115. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21E/2021 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzen deialdi bat, lehiakortasuna hobetzen laguntzeko Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainei. DDBN identifikazioa: 556858.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak bultzatu ohi du turismo sektorean inbertsioak egitea, turismo arloko azpiegituren eskaintza modernizatzeko, Nafarroaren irudiarekin bat datorren kalitate maila eduki dezan, kalitate maila ezin hobeak alegia; eta gainera, sektorearen eraldaketa digitala lortzeko prozesua bultzatu nahi du.

Jarduketa hori aurreikusita dago Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoan (2018-2025), honako izena daraman helburu estrategikoaren barruan: “enpresa sarea indartzea eta turismoaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea”. Helburu estrategiko horrek turismoko instalazio eta azpiegiturak modernizatu eta egungo bezeroaren beharrizan eta gustuetara egokitzea planteatzen du, sektorearen, eta, beraz, destinoaren lehiakortasuna hobetzen lagunduko duelakoan, ezinbestean.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du dirulaguntzak emateko hurrenkera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia onestea, lehiakortasuna hobetzen laguntzeko Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainei.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 615.000 euroko gastua baimentzea, bete daitezen dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak; 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83130-7709-432100 Suspertu Plana Dirulaguntzak turismoko enpresa txiki eta ertainei. Lehiakortasuna hobetzea (PET.M307-8-9).

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdiaren honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko apirilaren 9an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Dirulaguntzen deialdia Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainek lehiakortasuna hobetzeko. Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak arautzea. Aipatutako dirulaguntzak dira ETE horiek inbertsioak egiteko, establezimendu turistikoak hobetzeko eta berritzeko, Nafarroako bidaia agentzien, turismo aktiboko edo/eta kulturaleko enpresen ekipamendua hobetzeko, baita sektorearen eraldaketa digitalaren prozesuan beharrezkoak diren ekipamenduak eta garapen teknologikoak inplementatu eta bultzatzeko ere.

Deialdi honen xedea da turismoko azpiegituren kalitatea mantendu, sendotu eta hobetzea, turismoaren sektorea indartzearren eta lehiakorragoa izatearren, horrela Nafarroak destino gisa duen irudi orokorra hobetzen laguntzeko.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 615.000 eurokoa da, honela banaturik:

ESKAERA

MOTA

ESTABLEZIMENDU TURISTIKO,

ENPRESA EDO PROIEKTU MOTA

ZENBATEKOA

A

Hotel-establezimenduak

200.000

B

Landetxeak eta apartamentu turistikoak

90.000

C

Kanpaleku turistikoak

80.000

D

Aterpetxeak

40.000

E

Turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak

40.000

F

Jatetxeak

80.000

G

Bidaia agentziak

25.000

H

Garapen teknologikorako inbertsioak

60.000

Zenbatekoa, guztira

615.000

Mota baten eskaera guztiei heldu ondoan kreditu erabilgarririk badago, beste establezimendu mota batzuen eskaeretarako erabiliko da, honako honi jarraikiz eta ordena honetan:

–B, C, D, E, F, G edo H motakoen soberakinak A motako eskaeretarako erabiliko dira.

–A motakoen soberakinak erabiliko dira H, B, C, D, E, F eta G motako eskaeretarako, hurrenez hurren.

3. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.

Inbertsioak 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte gauzatu beharko dira, egun horiek barne. Horren ondorioetarako, inbertsioak egin direla ulertuko da aldi horretan egin eta fakturatu denean, nahiz eta inbertsioen ordainketak 2021eko urriaren 8ra arte egiten ahal diren, egun hori barne.

4. oinarria. Enpresa onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Nafarroan izatea egoitza fiskala eta establezimenduak, 2020ko urriaren 1a baino lehenagotik, non laguntzaren xede den jarduera garatzen baita.

1.2. Ez egotea entitate onuraduna izateko ezarritako debeku egoera batean, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluari.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

1.3. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.4. ETE eskatzaileek eratzen dutenean pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko entitateen erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza portzentajeak, salbu eskatzaileak bestelako adierazpenik egiten badu.

1.5. ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

1.6. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, aurkeztuko da eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena.

2. ETE eskatzaileek honako betebehar espezifiko hauek bete beharko dituzte laguntzak eskatzen diren unean:

2.1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta agertzea turismo establezimenduaren, bidaia agentziaren edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren titular gisa, 2020ko urriaren 1a baino lehenagotik.

Enpresa eskatzailea egun horretan titular gisa agertzen ez bada, baina Nafarroako Turismo Erregistroan titulartasunaren aldaketa tramitatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu badu dirulaguntzaren eskaera aurkezteko egunerako beranduenez, betetzat joko da betekizun hori

Frankizia araubidean dauden enpresen kasuan, baldintza hori bete dela ulertuko da laguntza eskatzen duen enpresa frankiziaduna Nafarroan dagoen establezimendu frankiziadunaren kudeatzaile gisa agertzen denean Nafarroako Turismo Erregistroan.

2.2. Web orria izatea, eguneraturik eta jardunean, eta posta elektronikoa ere jardunean. Enpresa enpresa-talde bateko kide bada, baldintza horiek betetzat joko dira enpresa eskatzaileari dagokion enpresa-taldeak web-orri korporatiboa eta posta elektronikoa baditu.

3. Establezimendu turistikoek eta bidaia agentziek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte eskabidea aurkezten duten egunean:

3.1. Ostatuen establezimenduak.

Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (aurrerakoan EJZ) epigraferen batean alta emanda egon behar dute, 681.etik 687.era arteko taldeetan, biak barne, ondoko modalitateren batean:

–Hotel establezimenduak (hotelak, hostalak eta ostatu-etxeak).

–Landetxeak.

Onartuko dira, baita ere, EJZn 861. edo 862. taldeetan alta emanda daudenak (“Hirilurreko ondasun higiezinen alokairua” eta “Landalurreko higiezinen alokairua”, hurrenez hurren).

