106. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

2. ordenantza fiskala, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2021eko otsailaren 9an egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batez onestea Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala (2. ordenantza).

Iragarkia 2021eko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 1ean, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat. Jarraian ageri da testua osorik.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2021eko apirilaren 14an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

2. ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko VI. kapituluko 172.etik 178.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

1.–Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, lur horiek izaten duten balio-gehikuntza kargatzen duena, gehikuntza hori agerian geratzen denean lur horien jabetza edozein tituluren bidez eskualdatzearen ondorioz edo lur horien edozein gozamen-eskubide erreal, jabaria mugatzen duena, sortu edo eskualdatzearen ondorioz.

2.–Zerga honen ondorioetarako, kategoria hauetakoren batean sartzen direnak hartuko dira hiri-lurtzat, udal baten katastroan edo katastro-erroldan hiri-unitate higiezin gisa egon ala ez egon:

a) Lurraldearen antolamendu eta hirigintzari buruzko foru legeek hiri-lurtzat hartutako lurzorua edo hirigintzako planeamendu orokorrean urbanizagarri sektorizatutzat hartzen den lurzorua, bai eta urbanizagarri gisa sailkatutako gainerako lurzorua ere, hura sektorizatu duen hirigintza tresna onetsi denetik beretik.

b) Gutxienez ibilgailuendako sarbidea, ur hornidura, urak hustekoa eta argindarraren hornidura dituzten lurrak, hirigintzan haien sailkapena zeinahi dela ere; edo azaleraren erdia bederen eraikinek finkaturiko eremuetan dauden lurrak.

c) Landa-lurrak, baldin eta bertan nekazaritzarako erabilera hutsaldu duten jarduketarik egin bada, nahiz eta horrek lurzoruaren izaeran aldaketarik eragin ez.

d) Eraikuntzek okupatutako lurzoruak eta horiei itsatsiak zein horien mendekoak.

e) Industria jardueretarako okupatutako lurzoruak, baldin eta jarduera horiek bertan gauzatzen badira.

3) Aurreko apartatuan xedatutakoarekin bat hiri-lurtzat jotzen ez diren lurzoruak landa-lurtzat joko dira, eta aipatu lurzoru horiek izaten ahal duten balio-gehikuntza ez da zerga honi loturik egongo.

4) Hiri-lurren eskualdaketak ez dira zergaren menpe egonen baldin eta subjektu pasiboak frogatzen badu horietan ez dela balio-gehikuntzarik izan lurren eskualdaketaren eta eskurapenaren balio errealen arteko diferentziak eraginda.

Ondorio horietarako, subjektu pasiboak balio-gehikuntzarik ez dela izan ziurtatzen duten frogak aurkeztu beharko ditu.

Balio-gehikuntzarik ez dela izan frogatzeko, lurraren eskualdaketaren eta eskurapenaren balio errealak izanen dira, hurrenez hurren, ondasun higiezinaren eskualdaketan eta eskurapenean ordaindutakoak, eragiketa horiek agiri bidez jasotzen dituzten tituluetan ageri direnak, edo, bestela, udalak edo higiezinaren eskualdaketa kargatzen duten zergen kudeaketaz arduratzen den zerga administrazioak egiaztatutakoak, haiek baino handiagoak badira.

Irabazizko eskurapena edo eskualdaketa denean, aurreko paragrafoetako erregelak aplikatuko dira, eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren aitorpenean ageri dena izanen da balio horien zenbateko erreala, edo udalak edo eskualdaketa kargatzen duten zergen kudeaketaz arduratzen den zerga administrazioak administratiboki egiaztatutakoa, hura baino handiagoa bada.

Apartatu honetan xedatutakoarekin bat egindako deklarazioa, eragiketa zergaren menpean ez dagoela dioena, balioa egiaztatu aurrekoa, behin-behinekoa izanen da. Hori dela medio, ondoren egiaztatzen den balioaren arabera frogatzen bada balio-gehikuntza izan dela, lurraren eskualdaketa zergaren menpe geldituko da. Kasu horretan, udalek behar den tributu likidazioa eginen dute.

