109. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

84E/2021 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen-ukipenetarako baimena ematen baitzaio proiektu honi: “8127612-3408789 proiektua, Uharte Arakilen telekomunikazioetarako lurpeko hoditeria jartzeko”. Sustatzailea Telefonica de España SA da.

2020ko ekainaren 17an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren helburua da telekomunikazio-linea bat lur azpian sartzea Uharte Arakilen, hain zuzen ere, 1007 postetik Uharte Arakil Telekomunikazio Zentroraino doan tartean.

Horretarako, lur azpiko kondukzio bat eginen da 40 cm-ko zabalerako zanga batean, 80 cm-ko sakoneran eta 13 metroko luzeran; bi hodi izanen ditu, PVCzkoak eta 63 mm-ko diametrokoak, eta M motako kutxeta bat instalatuko da, hormigoi prefabrikatuzkoa, 40 × 40 cm-koa.

Proiektatzen den obra “Urbasa eta Andia” (KBE ES2200021) izeneko kontserbazio bereziko eremuan garatuko da. Nolanahi ere, obrak ez du ingurumen eragin nabarmenik sortuko, ezta ukipenik ere gunearen integritatean.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aldeko txostena dago. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “8127612-3408789 proiektua, Uharte Arakilen telekomunikazioetarako lurpeko hoditeria jartzeko”. Sustatzailea Telefónica de España SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Obrak hasi baino 72 ordu lehenago, gutxienez, gaztigua eman behar zaio Sakana Mendialdea barrutiko Ingurumena Zaintzeko Taldeari (telefonoa: 648 257074, posta elektronikoa: gmasakana@navarra.es), sarbideak eta lan-eremua balizatzeko eta kimaketa- eta garbiketa-lanetarako, egin behar badira, landaredia ahalik eta gutxien ukitzeko.
  • Ingurumena Zaintzeko Taldeak egiaztatzen badu babestutako fauna badela jarduketa eremutik gertu, eta obren eraginez eragozpenak jasan ditzakeela bere aldi kritikoan, atal horrek sustatzaileari adieraziko dio noiz egin ditzakeen lanak.
  • Ekainaren 15aren eta irailaren 30aren artean, orokorrean, eta lehorte baldintzek hala aholkatuz gero beste egun batzuetan, elementu batzuk eraman beharko dira (sua itzaltzeko ur motxilak, sua itzaltzeko tresnak, aitzurrak, eta abar), lanetan sor daitezkeen suak itzaltzeko. Neurri horiek bereziki zainduko dira zerra erradialak edo soldadurak erabiliz gero edo txinpartak sor ditzaketen bestelako lanak eginez gero.
  • Sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, jarraikiz Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuari.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da ezen, hala egin ezean, arau-hauste astuntzat joko dela eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Hirigintza arlokoak:

  • Ez dira baimen honetan sartzen sare elektrikoan lehendik dauden azpiegiturak, ez eta beste telekomunikazio instalazio batzuk ere; legezkotasun egoeran daudela jotzen da. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea. Baimen honek ez du babesten azpiegitura honekin lotzea lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden jarduerak edo horren gainean paratu gogo direnak.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Herri-lurren Atalak 2020ko urriaren 26an emandako txostenean jasotako ohar hauek bete beharko dira:
  • Uharte Arakilgo Udalak okupazio espediente bat izapidetu beharko du, eta lortu beharko du onets dezala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalak. Horretarako, nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, bat etorrita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin.
  • Azpiegitura egiteko behar diren lanak bukaturik, ukitutako eremua lehengoratu eginen da, eta, behar denean, ingurumenaren arloko tramitazioaren eskumena duen erakundeak egokitzat jotzen dituen neurriak hartuko dira.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 300 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Herri-lurren Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Uharte Arakilgo Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Sakana Mendialdeko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2105202