109. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UKAR

Egoitza elektronikoa sortzea

Ukarko Udaleko alkateak, 2021eko apirilaren 22an, ebazpena eman zuen, jarraian osorik ageri dena hain zuzen ere:

“Ikusirik beharrezkoa dela udalerri honetan egoitza elektroniko bat sortzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 38. artikuluaren arabera.

Bat etorriz martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan (dekretu horrek Sektore publikoaren bitarteko elektronikoen bidezko jardunari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua onesten du) eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.s) artikuluan xedatutakoarekin, alkatetza honek

EBAZTEN DU:

Lehena.–Sortzea Ukarko Udalaren egoitza elektronikoa, helbide elektroniko honetan dagoena eskuragarri: https://ucar.sedelectronica.es.

Bigarrena.–Ukarko Udalari dagokio egoitza elektronikoaren titulartasuna, kudeaketa eta administrazioa, eta printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, eskuragarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Hirugarrena.–Martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren 11.1 artikuluak eskatzen duen bezala, egoitza elektronikoak gutxienez honako eduki hau izanen du interesdunen eskura:

a) Egoitza elektronikoaren edo hari lotutako egoitza elektronikoaren identifikazioa, bai eta haren titularra den organoarena eta bertan eskuragarri jarritako informazioa, zerbitzuak, prozedurak eta izapideak kudeatzeko eskumena duten organoena ere.

b) Egoitza sortzeko egintzaren edo xedapenaren identifikazioa eta bertarako sarbidea; zuzena, edo zer aldizkari ofizialetan argitaratu zen, haren esteka baten bidezkoa.

c) Egoitza elektronikoa behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, haren mapa edo informazio baliokidea barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuz, bai eta jabetza intelektualari, datu pertsonalen babesari eta eskuragarritasunari lotutako informazioa ere.

d) Egoitzan onartzen edo erabiltzen diren identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

e) Erregistroa arautzen duen araudia, zeina egoitza elektronikoaren bidez eskuratzen baita.

f) Egun eta ordu ofizialak, bai eta egun baliogabeen egutegia ere, egoitza elektronikoaren edo hari lotutako egoitza elektronikoaren titularra den organoa, organismo publikoa edo hari lotutako edo haren mendeko zuzenbide publikoko erakundea integratzen den administrazioari aplikatu beharreko epeak zenbatzeko.

g) Edozein gorabehera teknikori buruzko informazioa, kasuan kasuko sistemaren edo aplikazioaren ohiko funtzionamendua eragozten badu, bai eta, bukatu gabeko epearen luzapenari buruzkoa ere, hala erabaki badu organo eskudunak egoera kontuan hartuta.

h) Eskuragarri dauden zerbitzuen, prozeduren eta izapideen zerrenda eguneratua.

i) Aurreko letran deskribatutako zerbitzu, prozedura eta izapideei lotutako administrazio-jarduketa automatizatuen zerrenda eguneratua. Bakoitzari honako hauek erantsiko zaizkio: diseinuaren eta funtzionamenduaren deskribapena, kontuak emateko eta gardentasunerako mekanismoak, eta konfigurazioan eta ikaskuntzan erabilitako datuak.

Laugarrena.–Martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren 11.2 artikuluak eskatzen duen bezala, egoitza elektronikoak gutxienez honako zerbitzu hauek izanen ditu interesdunen eskura:

a) Egoitza elektronikoan edo hari lotutako egoitza elektronikoan eskuragarri dauden zerbitzu eta izapideetarako sarbidea, prozeduren gehieneko iraupen epeak adierazita, alde batera utzita organo eskudunak, hala badagokio, erabaki ditzakeen luzapenak edo eteteak.

b) Kasu bakoitzean eskumena duten organoei iradokizunak eta kexak adierazteko esteka bat.

c) Sektore publikoko webguneen eta aplikazio mugikorren eskuragarritasun-betekizunei buruz ezarritako komunikazio eta erreklamazio prozedurak.

d) Egoitza elektronikoaren ziurtagiriak egiaztatzeko sistema bat.

e) Organo, organismo publiko edo zuzenbide publikoko erakundeen zigilu elektronikoak egiaztatzeko sistema bat, egoitza elektronikoa edo hari lotutako egoitza elektronikoa hartzen duena.

f) Egoitza elektronikoaren eremuko organo, organismo publiko edo zuzenbide publikoko erakundeek igorritako dokumentuen egiazkotasuna eta osotasuna egiaztatzeko zerbitzu bat, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen araberako edozein sinadura-sistema bidez sinatu badira eta egiaztapen-kode seguru bat sortu bada haietarako.

g) Sarbide bat ereduetara eta aurkezpen masiboko sistemetara, borondatez erabiltzekoa, interesdunek hainbat eskabide aldi berean aurkezteko aukera izan dezaten, betiere egoitza elektronikoaren edo hari lotutako egoitza elektronikoaren titularra den administrazioak, organismo publikoak edo zuzenbide publikoko erakundeak ezartzen duen moduan.

h) Eskabideak aurkezteko eredu normalizatuetarako sarbidea, egoitza elektronikoaren edo hari lotutako egoitza elektronikoaren titularra den administrazio edo organismo publiko edo zuzenbide publikoko erakunde bakoitzak ezarri dituenak.

i) Erregistro gaietan laguntzeko bulegoen direktorio geografikoa kontsultatzeko zerbitzu bat, interesdunak bere kontsulta helbidetik hurbilen dagoena identifikatu ahal izateko.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Udalbatzari ebazpen honen berri ematea, kide anitzeko organo horren hurrengo ohiko osoko bilkuran”.

Administrazio bidea agortzen duen ebazpen honen kontra errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzen denetik hasita.

Ukarren, 2021eko apirilaren 22an.–Alkatea, Carlos Lecumberri Erro.

Iragarkiaren kodea: L2106537