Proiektuaren ekintza zehatz bati lotuta egonen dira gastuak, ohiko eta egiturazko funtzionamendu gastuak izan ezik, proiektu osoari buruzkoak izaten ahalko dira eta.

5. oinarria.–Laguntza eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Elkarte bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, agiri hauekin batera:

a. Eskabidea, III. eranskineko ereduaren arabera, bertan zehaztuko baita zer modalitatetarako eskatzen den dirulaguntza, honako honekin batera: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

b. Proiektu diruz lagungarri bakoitzeko deskripzio-memoria, III. eranskineko ereduaren arabera. Bertan jasoko dira, gutxienez:

1. Proiektuaren izena.

2. Proiektu mota.

3. Proiektuaren deskribapen laburra.

4. Jarduketa esparrua edo eremua.

5. Proiektua egin izanaren frogak.

6. Helburuak.

7. Baliabide materialak.

8. Giza baliabideak, aurreikusitako dedikazio-orduak adierazita, nominen bitartez frogatu behar izatekotan.

9. Proiektuaren ekintzen deskribapena, hura garatzeko aldiak eta hari lotzen zaizkion gaiak barne.

10. Parte-hartzaileek proiektuaz egindako ebaluazioa. Proiektuaren zabalkundea.

11. Helburu-hartzaileak.

12. Jarduketa kronograma.

13. Proiektuaren aurrekontu orokorra, bertan adierazita ekintza bakoitzeko kostua, zerga-oinarria eta lotutako BEZa ahal den guztietan zehaztuta. Aurrekontuan zehaztutako ekintza bakoitzari, emakidan, zenbateko jakin bat esleituko zaio. Zenbateko hori hartuko da kontuan Justifikatzeko Memoria Tekniko eta Ekonomikoan, ekintzako ordainketa ez baita emandako zenbatekoa baino handiagoa izanen.

c. 3. oinarrian (Onuradunek bete beharreko betekizunak) eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

d. Eskatzaileak laguntzak lehendabizikoz jaso behar baditu edo haiek abonatzeko kontua aldatu nahi badu, transferentzia bidez abonatzeko eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala beteta eta sinatuta, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean, eta eskaera horren kopia erantsi beharko du laguntza hau eskatzean.

e. Entitatearen erantzukizunpeko adierazpena, BEZ jasanaraziaren kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten gastuak eta sortzen ez dutenak bereizirik, III. eranskineko ereduaren arabera.

f. Entitatearen erantzukizunpeko adierazpena, bertan adierazita bestelako laguntzak, diru-sarrerak eta/edo finantzabideak, publikoak zein pribatuak, deialdi honetara aurkeztutako proiektuarekin lotuta, III. eranskineko ereduaren arabera.

g. Aurrerakin-eskaera, III. eranskineko ereduaren arabera: Entitateek dirulaguntzaren %50 aurreratzeko eskatzen ahalko dute.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari igorriko zaizkio. Telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez. Ziurtagiri digitala eduki behar da identifikatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluak aurreikusitako kasuetan izan ezik, bitarteko ez-elektronikoak erabiliz aurkezten ahalko baitira kasu horietan.

6. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

Proiektu mota guztien dirulaguntzaren zenbatekoak taula honetan adierazten diren portzentajeei eta mugei jarraituko die:

PROIEKTU MOTA

ZENBATEKOA, GUZTIRA

GEHIENEKO %

DIRULAGUNTZA

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA PROIEKTU MOTAKO

Ingurumen Hezkuntza

166.178,00

%80

9.000 euro

Ingurumen arloko boluntariotza eta zientzia herritarra

110.785,00

%90

9.000 euro

GUZTIRA

276.963,00

Lehentasun hurrenkera ezartzeko, 7. oinarrian (Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak) ezarritako puntuazio baremoa hartuko da kontuan.

Erakunde bakoitzak nahi adina proiektu aurkezten ahalko ditu; proiektu mota eta entitate bakoitzeko jasoko den dirulaguntza, halere, ez da inoiz aurreko taulan ezarritakoa baino handiagoa.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Eskaeren lehentasun ordena.

