117. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

112/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Iruñeko Erruki Etxea zentroko egoiliarrek jaso beharreko gutxieneko arreta zerbitzu funtsezkoak arautzen dituena, egoitza horretako enpresa batzordeko kideek 2021eko apirilaren 21erako eginiko greba deialdia dela-eta.

Susana Laya Muñoz andreak, Pedro Jiménez Gazpio jaunak, M.ª Mar del Río Romeo andreak, Jose Mari Elio Torres jaunak, Ana Rey Álvarez andreak, Nerea Izu Ruiz andreak, M.ª Angeles Andrés Camarero andreak, Javier Soto Enériz jaunak, Judith Colomo Alcolea andreak, Sonia Rivera Benavente andreak, José Fco. Irujo Cortés jaunak eta M.ª Teresa Perales Pérez andreak, ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuetako enpresa batzordeko kide gisa, erregistroan 2021eko apirilaren 10ean sartu zen idazki baten bidez, grebara deitu dute apirilaren 21erako, lanaldi osorako, laneko 3 txandetan, Iruñeko Erruki Etxea egoitzan.

Egindako jakinarazpenean, aipatu diren enpresa batzordeko kideek adierazi dute greba batzordea idazkiaren idazpuruan ageri diren pertsonek osatzen dutela eta langileen legezko ordezkariak direla.

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Adineko pertsonentzako egoitzak ezin dira eskutik utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke.

Egoitza horiek beren instalazioetan egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsonak hartzen dituzte. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, hori gabe kalte larriak izaten ahal baitituzte osasunean.

Grebarako deialdia dela eta, egoitzako arreta zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, gizartearentzako funtsezko zerbitzua da, eta haren hartzaileak adineko pertsonak eta/edo mendekotasunak dituztenak direnez, gorabehera larriak gerta daitezkeela hartu behar da kontuan. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubideak lehentasuna dauka grebarako eskubidearen aurrean, eta botere publikoek babestu behar dituzte, izatez, gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.

Beraz, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatu, eta erabiltzaileen ongizate pertsonala babesteko eskubidea bermatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 28., 49. eta 50. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroako Foru Komunitateak hartua du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluaren arabera.

Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, aintzat hartu dira egoiliarrek greba egunean behar dituzten zerbitzuak eta arreta, kontuan harturik, betiere, beraien autonomia maila eta behar duten laguntza, egiten diren jarduerak, langileek esleituta dituzten eginkizunak, zentroko egoiliarrek hartzen dituzten zerbitzuak eta grebaren iraupena.

Egoitza zentroan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira. Hori horrela, uste da igandetan zerbitzuak ematen dituzten langileen ratioak betetzen dituela proportzionaltasun eta arrazionaltasun irizpide horiek, eta horrekin bermatzen dela egoiliarren zaintza egokia, bai eta grebarako eskubidea ere.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikulua, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Iruñeko Erruki Etxea egoitzako enpresa batzordeko kideek, arestian aipatutakoek, 2021eko apirilaren 21erako deitutako greba eginen da igandetako langileentzat finkatuta dauden gutxieneko eta funtsezko zerbitzuak errespetatuz.

Bigarrena.–Aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak egoitzako erabiltzaileak zaindu ohi dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileek eginen dituzte.

Hirugarrena.–Lehen atalean aipatzen diren gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzurik ez egitea edo zerbitzua edonola ere aldatzea legez kanpokotzat joko da ondorio guztietarako, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat. Betetzen ez dutenek edo araua hausten dutenek erantzun egin beharko dute.

Laugarrena.–Aurreko puntuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

Bosgarrena.–Foru agindu hau Iruñeko Erruki Etxeko greba batzordeari jakinaraztea; helbide hau dute deietarako eta jakinarazpenetarako: Iruña, Iturralde y Suit z.g. (ELA sindikatu konfederazioa).

Seigarrena.–Foru agindu hau zentroko zuzendaritzari igortzea (Gaztelugibel kalea, 1, Iruña).

Zazpigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen baditu ere.

Zortzigarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 19an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2106276