Likidazioa egina badago ordurako, ordea, ondoren egiaztatutako balioaren arabera frogatzen bada ez dela balio-gehikuntzarik izan, zergadunak eskubidea izanen du dagokion itzulketa egin dakion. Aurreko bi paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko da baldin eta, kasu horietako bakoitzean, preskribitu ez badu udalen eskubideak tributu zorra zehazteko, edo zergadunen eskubideak bidegabeko sarreren itzulketarako.

Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, Foru Komunitateko Zerga Administrazioak udalei jakinaraziko die zein diren berak egiaztatutako balioak, haien udalerrietan dauden higiezinenak.

Lurzoruaren balioa bereizirik ageri ez bada, honela kalkulatuko da: eskualdaketaren datan lurraren balio katastralak ondasun higiezinaren balio katastral osoarekiko egiten duen proportzioa aplikatuko da. Proportzio hori higiezinaren eskualdaketarako nahiz eskurapenerako aplikatuko da.

Apartatu honetan adierazitakoarekin bat lurren balio-gehikuntzarik ez dagoenean, 13. artikuluan araututako deklarazioa aurkezteko betebeharra mantenduko da betiere.

Apartatu honetan adierazitakoarekin bat lurren balio-gehikuntzarik ez dagoenean, higiezinen ondorengo eskualdaketan ez da kontuan hartuko eskuratu aurreko aldia lurren balio-gehikuntza gertatu den urte kopurua kontatzearen ondorioetarako. Paragrafo honetan xedatutakoa ez da aplikatuko higiezinen ekarpenak edo eskualdaketak zergaren menpe ez badaude Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaz baliatuz.

Salbuespenak

3. artikulua. 1. Honako egintza hauengatik agertzen diren balio-gehikuntzak zerga honetatik salbuetsirik egongo dira:

a) Ezkontideek ezkontza sozietatera ekartzen dituzten ondasun eta eskubideak, haien alde eta haiek ordaintzeko egiten diren esleipenak eta beren ondasun komunengatik ezkontideei egiten zaizkien eskualdatzeak.

b) Herentziaz, legatuz, ezkonsariz, dohaintzaz edo, dohainik dela, beste nolanahi egiten diren ondasun eskualdatze guztiak, aurrekoen, ondorengoen eta ezkontideen artean egiten badira.

c) Ezkontideen arteko edo seme-alaben aldeko ondasun eskualdaketak, deuseztasun, banaketa edo dibortzio kasuetan epaiak betetzearen ondoriozkoak, ezkontza araubide ekonomikoa edozein dela ere.

Nolanahi ere, aurreko a), b) eta c) letretan aipatzen diren negozio juridikoak gertatzen direnean, ez dute etenik eraginen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 175. artikuluan aurreikusitako hogei urteko epean. Higiezin horiek gero eskualdatzen direnean, ulertuko da lurren balio-igoera gertatu den urteen kopuruan ez dela etenik izan letra horietan aurreikusitako negozio juridikoen ondorioz. Era berean, lege bereko 172.4 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, ez da eskurapen-baliotzat hartuko aipatutako negozio juridikoei dagokiena, beste egintza batzuengatik higiezinaren aurreko eskualdaketari dagokiona baizik.

d) Menpekotza eskubide edozertarikoak eratu eta eskualdatzea.

e) Ondasun eskualdaketak edo jabaria mugatzen duten gozamen eskubide errealen eraketa edo eskualdaketa irabazizkoa, Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean aurreikusitako zerga araubidea aplikatzekoa zaien entitateen alde, edo maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 4. artikuluan aipatzen den kultur mezenasgoaren onuradunak diren pertsonen eta entitateen alde (foru lege horrek Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen ditu).

Letra honetan araututako salbuespenerako eskubidea izateko, beharrezkoa izanen da ondasun edo eskubide horiek 10/1996 Foru Legean jasotako entitateen berariazko xedea diren jarduerei atxikitzea, edo 8/2014 Foru Legean jasotako pertsonek edo entitateek egindako proiektuei edo jarduerei, baldin eta interes sozialaren deklarazioa badute, Nafarroako Gobernuan kulturaren eskumena duen departamentuak emana.