Ingurumen hezkuntzako, ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuak baloratzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Proiektuaren justifikazioa, zergatik egiten da proiektua?

Atal honi 0 edo 10 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proiektuak oraingo ingurumen arazo bat edo batzuk zehazten ditu jarduketa eremuan eta horiei aurre egiteko gauzatu beharreko ekintzak justifikatzen ditu. 10 puntu.

–Proiektuak ez du oraingo ingurumen arazo bakar bat zehazten jarduketa eremuan eta/edo ez ditu justifikatzen horiei aurre egiteko gauzatu beharreko ekintzak. 0 puntu.

b) Gaiak, zer gai jorratzen ditu?

Atal honi 0, 5 edo 10 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proiektuak deialdi honen 1. oinarriko hiru gai edo gehiago jorratzen ditu, eta gai horien gaineko lana justifikatzen da egin beharreko ekintzen azalpenean. 10 puntu.

–Proiektuak deialdi honen 1. oinarriko bi gai jorratzen ditu, eta egin beharreko ekintzen azalpenaren bidez justifikatzen da lan hori. 5 puntu.

–Proiektuak deialdi honen 1. oinarriko gai bakarra jorratzen du, eta egin beharreko ekintzen azalpenaren bidez justifikatzen da lan hori. 0 puntu.

c) Proiektuaren helburuak. Zer lortu eta nola kuantifikatu nahi den.

Atal honi 0, 5 edo 15 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proiektuaren helburuak zehatzak, koherenteak eta lorgarriak dira, eta ekintzen azalpenean jasota daude; inguruneari eta parte-hartzaileei egokitzen zaizkie; eta haiek betetzen direla egiaztatzeko eta kuantifikatzeko modu erraz bat ezartzen dute. 15 puntu.

–Proiektuaren helburuak zehatzak, koherenteak eta lorgarriak dira, eta ekintzen azalpenean jasota daude; baina edo ez zaizkie ez inguruneari ez eta parte-hartzaileei ere egokitzen; edo ez dute ezartzen haiek betetzen direla egiaztatzeko eta kuantifikatzeko modu erraz bat. 5 puntu.

–Proiektuaren helburuak ez dira zehatzak edo ez daude jasota ekintzen azalpenean; edo ez zaizkie egokitzen inguruneari edo parte-hartzaileei; edo ez dute ezartzen haiek betetzen direla egiaztatzeko eta kuantifikatzeko modu erraz bat. 0 puntu.

d) Egin beharreko proiektua deskribatzea.

Atal honi 0, 5 edo 10 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proiektua azaltzean, haren helburu guztiak ikuspegi ezberdinetatik lantzen dira askotariko ekintzen bitartez. 10 puntu.

–Proiektua azaltzean, haren helburu batzuk, baina ez guztiak, ikuspegi ezberdinetatik lantzen dira askotariko ekintzen bitartez. 5 puntu.

–Proiektua azaltzean, haren helburu guztiak ikuspegi bakar batetik lantzen dira helburu bakoitzeko ekintza bakarra eginez. 0 puntu.

e) Metodologia. Nola eginen da? 0, 5 edo 10 puntu.

Atal honi 0, 5 edo 10 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proiektuaren ekintzak fase zehaztu eta koordinatuetan egituraturik daude, aurkeztutako kronograma eta aurrekontuari jarraikiz; baliabideak proiektuaren neurriaren araberakoak dira; eta bideratutako giza baliabideek azaldutako faseak egiteko prestakuntza edo eskarmentua dute. 10 puntu.

–Proiektuaren ekintzak fase zehaztu eta koordinatuetan egituraturik daude, aurkeztutako kronograma eta aurrekontuari jarraikiz; baina, edo behar diren baliabideak ez dira proiektuaren neurriaren araberakoak; edo bideratutako giza baliabideek ez dute azaldutako faseak egiteko prestakuntza edo eskarmenturik. 5 puntu.

