117. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, informatika-sistemako arduradun lanpostu 1 betetzeko, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzurako

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2021eko apirilaren 12an, deialdia onestea erabaki zuen, honako oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Informatika-sistemako arduradun lanpostu 1, funtzionario araubidekoa eta A mailakoa, oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritu dadin.

1.2. Plaza Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko Alorrari atxikia eta plantilla organikoan 100200-1 zenbakiarekin identifikatua, honako txanda honetan banatuko da:

–1 lanpostu txanda irekian.

1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaio, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badago, aukeratzen ahalko du Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2. Betekizunak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikagarria duen eremuko estatu batekoa.

Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek -zuzenbidez bereizita ez badaude-, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Lizentziadun, Arkitekto, Ingeniari edo Gradudun titulua edo horietako baten baliokidea den titulu bat edukitzea, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte bete.

2.3. Aurreko betekizun horiek izendatuak izateko proposatutako izangaiek egiaztatu beharko dituzte deialdi honen oinarriek zehazten duten unean.

3. Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabilita, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan eta Interneten, www.pamplona.es/eu webgunean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

3.2.1. Ziurtagiria, izena emateko eskubide tasa dela-eta 25,00 euro Iruñeko Udalari ordaindu izana egiaztatzeko. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa Iruñeko Udalak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordaindu daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara banku-transferentzia eginez: Caixabank (ES04 2100 2173 8102 0022 2762), Laboral Kutxa (ES22 3035 0039 3403 9090 0005) eta Nafarroako Rural Kutxa (ES07 3008 0001 1411 0344 7429). Edo, bestela, Udaleko Diruzaintzan (Merkatuko kalea 7-9, 2. solairua). Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:

–Izangaiaren izen-abizenak.

–NAN / IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.

–Kontzeptua: Deialdia: Informatika-sistemako arduraduna.

3.2.2. Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudun batek emana- aurkeztu beharko dute. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte -beharrezkotzat joz gero-, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

3.2.3. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

3.2.4. Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du halako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4. Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik ebazpen honen bidez egindako deialdian abiatutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: José Fermín Costero Bolaños, Iruñeko Udaleko Estrategia Bulegoko zuzendaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Javier Morrás Iturmendi, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

Epaimahaikidea: Eduardo Tuñón Gonzalo, ANIMSAko Aplikazioetako zuzendaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Ricardo Fuertes Goñi, Aplikazioak Mantentzeko lanen arduraduna.

Epaimahaikidea: Ana Isabel Burgui Aldunate, ANIMSAko Azpiegituretako zuzendaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Daniel Lasaosa Medarde, ANIMSAko Komunikazioetako Departamentuko burua.

Epaimahaikidea: Rodrigo García de Galdiano Usúa, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Sergio Urdiciain Beortegui, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Idazkaria: Marta Martínez Llobet, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.

Idazkari ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2021eko urritik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak argitara emanen du, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es), proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioarekin batera, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, betiere, gutxienez, hura egin baino 48 ordu lehenago.

Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.3. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.4. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiaren II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eginen dira.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.5. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

6.5.1. Lehen proba.

Ariketa teorikoa da, eta izangaiek deialdi honen II. eranskinean jasotako gai-zerrendaren gaiei buruzko 100 galdera –test modukoak– gehienez erantzun beharko dituzte idatziz, gehienez ere 120 minutuko epean. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak eta nola zigortu akatsak erantzunetan hainbat aukera dituzten galderetan.

Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 15,00 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

6.5.2. Bigarren proba. Hizkuntzak.

Izangai guztiek ingeles-ezagutza egiaztatzeko proba egin beharko dute, eta hartan MCERLk erdiko azpimaila aurreraturako zehaztutako hizkuntza-gaitasunak (B2 mailaren baliokideak) egiaztatu beharko dituzte.

Probak ahozko partea eta parte idatzia edukiko ditu.

Bazter geratuko dira proban maila hori erakusten ez duten izangaiak. Emanen diren kalifikazioak “gai” edo “ez gai” izanen dira.

Behin lehen probaren kalifikazioak jendaurrean argitaraturik, Epaimahaiak NAPIri laguntza eskatuko dio ingeles-ezagutzako probak egiteko. Proba hori aurreko proba gainditu dutenek bakarrik eginen dute.

