109. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

11E/2021 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. faseari dagokion birpartzelazio proiektua. Proiektuak Noain Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak uztailaren 27an emandako 65E/2020 Ebazpenaren bidez, hasiera batez onetsi zen Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. faseari dagokion birpartzelazio proiektua. Proiektuak Noain Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

Ebazpen hori prentsan argitaratu zen 2020ko uztailaren 29an, bai eta 2020ko 180. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, abuztuaren 14koan. Espedientea hogei egunez egon zen jendaurrean, eta, aldi berean, ukitutako udalari entzunaldia eman zitzaion.

Horretarako epean bi alegazio-idazki aurkeztu ziren. Ebazpen honetako eranskinean erantzun zaie.

Birpartzelazio proiektua, hasiera batean, eskakizun honekin onetsi zen: “Sustatzaileak, espedientea ebatzi baino lehen, erantzun beharko die Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2020ko uztailaren 24ko txostenean biltzen diren oharrei.”

Sustatzaileak behin betiko onespenerako aurkeztutako azken dokumentazioan onartu beharreko aldaketa guztiak bildu dira aurrekoa betetzeko xedez.

Espedientean jasota daude, orobat, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuaren aldeko txostenak, 2020ko uztailaren 31koa eta 2021eko martxoaren 17koa, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren hamabigarren xedapen gehigarriarekin (1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagozkio urbanizazio proiektuaren tramitazioa eta onespena, harena baita eskumena lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko gaietan, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat, Udalez gaindiko Plan Sektorial bat gauzatzeko tresna delako.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2021eko martxoaren 24an egin txostena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz (haren bidez ezartzen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa),

EBAZTEN DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak tramitaziorako onartzea eta ebazpen honen eranskinean adierazitako moduan ebaztea.

2. Behin betiko onestea Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. fasea garatzeko eta egikaritzeko birpartzelazio proiektua. Proiektuak Noain Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Noain Elortzibarko Udalari, 1. eta 2. faseetako jabeen erkidegoari, Agoizko Jabetza Erregistroari, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari, alegatzaileei eta espedientearen sustatzaileari.

4. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasiko dira kontatzen, edo, hala bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iruñean, 2021eko martxoaren 26an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

ERANSKINA

JENDAURREAN JARTZEKO ETA ENTZUNALDIKO TRAMITEAN EGINIKO ALEGAZIOEN ERANTZUNA

1. Francisco Galán Soraluce jaunak eginiko alegazio-idazkia.

2020ko irailaren 4an bost alegazio aurkeztu zituen idazki batean, banan-banan ematen direnak, erantzunekin batera:

1.1. alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

UPSko araudia aipatu ondoren eta exekuzio unitateen gaineko gogoeta egin ondoren, uste du birpartzelazio proiektua indarreko araudiaren kontrakoa dela, planeamenduak emaniko lurzoruaren sailkapena aldatzen duelako (Garraioaren Hiria handitzeko UPSa); izan ere, proiektuan, 2.766 m²-ko azalera lurzoru urbanizaezina izatera pasatu da, UE-1 exekuzio unitatearen eremua murrizten du, zeina kudeatzen baitu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean jasotakoarekin bat ez datorren tresna batekin, eta exekuzio unitate eten bat sortzen du lurzoru urbanizagarrian, eta, haren esanetan, hori ezin da egin indarreko legediaren kontrakoa izateagatik.

–Erantzuna:

Birpartzelazio proiektuak ez du planeamenduak emaniko lurzoruaren sailkapena aldatzen. Garraioaren Hiria handitzeko UPSa (4. fasea) aldatzeko araudiaren 49. artikuluarekin bat, Arkotxain errekako jabari publiko hidrauliko gisa zedarritu den lurzorua egungo sistema orokor gisa definitzen da, berariazko sailkapenik gabe.

Nolanahi ere, alegatzailearekin bat gatoz errekak birpartzelazio proiektuaren eremuaren parte izan behar duelako, hala xedatzen baitu Garraioaren Hiria handitzeko UPSak, hala dokumentazio grafikoan, nola memorian eta araudian.