–Proiektuaren ekintzak ez daude fase zehaztu eta koordinatuetan egituraturik, aurkeztutako kronograma eta aurrekontuari jarraikiz. 0 puntu.

f) Ingurumeneko jasangarritasunerako irizpideak erabiltzea. Proiektuak zer neurri hartzen dituen ingurumeneko jasangarritasuna bermatzeko

Atal honi 0, 5 edo 10 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proiektuak ingurumen jasangarritasuneko arazoak zehazten ditu bere gauzapenean, eta bi neurri mota edo gehiago hartzen ditu horiek konpontzeko. 10 puntu.

–Proiektuak ingurumen jasangarritasuneko arazoak zehazten ditu bere gauzapenean, eta neurri mota bakarra hartzen du horiek konpontzeko. 5 puntu.

–Proiektuak edo ez ditu ingurumen jasangarritasuneko arazoak zehazten bere gauzapenean, edo ez du neurririk hartzen horiek konpontzeko. 0 puntu.

Horretarako, honako mota hauek hartzen dira jasangarritasuna ziurtatzeko neurritzat:

–Uraren eta/edo energiaren kontsumoa gutxitzen duten neurriak.

–Material birziklatuak edo bigarren eskukoak erabiltzea.

–Erabilitako materialak hurbilekoak, ekologikoak edo bidezko merkataritzakoak izatea.

–Hondakinak sortzea minimizatzeko neurriak.

–Garraio jasangarrirako ekintzak.

g) Ebaluazioa. Parte-hartzaileek nola baloratuko dute zure proiektua?

Atal honi 0 edo 5 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proiektuak, parte-hartzaileen gogobetetasun mailaz gain, ebaluatzeko era bat ere jasotzen du, proiektuak haien gainean zer eragin izan duen ezagutu ahal izateko. 5 puntu.

–Proiektuak ez du jasotzen haien gainean zer eragin izan duen ezagutu ahal izateko modurik. 0 puntu.

h) Gazteek eta adinekoek parte har dezaten sustatzea. Zein dira proiektuaren hartzaileak?

Atal honi 0 edo 5 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proiektua 30 urtetik beherako edo 60 urtetik gorako herritarrentzat da. 5 puntu.

–Ez dira proiektuaren hartzaileak zehazten edo hartzaile horiek ez dira 30 urtetik beherakoak edo 60 urtetik gorakoak. 0 puntu

i) Lankidetza. Aritzen dira elkarlanean beste entitate batzuk era altruista batez?

Atal honi 0 edo 5 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Lankidetza dago deialdiaren xede diren beste elkarte batzuekin era altruista batez (kontraprestazio ekonomikorik gabe). 5 puntu.

–Ez dago lankidetzarik deialdiaren xede diren beste elkarte batzuekin era altruista batez (kontraprestazio ekonomikorik gabe), edo ez dago azalduta. 0 puntu.

j) Jarraitutasuna. Ba al dator aurreko proiektu batetik?

Atal honi 0 edo 5 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proiektuak aurreko kanpainan diruz lagundutako proiektu baten lanei jarraitzen die: 5 puntu.

–Proiektuak ez die jarraitzen aurreko kanpainan diruz lagundutako proiektu baten lanei: 0 puntu.

k) Genero ikuspegia. Zer neurri hartzen dira parte-hartze ez-sexista bermatzeko?

Atal honi 0 edo 5 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proiektuak egoerak identifikatzen ditu, zeinetan parte-hartzaileen generoaren arabera aldeak sor baitaitezke, eta egoera horiek saihesteko neurriak hartzen ditu. 5 puntu.

–Proiektuak ez ditu egoerak identifikatzen, zeinetan parte-hartzaileen generoaren arabera aldeak sor baitaitezke, edo ez du neurririk hartzen egoera horiek saihesteko. 0 puntu.

l) Parte-hartze inklusiboa sustatzea. Zer neurri hartzen dira parte-hartze inklusiboa bermatzeko?

Atal honi 0 edo 5 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Proiektuak inguruabar batzuk identifikatzen ditu, zeinetan desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze inklusiboa zailagoa den, eta hori minimizatzeko neurriak hartzen ditu. 5 puntu.

