117. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZANGOZA

Deialdia, tuba-bonbardinoko irakasle lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa sistemaren bidez, Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako Udal Patronaturako, lan-kontratu mugagabeko araubidean eta lanaldi partzialean

2021eko martxoaren 29an, Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako Udal Patronatuko Batzarrak onetsi zituen deialdi baten oinarriak, bete zedin tuba-bonbardinoko irakasle lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez. Ondotik ematen dira oinarriak.

Zangozan, 2021eko apirilaren 28an.–Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako Udal Patronatuko burua.

OINARRIAK

Lehen oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da tuba-bonbardinoko irakasle lanpostu bat betetzea oposizio-lehiaketa bidez, Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako Udal Patronaturako.

Orobat, deialdi honen xedea da ondotik adierazten diren zerrendak eratzea, aldi baterako kontratatuak izateko izangaiekin, hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, 9. oinarrian xedatutakoarekin bat:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Nahiz eta ez egon probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendan, ariketa guztietan gutxienez probari esleitutako gehieneko puntuazioaren %30 lortu duten izangaien zerrenda.

1.2. Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako Udal Patronatuak onetsi du deialdi hau, eta harekin eginen da kontratazioa.

1.3. Lanpostua lan-araubide mugagabean beteko da, lanaldi partzialean: lanaldi arruntaren %30,21ekoa da gaur egun.

1.4. Hiru hilabeteko probaldia ezarriko da, bat etorriz indarreko hitzarmen kolektiboan ezarritakoarekin. Probaldian Patronatuko buruak kontratu harremana suntsiarazten edo hutsaltzen ahal du, emaitzak ez badira Musika Eskolaren nahiaren heinekoak.

1.5. Urteko ordainsari gordina izanen da plantilla organikoan une bakoitzean ezarrita dagoena Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako irakasleentzat, egiazki lan egindako orduen proportzioan, eta gainerako alderdietan jarraituko zaio Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako Patronatuak langileekin duen hitzarmenari.

1.6. Lanaldia eta araberako ordainsaria ikasturte bakoitzean murrizten edo handitzen ahal dira, segun eta zer bilakaera duen espezialitate horretako matrikula-kopuruak, indarreko hitzarmen kolektiboan ezarritako baldintzetan.

Bigarren oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako ezkontideek edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Edukitzea, gutxienez, espezialitate honetako erdi-mailako irakaslearen titulua, arau honen arabera emana: 2618/1966 Dekretua, irailaren 10ekoa, Musika Kontserbatorioen Erregelamendu Orokorrari buruzkoa. Edo, bestela, titulu baliokidea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

f) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen Legea), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da ez egotea epai irmo baten bidez kondenatua sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Betebeharra egiaztatzearren, Zangozako Udaleko idazkariari baimena eman beharko zaio ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez, edo, bestela, aurkeztu beharko da erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa.

Azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen lehiakideak frogatu beharko ditu aurreko betebeharrak, deialdi honetako zazpigarren oinarrian aurreikusitako epean eta moduan. Ulertuko da baldintza horiek betetzen direla eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta izendapenera arte bete beharko dira.

Hirugarren oinarria.–Eskabideak.

3. Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren:

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Aipatu eskabideak aurkeztu beharko dira Zangozako Udaleko erregistro orokorrean (Kale Nagusia, 31, Zangoza, 31400), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetakoren bat erabiliz (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea); kasu horretan, administrazio kontratatzaileari jakinaraziko zaio eskabidea igorri dela, telex bidez, telegramaz edo posta elektronikoz (sanguesa@sanguesa.es), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

c) Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik eta Zangozako Udalaren Erregistro Orokorrera igorri aurretik. Haietan, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela oposizio-lehiaketan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako.

d) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren I. eranskinean ageri da. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.sanguesa.es helbidean, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez, deialdia argitaratzen denean.

