117. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3184/2021 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen martxoaren 13ko 1653/2018 Ebazpena, salbuespeneko behin-behineko gaikuntza kasu berri bat sartuz. Ebazpen horren bidez, salbuespeneko gaikuntza eta behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedurak onetsi ziren Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuetako gerokultoreen, zaintzaileen eta etxez etxeko laguntzako laguntzaileen eta laguntzaile pertsonalen lanbide kategorietarako.

Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak 34. artikuluan ezarritakoarekin bat, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde-kontseiluari dagokio zentroak, zerbitzuak eta entitateak egiaztatzeko irizpide komunak ezartzeko eskumena, deusetan galarazi gabe autonomia erkidego bakoitzak eta Estatuko Administrazio Orokorrak dituen eskumenak.

Horrenbestez, Lurralde-kontseilu horrek, 2015eko urriaren 7an egindako bilkuran, erabaki zuen Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuak egiaztatzeari buruzko 2008ko azaroaren 27ko Erabakia partez aldatzea.

Sektorean enpleguaren egonkortasuna bermatzeko asmoz, 2017ko urriaren 19ko Erabakiaren bidez partez aldatu zen Pertsonen Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde-kontseiluaren 2008ko azaroaren 27ko Erabakia. Hala, salbuespeneko gaikuntza lortzeko prozedura bat ezarri zen lan esperientzia frogatua duten pertsonentzat, eta, orobat, behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedura bat, lan egin badute ere, esperientziaren betebeharra betetzen ez dutenentzat, baldin eta hitz ematen badute parte hartuko dutela autonomia erkidegoek edo estatuek ebaluatzeko eta lana egiaztatzeko antolatzen dituzten prozesuetan edo eginen dutela kasuan kasuko profesional-ziurtagiriei edo lanbide heziketako tituluei lotutako prestakuntza.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen martxoaren 13ko 1653/2018 Ebazpenaren bidez, salbuespeneko gaikuntza eta behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedurak onetsi ziren Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako lanbide kategorietarako.

COVID-19aren ondoriozko pandemia egoeraren aurrean, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde-kontseiluaren 2020ko martxoaren 20ko Erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Gizarte Eskubideetako Estatu Idazkaritzari 2008ko azaroaren 27ko Erabakia alda zezan, presazko arrazoiengatik eta aldi baterako, salbuespeneko kontratazio araubide berri bat ezartzeko mendekotasunaren sistemako lanbide kategorietan, COVIDaren ondoriozko pandemia zela eta.

Osasun egoeraren iraunkortasuna eta sektorean langileak kontratatzeko behar bereziak direla eta, Lurralde-kontseiluaren 2020ko urriaren 2ko Erabakiaren bidez aldi baterako salbuespeneko kontratazio araubidea ezarri zen berriz, bai eta salbuespeneko behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedura berri bat ere, Lurralde-kontseiluaren 2008ko azaroaren 27ko Erabakia aldatuz, hirugarren artikuluari bi apartatu berri (5.bis eta 5.ter) gehitzen baitzaizkio. Artikulu horrek langileen salbuespeneko aldi baterako kontratazio araubide berria erregulatzen du, Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako lanbide kategorietan.

Era berean, paragrafo bat gehitzen zaio hirugarren artikulu horretako 3. puntuari, behin-behineko gaikuntzari buruz. Horren arabera, ahalbidetzen da honako pertsona hauek behin-behinekoz gaitzea, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko asmoz: 2017ko abenduaren 31n data hori baino lehen lan egin dutenak (erabaki horretan ezarritakoa betez) eta beren zerbitzuak emateko kontratatuak izan direnak bat etorriz Lurralde-kontseiluaren 2020ko urriaren 2ko Erabakiaren 5.bis eta 5.ter puntuetan aurreikusitako salbuespeneko kontratazio araubideekin (erabaki horrek Lurralde-kontseiluaren 2008ko azaroaren 27ko Erabakia aldatzen du).

Lurralde-kontseiluaren Erabakiaren 5.bis eta 5.ter puntuetan hauxe adierazten da:

“5.bis. Salbuespenezko aldi baterako araubidea COVID-19aren ondoriozko pandemia egoeraren aurrean.

Egiaztatzen bada ez dagoela beharrezko titulazio berariazkoak dituen enplegu eskatzailerik zentro edo erakunde soziala dagoen lekuan, laguntza pertsonaleko zerbitzua ematen den eremuan edo etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen den tokian, gune horietako edozeinentzat eskatutako titulazioren bat duten pertsonek betetzen ahalko dituzte eginkizun horiek.