Horretarako, Epaimahaiak aditzera emanen du, NAPIrekin adostuta, zein toki, egun eta ordutan eginen diren hizkuntza-probak, eta horretarako proba horiek egin behar dituzten izangaiei zuzendutako deia argitaratuko du Udalaren webgunean.

Hirugarren probarako deituko dira bigarren proba Gai kalifikazioaz gainditu eta lehen proban notarik altuenak lortu dituzten 20 izangaiak. Izangai batzuk 20. postuan berdinduta izanez gero, horiek guztiak igaroko dira hurrengo probara.

6.5.3. Hirugarren proba.

Ariketa teoriko-praktikoa. Idatziz garatu eta ebatzi beharko dira, gehienez 4 orduko denboran, Deialdi honen II. Eranskineko gaitegian, “Alde Teknikoa” blokean, jasotako gaiei buruz Epaimahaiak proposatutako galderak eta kasuak. Epaimahaiak probaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten hura egiteko.

Hirugarren proban, izangai bakoitzak hura ahoz eta publikoki aurkeztu eta defendatu beharko du Epaimahaiaren aurrean, horretarako zehazten den datan (Udalaren webgunean argitaratuko da), gehienez ere 20 minutuz, eta Epaimahaiak izangaiak egindako ariketaren inguruko galderak egiten ahalko ditu, beste 10 minutuz.

Azalpenean, honako alderdi hauek baloratuko dira: aurkezpenaren kalitatea, beraren antolamendua, hizkuntzaren erabilera, komunikazio-trebetasunak eta epaimahaiak zehaztuko ditzakeen trebetasunak oro.

Hirugarren proban gehienez ere 70 puntu eskura daitezke. 70 puntu horietatik 50 idatzizko probari dagozkio, eta 20, ahozko azalpenari. Proba gaindituko dute gutxienez 35 puntu lortzen dituzten izangaiek.

6.6. Probak egiteko behar diren materialak Epaimahaiak zehaztuko ditu eta behar besteko denboraz jakinaraziko ditu www.pamplona.es helbidean.

Oposizioko hirugarren proba plika-sistemaren bidez eginen da.

6.7. Behin proba bakoitza amaituta, Epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.

7. Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari bidaliko dio, betekizunak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntuazio handiagoa lortzen dutenen alde ebatziko da, eta berdinduta segitzen badute, zozketa bakar batez ebatziko da horretarako deituko den ekitaldi publikoan.

Zozketaren emaitzak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.

8. Betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.

8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek aurkez ditzaten, horretarako ezarriko den bidea baliatuta, bete beharreko baldintzak egiaztatzeko agiri hauek:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluetako baten fotokopia konpultsatua edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena, edo, bestela, eskaera aurkezteko epea amaitu baino lehenago hura lortzeko egoeran egotearen gaineko ziurtagiria.

8.2. Behin izapide hori bete ostean, Giza Baliabideetako Zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsak –haien kopurua handitzen ahalko da, gerora onets daitezkeen lan-eskaintza publikoei jarraikiz–, izangaien zerrenda –lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio–ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat- eta lanpostu hutsak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostuetatik zein nahiago duten.

9. Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu dituzten izangaien alde, deialdian zenbat lanpostu eskaini eta horren arabera.

Izendapen-proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.2. Proposatzen diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko deklarazio bat edo deklarazio solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazirik.

e) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

9.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.

9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoak ez diren baina Iruñeko Udala bere eskumenak gauzatuz eska daitekeen beste edozein agiri, proposatutako izangaiari eskatuko zaio eta hark aurkeztuko du deialdiaren 9.2. atalean ezarritakoarekin bat.

10. Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du, lanpostuan aritzeko, eta lanpostu hutsa esleituko dio aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiari.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 9.4. zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.

10.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.

10.4. Aurreko bi puntuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

11. Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak www.pamplona.es udal-webgunean argitaratuko dira.

12. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren menpeko erakundeetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, hautaketa-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:

–Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

–Lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetakoren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

12.2. Giza Baliabideetako zuzendariaren Ebazpenaren bidez hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik aitzina, hautapen-prozesuan plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaiei eta deialdi honen hautaprobaren bat gainditu dutenei, jarraian adierazten diren agiriak aurkezteko:

–Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluen agiri originala edo administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopia, edo horiek erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.

