111. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Ordenantza, aparteko laguntzak arautzen dituena COVID-19aren ondoriozko osasun krisiaren eraginez ostalaritzaren eta jatetxeen sektorean sortutako ondorio ekonomiko kaltegarriei aurre egiteko. Behin betiko onespena

Faltzesko Udalak, 2020ko abenduaren 9an egindako bileran, hasiera batez onetsi zuen COVID-19aren ondoriozko osasun krisiaren eraginez Faltzesko ostalaritzaren eta jatetxeen sektorean sortutako ondorio ekonomiko kaltegarriei aurre egiteko aparteko laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2020ko 302. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean.

Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Ordenantza hori behin betiko onetsi da eta haren testu osoa argitaratzen da.

Aplikatu beharreko araudia: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, 325. artikulua (zeina aldatu baitzen Nafarroako toki araubidea eguneratzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bidez).

Faltzesen, 2021eko apirilaren 26an.–Alkatea, Sara Fernández Allo.

UDAL ORDENANTZA, APARTEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA COVID-19AREN ONDORIOZKO OSASUN KRISIAREN ERAGINEZ FALTZESKO OSTALARITZAREN ETA JATETXEEN SEKTOREAN SORTUTAKO ONDORIO EKONOMIKO KALTEGARRIEI AURRE EGITEKO

I. ZIOEN AZALPENA

COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisia hasi zenetik –Espainian 2020ko martxoaren 14an Alarma Egoera izendatzea izan zen hasierako mugarria –, Faltzesko Udalak arauak onartu eta ekimenak bultzatu ditu, udal eskumenen esparruan, osasun krisiaren ondorio sozial eta ekonomikoak arintzeko.

Ekonomiari dagokionez, ekainean onartu zen COVID-19aren aparteko laguntzen ordenantza, Faltzesen egoitza duten enpresa eta pertsona autonomo guztiei zuzeneko laguntzak emateko. Era berean, Merkataritza Bonuen kanpaina bultzatu zen, tokiko saltoki eta negozioetan kontsumoa sustatzeko.

Halaber, zergen arloko beste neurri orokor batzuk onartu ziren, zenbait tasa eta prezio publiko murriztuz edo kenduz.

Gaur egun, jarduera ekonomikoa pixkanaka suspertzen ari da ia sektore guztietan. Hala ere, ostalaritzaren eta jatetxeen sektorean oraindik ere eragina dute araudi autonomikoak eta estatukoak ezarritako murrizketek. “Konfinamendua arintzeko prozesua” amaitu ondoren jarduera itxita eta ordutegiak eta jarduerak asko mugatuta izan dituen sektore bakarra da, eta gaur egun ere murrizketa handiak ditu bere jarduera garatzeko (edukiera murriztea, barne espazioak ixtea eta ordutegiak mugatzea, besteak beste).

Horrenbestez, eta kontuan hartuta lehen laguntzetarako eta oro har hartutako neurrietarako aurrekontu partidak gauzatu ondoren soberakin ekonomiko bat dagoela, COVID-19aren pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzen jarraitzeko erabil daitekeena, Faltzesko Udalak egokitzat eta bidezkotzat jotzen du aparteko eta zuzeneko laguntzen beste erronda bat ezartzea, oraingoan ostalaritzaren eta/edo jatetxeen sektorean lan egiten duten enpresa eta pertsona autonomoentzat bereziki.

Administrazioak ekonomia sustatzeko duen eginkizuna –tokiko ekonomia, gure kasuan– hainbat arautan dago aitorturik, hala nola Espainiako Konstituzioan, toki entitateei buruzko araudi orokorrean eta, bereziki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 221. artikuluan, eta horixe da esparru egokia erakunde publikoen arteko lankidetzaren behar hori bideratzeko, guztien artean helburua lortzeko: aurre egitea COVID-19aren pandemiak sorturiko krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioei.

Sustatze eginkizun horren xedeak izan behar du babestea eta sustatzea behar publikoak betetzeagatik onura orokorrekotzat jotzen diren partikularren jarduerak. Ordenantza honen kasuan, gure herrian ostalaritzan eta jatetxeetan aritzen diren establezimenduez ari gara, gaur egun negozio horiek lehen aipatutako murrizketen ondorio larriak pairatzen jarraitzen baitute.

Ordenantza honen arau esparrua honako hauek babesten eta ezartzen dute: 3/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 15ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; 4/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 29koa, aurrekoa osatzen eta, zenbait alderditan, aldatzen duena; 6/2020 Foru Legea, apirilaren 6koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; eta 9/2020 Lege Dekretua, apirilaren 15ekoa, arlo sozialean eta ekonomikoan premiazko neurri osagarriak ezartzen dituena koronabirusak (COVID-19) eragindako egoerari aurre egiteko.