2. Halaber, zerga honetatik salbuetsirik daude balio-gehikuntzak, zerga hori ordaintzeko eginbidea pertsona edo entitate hauei dagokienean:

a) Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua, autonomia erkidegoak, baita horien erakunde autonomoak ere, izaera administratiboa badute.

b) Zergapetzearen udalerria eta udalerri horretan sartutako gainerako toki entitateak, edo udalerria kide dutenak, bai eta haien erakunde autonomo administratiboak ere.

c) Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak eta gizarte-aurreikuspeneko mutualitateak, Aseguru eta Berraseguru Entitateen Antolamenduari, Gainbegiratzeari eta Kaudimenari buruzko uztailaren 14ko 20/2015 Legean araututakoak.

d) Nazioarteko hitzarmen edo itunetan salbuespena aitortu zaien pertsona edo entitateei.

e) Emakida administratibo errebertigarrien titularrak, horiek atxikiak dituzten lurrei dagokienez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. 1. Honako hauek dira zergaren subjektu pasiboak, zergadun gisa:

a) Lurren eskualdatzeetan nahiz gozamen eskubide errealak, jabaria mugatzen dutenak, irabazi-asmoz eratu edo eskualdatzean, lurraren erostuna, edo kasuan kasuko eskubide erreala eratu edo eskualdatu egiten zaion pertsona.

b) Lurren eskualdatzeetan nahiz gozamen eskubide errealak, jabaria mugatzen dutenak, kostu bidez eratu edo eskualdatzean, lurraren eskualdatzaileak edo kasuan kasuko eskubide erreala eratu edo eskualdatu egiten duen pertsona.

Letra honetan aipatzen diren kasuetan, lurraren eskuratzailea edo delako eskubide erreala noren alde eratzen edo eskualdatzen den, huraxe hartuko da zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat; zergaduna Espainian bizi ez den pertsona fisikoa denean.

Eskuratzailea zergadunaren ordezkoa bada, aurreko lerroaldean xedatu bezala, zilegi izanen du betiere kargaren zenbatekoa eskualdatzaileari jasanaraztea.

2. Hipoteka-zordunek ohiko etxebizitzaren gainean egiten dituzten eskualdaketetan, baldin eta etxebizitza hori subjektu pasiboak bere titulartasunpean duen bakarra bada, higiezina eskuratzen duen entitatea zergadunaren ordezkoa izanen da, eta ezin izanen dio kargaren zenbatekoa jasanarazi zergadunari, honako kasu hauetan:

a) Finantza-entitate batek eskatuta abiarazitako prozedura judizial batean.

b) Etxebizitza notario bidez judizioz kanpo saltzen den kasuetan (Hipoteka Legearen 129. artikulua).

c) Etxebizitza ordainean ematen denean, hipoteka-zordunak finantza-entitate batekin hipoteka-betearazpenaren ordezko neurri gisa erdietsitako akordioen ondorioz.

d) Etxebizitza finantza-entitate hartzekodun baten, haren higiezin-filialen edo haren aktibo-kudeaketarako entitateen alde eskualdatzen den gainerakoetan, zeinak Kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legean definitzen baitira.

3. Hipotekaren betearazpen judizial edo ez-judizial bat egiten ari den bitartean hipoteka-zordunek ohiko etxebizitzaz beste ondasunak direla-eta egindako eskualdaketetan, konkurtso-prozedura baten esparruan, higiezina eskuratzen duen pertsona edo entitatea zergadunaren ordezkotzat joko da, eta hari jasanarazten ahalko dio kargaren zenbatekoa.

Zerga-oinarria

5. artikulua. 1. Zerga honen zerga-oinarria hiri-lurren balio-gehikuntza da, sortzapenaren unean dagoena eta gehienez ere hogei urteko epean izandakoa; haren zenbatekoa kalkulatzeko, sortzapenaren unean lurrak zuen balioa, artikulu honen 3., 4., 5. eta 6. apartatuetan xedatutakoaren arabera kalkulatuta, sortzealdiari dagokion koefizienteaz biderkatuko da, bat etorriz ordenantza fiskal honetako tarifen eranskinean jasotakoarekin.