Ebazpen hori argitara emanen da, dagokien langileen zerrendekin batera, Iruñeko Udalaren webgunean.

12.3. Adierazitako epearen barnean eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak zein eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe parte-hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

12.4. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.5. Behin agiriak aurkezteko epea amaituta, Giza Baliabideetako zuzendariak eman beharreko ebazpenaren bidez onetsiko dira, hala behar izatera, aldi baterako kontrataziorako honako izangai-zerrenda hauek -eta argitara emanen dira Iruñeko Udalaren webgunean:

a) Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetakoren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

12.6. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera. Halaber, lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez dutenen izangaien hurrenkera, gainditutako proba-kopuru handienaren arabera zehaztuko da, lehenik eta behin, eta, bigarrenik, gainditutako probetan guztira lortutako puntuaziorik altuenaren arabera.

Izangaiek lortutako puntuetan berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

12.7. Aurreko atalean ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Zazpigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioen zerrendan, hiru lanpostuetako lehena erreserbatuko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonentzat, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa eta gainditutako proba-kopurua kontuan harturik.

13. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.

Iruñean, 2021eko apirilaen 12an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Ana María Elizalde Urmeneta.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gaitegia

–Parte orokorra.

1. Administrazio-zuzenbidearen iturriak. Iturrien hierarkia. Legea. Lege-indarra duten Gobernuaren xedapenak: lege-dekretua eta legegintzako dekretua. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Administrazio-zuzenbidearen bestelako iturriak.

2. 1978ko Espainiako Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Egitura eta edukia. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatu-administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

3. Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.

4. Europako Erkidegoko zuzenbidea: iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta Zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, Zuzentarauak eta Erabakiak. Harremanak Europako Erkidegoko zuzenbidearen eta Batasuneko estatuetako ordenamendu juridikoaren artean. Politika Erkideak.

5. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoen hautaketa. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio-karrera. Egoera administratiboak. Lanpostu-hornikuntza. Eskubideak eta betebeharrak.

6. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituena: Udalerria. Eskumenak. Eskumenak. Araubide erkideko udalerrien antolaketa.

7. Biztanleria handiko udalerrien antolaketa. Iruñeko Udalaren antolaketa politikoa eta administratiboa: Udal Gobernua. Osoko Bilkura. Alkatea. Alkateordeak. Gobernu Batzarra.

8. Iruñeko Udalaren Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoa. Iruñeko Udalaren Gobernua eta Administrazioa: Gobernu Alorrak eta haien barne egitura. Xedapen orokorrak. Informazio-eskubidea. Osoko Bilkuraren antolaketa. Aurrekontuak. Batzordeak. Kudeaketa ekonomiko finantzarioa.

9. Udal Antolaketari buruzko dekretua (21-JUN-19). Egitura. Zuzendaritzen eta Idazkaritzen Araubidea. Eskumen-banaketa alorrez alor.

10. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako: Berdintasun-printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa.

11. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Erakundeen antolaketa-sistema berdintasunerako. Berdintasun-eskubidea bermatzeko mekanismoak.

12. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: administrazio-prozedura: kontzeptua, izaera eta printzipio orokorrak. Prozeduraren faseak. Administrazio-errekurtsoak: Kontzeptua eta motak. Administrazio-egintzak: Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IKTen alderdiak 39/2015 Legean.

13. Iruñeko Udalaren Administrazio Prozedura Erkidea eta Araubide Juridiko Elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.

14. Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jardute- eta funtzionamendu-printzipioak urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio Publikoen organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.

15. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua. Kontratistak. Kontratu-tipologia eta araubide juridikoa. Publikotasun-arauak eta esleipen-prozedurak.

16. Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorra: Xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzak itzultzea.

17. Informazio- eta komunikazio-teknologien inpaktua gizartean. Eten digitala. Harremanetarako eta informazioa kontsumitzeko aztura berriak.

18. Zerbitzu publikoen kalitatea eta IKTen rola horiek modernizatzeko. Legeria informazio-gizartearen eta administrazio elektronikoaren esparruan, Espainian eta Europan.