–Proiektuak edo ez ditu identifikatzen inguruabar batzuk, zeinetan desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze inklusiboa zailagoa den, edo ez du neurririk hartzen hori minimizatzeko. 0 puntu.

m) Partaidetza, nola eragiten du partaidetzak proiektuaren garapenean?

Atal honi 0 edo 5 puntuko balorazioa emanen zaio, era honetan:

–Parte-hartzaileek proiektuaren diseinuan eta/edo erabakiak hartzeko orduan esku hartzen dutela frogatzen da proiektuaren azalpenean. 5 puntu.

–Parte-hartzaileek proiektuaren diseinuan eta/edo erabakiak hartzeko orduan esku hartzen dutela ez da frogatzen proiektuaren azalpenean. 0 puntu.

3. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada aldatu direla dirulaguntzak emateko prozeduran eskaeren hurrenkera ezartzeko erabilitako balorazio baldintzak, eta onuradunak puntuazio txikiagoa jaso behar zuela, laguntza guztia galduko du onuradunak.

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Eskaera bakoitzaren puntuazio osoa lortzeko, aipatutako irizpide bakoitzean lortutako puntuak batuko dira. Gutxienez 0 puntu lortuko dira, eta gehienez 100.

a. Gutxienez 40 puntu lortu beharko dira norgehiagokako prozeduran sartu ahal izateko.

b. Bi eskaeraren edo gehiagoren artean berdinketarik bada, 7. oinarriko ataletan puntuazio handiena lortu duten espedienteak alfabeto-hurrenkerari jarraikiz.

c. Dirulaguntza emateko orduan, puntuazio handiena lortu duen proiektua izanen da abiapuntua, eta puntuazio handienetik txikienerako ordenari jarraituko zaio dirulaguntzak emateko, proiektu mota bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte. Azkeneko proiektuaren guztirako zenbatekoa sartzeko kreditu nahikorik ez badago, hark dagokion zatia jasoko du, gasturako baimendutako zenbatekoa agortu arte.

d. Deialdi honetako proiektu motetako batean eman gabeko krediturik badago, kreditu hori erabiliko da hurrengo taldeetarako, honako lehentasun ordena honi jarraikiz: ingurumen arloko boluntariotza, zientzia herritarra eta ingurumen hezkuntza.

e. Diruz lagundu diren proiektuetako baten onuradunak jakinarazten badu ez duela diruz lagundutako ekintzaren bat egin, askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontu nahikoa ez izateagatik dirulaguntza ukatu zaien proiektuei emateko.

Horretarako, 2021eko uztailaren 1a baino lehen jakinarazi behar da, unitate kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena alda dezan eta diruz lagundutako beste entitate horiek behar den denbora izan dezaten haien proiektuak egin eta justifikatzeko.

Jakinarazpen hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari igorriko zaio, eta, ahal bada, Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, deialdi honen 5. oinarriaren 2. puntuan adierazitako moduan.

Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta behar adinako kreditua aurrekontuetan, eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

Inoiz ezin izanen da jaso proiektuaren gastuaren %100 gainditzen duen ekarpenik.

9. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

Dirulaguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Diruz lagundu behar diren jarduerak egitea, baldintza teknikoei jarraikiz eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek eman ditzaketen jarraibideekin bat, eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren egiaztapenaren mende jartzea.

3. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri ematea organo emaileari.

4. Boluntariotzako proiektuen kasuan, diruz lagundutako entitateek Boluntariotzari buruzko urriaren 14ko 45/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Halaber, entitatearen boluntariotzako ekintzak inskribatu behar dituzte “Nafarroa, Orotan Lagun” baliabidean. Honen bidez inskribatuko dira: https://navarramasvoluntaria.navarra.es/eu/hasiera-1.

5. Zientzia herritarreko proiektuetan, entitate kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen badu, eta boluntariotzako proiektu guztietan, proiektuaren entitate arduradunak ziurtatu beharko du jardueretako parte-hartzaileak babestuta daudela aseguru batekin edo bestelako berme finantzario batekin, proiektuaren jarduerak egiteak ekar ditzakeen istripu edo gaixotasun arriskuak estaltzeko.

6. Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, bestela, kopuru jakin bat itzuli beharko da.