–Apartamentu turistikoak.

Onartuko dira, baita ere, EJZn 861. edo 862. taldeetan alta emanda daudenak (“Hirilurreko ondasun higiezinen alokairua” eta “Landalurreko higiezinen alokairua”, hurrenez hurren).

–Turismo kanpalekuak.

–Turismoko aterpetxeak.

3.2. Jatetxeak.

EJZn alta emanda egon behar dute, 671. taldean. “Jatetxe zerbitzuak”.

Karta gutxienez hiru hizkuntzatan eduki behar dute.

3.3. Bidaia agentziak.

EJZn alta emanda egon behar dute, 755. taldean, “Bidaia agentziak”.

3.4. Establezimendu turistikoek ez dute eduki behar konpondu gabeko okerrik beren instalazioetan. Hau aplikatuko da Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak horren harira errekerimendurik jakinarazten badu eta horretarako epea amaitu denean enpresak ez badu egin zaion errekerimendua bete.

3.5. Ez dira diruz lagunduko industrialdeetan, merkataritza guneetan edo zerbitzu guneetan kokatutako jatetxeak.

4. Organo kudeatzaileak baieztatuko du 2.1 eta 3.4 apartatuen baldintza espezifikoak betetzen ote diren, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren bidez; eta organo kudeatzaileak baieztatuko du gainerako baldintzak betetzen ote diren. Zehatz esateko, EJZ baieztatzeko, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroko informazioa hartuko da kontuan, web lotura honetan: https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.Web/Registro.aspx.

5. Eskaeren tratamendua kasu zehatz batzuetan.

5.1. Etxebizitza partikularrak ukitzen dituzten proiektuen kasuan, eskaerak argi bereiziko ditu establezimendu turistikoari dagokion zatia, eta, betiere, diruz lagunduko da, bakar-bakarrik, jarduera turistikorako erabiltzen diren inbertsioen zati proportzionala, ostatatze turistikoarekin zuzeneko eta zalantzarik gabeko lotura duena.

5.2. Enpresa berak 5. oinarrian ezarritako 1.1etik 1.8ra bitarteko apartatuetako (biak barne) inbertsio-proiekturen bat gauzatzeko eskaerak egiten baditu, aurretik eskatutako baldintzak betetzen dituzten bi establezimendu edo instalaziotan edo gehiagotan, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Eraikin edo instalazio berean egin beharreko proiektuak badira, gehieneko aurrekontu bat onartuko da, proiektu bakarra balitz bezala, 6. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako; eta eskaera sailkatzeko ondorioetarako, proiektua aurreikusitako inbertsioaren bolumen handiena dagokion klasean sailkatuko da, 2. oinarrian ezarritakoaren arabera.

b) Proiektuak instalazio edo eraikin desberdinetan, guztiz bereizietan eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskripzio-kode ezberdinak dituztenetan egiten badira, establezimendu turistiko bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da.

5. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Honako inbertsio proiektu hauek izanen dira dirulaguntzen xede:

1.1. Turismo establezimenduen ingurumen jasangarritasuna hobetzea eta energia hobekuntza lortzea.

Ingurumenari laguntzen dioten inbertsioak onartuko dira, baita eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak aplikatzea eta mugikortasun elektrikoa bultzatzea sustatzen dutenak ere, establezimendu turistikoek eginikoak, honako hauetan oinarritzen direnak:

–Isolamendu termikoko irtenbideak, leihoak, eguzkitiko babesa.

–Irtenbide bioklimatikoak.

–Energia berriztagarrien instalazioa, eguzki plakak eta abar.

–Klimatizazio eta argiztapen sistemen hobekuntza.

–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak jartzea.

–Antzeko beste jarduketa batzuk.

Proiektu bat klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du:

–Eraginkortasun energetikoa sustatzeko, energia berriztagarriak aplikatzeko eta mugikortasun elektrikoa bultzatzeko aurreikusitako jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %60.

–Proiektuak eskumena duen enpresa edo profesional baten bermea izan behar du nahitaez, eta turismo establezimenduaren energia-auditoretza bat aurkeztu behar da (UNE-EN16247 arauaren arabera). Auditoretza hori, leku, eraikin, sistema edo erakunde batean energiaren erabilera eta kontsumoa sistematikoki ikuskatzean datza, energia fluxuak eta energia eraginkortasuna hobetzeko potentziala identifikatzeko. Aurreikusitako inbertsioak auditoretza horretan aurreikusita egon beharko dira, eta aurrekontua bertan eginik izan behar dute.

–Auditoretza energetikoa eskaerarekin batera aurkeztuko da, eta eginiko jarduketen justifikazioa aurkeztean egiaztagiri bat aurkeztu beharko da, enpresa edo profesional aditu batek igorritakoa, adierazten duena eginiko inbertsioak auditoretza horretan jasota zeudela eta horren arabera gauzatu direla.

–Proiektuarekin batera, eskaera aurkeztean, ez bada eskatutako auditoretza energetikoa aurkezten, proiektuak ez du jasoko proiektu mota horretarako ezarritako puntuazioa, baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritakoa.

1.2. Establezimendu turistikoan, mugikortasuna murriztua dutenen edo bestelako muga fisiko, psikiko edo zentzumeneko bat dutenen irisgarritasuna hobetzeko instalazioak eraberritzeko, egokitzeko edo hobetzeko obrak eta jarduketak, baita oztopo arkitektonikoak eta zentzumenekoak kentzekoak ere.

Proiektu bat klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du:

–Irisgarritasunaren arloan egin gogo diren jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %60.

–Jarduketek Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea bete beharko dute, eragiten dien heinean.

–Aurretik adierazitako inguruabarrak nahitaez enpresa edo profesional eskudun batek egiaztatu beharko ditu, bai eskaera aurkezteko unean bai eginiko jarduketen justifikazioa aurkezteko unean.