19. Asociación Navarra de Informática Municipal S.A. (ANIMSA). Jatorria eta bilakaera. Funtzioak, eginkizuna eta ikuspegia. Produktuak eta zerbitzuak. Entitate elkartuak. Iruñeko Udalari eman behar dion Informatika Zerbitzuen enkargua.

20. Nafarroa 2030eko Estrategia Digitala.

21. Nafarroako Sektore Publiko Instituzionala. Entitateak, egitura organikoa, funtzioak eta eskumenak, eta haren harremanak Iruñeko Udalarekin.

22. 2030eko Agenda eta Garapen Jasangarriko helburuak.

23. Iruñeko Hiri Agenda. 2030eko Estrategia.

24. Berreskuratze Plana Europarako. Next Generation EU. Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana-Espainiak Ahal du.

25. Europar proiektuen kudeaketa: Europar finantziazio-ingurunea. Europar proiektuaren bizi-zikloa. Europar proiektuen kudeaketa. Europar proiektuen lege-alderdiak.

26. RED.es (Sareak). Toki-entitateendako laguntzak. Hiri-sareak: RECI (Hiri Adimentsuen Espainiako Sarea) eta Innpulso Sarea.

27. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Pertsona Fisikoen Babesari buruzko Datu Pertsonalen Tratamenduari dagokionez: Xedapen Orokorrak. Printzipioak. Interesdunen eskubideak. Tratamenduaren arduraduna eta tratamendu-eragilea.

28. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. Datuen babesaren printzipioak. Datuak Babesteko Espainiako Agentzia.

–Parte teknikoa.

29. Informazio-sistemetako eta -teknologietako zuzendariaren estrategia, helburuak eta eginkizunak Administrazioan. Antolaketa eta kudeaketa organismoen segurtasunerako.

30. Baliabideak optimizatzea: Elkarreragingarritasuna, estandarizazioa eta eskala-ekonomia. Informazioaren bizi-zikloa. Legacy teknologiak, mantentzen eta bilakatzen. Berritzeko aukeren identifikazioa, negozio-beharrei dagokienez.

31. Informazio-sistemak: definizioa, egitura eta dimentsionamendu eraginkorra.

32. Sistemen eta faseen bizi-zikloaren kontzeptua. Bizi-zikloaren ereduak.

33. Informazio-sistemetako zentro baten antolaketa eta funtzionamendua. Garapen-funtzioak, mantentzea, sistemak, datu-baseak, komunikazioak, segurtasuna, kalitatea, mikroinformatika eta erabiltzaileendako arreta.

34. Informatika-auditoretza. Kontzeptua eta edukiak. Administrazioa, plangintza, antolaketa, azpiegitura teknikoa eta praktika operatiboak.

35. Sistema-eskuratzea: aukeren azterketa, bideragarritasunaren ebaluazioa eta erabaki-hartzea.

36. 4/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala Administrazio Elektronikoaren esparruan arautzen duena.

37. Administrazio Digitalaren Idazkaritza Orokorreko Zerbitzu Katalogoa: Cl@ve, Herritar Karpeta, SIR (erregistroak elkar lotzeko sistema), Apodera, Datuen arloko Bitartekotza Plataforma, SIA, DIR3, DEH, Notific@, Azpiegitura Komunak, Sare-balidazioko eta interkonexioko plataformak, Beste zerbitzu batzuk.

38. 25/2013 Legea, abenduaren 27koa, faktura elektronikoa sustatzekoa eta Sektore Publikoan fakturen kontularitza-erregistroa sortzekoa.

39. Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoaren eta Herritar-karpetaren zerbitzuak.

40. 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.

41. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17ko, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: Xedapen Orokorrak. Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

42. Proiektuen kudeaketa: Proiektuen kontzeptu-markoa, definizioa eta ezaugarriak. Proiektuen bizi-zikloa. Proiektu baten prozesuak. Prozesu-multzoak. Proiektuen kudeaketako ezagutza-arloak: proiektuaren integrazioa, irismena, kronograma, kostuak, kalitatea, baliabideak, komunikazioak, arriskuak eta eskuratzeak.

43. Sistemak ezartzea: Ekoizteko abiatzea. Zerbitzu-maila: zerbitzuen zehaztapena, profil beharrezkoak eta prozedurak. Aldaketaren kudeaketa.