Errekaren jabari publikoari dagokion lurzorua birpartzelazio proiektuaren eremuari erantsita (behin betiko onesteko aurkeztutako agirian sartuta dago), UE-1 exekuzio unitatearen azalerak eta konfigurazioak bat egiten dute Garraioaren Hiria handitzeko UPSan zedarritutakoarekin.

Horrenbestez, alegazioa baiesten da.

1.2. alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Desjabetzearen bidez lurzoruak eskuratzeko araudia aipatu ondoren, interesdunak ulertzen du hori bera aplikatu behar zaiola Arkotxain edo Talluntze errekari (jabari publiko hidraulikokoa da), bai eta, kalifikazio hori gorabehera, desafektazio teknikari ere (jabari publikoko ondasunen aldaketa). Hortaz, irizten du erreka hori desjabetu behar dela.

Bukatzeko, adierazten du zuzenbidearen kontrakoa dela ez desjabetzea erreka horrek okupatzen duen espazioa; izan ere, desjabetzearen bidez kudeatzen bada exekuzio unitate bat, desjabetu beharra dago unitate horretako eremuaren barneko lurzoru guztia, eta ezin da metro koadro bakar bat hortik kanpo utzi; eta hemen, dagokigun unitatean, ez da erabateko desjabetze hori egin.

–Erantzuna:

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 1. artikuluak zehazten duen bezala, ondare-eskubide edo -interes legitimoak dira desjabetzearen xedeak, hau da, ezin da eskubide pertsonalik edo jabari publikoko ondasunik desjabetu.

Gainera, ulertu behar da nahitaez desjabetzen ahal direnei buruzkoa dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 185. artikuluan jasotako determinazioa, zeinaren arabera exekuzio unitatean sartutako ondasun eta eskubide guztiak hartzen baititu bere barnean desjabetzeak.

Bestalde, Hirigintza Kudeaketari buruzko abuztuaren 25eko 3288/1978 Errege Dekretuaren 196. artikuluak dio ezen, mugatutako azalera batean jabari publikoko ondasunak daudenean eta planeamenduaren arabera haien destinoa ez bada afektazioa edo erabilera orokorrari atxikitzea ekarri zuena, Estatuaren Ondareari buruzko Legean aurreikusitako prozedura beteko da, edo, kasua zein den, toki araubideko legedikoa. Nolanahi ere, hori ez da esku artean dugun kasua, eutsi egiten baitzaio errekaren jabari publiko hidraulikoari, eta, beraz, ez dira aplikatu behar alegatzaileak 33/2003 Legetik zehazturiko artikuluak.

Horrenbestez, alegazioa ezesten da.

1.3. alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Salatzen du urbanizazio elementuetako mantentze-lanen betebeharra eremuko jabeei ezartzea ez dagokiola bipartzelazio proiektu bati; aitzitik, berariazko inposizio baten bidez baino ezin da egin, zeinak zehaztuta egon behar baitu eremu horretako determinazioak ezartzen dituen planeamenduan.

Bukatzeko, adierazten du indarreko araudiaren kontrakoa dela birpartzelazio proiektuko determinazioa, zeinaren bidez Garraioaren Hiriko 4. faseko espazio publikoetako mantentze-lanak ezartzen baitzaizkie horko lurzatien jabeei.

–Erantzuna:

Bat gatoz alegatzailearekin dioenean ez dela birpartzelazio proiektuari dagokion determinazio bat.

Horregatik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2020ko uztailaren 24an (espedientearen jendaurreko aldia baino lehenago) egin txostenean zehaztutakoarekin bat, behin betiko onesteko aurkeztutako dokumentazioan, kendu egin da ondoriozko lurzati pribatuen deskribapenetik 4. faseko mantentze-lanetan eta kontserbazioan parte hartzeko kuota, baita Garraioaren Hiria handitzeko UPSko gune komunetakoetan ere (3. eta 4. fasea).

Horrenbestez, alegazioa baiesten da.

1.4. alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Alegatzailearen iritziz, ez dago argi ondoriozko lurzatien zortasunen definizioa, dudazkoa baita erabilera publikoko bi zortasun diren edo bi lur-zerrenda independente diren; ondorioztatzen du erabilera publikoko zortasun horiei dagokien guztia argitu behar dela, etorkizunean interpretazio okerrik izan ez dadin zortasun hori duten eremuen erabilerari buruz.