–Proiektuarekin batera, eskaera aurkeztean, ez bada aurreko apartatuan eskatutako egiaztagiria aurkezten, proiektuak ez du jasoko proiektu mota horretarako ezarritako puntuazioa, baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritakoa.

1.3. Establezimendu turistikoaren kategoria handitzeko eraberritze, berritze, egokitze eta hobetze obrak.

Honako kategoria hauek pasatzea ahalbidetzen duten inbertsioak onartzen dira:

–Ostatu-etxe izatetik hostal edo hotel izatera.

–Hostal izatetik hotel izatera.

–Hotelaren kategoriaren barnean, 2 izar edo gehiago izatera iristea.

–Landetxearen kategoriaren barnean, 3 izar edo gehiago izatera iristea.

–Apartamentu turistikoaren kategoriaren barnean, 2 giltza edo gehiago izatera iristea.

–Kanpaleku turistikoaren kategoriaren barnean, 2 izar edo gehiago izatera iristea.

–Aterpetxearen kategoriaren barnean, bigarren kategoriara igotzea.

–Jatetxearen kategoriaren barnean, 2 sardexka edo gehiago izatera iristea.

Mota horretako proiektu bat kontuan hartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Dirulaguntza eskaeran aurreikusitako inbertsioen %60 gutxienez beharrezkoak eta ezinbestekoak izanen dira establezimendu turistikoaren kategoria handitzeko.

–Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute, eskaeraren inprimakiarekin batera, aurreikusitako inbertsioak kategoria handitzea eraginen dutela adierazita.

–Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak ebaluatuko ditu horrelako proiektuak, eta txosten bat eginen du, sailkapen horren aldekoa edo aurkakoa, proiektu mota horretarako baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritako puntuazioa aplikatzeko.

1.4. Establezimendu turistikoaren kategoriari eusteko eraberritze, berritze, hobetze eta egokitze obrak.

Bereziki, turismo aktiboko edo kulturaleko enpresen edo bidaia agentzien kasuan, inbertsio mota hauek beren instalazio edo establezimendu fisikoetan onartzen ahalko dira, baldin eta horiek kalearen maila berean badaude, publikoari aurrez aurre arreta ematen zaion puntua badira eta jarduerari dagokion zerbitzua ematen bada. Sekula ez da onartuko lokal edo instalazio hauen eraberritzea baldin eta, soilik edo nagusiki, enpresaren langileen erabilerarako bulegoetarako erabiltzen badira, publikoa, bisitariak edo turistak hartu gabe.

Zehazki, igerilekuen eraberritze, berritze, hobetze eta egokitze obrak, proiektu mota honetan sailkatuko dira, urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuak ezarritakoa betetzen badute (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen ditu) eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan erroldatuta badaude.

1.5. Establezimendu turistikoetako igerilekuak urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuari egokitzeko beharrezko inbertsioak (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen ditu).

Proiektu bat klase horretakotzat joko da, eskaera aurkezteko egunean jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du.

–Igerilekua, erabilera kolektibokoa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren erroldan egon behar da (Ingurumen Osasunaren Atala).

–Aurreikusitako inbertsioek institutu horren oniritzia izan beharko dute proiektu mota horretakotzat jotzeko, baremoaren 2. balorazio irizpidea aplikatzeko. Bestela, dirulaguntza eskaera ezetsiko da.

1.6. Zikloturistentzako instalazioak eta/edo zerbitzuak hobetzea.

Instalazioak eta azpiegiturak egokitzera bideratutako inbertsioak onartuko dira, zikloturistari hainbat zerbitzu emateko aukera ematen dutenak, esaterako, bizikletak gordetzeko espazioak, tailerretarako espazioak, garbitzeko guneak eta abar, baita aktibo finkoak, bizikletak eta zerbitzu horiek emateko beharrezko ekipamendua eskuratzeko ere.

Proiektu bat klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du:

–Zikloturistentzako instalazioak hobetzeko inbertsioen arloan egitea aurreikusitako jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %60.

–Jarduketek proiektu oso, zehatz eta espezifiko baten parte izan behar dute, zikloturistentzat definitutakoa eta haiei zuzendua, turismo eskaintza dibertsifikatzeko aukera ematen duena.

–Proiektuak agertu behar du establezimendu turistikoaren web-orrian, modu argian eta bereizian.

–Establezimendu turistikoa egokitutako eta seinaleztatutako bide berdeetatik edo BTT ibilbideetatik hurbil egon beharko da, eta, edozein kasutan, horietakoren batetik 10 kilometro baino gutxiagoko erradioan.

–Eskaera aurkeztean erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, adieraziko duena enpresak konpromisoa hartzen duela web-orria eguneratuta izateko, proiektu horren, produktu turistikoaren eta zerbitzu moten inguruko informazio guztiarekin, beranduenez ere diruz lagundu beharreko jarduketen justifikazioa aurkezteko ezartzen den egunean.

1.7. Establezimendu turistikoko, turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresen edo bidaia agentziaren altzariak eta ekipamendua eskuratzea.

1.8. Inbertsioak Covid-19arengatik.

Diruz lagungarriak dira turismo establezimendua, enpresa turistikoa edo bidaia agentzia egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua erostekoak, beharrezkoak direnak jarduera egokitzeko osasun agintaritzen neurrietara edo gomendioetara, koronabirusaren osasun krisia dela eta, hala nola babes itxiturak, txanden gailuak, barrera eramangarriak, desinfekzio ekipoak, pertsonak zenbatzeko sistemak, etab.

Kasu guztietan, inbertsio izaera izan behar dute, ez baita dirulaguntzaren xedeko izanen material suntsikorren erosketa.

