111. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

541/2021 EBAZPENA, apirilaren 6koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, urriaren 16ko 234/2020 Ebazpenaren bidez baimendutako gastua aldatzen duena. Ebazpen horren bidez lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko dirulaguntzaren deialdia onetsi zen (PREE programa), 737/2020 Errege Dekretuaren arabera, baita dirulaguntza horren oinarri arautzaileak ere. DDBN identifikazioa: 529043.

Abuztuaren 4ko 737/2020 Errege Dekretuaren bidez, lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko laguntzen programa onetsi zen, eta programa horretako laguntzen zuzeneko kontzesioa autonomia-erkidegoen eta Ceutako eta Melillako hiri autonomoen esku utzi zen. Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusia izendatu zen errege dekretu horretan aurreikusitako laguntzen unitate onuradun, eta zuzendaritza nagusi horri esleitu zitzaion arau horretan ezarritako laguntzak emateko prozedura tramitatzeko eskumena.

2020ko irailaren 20an, Etxebizitzako zuzendari nagusiak laguntza horiek onartu zituen Nafarroako Foru Komunitatearen partetik, eta ordainketa eskatu zuen berariaz, 737/2020 Errege Dekretuaren seigarren artikuluaren bigarren puntuan ezarritakoari jarraikiz; zehazki, 4.125.000 euro.

Etxebizitzako zuzendari nagusiak urriaren 16ko 234/2020 Ebazpenaren bidez, lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko dirulaguntzaren deialdia onetsi zen (PREE programa), 737/2020 Errege Dekretuaren arabera, baita dirulaguntza horren oinarri arautzaileak ere.

2021eko martxoaren 8an, IDAEko zuzendari nagusiak aditzera eman zuen abuztuaren 4ko 737/2020 Errege Dekretuan PREE programarako ezarritako aurrekontua 7.676.283,86 euroan handitu zela.

2020ko martxoaren 8an, Etxebizitzako zuzendari nagusiak laguntza horiek onartu zituen Nafarroako Foru Komunitatearen partetik, eta ordainketa eskatu zuen berariaz, 737/2020 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz; zehazki, 7.676.283,86 euro.

IDAE-Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutua enpresa-erakunde publikoko lehendakariaren 2021eko martxoaren 12ko Ebazpenaren bidez, 7.676.283,86 euroko laguntza eman zitzaion Nafarroako Foru Komunitateari, eta ordaintzeko agindua eman zen.

Dirulaguntza hauek arautzeko oinarrien laugarren klausulak hauxe ezartzen du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuz: “Aurreikusita dago gehienez ere 18 milioi euro bitarteko kreditu osagarria izatea, Estatuko funts gehiagorekin finantzatuko den kreditua sortuta, 737/2020 Errege Dekretuaren 9.8 artikuluan xedatu bezala. Kasu horretan, ez da beste deialdi bat egin beharko.” Era berean, artikulu horretan xedatutakoa betetzeko asmoz, laugarren klausulan adierazten da ezen gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakarrela eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

Azkenik, goian aipatutako 31. artikuluak ezartzen du ezen deialdia onesteko eskumena duen organoak baimendu behar duela kreditu gehigarri hori, eta deialdia argitaratu zen bezala argitaratu. Eta aurrerago dio ezen, banakako ebaluazioaren araubidea duten deialdietan, kreditu gehigarriaren onespena eta argitalpena egin beharko direla laguntza-eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 31n hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Etxebizitzako zuzendari nagusiari urte anitzeko gastu konpromiso bat hartzeko, 7.676.283,86 eurokoa, eta zenbait urtetan banatzeko.

Horregatik, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Etxebizitzako zuzendari nagusiaren urriaren 16ko 234/2020 Ebazpenaren bidez baimendutako gastua aldatzea. Ebazpen horren bidez, lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko dirulaguntzaren deialdia onetsi zen (PREE programa), 737/2020 Errege Dekretuaren arabera, baita dirulaguntza horren oinarri arautzaileak ere.

2. 7.676.283,86 euroko gastua egiteko baimena ematea, 2021eko gastu-aurrekontuen partida honen baliokide diren aurrekontu partiden kargura: 320000-32100-7800-261402 partida, “PREE programako dirulaguntzak. Eraikinen birgaitze energetikoa”, E-20/000278-01 PEP elementua (deialdiaren kodea: 529043). Gastua honela banatuko da:

–2.558.761,28 euro, 2022ko gastu-aurrekontuan dagokion partidaren kargura.

–2.558.761,28 euro, 2023ko gastu-aurrekontuan dagokion partidaren kargura.

–2.558.761,30 euro, 2024ko gastu-aurrekontuan dagokion partidaren kargura.

3. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari, Etxebizitza Zerbitzuari eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Agintzea ebazpen hau argitara dadila Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.vivienda.navarra.es webgunean.

Iruñean, 2021eko apirilaren 6an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Eneko Larrarte Huguet.

Iragarkiaren kodea: F2105708