Lehen aipatutako titulaziorik ez duen enplegu eskatzailerik ere ez badago, eginkizun horiek bereziki betetzen ahalko dituzte mendekotasun egoeran dauden pertsonenganako arretan eta zaintzan esperientzia duten titulaziorik gabeko pertsonek. Zerbitzuak ematen dituzten entitateek gainbegiratzea eta prestakuntza praktikoa bermatu beharko dute lantokian, pertsona horien lanbide gaitasunak hobetu ahal izateko.

Salbuespenezko araubide hau hasieran hiru hilabeteko epean egonen da indarrean, hura argitaratzen denetik, eta Lurralde-kontseiluaren erabaki berri baten bidez luzatzen ahalko da, hiru hilabeteko edo gutxiagoko epeetarako, nolakoak diren osasun krisiaren bilakaera eta horren ondoriozko antolaketako eta laguntzako premiak.

Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duten Administrazio Publikoei dagokie behar diren ebazpenak, xedapenak eta interpretazioko jarraibideak ematea, salbuespeneko behin-behineko araubide hau aplikatzeko.

5.ter. Langileen salbuespeneko kontratazio araubide berri bat ezartzen da Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako lanbide kategorietan, 5.bis puntuan definitutako modu eta betebehar berberekin. Araubide hau hasieran hiru hilabeteko epean egonen da indarrean, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde-kontseiluaren 2020ko urriaren 2ko Erabakia argitaratzen denetik, eta Lurralde-kontseiluaren erabaki berri baten bidez luzatzen ahalko da, hiru hilabeteko edo gutxiagoko epeetarako, nolakoak diren osasun krisiaren bilakaera eta horren ondoriozko antolaketako eta laguntzako premiak.

Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duten Administrazio Publikoei dagokie behar diren ebazpenak, xedapenak eta interpretazioko jarraibideak ematea, salbuespeneko behin-behineko araubide hau aplikatzeko”.

Aldaketa honek aipatutako salbuespeneko behin-behineko gaikuntza kasua gehitzen dio martxoaren 13ko 1653/2018 Ebazpenari. Kasu hori aplikatuko zaie COVID-19ak eragindako pandemia egoeraren ondoriozko alarma-egoera deklaratu zenetik salbuespenez kontratatuak izan direnei.

Horrenbestez, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde-kontseiluak 2020ko martxoaren 20ko Erabakian ezarritakoarekin bat, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen martxoaren 1653/2018 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira salbuespeneko gaikuntza eta behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedurak Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuetako gerokultoreen, zaintzaileen eta etxez etxeko laguntzako laguntzaileen eta laguntzaile pertsonalen lanbide kategorietarako. Aldaketaren bidez, hirugarren apartatuan, behin-behineko gaikuntzari buruzkoan, gaikuntza kasu bat sartzen da, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde-kontseiluaren 2020ko urriaren 2ko Erabakiaren bigarren puntuan aurreikusitakoa, honela:

Era berean, behin-behinekoz gaitzen ahalko dira, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde-kontseiluaren 2008ko azaroaren 27ko Erabakian finkaturiko baldintzetan, erabaki horren b) apartatuko hirugarren irizpideko 5.bis eta 5.ter puntuetan aurreikusitako salbuespeneko kontratazio araubideekin bat etorriz zerbitzua emateko kontratatuak izan diren pertsonak.

Pertsona horiek hitz eman beharko dute, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, parte hartuko dutela autonomia erkidegoek edo estatuak lan esperientzia egiaztatzeko eta ebaluatzeko antolatzen dituzten prozesuetan, edo kasuan kasuko profesional-ziurtagiriei edo lanbide heziketako tituluei lotutako prestakuntza eginen dutela.

Eskaera ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita tramitatzen ahalko da. Horretarako, ebazpen honetan ageri den eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko da, lan bizitzaren txostena gehituta eta lan esperientzia frogatzen duten enpresa-ziurtagiriekin edo lan-kontratuen kopiekin batera.

Salbuespenezko behin-behineko gaikuntza honek Estatuko lurralde osoan izanen du balioa, 2022ko abenduaren 31ra arte”.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 29an.–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea, Inés Francés Román.

Iragarkiaren kodea: F2107118