1.9. Garapen teknologikoko inbertsioak.

Diruz lagungarritzat jotzen dira enpresaren jarduera kudeatzeko garapen teknologikoetan, digitalizazioan eta merkaturatze-sistemetan hobekuntzak egiteko inbertsioak, honako hauek esaterako: kontabilitate sistemak eta soluzioak, CRM (bezeroen kudeaketa), enpresa kudeaketako soluzioak (ERP), hotel kudeaketako soluzioak, ostalaritzarako saltokiko terminala, zaintzako eta adimen lehiakorreko sistemak (Big data eta adimen artifiziala), seinaletika digitala, establezimenduetarako kontrol, monitorizazio eta kudeaketarako soluzioak, enpresa-efizientziara bideratutakoak, salmenta-puntuak eta hari lotutako marketina kontrolatzeko loT soluzioak (gauzen Internet-a), erreserbarako softwareak, eta antzekoak.

Era berean, lehendik dauden webguneak egokitzeko inbertsioak jasotzen ahal izanen dira, bai eta eskainitako zerbitzuak online erreserbatzeko edo kontratatzeko sistemak sartzeko inbertsioak ere.

Inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Tresna informatikoen ezarpena sistema estandarretan edo neurrira egindako garapenen bidez garatu beharko da, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko da.

–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

2. Inbertsio diruz lagungarriak.

2.1. Jarduketa hauek egitea: isolamendu, saneamendu eta elektrizitate obrak, segurtasun sistemen instalazioa, berokuntza, klimatizazio, igeltserotza, iturgintza, zurgintza sistemak ezartzea, instalazioak, eta abar.

2.2. Proiektuei zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesional ezinbestekoen ordainsariak, baita beste hauek ere: proiektua prestatzeko gastuak, obra zuzendaritzarenak eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuenak. Kontzeptu horiengatik, diruz lagungarritzat onartuko da aurreikusitako inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %10, gehienez ere, baina gastu horiek ez dira kontuan hartuko 6. oinarrian eskatutako inbertsioen gutxieneko zenbatekoak lortzeko.

Dirulaguntza ordaintzeko unean, kontzeptu horiekin justifikatutako gastutzat joko da justifikatutako egikaritze materialaren zenbatekoaren %10. Ondorioz, gastu mota hori bakarrik justifikatzen bada, ezin izanen da emandako dirulaguntzaren inolako ordainketarik egin.

2.3. Eskaintzen diren jarduerak egiteko beharrezkoak diren ekipamenduak eta aktibo finkoak erostea, baita instalazio eta lokaletako altzariak erostea ere, inbertsioak badira, eta ez birjarpen, mantentze-lan edo kontserbazioa, eta jarduera turistikoarekin zuzenean lotutako erabilera baldin badute.

2.4. 1.1, 1.2, 1.3, 1.4 eta 1.5. motako proiektuen baldintza espezifikoa.

Obra lizentzia eduki behar dute (obra handien lizentzia), edo toki-erakundeari obra txikien komunikazioa egin zaiolako dokumentua, edo, hala badagokio, toki entitatearen ziurtagiri bat, lizentziarik ez dela behar esaten duena.

Obren lizentzia, obra txikiak eginen diren komunikazioa edo lizentziarik behar ez den ziurtagiria aurkezteko epea bi hilabetekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatuta. Epe horretan aurkezten ez bada, ezetza emanen zaio dirulaguntza eskaerari.

3. Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Sarbideetako obra edo konponketak salbu turismorako erabiltzen den jabetzaren zatirako badira.

–Erremintak, tresnak edo elementuak, baldin haien erabilerak lotura zuzenik ez badu establezimendu turistikoaren, bidaia agentziaren edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren jarduera turistikoarekin.

–Hornigaiak, mihiseria eta etxetresna elektriko txikiak eta birjartze balioa duten ekipamenduak, salbu eraberritze integraleko proiektu baten parte badira.

–Auditoretza energetikoaren kostua.

–Garraiobideak, lotura esturik ez badute enpresaren jarduera nagusiarekin eta ezinbestekoak ez badira horren jarduera turistikorako. Halakoetan, aurkeztutako aurrekontuaren %50 baizik ez da izanen diruz lagungarria, soilik Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak beren potentzial kutsakorraren arabera honela katalogatutako ibilgailuetan (http://www.dgt.es/es/seguridad-vial/distintivo-ambiental/): “zero isuriak” motan (itsasgarri urdina) eta “eko” motan (itsasgarri urdina eta berdea). (https://www.pegatinasdirecciongeneraldetrafico.com/tipos-distintivos).

–Leasing bidez finantzatutako jarduketetako inbertsioak.

–Ekipo informatikoak, ordenagailuak, eramangarriak, tabletak, inprimagailuak.

–Web-orrien mantentze-lanak, domeinua edo hosting-a berritzea, etab.

–Edozein programa edo aplikazio informatiko mantentzeko lanak, sare sozialen kudeaketa, etab.

–Zikloturistentzako arropa, oinetakoak, kaskoak eta ekipamendua, baita bizikletak konpontzeko tresnak eta osagarriak ere.

–Establezimendu turistikoaren perimetrotik kanpo egindako inbertsioak.

–Higiezinak eta lurrak erostea.

–Aktibo finko erabiliak.

–Margotzeko eta papereztatzeko lanak, osorik eraberritzeko proiektu baten parte ez badira.

–Enpresak bere ibilgeturako egindako lanak.

–Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

–Igerileku berriak eraiki edo instalatzeko lanak, bai eta urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua betetzen ez duten igerilekuetan egindako inbertsioak ere.

–Turismo establezimenduaren mantentze obrak. Horrelakotzat joko dira aldizka egiten direnak eraikina eta haren instalazioak erabiltzeko egoera ezin hobean mantentzeko (zorrotenak garbitzea, margotzea, zurgintzako konponketak, berokuntza sistemak doitzea, ur bero sanitarioa, klimatizazioa eta abar).

6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen inbertsioaren zenbatekoaren gainean %35eko ehunekoa aplikatuta eskuratzen dena da (BEZa kanpo).