–Erantzuna:

Bai, alegazioa izate hutsak erakusten du idazketa hobea izan daitekeela. Behin betiko onesteko aurkeztutako dokumentazioan, erabilera publikoko zortasunen araubidea argitzen da, haiek ezartzen dituen araudia aipatuz.

Hala, bi dira birpartzelazio proiektuak aipatzen dituen zortasunak: lehenengoa, UPSko planoetan “ZLPUP” deitzen den zerrenda, erabilera publikoko balio anitzeko zona logistikoa (gaztelaniaz, Zona Logística Polivalente Uso Público), lurzati guztiei berdin eragiten ez diena; eta bigarrena, lurzati guztien aurrealdean egokitu behar den eremua, bete dadin araudiak erabilera publikoko lurzoruan aparkalekuak izateko eskatzen duena (aparkaleku bat 500 metro koadro eraikiko).

Ulertu behar da zortasunak zerrenda independenteetan egin behar direla; izan ere, lehenengoaren berdegunea egokitzea ez da bateragarria izanen bigarrenaren aparkalekuaren erabilerarekin.

Horrenbestez, alegazioa baiesten da.

1.5. alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak gogoeta egiten du antolamendu berriko bi sistema orokorrek UPSan duten izaerari buruz (araudiaren 48. eta 49. artikuluak) eta birpartzelazio proiektuan duten tratamendu desberdinari buruz. Hala, horietako lehenengoa, azpiegituretarako erreserbaren sistema orokorra, Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen zaio, eta bigarrena, oraingo sistema orokorra (erreka), berriz, ez da esleitzen. Hortik ondorioztatzen du esleipen horiek ez direla zuzenbidearen araberakoak.

Adierazi du, halaber, banaketa eremuak sortzen direnean baino ezin dela egon sistema orokor bat.

–Erantzuna:

Lehendabizi, gogora ekarri behar da ezen, Garraioaren Hiria handitzeko UPSaren araudiaren 10. artikuluarekin bat, 3. eta 4. faseko eremua banaketa eremu bakar gisa eratzen dela, eta fase bakoitzari exekuzio unitate bat dagokiola. Bestalde, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 99. artikuluak, banaketa eremuei buruzkoa denak, sistema orokorra aipatzen du, baina haren jabetza eskuratu ez dena hirigintzako lagapen edo atxikipenaren bidez, eta hori ez da oraingo sistema orokorraren kasua (erreka).

Errekari dagokionez, 1.2. alegazioari emandako erantzun bera du. Titulartasun publikoari eutsi behar zaio, jabari publiko hidraulikoko ondasuna delako.

Azpiegituretarako erreserbaren sistema orokorrari dagokionez, adierazi behar da planeamenduan zehazten dela, Trenbide Sektoreari buruzko Legea bete beharrez, azterlan informatibo batek hala aurreikusten baitu. Testuinguru horretan, Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen zaio jabetza, trenbide arloan eskumen esklusiboa baitu (Espainiako Konstituzioaren 148.1.5 eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f artikulua) eta administrazio zentralarekin orain arte izenpeturiko administrazio arteko hitzarmenengatik, zeinak hizpide baitute Garraioaren Hiriari soilik zerbitzua ematen dion eta Nafarroako Gobernuak sustatu duen azpiegitura baten eraikuntza, titulartasuna, ustiaketa, kudeaketa, administrazio, ikuskapen eta kontrol araubidea.

Horrenbestez, alegazioa ezesten da.

2. Noain Elortzibarko Udaleko alegazio-idazkia.

Sebastian Marco Zaratiegui jaunak, Noain Elortzibarko Udaleko alkate-udalburuak, Udala ordezkatuz, sei alegazio aurkeztu zituen, 2020ko irailaren 11n, idazki berean, banan-banan ematen direnak, erantzunekin batera:

2.1. alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak gogoeta bat egiten du oraingo sistema orokorrak (erreka) Garraioaren Hiria handitzeko UPSan duen tratamenduaz, adieraziz ez zela birpartzelazioaren xedearen eremutik kanpo utzi behar, eta horrela, birpartzelazioa 4. faseko UPSko eremua birmugatzen ari dela, bere eskumenez harago joanik argi eta garbi.