3.2. Izangaiek aurkeztu beharreko beste agiri batzuk.

a) NANaren fotokopia konpultsatua, edo baliokidea den nortasun agiriarena.

b) Jatorrizko frogagiria edo fotokopia konpultsatua, erakusten duena badaukala deialdi honen bigarren oinarriko b) apartatuan eskatutako titulazioa.

c) Curriculum vitaea eta alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiriak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

d) 15,00 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako da diru kopuru hori.

e) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, baldin eta Udaleko Idazkaritzari ez badio baimenik eman ziurtagiri hori eskatzeko. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautu zen erregistro hori.

Tasa hori eskudirutan ordaintzen ahal da, eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo ES05 2100 3698 5122 0006 1663 kontuan dirua sartuz edo transferentzia eginez, eta kasu horretan ordainagirian nahitaez jarri behar dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa/IFZ.

–Kontzeptua: Tuba-bonbardinoko irakaslearen oposizio-lehiaketa.

3.3. Aurreko ataletan ezarritakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

Laugarren oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Patronatuko buruak ebazpen bat emanen du, eta bertan onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian.

4.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitutakoan eta, halakorik bada, haiek ebatzi ondoan, Patronatuko buruak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Bosgarren oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako Patronatuko burua.

–Ordezkoa: Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako Patronatuako buruak izendatzen duena.

–1. epaimahaikidea: Musika Eskolako edo Kontserbatorioko musika-irakasle bat.

–Ordezkoa: Musika Eskolako edo Kontserbatorioko musika-irakasle bat.

–2. epaimahaikidea: Musika Eskolako edo Kontserbatorioko musika-irakasle bat.

–Ordezkoa: Musika Eskolako edo Kontserbatorioko musika-irakasle bat.

–3. epaimahaikidea: langileen ordezkariek izendatutako kide bat.

–Ordezkoa: langileen ordezkariek izendatutako kide bat.

–Kide-idazkaria: Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako irakasle bat.

–Ordezkoa: Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako irakasle bat.

5.2. Eraketa eta jarduna:

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute mahaiburuak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

Seigarren oinarria.–Oposizioaldia nola egin.

6.1. Oposizioko probak hasiko dira gutxienez ere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteren buruan.

Deialdi bakarra eginen da hautapenaldiko probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oro har, oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

6.1.1. Lehiaketaldia.

Musika eskoletako irakaskuntza-esperientzia baizik ez da baloratuko.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak onartutako musika eskola batean lan egindako lanaldi osoko urte bakoitzeko, 1,5 puntu. Urtebetetik beherako aldietarako edo lanaldi partzialerako, puntuazioa proportzionala izanen da.

Lehiaketaldiko puntuazioa, gehienez ere, 10 puntukoa izanen da.

6.1.2. Oposizioaldia.

a) Lehen ariketa, irakaskuntzari buruzkoa, praktikoa:

20 minutuz, oposiziogileak eskolak emanen dizkio musika eskolako ikasle bati, musika-tresnarekin hasi gabeko bati.

Gehienez ere 15 puntu emanen dira.

Baztertu eginen dira ariketa honetan 7,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

b) Bigarren ariketa, irakaskuntzari buruzkoa, praktikoa:

20 minutuz, oposiziogileak eskolak emanen dizkio musika eskolako ikasle bati, musika-tresnarekin hasia dagoen bati.

Gehienez ere 15 puntu emanen dira.

Baztertu eginen dira ariketa honetan 7,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

c) Jotzeko ariketa praktikoa:

Oposiziogile bakoitzak interpretatuko ditu bere instrumentuaren (tuba) errepertorioko obra bat edo batzuk, berak aukeratuak, gutxienez 15 minutuz eta gehienez 20 minutuz.

Aurkeztu beharko dira izangaiek aukeratutako lanen fotokopiak (4 kopia).

Izangaiek aukeratutako lanak aurkezteko epea hasiko da onartutako izangaien behin betiko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta bukatuko da 15 egun geroago.

Ariketa honetan, gehienez ere, 20 puntu lortzen ahalko dira, eta bazterturik geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

d) Hirugarren ariketa, irakaskuntzari buruzkoa, praktikoa:

Klase bat eman beharko zaio talde bati, 30 minutuz.

