117. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Deialdia, eskola jantokietan jateko dirulaguntza bereziak emateko 2021-2022 ikasturterako. Laburpena

DDBN (Identifikazioa): 561920.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra); haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/561920).

Dirulaguntza hauen xedea da prozedura juridikoa arautzea eskola-jantokietan jateko laguntza bereziak emateko Eguesibarren bizi diren eta bertan erroldatuta dauden familiei, banakako ebaluazio araubidean, baldin eta haien umeak Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten ari badira (kontuan hartu gabe ikastetxearen kokalekua), familiako bizitza bateratzen laguntzeko lan egoerarekin eta prestakuntza nahiz osasun egoerarekin.

Onuradunak:

Honako baldintza hauetakoren bat betetzen duten familia-unitateak. Familiako bizitza honako hauekin bateratzea:

I.–Bi guraso eta/edo legezko tutoreak lanean aritzea jantoki garaian eta ondorioz ezinezkoa izatea etxean jaten ematea.

–Lan-eszedentzia kasuetan, lanera itzultzeak bat etorri beharko du jantokirako eskaera egiten den lehen hilabetearekin.

–Deialdiaren xedea betetzat joko da baldin eta lanaldia egunean 4 ordukoa badute gutxienez, edo lanaldiak bat egiten badu adingabekoari eguerdian eman beharreko arreta unearekin, betiere behar bezala frogatuta.

–Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen kasuan, egoera hori ziurtatuko duen agiria (betiere, egungo osasun egoerak eragindako halako espedienteen iraupena deialdi hau onestean xedatutako epetik harago luzatzen bada).

II.–Iraupen luzeko ikasketak (unibertsitateko ikasketak, lanbide heziketa, ikastaro bereziak...) egiten ari direnean bi guraso eta/edo legezko tutoreak, helburu bakarra enplegua bilatu eta lortzea bada, eta hezkuntza jarduera horrek bat egiten badu ikastetxeko jantoki garaiarekin, ezinezkoa zaielarik haurrei etxean jaten ematea. Emanen den laguntza kalkulatzerakoan kontuan hartuko da prestakuntza-jarduera zenbat hilabetekoa den.

III.–Deialdi honetako dirulaguntza jasoko dute, orobat, gurasoetako bat lanean dagoenean eta bestea ikasten ari bada, aurreko ataletan ezarritako baldintzetan.

IV.-Eskatzaileak egiaztatzea mendekotasun egoeran dagoela, desgaitasuna duela (%33 edo handiagoa), edo aldi baterako gaixotasuna dela eta medikuaren baja duela, betiere egoerak irauten duen bitartean eskolako jantoki orduetan adingabekoari arreta ematea eragozten badu.

V.–Eskola jantokirako laguntza-eskaera hauek soilik aintzat hartuko dira: bertaratzea erabilera egunen arabera (astelehenetik ostiralera) eta ikastetxe bakoitzeko jantokiko arduradunek ezarritako tarifen arabera biltzen dutenak. Laguntza erabilera-egunen arabera emanen da, eta gehieneko kopuru bat izanen du ondorengo taulen arabera.

VI.–Aintzat hartuko dira halaber, ez-ohikoak izanik, gizarte zerbitzuek eginiko aldez aurreko txostena izan gabe ere laguntza ematea beharrezkoa den egoerak.

Eskaerak aurkezteko epea.

2021-2022 ikasturterako eskaerak aurkezteko epea hiru alditan eginen da. Hilabete hauen 1etik 15era bitarte: 2021eko ekainean eta azaroan, eta 2022ko otsailean.

Udalaren webguneko eskaera-orria baliatuz eginen da eskaera.

Eskabidea aurkeztu ondoko hiletik hasita emanen dira laguntzak, salbu irailean.

Sarrigurenen, 2021eko maiatzaren 4an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L2107301