–Erantzuna:

1.1. alegazioari emandako erantzun bera du.

Horrenbestez, alegazioa baiesten da.

2.2. alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Salatzen du ageriko kontraesan bat dagoela, bat ez datozelako lurzatien deskripzioa (bakar bat zehazten du, besterik ez), finka horren erregistroko deskripzioa, aurkezten den ohar sinplearen araberakoa, eta proiektuari erantsitako katastroko zedulak, ustez erregistroko finka hori eratzen dutenak, azalerari eta titulartasunari dagokienez; desberdintasun horiek, segurtasun juridikoagatik, behar bezala jaso beharko ziren agirian. Haren ustez, azaleren arteko desberdintasuna behar adinakoa da doikuntzatzat ez hartzeko, eta, beraz, justifikazio bat behar izateko.

Gainera, adierazten du jabe bat ukituta egon daitekeela, 758., 766. eta 489. lurzatien jabea, okerreko preteritua litzatekeena.

Ondorioztatzen du behar bezala argitu behar dela birpartzelazioan zein den benetako azalera, eta azaldu zergatik dauden desberdintasun horiek eta zein den 758., 766. eta 489. lurzatien jabetza araubidea, eta zergatik ez datozen bat erregistroa eta katastroa kasu horretan, eta ea horrek ez duen eraginik birpartzelazioaren gainean.

–Erantzuna:

Lehendabizi, adierazi behar da erregistroko informazioak lehentasuna duela katastroko informazioaren aldean lurzatien titulartasunei dagokienez, eta katastroko informazioak lehentasuna duela haien azalerari dagokionez; eta, azken horren aurretik, neurketa topografikoa lehenesten da.

Adierazitako desberdintasun horiek sortu dira koordinaziorik ez dagoelako Jabetza Erregistroaren eta katastroaren artean (tradizionalki, erregistro fiskala zen, toki administrazioak eraman beharrekoa).

Gainera, adierazi behar da 758., 766. eta 489. lurzati horiek Garraioaren Hiriaren aurreko faseak garatu eta gauzatzearen ondoriozko lagapenak direla; hortaz, ez dute hirigintzako aprobetxamendurako eskubiderik eta NASUVINSArena da 4. fasearen eremuko lurzati guztien jabetza.

Edonola ere, birpartzelazio proiektuak Garraioaren Hiria handitzeko UPSak zehaztutako eremua garatzen du, besterik ez, eta haren memorian (3.2 atala), katastroaren eta jabetza erregistroaren artean azaleretan eta titulartasunetan dauden desberdintasunak justifikatu eta argitzen dira.

Horrenbestez, alegazioa ezesten da.

2.3. alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Epigrafe honen azpian hiru alegazio daude:

2.3.1. Ez dago justifikaziorik lurzatien diseinuan, eta desberdintasunak daude birpartzelazio proiektuaren eta urbanizazio proiektuaren artean: esaterako, birpartzelazioak ondoriozko lau lurzati ezartzen ditu, baina urbanizazio proiektuak, ordea, sei; haren iritziz, horrek esan nahi du 4.0 lurzatiak ez duela behar adinako aurrealderik. Horregatik, aldarrikatzen da ezinbestekoa dela justifikazio bat eranstea birpartzelazio proiektuari, azaltzeko zergatik diren direnak eta ez beste batzuk ondoriozko lurzatiak.

2.3.2. Ez dira betetzen ari planeamenduaren determinazioak, zeren, haren 49. artikuluaren arabera, lurzati bat egon beharko bailitzateke oraingo sistema orokor gisa, baina birpartzelazio proiektuan falta da.