7. Dirulaguntza nork eman duen jakinaraztea proiektuaren gainean egiten den zabalkuntza eta publizitate orotan, betiere zabalkuntza eta publizitate hori dirulaguntza eman ondotik egiten bada.

8. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala erabili behar da, urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan xedatzen den moduan (foru dekretu horrek Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatu zuen). Dirulaguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Argitalpen Atalak aldez aurretik baimendu beharko du Nafarroako Gobernuaren sinboloaren erabilera. Baimen hori eskatzeko, eranskineko eredua bidali behar da publicaciones@navarra.es helbidera.

9. Onuradunek behar diren baimen guztiak izan beharko dituzte planteatutako jarduketak gauzatzeko.

10. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari dagokio; atal hori Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari atxikita dago.

11. oinarria.–Balorazio Batzordea.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

2. Honako hauek izanen dira Balorazio Batzordeko kideak:

Batzordeko burua: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Ingurumen Hezkuntzaren Bulegoko burua.

Idazkaria: Ingurumen Hezkuntzaren Bulegoko teknikari bat.

3. Batzordeko kide bakoitzak Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

4. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileek aurreko bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte inbertsioak egokiak ote diren erabakitzeko.

5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

12. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaera jaso ondoren, deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko du Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak. Eskaerak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio okerrak 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala. Ez badu zuzenketarik aurkezten, eskaerari uko egiten zaiola ulertuko da, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie. Zuzenketak telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluak aurreikusitako kasuetan izan ezik, bitarteko ez-elektronikoak erabiliz aurkezten ahalko baitira kasu horietan.

2. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak eskaerak ebaluatuko ditu 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz. Jarduketak baimendu baino lehen, atal horrek egoki iruditzen zaizkion txostenak eskatuko dizkie departamentuko beste unitate batzuei, hasierako proiektua hein batean aldatzera behartzen duten lurraldeko ukipenak edota baimena behar duten ukipenak ote diren ebazteko.

3. Aztertu ondoren, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari, eta, bertan, onuradunek dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko da.

13. oinarria.–Laguntza eskaerak aldatzea.

1. Onuradunek, proiektua gauzatzen den bitartean, beharrezko jotzen badute aurkeztutako deskripzio-memorian jaso gabeko jarduerak egitea, betiere justifikatuta badaude eta proiektua handitzea ekartzen ez badute, eta haiek egiteak ez badakar proiektuak lortutako puntuazioa aldatzea, hala jakinarazi beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, aldatutako jarduera egin baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

Jakinarazpen hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan eginiko instantzia baten bidez eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluak aurreikusitako kasuetan izan ezik, bitarteko ez-elektronikoak erabiliz aurkezten ahalko baitira kasu horietan.

2. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak onuradunari jakinaraziko dio, 10 eguneko epean, aipatu aldaketa onartzen den ala ez. Epe hori iraganda, aldaketa onartzearen jakinarazpenik ez bada, ezetsi dela ulertuko da.

3. Edonola ere, ez dira onartuko aurkeztutako aurrekontuaren aldaketak ekartzen dituzten aldaketak.

14. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, kasua bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, “Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak” izeneko 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziz. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio-ordenaren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, adieraz dezaten dirulaguntza jasotzeko proposamena onartzen ote duten, hamar egun balioduneko epe luzaezinean, komunikazioa jaso eta biharamunetik hasita. Epe horretatik kanpo aurkezten bada laguntzen ukoa, betiere justifikazio teknikorik gabe, edo ezinbesteko arrazoiek eraginda ez bada, enpresak ezin izanen du xede bererako laguntzarik eskatu hurrengo kanpainan. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, dirulaguntza kanpainaren prozesuaren emaitzarekin batera.

4. Laguntza hauek emateko, jarduerak egiteko behar diren baimenak beharko dira, hala behar duten jardueren kasuan.

5. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada.

15. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2021eko azaroaren 2a izanen da 2021eko kanpainako laguntza eskaerentzat.