2. Gehieneko dirulaguntza 35.000 eurokoa izanen da enpresa onuradun bakoitzeko.

3. Eskaera bakoitzeko eskatzen den inbertsio minimoa (BEZa kanpo) honako hau da, establezimendu turistikoaren, enpresaren edo proiektuaren arabera:

ESTABLEZIMENDU TURISTIKO, ENPRESA EDO PROIEKTU MOTA

ZENBATEKOA

Establezimendu turistiko orokorra

6.000

Establezimendu bakoitzeko

Landetxeak eta apartamentu turistikoak

3.000

Turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak

2.000

Enpresa bakoitzeko

Garapen teknologikoko inbertsioak

2.000

Inbertsioak Covid-19arengatik.

500

Eskaerak ez badu berdintzen garapen teknologikoko proiektuen klaseetarako edo Covid-19engatiko inbertsioetarako eskatzen den gutxieneko inbertsioaren zenbatekoa, inbertsio horiek metatzen ahal zaizkio beste edozein proiektu motatan eskatzen den inbertsioari. Kasu horretan, Covid-19arengatik egindako inbertsioek ez dute lortuko 8. oinarriaren 2. irizpidean ezarritako puntuazioa.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Sector+turistico/Subvenciones.htm (hemendik aitzina laguntzaren fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikustako beste erregistroetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

3. Eskaerak eginen dira erabiliz laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4. Establezimendu turistiko, turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresa edo bidaia agentzia bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko da.

Eraikin edo instalazio batean enpresa beraren hainbat establezimendu turistiko badago, eskaera bakarra aurkeztuko da.

Garapen teknologikorako inbertsioen kasuan, enpresa bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko da.

5. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizitan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):

5.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskabide ereduak honako adierazpen hauek ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko 4.1 oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla.

b) De minimis laguntzei eta jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, 13. oinarrikoa.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean dauden eskatzaileek adierazi ahal izateko, hala badagokio, onartzen dutela beste portzentaje batzuk aplikatzea dirulaguntzaren ondoriozko konpromisoetan parte hartzeko, baldin eta portzentaje horiek badira Nafarroako Zerga Ogasuneko entitateen erroldan inskribatzeko egiaztagirian jasota daudenak ez bezalakoak.

d) Hala badagokio, proiektua establezimendu turistikoaren kategoria handitzeko eraberritze, berritze, egokitze eta hobetze obratzat jotzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

e) Zikloturistentzako instalazioak eta/edo zerbitzuak hobetzeko proiektu baterako laguntza eskatzen bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, adieraziko duena enpresak konpromisoa hartzen duela web-orria eguneratuta izateko, proiektu horren, produktu turistikoaren eta zerbitzu moten inguruko informazio guztiarekin, beranduenez 2021eko urriaren 8an.

f) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzendua (Diruzaintza Atala), baldin enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen baditu laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.

5.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) Dirulaguntza zer proiektutarako eskatzen den, horren memoria deskribatzailea, gutxienez ere, informazio hau jasotzen duena:

–Inbertsioak egitera bultzatzen duten arrazoiak eta proiektua betez lortu nahi diren helburuak.

Diruz lagungarria den epearen barruan egin diren eta/edo egiteko diren jarduketen deskribapena.

–Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntza-eskaera aurkezten denean, eta erabat burutzeko aurreikusten diren epeak.

–Diruz lagungarria den epean egin diren edo egiteko diren inbertsioen zenbateko xehatua.

b) Proiektuak igerilekua indarreko araudira egokitzea eragiten badu, Nafarroako Osasun Publikoko eta Laneko Institutuaren (Ingurumen Osasuneko Atala) oniritzia eduki beharko du eta, ondorio horietarako, laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkez daitezkeen era horretarako proiektuak igorriko ditu, aipatu Institutuak ebalua ditzan.

c) Aurrekontuak, kontzeptuka zehaztuta, edo proformako fakturak, edo fakturak jarduketak eginda badaude; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balioespenetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak. Ez dira onartuko 100 eurotik beherako aurrekonturik, ez proformako fakturarik ere (BEZa kanpo).

d) Hala badagokio, obra proiektu bisatua.

e) Hala badagokio, obra-lizentzia (obra handiak), obra txikiak eginen diren komunikatzeko dokumentua, edo ziurtagiria, ez dela inolako lizentzia edo baimenik behar esaten duena.

f) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten ziurtapena edo frogagiria, adierazten duena inbertsio proiektua dela “Irisgarritasuna hobetzekoa”.

g) Hala badagokio, establezimendu turistikoaren auditoretza energetikoa.

h) Jatetxeek esteka bat jarri behar dute eskaera inprimakian, baieztatu ahal izateko karta hiru hizkuntzatan dagoela.

i) Gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, erreforma, berritze eta egokitzeko obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo ondasunak hornitzeko kasuetan (altzariak eta ekipamenduak erostea), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez eskaeraren inprimakiko “Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa” apartatuan.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

5.3. Dirulaguntza zer jarduketatarako eskatzen den, horiexei buruzko dokumentazioa, baloratu ahal izateko.

1., 2., 3., 4. eta 11. balorazio irizpideak aplikatzeko, ez da inongo dokumentaziorik aurkeztu behar.

Organo kudeatzaileak egiaztatuko du 7. balorazio irizpidea, Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuarekin batera, eskatzaileak eskariaren inprimakian horretarako ezarritako erantzukizunpeko adierazpena bete badu.

Gainerako balorazio irizpideak aplikatzeko, 8. oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkeztu behar da laguntza eskaerarekin batera. Dokumentazio hori eskaera aurkezteko epetik kanpo aurkezten bada, aipatu irizpide horiei dagokien puntuazioa ez da aplikatuko.

6. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzearren jarduketa mota bakoitzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, jarduketa bakoitzerako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, gainerako jarduketen eskaerei erantzuteko erabiliko da, 2. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Baimentzen den kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen eskaeren lehentasun zerrenda prestatzea.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskatzaileren bati ezin bazaio eman legokiokeen laguntza osoa, kreditu aski ez dagoelako, laguntzak emateko ebazpena baino lehen, 3 egun balioduneko epea emanen zaio adierazteko ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzarekin. Proposatutako dirulaguntzarekin ados daudela adierazten duten onuradunek dirulaguntza osagarri bat jasotzen ahalko dute, legokiekeen laguntza osatu arte, baldin eta aurrekontu-baliabide gehiago sortzen badira azkenean ordaintzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoa txikiagoa izateagatik hasieran onartutakoena baino, edo onuradunen batek uko egiteagatik dirulaguntzari.

Laguntza osoa jaso ez duten espedienteei dirulaguntza osagarria emanez gero, H motatik hasiko da ematen, eta gero mota hauetako proiektuei emanen zaie, hurrenkera honetan: A, B, C, D, E, F eta G proiektu motak.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. irizpidea.–Aurreko urteetan lortutako dirulaguntzak.

Zer laguntza lortu den Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak tramitatu dituen ETE turistikoen lehiakortasuna hobetzeko deialdietan (2016., 2017., 2018., 2019. eta 2020. urteetan), honako puntuazio hau emanen da:

ALDI HORRETAN ESKURATUTAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA

PUNTUAK

Dirulaguntzarik jaso ez izana

20

2.000 euro bitarte

15

2.001 eurotik 5.000 eurora

10

5.001 eurotik 10.000 eurora

5

10.001 eurotik 15.000 eurora

2

15.000 eurotik gora

0

2. irizpidea.–Inbertsio proiektuaren mota.

PROIEKTU MOTA

PUNTUAK

Ingurumen jasangarritasuna eta energia hobetzea

20

Irisgarritasuna hobetu eta oztopo arkitektonikoak ezabatzea

20

Inbertsioak Covid-19arengatik.

20

Zikloturismorako inbertsioak

15

Kategoria handitzea eragiten duten obrak

15

Igerilekuak egungo araudira egokitzea

10

Gainerako inbertsio proiektuak

0

Eskaera bakoitzak puntuazio bat baino ez du edukiko irizpide honetan.

Puntuazio hori aplikatzeko, eskaeraren inprimakian agertzen den proiektuaren sailkapena eta 5.1. oinarrian proiektu mota bakoitzerako ezarritakoa beteko dira.

Proiektu mota batean baino gehiagotan sailkatzen den inbertsioren bat aurkezten bada, hura sailkatzeko aintzat hartuko da inbertsiorik handiena, salbuespen honekin: dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren % 60 gainditu behar duten proiektuak, 5. oinarrian adierazitakoak.

3. irizpidea.–Enpresaren tamaina.

Eskaera inprimakiaren enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren arabera, puntuazio hau adjudikatuko da:

ENPRESAREN TAMAINA

PUNTUAK

Mikroenpresa

6

Enpresa txikia

4

Enpresa ertaina

2

4. Irizpidea.–web-orriaren itzulpena.

Enpresaren web-orria itzulita dagoen hizkuntza-kopuruaren arabera, puntuazio hau adjudikatuko da.

HIZKUNTZAK

PUNTUAK

Gaztelania + hizkuntza 1

1

Gaztelania + 2 hizkuntza

3

Gaztelania + 3 hizkuntza edo gehiago

4

5. irizpidea.–Enpresaren titularrek edo bere zerbitzuko langileek ikastaro edo jardunaldietan parte hartzea, turismoaren jardunarekin edo establezimendu turistikoaren kudeaketarekin lotura badute.

2019ko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea amaitzen den arte jasotako prestakuntza hartuko da kontuan, eta, ondorio horietarako, frogagiriak aurkeztu beharko dira, eta honako puntuazio hau aplikatuko da:

PRESTAKUNTZA ORDUAK

PUNTUAK

100 ordu edo gehiago

5

50 ordu edo gehiago

2

6. irizpidea.–Turismo erregistro ofizialean inskribatutako elkarte turistiko batekoa izatea.

Eskatzaileak frogatzen badu Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dagoen turismo elkarte bateko partaide dela deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 3 puntu emanen zaizkio.

Horretarako, elkarte turistikoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu behar du, laguntza fitxan dagoen ereduaren araberakoa.

7. irizpidea.–Atxikipena Kontsumoko Arbitraje Sistemari.

Eskatzailea atxikita badago Kontsumoko Arbitraje Sistemari deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 2 puntu emanen zaizkio.

8. irizpidea.–Enpresaren titularrek edo bere zerbitzuko langileek genero berdintasuneko ikastaro edo jardunaldi berariazkoetan parte hartzea.

2017ko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea amaitzen den arte jasotako prestakuntza berariazkoa hartuko da kontuan, eta, ondorio horietarako, frogagiriak aurkeztu beharko dira. Horrek 2 puntu emanen ditu.

9. irizpidea.–35 urtetik beherakoak kontratu mugagabearekin kontratatzea.

Establezimendu turistikoaren enpresa titularrak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, dauzkan 35 urtetik beherakoen lanaldi osoko kontratu mugagabeen kopia aurkeztuko da. Horrek 2 puntu emanen ditu.

2020ko urriaren 1etik eskaera aurkezten den egunera arte formalizatutako kontratu guztien kopia aurkeztuko da.

10. irizpidea.–Turismoko kalitatearen “Q” ziurtagiria duten establezimenduen “hobekuntza planetan” ezarritako inbertsio proiektuak.

“Hobekuntza plana” aurkezten bada, frogatzen duena dirulaguntzaren xede diren jarduketak, memorian deskribatutakoak, hartan jasorik daudela, 5 puntu emanen dira.

11. irizpidea.–Landetxeak eta apartamentu turistikoak.