Talde hori talde instrumentala izanen da, osaturik egonen dena zurezko-haize instrumentuz, metalezko haize-instrumentuz, pianoz eta perkusioz.

Epaimahaiak, interpretazio-ariketa praktikoa amaitutakoan, bi obra emanen ditu, taldearen mailari egokituak, eta behar besteko denborarekin, izangai bakoitzak klasea prestatzeko aukera izan dezan.

Gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Baztertu eginen dira ariketa honetan 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

e) Ariketa teorikoa:

Izangai bakoitzak epaimahaiari aurkeztu beharko dio bere arloari buruzko programazio didaktiko bat (idatziz), Zangozako Juan Francés de Iribarren Musika Eskolaren planteamenduari egokitua.

Izangaiak 30 minutu izanen ditu, gehienez, bere programazioaren lerro nagusiak azaltzeko. Gero, eztabaida izanen da, 10 minutukoa gehienez, eta, hartan, epaimahaiko kideek bidezkoak iruditzen zaizkien galderak egiten ahalko dizkiete izangaiari, irakasgaiaz.

Programazio didaktikoa aurkezteko epea hasiko da onartutako izangaien behin betiko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta bukatuko da 15 egun geroago.

Ariketa honetan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baztertu eginen dira ariketa honetan 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

f) Azken puntuazioa:

Izangai bakoitzaren oposizioko ariketetako puntuazioa ateratzeko, eginen da epaimahaian parte hartzen duten kide guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa.

6.2. Azken balorazioa.

Hautatuko da puntuaziorik handiena eskuratzen duen izangaia, oposizioko atal guztietako emaitzak baturik.

Zazpigarren oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Juan Francés de Iribarren Udal Musika Eskolaren iragarki-taulan, gainditu dutenen zerrenda, oposizio-lehiaketako ariketetan lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta Udal Patronatuari igorriko dio, behar den izendapena egin dezan, hala badagokio.

7.2. Behin jasota aurreko apartatuan aipatutako jakinarazpena, epaimahaiak kontratazio-proposamena eginen du, puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.3. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Musika Eskolako Idazkaritzan:

a) Jaiotze aktaren ziurtagiria, Erregistro Zibilak emana, edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Zinpeko aitorpena edo hitzematea, adieraziz ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoen zerbitzuetatik.

c) Titulazioa, 2.1.c) apartatuan adierazitakoaren arabera.

7.4. Aipatutako epearen barrenean, eta salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan, interesdunak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da gauzatu lan-kontratua, eta jarduketa guztiek galduko dute balioa, galarazi gabe izan daitekeen erantzukizuna hasierako eskaerako faltsukeriagatik.

7.5. Aurreko apartatuan eta 1.4 apartatuan aurreikusitakoa gertatuz gero, puntuazioen zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko da lanpostua.

Zortzigarren oinarria.–Izendapena eta kontratazioa.

8.1. Udal Patronatuko buruak kontratua formalizatuko du.

8.2. 2021eko irailaren 1eko datarekin eginen da kontratua, baldin egun horretarako gauzatu badira deialdiko fase guztiak. Bestela, prozesua bukatutakoan.

Bederatzigarren oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien honako zerrenda hauek sortuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Nahiz eta ez egon probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendan, ariketa guztietan gutxienez probari esleitutako gehieneko puntuazioaren %30 lortu duten izangaien zerrenda.

9.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, eta Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako Udal Patronatuko kontratazioetarako zerrenda.

Hautapen probako epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Udal Patronatuko buruak ebazpena emanen du eta bertan onetsiko ditu gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda eta ariketa guztietan probari esleitutako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

Izangaiei aldi baterako kontrataziorako deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b artikulua eta hurrengoak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta Berriozarko Udalak onetsitako kudeaketarako arau indardunak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direlako frogagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, horretarako aurkeztuz jatorrizko agiriak edo kopia behar bezala konpultsatuak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte.

9.3. Sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Hamargarren oinarria.–Errekurtsoak.

10.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Patronatuko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

10.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Hori guztia, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2106840