117. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko maiatzaren 5ean hartua, zeinaren bidez adierazten baita presakoa dela “Iruñeko Ingurabidearekiko lotune berria: Lezkairuko Zaldua-Mutiloartea, 1. fasea” egiteko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak martxoaren 16an emandako 39/2012 Foru Aginduaren bidez (2012ko 70. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 13koa), hasiera eman zitzaion “Iruñeko Ingurabidearekiko lotune berria: Lezkairuko Zaldua-Mutiloartea, 1. fasea” egiteko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedurari, eta proiektua jendaurrean jarri zen.

Sustapeneko kontseilariak uztailaren 23an emandako 18/2012 Foru Aginduaren bidez, “Iruñeko Ingurabidearekiko lotune berria: Lezkairuko Zaldua-Mutiloartea, 1. fasea” eraikitzeko proiektua jendaurrean egoteko epea ebatzi zen, eta proiektua behin betiko onetsi.

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak adierazi du proiektu horretan zehazten direla Mendillorritik Iruñeko ingurabiderantz ateratzeko trafikoa bideratzeko beharrezkoak diren obrak. Hortaz, gomendagarria da obrak lehenbailehen hastea, eta, beraz, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, beharrezkoa da adieraztea presakoa dela ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa; hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Adieraztea presakoa dela “Iruñeko Ingurabidearekiko lotune berria: Lezkairuko Zaldua-Mutiloartea, 1. fasea” egiteko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Ukitutako ondasun eta eskubide horiek eskuratzeko, 65.117,80 euroko gastua kalkulatu da, zeina 2021eko gastu-aurrekontuko “Suspertu plana. Iruñeko Ingurabidearekiko lotune berria: Lezkairuko Zaldua-Mutiloartea” izeneko 220002-22100-6010-453226 partidaren kargura ordainduko baita.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau igortzea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta departamentu horretako kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2107271