Eskaera aurkeztu duen egunean establezimendu turistikoak duen ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafearen arabera, puntu hauek emanen dira:

EJZren EPIGRAFEA. LANDETXEAK

PUNTUAK

683. Landetxeetako ostatu zerbitzua

8

861. Hiri-lurreko ondasun higiezinen alokairua

2

EJZren EPIGRAFEA. APARTAMENTU TURISTIKOAK

PUNTUAK

685. Hotelak ez diren beste ostatu turistikoak

5

861. Hiri-lurreko ondasun higiezinen alokairua

2

12. irizpidea.–Nazioartean ospea duten aitortzak.

Eskaera aurkezten den egunean enpresak indarrean badauka nazioartean ospea duen aitortzaren bat bere jardunarengatik, 5 puntu emanen dira, eta ondorio hauetarako, horixe frogatzen duen ziurtagiria edo dokumentazioa aurkeztuko da.

13. irizpidea.–Bidaia agentziak.

Egoitza nagusiaren kokapenaren arabera, puntu hauek emanen dira:

EGOITZA NAGUSIAREN KOKAPENA

PUNTUAK

Egoitza nagusia Nafarroan duen bidaia agentzia (CINA identifikazio kodearekin)

4

Egoitza nagusia beste autonomia-erkidego batean edo beste herrialde batean duten sukurtsalak

2

Puntuazioa Nafarroako Turismo Erregistroaren informazioaren arabera emanen da.

Jarduera nagusiaren nolakoaren arabera, puntu hauek emanen dira:

BIDAIA AGENTZIAREN JARDUERA NAGUSIA

PUNTUAK

Hartzailea

4

Igortzailea

2

Bidaia agentziaren jarduera hartzailetzat jotzeko, kontuan hartuko da hartzaile gisa Nafarroako promozio-eskaintza argi adierazita egotea agentziaren web-orrian. Ez da halakotzat joko establezimenduen edo zerbitzu solteen erreserban bitartekari izatea.

Jarduera nagusia bidaia agentziaren web-orriko informazioaren bidez baieztatuko da.

3. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

a) Dirulaguntza aurkezteko unean inbertsio guztiak gauzatuak dituzten eskatzaileak, eta lehentasuna emanen zaie diruz lagungarria den inbertsiorik handiena dutenei.

b) Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio antzinatasunaren datarengatik, turismo establezimendu zaharrenei lehentasuna emanda, edo erregistro horretako inskripzio antzinatasunaren datarengatik, bidaia agentzien edo turismo aktiboko/kulturaleko enpresen kasuan, zaharrenei lehentasuna emanda.

c) 1. balorazio irizpidearen arabera dirulaguntza txikiena jaso duten eskaerak.

9. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua) aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda jarduketa bakoitzeko, 8. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta laguntzen zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Ez da 175 eurotik beherako dirulaguntzarik emanen.

Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria. Inbertsioen justifikazioa

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkezten ahalko dira egindako jarduketen frogagiriak, dirulaguntza onartzen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2021eko urriaren 8an, egun hori barne.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 7.2 oinarrian aurreikusitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

3. Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) Azken txostena, eginiko inbertsio guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerarekin batera erantsitako fakturak aurkeztea.

100 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresaren kontuan kargatu dela. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.

Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.

e) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Aitorpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela iragartzeko betebeharra bete dela frogatzen duten argazkiak, frogagiriak edo web estekak, 12. oinarrian eskatutakoarekin bat.

g) Egindako jarduketen argazkiak:

–Saltegiak birgaitu eta egokitzeko eta haien irudia berritzeko obren kasuan, saltegiaren kanpoko eta barreneko argazkiak aurkeztu behar dira, lanak egin aurretik eta ondotik egoera zein den egiaztatu ahal izateko.

–Ekipamendu edo altzarietan egindako inbertsioen kasuan, diruz lagundutako aktibo finkoen argazkiak.

h) Hala badagokio, enpresa profesional eskudun batek eginiko egiaztagiria edo frogagiria, egiaztatzen duena “turismo establezimenduen ingurumen iraunkortasuna hobetzeko eta energia hobetzeko” proiektuaren inbertsioak auditoretza energetikoan aurreikusitakoari jarraituz egikaritu direla.

i) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten egiaztagiria edo frogagiria, erakusten duena hasierako “Irisgarritasuna hobetzeko” proiektuak oraindik ere betetzen dituela 5.1.2 oinarrian ezarritako baldintzak, sailkapen horri eusteko.

j) Zikloturistentzako instalazioak eta/edo zerbitzuak hobetzera bideratutako inbertsioen kasuan, esteka bidaliko da, zerbitzua web orrian eskaintzeko betebeharra betetzen dela egiaztatzeko.

11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Laguntza ordaintzeko ebazpena 2021eko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

12. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzak hartzen dituzten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

b) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean, edo 2021eko abuztuaren 16a baino lehen (egun hori barne), uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin jarduketa diruz lagungarriren bat edo guztiak ez badira ezarritako exekuzio aldian egin behar.

Komunikazio hori kontuan hartuko da oinarri honen 2. zenbakian ezarritako murrizketak aplikatzeko orduan.

d) Baimena eskatzea diruz lagundutako inbertsioan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, baldin eta beste diru-sarrera, dirulaguntza edo babesletza bat lortzen bada deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako.

f) Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea gutxienez 10 urtez, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urtez, ondasun higigarrien kasuan, jarraian.

Garapen teknologikoko inbertsioetatik etorritako dirulaguntzaren bat jaso badu, gutxienez 3 urtez atxiki behar dira jardunean diruz lagundutako merkaturatze turistikoko plataformak.

Dirulaguntza ordaintzen denetik hasiko da kontatzen epe hori.

Ondorio horietarako, ondasunak jarduera turistikoari atxikitzat joko dira, honako hiru baldintza hauek aldi berean betetzen direnean:

–Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda etengabe azaltzea jarduera turistikoari dagokion epigrafean, adierazitako aldietan.