2.3.3. Akatsak daude ondoriozko lurzatien deskripzioan: ondoriozko lurzatien arteko eraikigarritasuna banatzeko irizpidearen justifikazioa falta da; aparkatzeko tokien erreserbari dagokion zortasunak izan beharko luke, planeamenduaren 31. artikulua aplikatuta, eraikigarritasunaren arabera lurzati bakoitzerako nahitaez erreserbatu beharko litzatekeen toki kopurua; parte hartzeko kuota ez dago behar bezala finkatuta 4. fasearen kontserbazioan eta mantentzean, aldi berean hitzarmen bat tramitatzen ez bada horretarako; eta Garraioaren Hiria handitzeko UPSko eremu komunen parte-hartzeari dagokionez, ez da adierazten nola kalkulatu den edo zeri dagokion.

–Erantzuna:

2.3.1. Antolamenduaren justifikazioa Garraioaren Hiria handitzeko UPSan dago, hori baita eremuaren hirigintza-antolamendu xehatua ezartzen duen tresna. Birpartzelazio proiektuak, besterik gabe, Garraioaren Hiria handitzeko UPSaren 4. fasea berrantolatzeko aldaketan agertzen diren partzelazio baldintzak gauzatzen ditu: 25.000 m²-ko gutxieneko azalera eta 90 m-ko aurrealdea.

Hala ere, gure ustez, alegatzaileak arrazoi du dioenean beharrezkoa dela proposatutako lurzatiak justifikatzea; izan ere, zilegizkoak dira bestelako diseinuak UPSko lurzatien baldintzetan. Horri dagokionez, 2021eko martxoaren 17ko errekerimenduari erantzuteko, sustatzaileak justifikazio hau eman du 2021eko martxoaren 22an:

“Ondoriozko lurzatiek izan ditzaketen diseinuen artean, jarduketaren baldintza fisikoek eraman gaituzte proiektuko proposamenak hautatzera: lurzatien diseinu ortogonala, iparraldetik hegoalderako orientazioarekin, haien aurrealdetik doan eta sarbidea ematen dien bideari dagokionez.

4.0 lurzatia eratuta dago UPSak lurzati eraikigarriaren zati horretarako ezartzen dituen muga berekin. Elkarren segidan dauden 4.1, 4.2 eta 4.3 lurzatien diseinua justifikatuta dago: lehenengoa, sustatzailearen merkataritzako konpromisoei heltzeko, eta, hirugarrena, indibisoko titulartasunik sortu gabe bete dadin eremuaren hirigintzako aprobetxamenduaren %10eko lagapena, betebehar legala baita; eta bigarren lurzatia da aurreko bi arauak aplikatu ondoren gelditzen den zatia.”

Bestalde, uste dugu birpartzelazio proiektuak eta urbanizazio proiektuak koherenteak izan behar dutela. Gauzak horrela, nola birpartzelazio proiektuan zehazten diren ondoriozko lurzatiak UPSan ezarritako partzelazio baldintzak betez, irizten dugu diseinu horrek lehentasuna duela urbanizazio proiektuan jasotakoaren gainetik. Azken hori da zuzendu beharrekoa, birpartzelazioarekin koherentzia izan dezan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2021eko martxoaren 22an egin txostenean eskatu bezala.

2.3.2. 1.1 alegazioari emandako erantzun bera du. Bat gatoz alegatzailearekin dioenean oraingo sistema orokorrari dagokion ondoriozko lurzati bat egon beharko litzatekeela.

2.3.3. Eraikigarritasuna ondoriozko lurzatien azaleraren proportzioan banatu da, UPSak bidea ematen bazuen ere bestela egiteko. Horregatik, bat gatoz alegatzailearekin dioenean beharrezkoa dela birpartzelazio proiektuaren memorian berariaz adieraztea nola banatu den unitateari esleitutako eraikigarritasuna ondoriozko lurzatien artean (hala dago jasota behin betiko onesteko aurkeztu den dokumentazioan).

Aparkatzeko tokien erreserbari dagokionez, behin betiko onesteko aurkeztutako dokumentazioan berariaz adierazten da zein den erreserbatu beharreko tokien kopurua eraikigarritasunaren arabera: toki 1 lurzatian eraiki gogo diren 500 m²-ko.

Parte hartzeko kuotez bezainbatean, 1.3. alegazioaren erantzun bera dute.

Horrenbestez, zati batean baiesten da alegazioa.