2. Onuradunek eginiko gastuak eta ordainketak frogatu beharko dituzte, horretarako, honako dokumentazio hau telematikoki aurkeztu beharko dute zenbait karpetatan Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluak aurreikusitako kasuetan izan ezik, bitarteko ez-elektronikoak erabiliz aurkezten ahalko baitira kasu horietan:

–1. karpeta: Egindako proiektua justifikatzeko memoria, IV. eranskineko ereduaren arabera. Gutxienez hauek izanen ditu:

• Egindako ekintzen garapenaren deskribapena.

• Aurreikusitako ekintzaren bat ez bada egin, horren justifikazioa.

• Helburuen erdieste maila.

• Proiektuari emandako publizitatearen deskribapena.

• Partaideen kopurua, sexuaren eta adinaren arabera bereizia.

• Jardueren kronograma.

• Proiektuko ebaluazioaren emaitzak.

–2. karpeta: Dirulaguntzaren xede izanda argitaratu diren materialen fitxategi informatikoak edo fisikoak.

–3. karpeta: Argazki erreportajea edo ikus-entzunezko erreportajea, proiektuaren jarduerak egin direla egiaztatzen dutenak.

–4. karpeta: Argazki erreportajea edo ikus-entzunezko erreportajea, proiektuaren zabalkuntza egin dela egiaztatzen dutenak.

–5. karpeta: Egindako gastuen fakturak, jatorrizkoak edo fotokopiak izan, betiere onuradunaren izenean, eta gastu horiek egin direla frogatzen dituzten bankuko frogagiriak. 600 eurotik beherako fakturen kasuan, eskudiruzko ordainketa onartzen da, behar bezala frogatzen bada. Faktura eta ordainketa egiaztatze guztietan kontzeptua, hornitzailea, data eta F bat edo O bat (faktura edo ordainketa egiaztatze bat den, hurrenez hurren) adierazi beharko dira. (adibidez, Mailuak eta Iltzeak burdindegian 2021eko uztailaren 3an erratz bat erosiz gero, horren faktura honela izendatuko dugu: MailuaketaIltzeakburdindegia210703F, eta honela, berriz, ordainketa egiaztatzea: MailuaketaIltzeakburdindegia210703O).

–6. karpeta: Ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuen eskakizun espezifikoak. Boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuen kasuan, prestakuntza jardueretan parte hartu duten boluntarioen erregistroa.

Aseguru polizaren edo berme finantzarioko bestelako agiri baten kopia, boluntariotzako proiektu guztietan eta hala behar duten zientzia herritarreko proiektuetan.

–7. karpeta: Baremoaren puntuazioa eragin zuen informazioa egiazkoa dela frogatzen duten agiriak edo irudiak, betiere hori ez bada frogatuta gelditu justifikatzeko eskaeran; jasangarritasun irizpideak erabili izanaren egiaztagiriak, adibidez.

–8. karpeta: Proiektua egitea justifikatzeko beharrezko iritzitako edo eskatzen den beste edozein informazio.

Dokumentazio hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari igorriko diote. Dokumentazioa telematikoki aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluak aurreikusitako kasuetan izan ezik, bitarteko ez-elektronikoak erabiliz aurkezten ahalko baita kasu horietan.

Aipatutako informazioa osorik ez badago edo ez baditu baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala, eta adieraziko zaizkio hurrengo apartatuan aurreikusitako inguruabarrak.

–Agiri horiek epean aurkezten ez badira, dirulaguntza galduko da.

–Baldin eta frogatutako zenbatekoa txikiagoa bada dirulaguntza ematea eragin zuen aurrekontua baino, dirulaguntzaren ordainketa murriztu eginen da, araberan.

16. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko modua eta epeak.

1. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, behin frogatu ondoren esleipena eragin zuten jarduerak burutu direla eskaera aurkeztu zenetik gehienez hiru hilabeteko epean. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik, harik eta egindako jardueren balorazioa amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak konpromisoak betetzen dituela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko zaizkie onuradunei, egiaztatzeko inbertsioak bukatu direla eta zuzen gauzatu, edo egiaztatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, ordainketa aipatu egiaztapenei egokituko zaie.