–Abian dagoen web orri bat izatea, eguneraturik, aldi horietan.

–Enpresak Nafarroako Ogasunari diruz lagundu beharreko establezimendu turistikoaren negozioaren ustiapenaren diru sarreren aitorpenak aurkeztea, fakturazio positiboarekin.

g) Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, dirulaguntza jasotzen duen enpresak dirulaguntzaren xedeko establezimenduko jarduera turistikoa utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko, baldin eta bermatzen bada establezimendu horretan beste jarduera turistiko batek jarraituko duela (deialdian diruz lagungarriak izateko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu dagokion epea bukatu arte.

Kasu honetan, establezimendu horretan jarduera turistikoa egiten jarraitzen duen enpresa subrogatu eginen da dirulaguntza jaso duen enpresa onuradunaren betebehar guztietan, 11/2005 Foru Legearen, azaroaren 9koaren, Dirulaguntzei buruzkoaren, 28.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Enpresa onuradunak nahitaez eta aurrerapen nahikoarekin jakinarazi beharko dizkio inguruabar horiek Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari. Bertan, gainera, jaso beharko da jarduera turistikoarekin jarraitzen duen enpresari jakinarazi zaiola, jakinaren gainean dagoela, eta bere gain hartzen dituela dirulaguntzaren enpresa onuradunak jasotako dirulaguntzatik eratorritako betebehar guztiak.

h) Dirulaguntza behar bezala iragartzea, honela:

–Turismo establezimenduan ondo ikusteko moduko leku batean jarriko da kartel bat, laguntza fitxan agertzen den ereduaren arabera. Hala egon beharko da 3 urtez, dirulguntza eman dela jakinarazten duen ebazpena jakinarazten denetik kontatuta, edo, hala badagokio, inbertsioak abian jartzen direnetik.

–Promozio materialean, halakorik badago, eta webgunean, Nafarroako Foru Komunitatearen marka turistikoa azaldu beharko da. Laguntza fitxan horretarako azalduko den loturaren bidez eskatu beharko da hori.

–Bidaia agentziek eta turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresek egindako inbertsioen kasuan, eta garapen teknologikorako inbertsioen ondoriozkoetan, enpresaren web-orrian honako testu hau jarriko da: “Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa”, 3 urtez, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera edo, hala badagokio, inbertsioa abian jartzen denetik aurrera.

i) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

j) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16an 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

k) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

l) Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak egin edo finantzatzen ahal dituen kanpaina guztietan aktiboki parte hartzea, sektorearen parte-hartzea behar denean.

ll) Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak emandako ikuskapen txostenean jasotako establezimendu turistikoaren gabeziak zuzentzea, horretarako ezarritako epean. Justifikaziorako aldia bukatutakoan zuzenketak egiteko epea bukatu baldin bada zuzenketa egin gabe, deklaratuko da onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egin dela.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) 12.1.a) oinarrian ezarritako gardentasun betebeharra duten onuradunek 59/2013 Foru Dekretuaren 4.1 artikuluan eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:

–Informazioa epez kanpo aurkezten badu, eta, betiere, 2021eko urriaren 8ra arte aurkezten badu (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da, eta, aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Justifikazio agiriak aurkezten badira 2021eko urriaren 9tik 2021eko urriaren 29ra bitarte (bi egun horiek barne), %10 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

c) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez dela eginen jakinarazteko komunikazioa aurkezten bada epearen barnean, oinarri arautzaile honen 1.c) atalean adierazi bezala, jarduketa hori ez da kontuan hartuko exekuzio maila zehaztearen ondorioetarako.

Era berean, justifikatzen den inbertsio diruz lagungarria ezin da baxuagoa izan eskatutako gutxieneko inbertsioa baino. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

d) Oinarri honen 1.f) eta 1.h) apartatuetan ezarritako epeak betetzen ez badira, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

e) Inbertsio proiektuak turismo establezimenduaren kategoria handitzea dakarrela dioen konpromisoa hausten bada, berriz ere kalkulatuko da proiektuaren puntuazioa, 2. balorazio irizpidean eskuratu zituen puntuak kenduta.

Ateratzen den puntuazioarekin, eta gainerako eskaerekin alderatuta, enpresa onuradunaren izaeraren hartzekodun bihurtzen bada dirulaguntza ematen duen ebazpena ezartzen den unean, ordaindutako dirulaguntzaren %20 itzultzeko eskatuko zaio.

Ateratzen den puntuazioarekin ezin izanen balu laguntzarik jaso, jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko lituzke, behar diren berandutze interesekin batera.

f) Ez bada aurkezten 10.3.h oinarria justifikatzeko dokumentazioa, “turismo establezimenduen ingurumen jasangarritasuna hobetzeko eta energia hobetzeko” proiektuan egindako inbertsioak auditoretza energetikoan aurreikusitakoaren arabera egin direla egiaztatzeko, aurreko apartatuan aurreikusitakoa aplikatuko da.

g) Ez badira aurkezten 10.3.i) oinarrian aurreikusitako egiaztagiriak, “irisgarritasuna hobetzeko” proiektuan egindako inbertsioek kalifikazio hori izaten jarraitzen dutela egiaztatzeko, aurreko apartatuan aurreikusitakoa aplikatuko da.

h) Zikloturismoko inbertsioen proiektuetan ez bada betetzen webgunea eguneratuta eta martxan (produktu turistiko honi eta zerbitzu motei buruzko informazio guztiarekin) edukitzeko betebeharra, 2021eko urriaren 8rako, beranduenez, jasotako kopuru guztiak itzultzeko eskatzen ahal izanen da, dagokion berandutze interesarekin batera.

13. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Jarduketa hauetarako jasotako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, bat etorriz Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduarekin. Erregelamendu horren xedea da zehaztea nola aplikatu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zerga-ekitaldiko edozein alditan.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako dirulaguntzak, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2105801