2.4. alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak galdetzen du fasekako urbanizazio bat aurreikusi den, gogora ekarriz exekuzio unitate bat planteatzen bada bi fasetan (...), beharrezkoa dela hori argi eta espresuki adieraztea, zenbait zehaztapen eta determinaziorekin, bideragarriak eta funtzionalak direla erakusteko, eta hori egitea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritako prozedura bat betez, eta zehazki, birpartzelazio proiektuan (orain alegatzen den agiria), gai horri heltzea eta adieraztea zer lurzati ukitzen duen fase bakoitzak eta nola banatzen diren urbanizazio kargak.

–Erantzuna:

Birpartzelazio proiektuari baino gehiago, alegazioa urbanizazio proiektuari dagokio, alegatzailaren ustez zenbait fase aurreikusi baitziren hor. Hortaz, ulertzen da ez dagokiola espediente honi.

Bestalde, adierazi behar da ezen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 151. artikuluarekin bat, kasu bakar batean ezar dezaketela birpartzelazio proiektuek urbanizazioa faseka gauzatzea, eta kasu hori ez da guri dagokiguna: “Tamaina handiko exekuzio unitateetan, guztirako aprobetxamenduaren %50etik gora biltzen duten jabeak ez badaude urbanizazioa fase bakarrean egitearen alde”; hori ez da gure kasua.

Horrenbestez, alegazioa ezesten da.

2.5. alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Egonezina agertu du sustatzaileak harremanik izan ez duelako alegatzailearekin; izan ere, aprobetxamenduaren lagapenaren %10a merkataritzarako probetxu eskasa duen lurzati batean esleitu dio, haren iritziz, hirugarren faseko loturatik oso urrun dagoelako eta barnetik urbanizatzeko obrak behar dituelako behar bezala kudeatzeko, eta, horretaz gain, dio interes handikoa dela (...) aprobetxamenduaren monetizazioa egitea, ‘pozoitutako lagapenekin’ sufritzen ez jarraitzeko, edo, behintzat, udalarekin hitzartzea estualdian jartzen ez duen eta kalterik egiten ez dion esleipen bat.

–Erantzuna:

Ez gatoz bat entitate interesdunarekin dioenean probetxu eskasekoa dela nahitaezko eta doako lagapenaren kontzeptuan esleitu zaion 4.3 lurzatia: 30.318 m² izateko, itxura egokia du, eta hurbil dago guztiz gauzaturik dauden Garraioaren Hiriko 1. eta 2. faseetako loturatik. Bestalde, gogora ekarri behar da Garraioaren Hiriko lurzati guztiek obrak eskatzen dituztela barnetik urbanizatzeko, hein batean edo bestean.

Bestalde, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 25. artikuluarekin bat, salbuespenekoa da udalari dagokion hirigintzako aprobetxamendua diruzko balioarekin ordeztea, eta kasua bada, hirigintzako hitzarmen batean gauzatu beharra dago.

Aurrekoa gorabehera, NASUVINSA prest dago udalari laguntzeko lurzati hori merkaturatzen.

Horrenbestez, alegazioa ezesten da.

2.6. alegazioa.

–Edukiaren laburpena:

Salatzen da desberdinak direla birpartzelazio proiektuak erreferentziatzat hartu dituen urbanizazio gastuak eta urbanizazio proiektukoak (hura ere tramitatzen ari da orain). Ulertzen du lege-iruzurra dela, tramitatzen eta onesten duenak badakielako benetako likidazioa ez dela inola ere hurbilduko behin-behinekora, urbanizazio gastu horien aurreikuspena biltzen duen likidazio kontua jasota dagoelako Jabetza Erregistroan.

–Erantzuna:

Bat gatoz alegatzailearekin dioenean koherentzia eta koordinazioa izan behar dela batera tramitatzen ari diren birpartzelazio proiektuaren eta urbanizazio proiektuaren artean. Behin betiko onesteko aurkeztu den dokumentazioan jasota dago, behin-behineko likidazioaren kontuan, zein diren hasiera batean onetsitako urbanizazio proiektuak jotako kostuak.

Horrenbestez, alegazioa baiesten da.

Iragarkiaren kodea: F2105187