44. Software-garapenaren bizi-zikloa. Metodologia prediktiboak: garapen teilakatua. Metodologia iteratiboak: RUP. Metodologia arinak: Scrum, Kanban eta abar. Laguntza-tresnak.

45. Zerbitzuen kudeaketa: ITIL. Konfigurazioaren kudeaketa. Aldaketen kudeaketa. Ekiteen kudeaketa. Zerbitzu mailaren kudeaketa. Erabilgarritasunaren kudeaketa. Edukieraren kudeaketa. Finantza-kudeaketa. Erabiltzaileendako laguntza, Service Esk baliabidea. Gorabeheren eta arazoen kudeaketa. Zerbitzu-eskaeren kudeaketa. Eskalazioa. Katalogoak.

46. Zehaztapenak zedarritzeko estrategiak: Elkarrizketak, Objektuei zuzendutako analisia eta diseinua. Erabilgarri dauden sistemen deribazioa, Analisiak eta Prototipoak. UML.

47. Objektuei zuzendutako analisia eta diseinua. Erabilera-kasuak eta erabiltzaile-historiak.

48. Datu-baseak kudeatzeko sistemak. Datu-base erlazionalak. Ezaugarriak eta elementu eratzaileak. SQL hizkuntza. Konektagarritasunaren estandarrak: ODBC, JDBC -

49. Marka- edo etiketa-hizkuntzak. Ezaugarriak eta funtzionaltasunak. HTML, XML, XSD, XSLT eta haien deribazioak. Script hizkuntzak: Java Script, PHP.

50. Garapenaren bizi-zikloa. Inguruneak eta garapen-tresnak. Integrazio jarraitua. Proba unitarioak, funtzionalak eta integraziokoak. Softwarearen kalitatea eta neurria. Ereduak, adierazleak, arauak eta estandarrak.

51. Kode irekiko softwarea. Software librea. Kontzeptuak. Lizentzia motak.

52. Web-zerbitzuak: estandarrak, protokolo elkartuak, elkarreragingarritasuna eta segurtasuna.

53. Gailu mugikorretarako aplikazioen garapena. Aplikazio-motak: web, natiboak, hibridoak. Web-aplikazioak mugikorretarako: erantzungarritasuna, web-aplikazio progresiboak. Web-aplikazio natiboak: garapen-frameworks Androiderako, iOSerako. Aplikazio hibridoak: garapen-frameworks.

54. Datuak Prozesatzeko Zentroak (DPZ-CPD): Tipologiak. Diseinua. Kudeaketa. Erabilgarritasun handia.

55. Zerbitzarien kudeaketa. Windows eta Linux sistema eragileak. Administrazio zentralizatuko tresnak.

56. Zerbitzari-azpiegituren birtualizazioa. Birtualizazio-motak: Zatiketa fisikoa, Sistema Eragilearen gaineko Birtualizazioa eta HWren gaineko (Bare-Metal) Birtualizazioa.

57. Lanpostua: Sistema eragileak. Lizentzien kudeaketa. Euskarria. Inbentarioa. Lanpostuaren Birtualizazioa. Telelanaren irtenbideak.

58. Biltegiratzeko azpiegitura. NAS sistemak. SAN sistemak. Fiber Channel sareak. Softwarek zedarritutako Biltegiratzea.

59. Software-banaketa. Politikak. Tresnak.

60. Cloud Computing. Oinarrizko printzipioak. Principios básicos. Hodei-zerbitzuak: IaaS, PaaS, SaaS. Hodei pribatuak, publikoak eta hibridoak.

61. Negozioko Jarraitutasun-plana. ISO 22.301.

62. Belaunaldi berriko sareak eta zerbitzu konbergenteak (NGN/IMS). VoIP, ToIP eta komunikazio bateratuak.

63. SmartCityrako sareak-LoRa, LoRaWAN, NB-IoT, 5G, SIGFOX.

64. Ziber-krimena: erasotzaileen motibazioa. Zaurgarritasunak eta exploit-ak. Erasotzeko taktikak eta teknikak eta mitigazio-teknikak.

65. Informazio-segurtasuna kudeatzeko sistemak. ISO27000.

66. Segurtasun perimetrala. Su-hesiak: motak eta teknologiak. Su-hesiak egoeren ikuskapenerako. Aplikazioen su-hesiak (NGFW). Web-aplikazioen su-hesiak (WA). IDSs eta IPSs Datu-baseen su-hesiak. Web-iragazketa sistemak.

