111. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

163/2021 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onartzen baita Nafarroako lehiaketa ofizialak hastea, kontaktu edo aurkakotasuneko kiroletan, oraindik baimenduta ez zeuden kategorietan, eta aldatzen baitu Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpena. Ebazpen horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean antolatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Ebazpen horretan ezarri zen zer egunetik aurrera egiten ahalko ziren kontaktu edo aurkakotasuneko kiroletako lehiaketa ofizialak Nafarroan, kadete kategoriara arte.

Gero, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 10eko 129/2021 Ebazpenaren bidez, baimena eman zen kontaktu edo aurkakotasuneko kirolen lehiaketa ofizialak egiten hasteko Nafarroan, haur eta kimuen kategorietan.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak epidemia zaintzeko egin dituen asteroko azken txostenen arabera, birusaren zirkulazioa intentsitate eta larritasun baxukoa da, eta joera egonkorra du. Ez da aldaketa nabarmenik egon ez SARS-CoV-2aren transmisioan ez eta birusak eragindako ospitaleratze edo heriotzen kopuruan.

Datu horiek, txertaketa-kanpaina nola doan ikusita, ahalbidetzen dute kirol arloan hartutako neurrien malgutze progresibora egitea, eta abiatzea kontaktu edo aurkakotasuneko kirolen lehiaketa ofizialak autonomia erkidegoan, orain arte baimenduta egon ez diren kategorietan. Ildo horretan, Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenak xedatzen zuen Nafarroako Kirolaren Institutuak baimenduko zuela ebazpen horretan jasota ez zeuden kontaktu edo aurkakotasuneko kiroletako Nafarroako gainerako lehiaketa ofizialak hastea, egoera epidemiologikoaren eta osasun agintaritzaren irizpidearen arabera.

Gainera, bidezkoa da aldatzea Kirol Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpena, bi arlotan:

Batetik, aire zabaleko entrenamenduen izaera bera aitortzen zaie pertsona talde batek aire zabalean egiten dituen gorputz eta kirol jarduera ez-zuzenduei.

Bestetik, aire zabaleko gorputz eta kirol jarduera zuzenduak arautzen dira. Ildo horretan, Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoari aurre egiteko onetsi ziren prebentzio neurrien artean, besteak beste, espazio itxietan gorputz eta kirol jarduera zuzenduak egiteko baldintzak arautu ziren 15. apartatuan; eta, hain zuzen, ezarri zuen Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoaren arabera arautuko direla. Organismo autonomo horrek, bada, jarduera horiek arautu zituen zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25ko 105/2021 Ebazpenaren bitartez. Baina ez Osasun Departamentuak ez eta Nafarroako Kirolaren Institutuak ere ez dute ezer ebatzi aire zabaleko kirol eta gorputz jarduerei buruz. Horregatik, bidezkoa da horiei erreferentzia egitea.

Proposatutako neurri guztiek bai Nafarroako Foru Komunitateko presidenteak, bai Osasuneko kontseilariak ondoz ondo onetsitakoak errespetatzen dituzte.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea Nafarroako lehiaketa ofizialak abiatzea 2021eko martxoaren 26tik aurrera, kontaktu edo aurkakotasuneko kirolen edozein kirol modalitatetan, orain arte baimenduta ez zeuden kategorietan.

Nafarroako lehiaketa ofizialak hasteko eta egiteko (bai kontaktu edo aurkakotasuneko kiroletan, bai kontaktu edo aurkakotasunik gabekoetan) bete beharko dira Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urtarrilaren 26ko 48/2021 Ebazpenaren 1. (bertan ezartzen diren hasiera datak alde batera utzita), 2., 3. eta 4. eranskinetan zehaztuta dauden betebehar eta baldintzak.

2. Aldatzea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenaren eranskineko 6.2 eta 7.2 puntuak, honela idatzita gera daitezen:

“6.2. Entrenamenduak aire zabalean:

Kirol kolektiboetako taldeetan dauden kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte aire zabalean, gehienez ere 25 lagun bitarteko taldeetan. Kirol instalazio berean gehienez ere 25 lagun bitarteko bi taldek entrenatzen ahalko dute aldi berean.

Dena den, taldeek instalaziotik sartu eta atera beharko dute 15 minutuko tartearekin gutxienez, eta ezin izanen dira nahastu talde desberdinetako kideak.

Banakako kirol entrenamenduetan aire zabalean ere entrenamendu talde bakoitzeko gehienez 25 lagunek parte hartzen ahalko dute.

Aire zabalean egiten diren gorputz eta kirol jarduera ez-zuzenduak (mendi irteerak, martxak eta abar) aire zabaleko entrenamendutzat joko dira. Apartatu honetan arautuak ez die eragiten ez turismo aktiboko eta naturako irteerei ez eta gida turistikoekin egiten diren jarduerei ere, horiek berariaz arautu ditu-eta Osasun Departamentuak.

7.2. Gorputz eta kirol jarduera zuzenduak egin ahal izateko baldintzak:

Gorputz eta kirol jarduera zuzenduak espazio itxietan egiteko taldeetan ez dira arituko 10 lagun baino gehiago. Edonola ere, gorputz eta kirol jarduera zuzenduak egiten ahalko dira 15 laguneko taldeetan gune itxietan, baldin eta instalazioak parte-hartzaile bakoitzeko 5 metro koadro baditu, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta parte-hartzaile bakoitzeko 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala edo behartua (mekanikoa) badu, airearen birzirkulaziorik gabe.

Apartatu honen barruan sartzen dira igeriketa ikastaroak. Talde horiek 10 laguneko muga izanen dute, parte-hartzaileen adina edozein delarik ere. Jaioberriei edo haur oso txikiei ematen zaizkien ikastaroen kasuan, familiako bizikide bat (beti bera) haiekin joatea baimenduko da, eta hori 10 parte-hartzaileren gehieneko kopuruan zenbatuko da. Aitzitik, monitorea ez da gehieneko kopuru horretan zenbatuko. Horrez gain, ez dago baimenduta monitorearekin kontakturik izatea, eta, horrenbestez, kontakturik ez egotea bermatzen duten lan metodologiak bilatu beharko dira.

Aire zabalean gorputz eta kirol jarduera zuzenduak egiteko taldeetan, gehienez ere 25 lagunek parte hartzen ahalko dute, eta baldintza hauek bete beharko dituzte: parte-hartzaile bakoitzak 5 metro koadro edukitzea, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako”.

3. Ebazpen honetan onesten diren neurriek mugarik gabeko indarraldia izanen dute, eta egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

5. Ebazpen hau igortzea Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 25ean.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

Iragarkiaren kodea: F2105162