6. Ez da onartuko hasieran baimendutako aurrekontuak gora egitea, non ez dauden egitatezko akatsak eskaeran edo ez diren Baso Administrazioak eskatuta sartutako arrazoizko aldaketak.

7. Laguntzak emateko ebazpenean aurreikusitako ekitaldi bakoitzari dagozkion laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du.

17. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Egiaztagiriak azterturik, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak pagatzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da. Aurretik ordaintzen den aurrerakina zenbatekotik deskontatuko da.

18. oinarria.–Zigorrak ordainketetan.

Zigortuko dira onartua izateko irizpide/betebeharrak ez betetzea eta laguntza eta ordainketa eskaeraren konpromisoak eta beste betebehar batzuk ez betetzea, honela:

a) Ez-betetze baztertzaileak:

1.–Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada aldarazi direla eskaeren hurrenkera ezartzeko erabilitako balorazio irizpideak, onuradunak puntuazio txikiagoa jaso behar zuela, eta, horren ondorioz, onuradun izaera guztiz edo partez galduko zukeela, laguntza osoa galduko du.

2.–Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira.

3.–Entitate onuradunak ez badu ziurtatzen diruz lagundutako jarduerak jendearen artean zabaldu direla, emandako laguntza osoa galduko du.

4.–Emandako laguntza osoa galduko du tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik ez dituenak.

5.–Laguntzak emateko ebazpenetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak laguntza osoa galtzea ekarriko du.

b) Baztertzaileak ez diren ez-betetzeak.

1.–Ordaintzeko balioetsitako laguntzaren gaineko %5eko zigorra aplikatuko zaie eskaerei ez badute modu sinesgarrian justifikatzen hasierako proiektuan aurreikusitako jarduerak egin ez izana. Zenbateko hori beti izanen da emandako laguntza baino txikiagoa.

19. oinarria.–Laguntzak metatzea.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira bestelako dirulaguntzekin, esaterako, Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin.

Kasu horretan, jarduera bat eta bera egiteko emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko d) apartatuan xedaturikoarekin bat.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

II. ERANSKINA

Proiektu mota bakoitzerako zehaztapenak

–Ingurumen hezkuntzako proiektuetarako zehaztapenak.

Ingurumen hezkuntzako proiektuak erabiliko dira, pertsonek ingurumenaren zaintza hobeki uler dezaten eta gai horretan kontzientzia handiagoa izan dezaten. Ekimenak ingurumen hezkuntzako tresna hauen bidez gauzatuko dira:

–Informazioa, komunikazioa, interpretazioa eta sentsibilizazioa: informazio, dibulgazio eta gizarte sentsibilizazioko kanpainak egitea; erakusketak, debateak, hitzaldiak eta mahai-inguruak egitea; ingurumen arloko mundu egunak ospatzea; zine edo bideo zikloak eta saioak antolatzea; argitalpenak; antzezpen artistikoak, ikus-entzunezko materiala prestatzea, eta abar.

–Gizarteak ingurumenaren kudeaketan parte hartzea: ingurumena hobetzeko ekimenak antolatu eta gauzatzea, herritar taldeen parte-hartzearekin.

–Arautu gabeko prestakuntza ingurumen arloan: prestakuntza proiektuak, ikastaroen, jardunaldien, mintegien, sinposioen eta biltzarren bidez egin daitezkeenak.

–Baliabide natural jasangarriak kudeatzeko jarduerak: ildo horretan sustatutako ekimenak, esaterako, modu jasangarrian kudeatzea baliabide hidrikoak, basoko baliabideak, baliabide mikologikoak, zinegetikoak, arrainei dagozkienak, geologikoak, faunakoak eta florakoak.

–Ekitaldi jasangarriak, halakotzat jotzen baitira ingurumen inpaktu negatiboak gutxitzeko diseinatu, antolatu eta ezartzen direnak eta xedeko komunitatean ondare positiboa uzten dutenak.

–Boluntariotzako proiektuetarako zehaztapenak.

Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuak elkartasuneko ekintza zehatzak izanen dira, ingurumena zaintzen eta hobetzen laguntzen dutenak, libreki egitekoak, betebehar pertsonalek edo eginbehar juridikoek ez eraginda eta nork bere gain borondatez eta ordain ekonomiko edo materialik gabe hartuta.

Deskripzio-memorian honako hauek jasoko dira:

• Parte-hartzaileak gaitzeko modua.

• Parte-hartzaileen prestakuntza, boluntarioen jardueraren kalitatearen hobekuntza dakarrena eta ingurumena ezagutzearen eta zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzen laguntzen duena.

• Boluntarioen ekipamendua. Segurtasunaren oinarrizko arauak betetzeko, eta jarduera hirikoak ez diren kanpoko espazioetan garatzen bada. Nahitaezko elementuen artean dugu boluntario eta monitore guztiek ikuspen handiko txaleko islatzaileak eramanen dituztela, UNE-EN-471 arauaren arabera homologatuak. Txaleko horren ordez helburu bereko beste sistema bat erabiltzen ahalko da, betiere modu egokian justifikatzen bada proiektuaren proposamenean eta segurtasun bermeak mantentzen baditu proiektuaren testuingurua zein den kontuan hartuta.

Ikastaroak, mintegiak edo tailerrak egiten ahalko dira, beharrezkoa den informazioa jasotzeko zertarako eta: proiektuaren ardatza den ingurumen arloko arazoa ezagutzeko; boluntario lanerako trebakuntza jasotzeko; boluntariotzako proiektuaren gakoak aztertzeko, bereziki haren xedeak, eta boluntario lanean aritzean behar dituzten segurtasun printzipioak kontuan hartzeko, bai pertsonei bai ondasunei dagokienez.

Ingurumen arloko boluntariotzako ekintza bakoitzak 10 partaide izanen ditu gutxienez.

Ez da boluntariotzako jardueratzat jotzen dibulgazio edo informazio materialen argitalpen hutsa edo prestakuntza jarduerak egite hutsa.

–Zientzia herritarreko proiektuetarako zehaztapenak.

Fauna eta flora espezieak ikertzeko, horien jarraipena egiteko eta kontserbatzeko lanetan laguntzea, klima aldaketaren, habitaten eta mehatxupeko espezieen jarraipenerako datuak lortzeko aukera egonda.

Ikerketa lanetan laguntzearen eremuan, lankidetza hori ibilbide zientifiko eta ikertzaile ospetsuko entitateekin edo pertsonekin egin behar da.

Ikerketa lanen ondoriozko datuak pertsonen eskura jarri behar dira datu-base zientifiko egokien bidez.

Lan hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

• Programa zabaltzea informazio hitzaldien bidez, parte hartzeko prest dauden boluntarioak aurkitzeko asmoz.

• Trantsektoen sarea diseinatzea boluntarioen kokapenarekin bat etorrita, habitaten ahalik eta ordezkagarritasun handiena bilatuta.

• Trantsektoak bisitatzea horiek aztertu eta beren ezaugarriak emateko.

• Boluntarioentzako prestakuntza ikastaro teoriko-praktikoa.

• Boluntarioak datuak hartzen hastea, eta horien jarraipena egitea.

• Datuak bildu eta antolatzea.

• Datuak bidezko datu-baseetara transferitzea.

• Emaitzen eta ondorioen azken txostena idaztea.

• Boluntarioek datuak hartzeko behar diren materialak.

III. ERANSKINA

Dirulaguntza eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agirien ereduak

1.–Entitatearen laguntza eskabidearen inprimakia.

2.–Aurkeztutako proiektu bakoitzeko deskripzio-memoriaren inprimakia.

3.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

4.–Jasandako BEZaren kenkaria egiteko eskubideari buruzko adierazpena.

5.–Proiektuaren finantzaketari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

AURRERAKINA eskatzen bada:

6.–Aurrerakin eskaera.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

–Laguntzak lehenbizikoz jasotzen badira edo abonatzeko kontua aldatu bada:

7.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

IV. ERANSKINA

Emandako dirulaguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko agirien ereduak

8.–Aurkeztutako proiektu bakoitzeko deskripzio-memoriaren inprimakia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2105506