67. Segurtasuna lanpostuan. Malware motak. Anti-malware sistemak.

68. Kriptografia. Gako pribatuko eta publikoko sistemak. Ziurtagiri elektronikoak.

69. Europar Parlamentuaren eta 2014ko uztailaren 23ko Kontseiluaren UE 910/2014 Erregelamendua, Identifikazio elektronikoari eta barneko merkatuetako transakzioetarako konfiantza-zerbitzuei buruzkoa, 1999/93/CE Zuzentaraua indargabetzen duena.

70. Identitateen eta autentifikazioaren kudeaketa-sistemak. Single Sign On. Autentifikazio-sistemak: ezagun den zerbaitetan oinarritutako sistemak, jabetzan den zerbaitetan oinarritutako sistemak, autentifikazio biometrikoaren sistemak. Faktore anitzeko autentifikazio-sistemak. Sarrera direktorioetara: LDAP.

71. Segurtasuna aplikazioen bizi-zikloan. Aplikazioen garapen segurua. BSIMM Eredua eta OWASP Eredua.

72. Informazioaren segurtasuneko hitzorduen ikusgarritasuna, zaintza eta ustiapena. SIEM sistemak.

73. Gorabeheren kudeaketa. CERT. CCN-CERT.

74. 3/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Segurtasun Eskema Nazionala Administrazio Elektronikoaren esparruan arautzen duena.

75. Informazio-arkitektura weberako. Web-orrien tipologia. Audientziaren segmentazioa. Atari korporatiboak, herritarrengana, langileengana eta laguntzaileengana zuzenduak. Irisgarritasuna, diseinu unibertsala eta erabilgarritasuna. Gailu askotarako argitalpenak. Eduki-kudeatzaileak. SEO posizionamendua, bilaketa- eta indexazio-motoreak eta crawler-spider-ak.

76. Ezagutzaren kudeaketa. Eduki-kudeatzaileak. Dokumentu-kudeaketa. Bilaketa-motoreak. Lankidetza-tresnak hodeian.

77. Datuaren gobernantza. Datuaren eta metadatuaren kalitatea.

78. Irisgarritasuna, diseinu unibertsala eta erabilgarritasuna: 1112/2018 Errege Dekretua, irailaren 7koa, Sektore publikoko webguneen zein gailu mugikorrerako aplikazioen erabilerraztasunari buruzkoa. WCAG arauak. Informazioaren gizartearekin loturiko teknologia, produktu eta zerbitzuen erabilgarritasuna.

79. Negozio-sistemen inteligentzia (Business Intelligence). Oinarrizko kontzeptuak. Arkitektura. ETL prozesuak. Aginte-koadro integralen, adierazleen eta erabakiak hartzera zuzendutako sistemen analisia eta diseinua.

80. Geografia-informazioko sistemak. Oinarrizko kontzeptuak eta funtzionalitatea. Elkarreragingarritasuna geografia-informazioko sistemetan.

81. Datu-base ez-erlazionalak eta Big Data: datu-multzo masiboen eskuratzea, analisia, eraldaketa, biltegiratzea eta ustiapena.

82. Smart Cities eta Smart Regions. Kontzeptua. Eboluzioa Europan, estatuan, Nafarroako Foru Komunitatean eta tokian-tokian. Smart Cities-ei loturiko teknologiak. Sentsorizazioa, Gauzen Interneta (IoT) eta Big Dataren kudeaketa. Hiri-plataformak. FIWARE, NGSI-LD Datu harmonizatuen ereduak. Biki digitalak.

83. Bideokonferentzia-sistemak. Lan-dinamikako tresnak. Zerbitzu-dimentsionamendua eta -kalitatea komunikazioetan eta aretoen zein ekipoen egokitzapenean. Bideo-streaming-a. Osoko bilkuretarako emankizun-sistemak eta bideoakta.

84. Posta elektronikoko sistemak. Hartzaileen, konektoreen eta mezularitza-protokoloen administrazioa.

85. Telekomunikazio-sistemak. Sailkapena eta teknologiak. TCP/IP protokoloak. VPN sareak. IPsec.

Iragarkiaren kodea: L2107499