Udal honen asmoa da aipaturiko kolektiboari zuzeneko laguntza bat ematea, onuradun bakoitzaren jarduera aintzat hartuz. Horrela, likidezia injektatzen da, lagungarria izanen dena hartzaile diren negozio eta establezimenduek iraun dezaten.

Gainera, jasangarritasunari dagokionez, izaera puntuala duten premiazko laguntzak dira, errentagarritasun ekonomikoaren arabera neurtzen ez direnak eta sartzen direnak, aldiz, tokiko ekonomia suspertzen laguntzeko xedez, Udal honek bere eskumeneko neurriak ezartzeko duen borondatearen esparruan; zehazki, ostalaritzaren eta jatetxeen sektorean.

TITULU BAKARRA

Ostalaritza eta jatetxeen sektoreko autonomo eta enpresentzako aparteko laguntzak

1. artikulua. Xedea.

Aparteko laguntzen deialdi honen xedea da Faltzesko udalerrian ostalaritzarekin eta jatetxeekin lotutako jarduera bat egiten duten enpresa eta pertsona autonomo guztiei laguntza berezi eta zuzena ematea.

Ostalaritza eta jatetxeen sektoreko autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei laguntza eman nahi zaie COVID-19aren krisiaren eragina murrizteko, eta, bereziki, jarduera ekonomiko horiekin lotuta indarrean egon diren edo oraindik dauden neurri murriztaileen eragina murrizteko.

2. artikulua. Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke aparteko laguntza honen onuradun: pertsona fisikoak eta juridikoak, ondasun erkidegoak, sozietateak edo nortasun juridikorik gabeko beste entitate batzuk, baldin legez eraturik badaude eta Faltzesen ostalaritzaren sektorearekin lotutako jarduera ekonomikoak garatzen badituzte.

Kontrakorik frogatu ezean, laguntza hauen onuradun izan daitezkeen pertsona fisiko eta juridikoak ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean edo batzuetan alta emanda daudenak direla ulertuko da:

–671 taldea (bere epigrafe guztiak): zerbitzuak jatetxeetan.

–672 taldea (bere epigrafe guztiak): zerbitzuak kafetegietan.

–673 taldea (bere epigrafe guztiak): kafetegiak eta tabernak, janaria dutenak eta ez dutenak.

Deialdi honetatik kanpo uzten dira administrazio publikoak, haien erakunde autonomoak, enpresa publikoak eta titulartasun publikoko beste entitate batzuk, bai eta elkarteak, fundazioak eta, oro har, irabazi asmorik gabeko erakundeak ere, halakoekin lan egiten duten langile autonomoak barne.

3. artikulua. Beharkizunak.

Ordenantza honetan ezarritako laguntzak jaso ahal izateko, onuradunek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Autonomo, mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertain batek gauzatzea dena delako ekonomia jarduera; honetarako erabiliko diren definizioak izanen dira Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean jasorikoak.

b) Alta emanda egotea Gizarte Segurantzan, dena delako jarduerak bidezko duen araubidean, edo horren ordezko mutualitate profesionalean, bai eta alta emanda egotea Nafarroako Foru Ogasunean ere, eskabidea aurkezten den unean.

c) 2. artikuluan adierazitako ekonomia jardueren gaineko zergaren epigraferen batean alta emanda egotea, edo adierazitakoen antzeko zerbitzuak ematen direla behar bezala justifikatzea.

d) Faltzesko udal mugartean izatea egoitza fiskala, bai eta jarduera gauzatzen den establezimendua ere, halakoa izanez gero.

e) Egunean izatea tributu betebeharrak Nafarroako Foru Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekin.

f) Faltzesko Udalarekin zorretan ez egotea, salbu eta zorra borondatez ordaintzeko epean badago edo zorraren ordainketa geroratzea onartu bada.

g) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 eta 13.3 apartatuetan aurreikusitako egoeraren batean ere.

h) Pertsona bat izendatzea, ordezkari jardun dezan Faltzesko Udalaren aurrean, onuradunak dituen betebeharrak betetzeari dagokionez.

4. artikulua. Ezartzen diren aparteko laguntzak.

Deialdi honen onuradun diren pertsona fisiko eta juridikoek, 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, laguntza bakar eta zuzena jasoko dute, 1.500 eurokoa.

Onuradunek, 2. artikuluan adierazitako jardueretako batez gain, ordenantza honetan ezarritako laguntzen xede ez diren beste jarduera batzuk egiten badituzte, laguntzaren zenbatekoa hainbanatuko da, diruz lagundu daitekeen jarduerak urteko diru-sarrera guztiekiko duen pisu espezifikoaren arabera. Informazio hori eman ezean, laguntza bakarra negozioa alta emanda dagoen epigrafeen kopuruarekiko proportzionala izanen da, ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafe guztiak kontuan hartuta.

5. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea.

Aparteko laguntza hau eskuratzeko eskabideak 15 egun balioduneko epean aurkeztuko dira, ordenantza honen behin betiko onespena argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

6. artikulua. Eskabideak eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztea.

Eskatzaileek eskabide orokor bat aurkeztu beharko dute, Faltzesko ostalaritza eta jatetxeen sektorerako aparteko laguntzak jasotzeko borondatea adieraziz, eta honako agiri hauek erantsita:

a) Pertsona fisikoen kasuan:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena, pasaportearekin batera.

–Ekonomia jardueren gaineko zergako altaren ziurtagiria, honako hauek adierazirik: ekonomia jarduera, altaren data, egoitza fiskala eta, halakoa izanez gero, jarduera gauzatzen den lokala.

–Gizarte Segurantzako altaren ziurtagiria, langile autonomoen araubidekoa, edo dagokion mutualitate profesionaleko altarena. –Baldin eskatzaileari zorren geroratzea edo zatikatzea onartu badio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, Foru Ogasunak edo Udal Diruzaintzak, hura emateko ebazpena aurkeztu beharko du, eta harekin batera, zorrik ez izatearen azken ziurtagiria, geroratzea onartu ondokoa.

–Eskabidea aurkezteko behar besteko ahalordea, titularra ez den beste pertsona batek aurkezten badu.

b) Pertsona juridikoen, sozietateen, ondasun erkidegoen eta nortasun juridikorik gabeko beste entitate batzuen kasuan:

–Identifikazio fiskaleko kodea (IFK), dena delako pertsona juridiko, sozietate, kooperatiba, ondasun erkidego edo nortasun juridikorik gabeko entitatearena.

–Pertsona juridikoaren eratze eskritura eta estatutuak, eguneratuak eta bidezko den erregistroan inskribatuak.

–Administratzailearen ahalordeen egiaztagiria, bai eta eskabidea aurkezten duenarena ere, pertsona bera ez badira.

–Administratzailearen Nortasun Agiri Nazionala, edo atzerritarraren identifikazio zenbakia pasaportearekin batera, bai eta eskabidea aurkezten duenarena, pertsona bera ez badira.

–Ekonomia jardueren gaineko zergako altaren ziurtagiri eguneratua, honako hauek adierazirik: ekonomia jarduera, altaren data, egoitza fiskala eta, halakoa izanez gero, jarduera gauzatzen den lokala.

–Administratzailearen Gizarte Segurantzako alta, bidezko den araubidekoa.

–Baldin eskatzaileari zorren geroratzea edo zatikatzea onartu badio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, Foru Ogasunak edo Udal Diruzaintzak, hura emateko ebazpena aurkeztu beharko du, eta harekin batera, zorrik ez izatearen azken ziurtagiria, geroratzea onartu ondokoa.

7. artikulua. Beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Ordenantza honetan arautzen diren laguntzak bateragarriak izanen dira ordenantza honetan ezartzen diren aparteko laguntzak jasotzen dituzten pertsona eta enpresentzat toki, autonomia edo estatu mailan ezarritako beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Ordenantza honetan xedaturiko laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematen zaiela jakinarazi ondoko 12 hilabetean segitzea dagokien Gizarte Segurantzako araubidean alta emanda, bai eta ekonomia jardueren gaineko zergan ere, halakoei loturiko enpresa jarduera mantenduta. Ez bada betetzen aurreko paragrafoan ezartzen den aldi osoa, bete ez denari dagokion laguntza zati proportzionala itzuli beharko du onuradunak.

b) Men egitea egiaztapeneko eta finantza kontroleko jarduketei, dirulaguntzen arloan indarra duen araudian xedatuaren arabera.

c) Jasotako funtsak itzultzea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kasuetan; bereziki, dirulaguntza lortzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz, edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako egiaztapen eta finantza kontrolen aurrean jarkitzea, desenkusa, oztopoa edo ukoa agertzen denean.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak betetzea, aplikatzekoak direnean.

e) Dirulaguntzaren ezaugarriak direla eta, salbuespenez, onuradunak salbuetsita daude emandako dirulaguntzari publizitatea egiteko betebeharretik.

9. artikulua. Eskabideak ebazteko epea.

Eginiko eskabideen prozedurak ebazteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Administrazioaren isiltasuna negatiboa izanen da, baldin ebazpenik ematen ez bada ezarritako epean.

10. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honetan arauturiko neurri bereziak honako hauen babespean onetsi dira: 3/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 15ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; 4/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 29koa, aurrekoa aldatzen duena; 6/2020 Foru Legea, apirilaren 6koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; 9/2020 Lege Dekretua, apirilaren 15ekoa, arlo sozialean eta ekonomikoan premiazko neurri osagarriak ezartzen dituena koronabirusak (COVID-19) eragindako egoerari aurre egiteko; 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; eta aurrekontuak betearazteko oinarrietako 30. oinarria.

Ordenantza honek berariaz arautzen ez duen orotan, jarraikiko zaio aipatutako araudi orokorrean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoari.

Iragarkiaren kodea: L2106902