2. Balio-gehikuntzaren sortzealdia hau izanen da:

a) Lurraren jabetza eskualdatzen denean, eskualdaketa kostu bidezkoa nahiz irabazizkoa izan, lurraren eskurapenaren egunetik eskualdatu arte igarotako urte kopurua.

b) Jabaria mugatzen duen eskubide erreal bat eratzen denean, lurraren eskurapenaren egunetik eskubide erreala eratu arte igarotako urte kopurua.

c) Jabaria mugatzen duen eskubide erreal bat eskualdatzen denean, eskubidearen eskurapenaren egunetik eskualdaketa egin arte igarotako urte kopurua. Igarotako urteen kopurua kontatzean urte osoak hartuko dira, urte zatikiak kontuan hartu gabe. Sortzealdia urtebetetik beherakoa denean, urteko koefizientea hainbanatuko da, soilik hilabete osoak kontuan hartuta, eta ez hilabete zatikiak.

3. Lurren eskualdaketetan, zergaren sortzapenean lurrek duten balioa izanen da indarra duen balorazio txostena aplikatzearen ondoriozkoa, ondasun berezitzat harturiko zati badira ere edo eskualdatutako ondasun higiezinaren banako balioa zehaztu gabe badago ere.

Aurrekoa gorabehera, lurraren eskualdaketa egiten den unean indarreko balorazio txostenean azaltzen ez bada lurrak zerga honen ondorioetarako duen hiri-lur izaera, edo lurraren hirigintzako ezaugarriak aldatu badira eta balorazio txostenean azaltzen direnak bezalakoak ez badira, behin-behineko likidazioa eginen da balorazio txosten horretan azaltzen den baliotik abiatuta. Zergaren sortzapenaren unean lurrak duen hirigintzako errealitate berriaren araberako balioa finkatzen duen balorazio txosten berria onetsi ondoren, zergaren sortzapen egunari dagokion behin betiko likidazioa igorriko da, eta, bidezkoa bada, ordaindutako soberakina itzuliko.

Horiek horrela, balorazio txosten berrian ateratzen den balioa zuzenduko da; izan ere, aipatu balioa biderkatu eginen da sortzapenaren unean indarra duen txostenak hiri-lurtzat hartutako lur guztiek metro koadroko duten balioaren batezbesteko haztatuak adina jotzen duen koziente batez eta txosten berriak lursail horiei metro koadro bakoitzeko esleitutako batezbesteko haztatuaz.

4. Jabaria mugatzen duten gozamen-eskubide errealen eraketan eta eskualdaketan, 2. apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz sortzealdiari dagokion koefizientea aurreko apartatuan zehaztutako balioaren gainean aplikatuko da, eskubide horien balioak egiten duen zatiaren gainean zehazki; eskubideen balioa kalkulatzeko, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren ondorioetarako ezarritako arauak aplikatuko dira.

5. Eraikin batean edo lursail batean solairu bat edo gehiago jasotzeko eskubidea eratu edo eskualdatzen denean, edo eraikina lur azpian egiteko eskubidea (azalerako eskubide errealik atxikita izan gabe), 2. apartatuan aurreikusitakoarekin bat sortzealdiari dagokion koefizientea aplikatuko da 3. apartatuan zehaztutako balioaren zati batean, hau da, balio horretan eskualdaketaren eskrituran ezarritako proportzionaltasun modulua ordezkatzen duen zatian, edo, halakorik ezean, lur gainean edo lur azpian eraiki beharreko solairuen azaleraren edo bolumenaren eta, horiek eraiki ondoren, azalera edo bolumen eraiki osoaren arteko proportzioaren emaitza.

6. Nahitaezko desjabetzeen kasuan, 2. apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz sortzealdiari dagokion koefizientea aplikatuko da prezio-justuaren barruan lurraren balioari dagokion zatiaren gainean.

Kuota

6. artikulua. Zerga honen kuota izango da zerga-oinarriari ordenantza honetako eranskineko karga-tasa ezartzetik heldu dena.

Noain Elortzibarko Udalak aplikatuko dituen koefizienteak izanen dira sortzealdi bakoitzerako baimenduta dauden gehienekoak eta dagokion unean indarrean daudenak, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 175.2 artikuluan xedatutakoarekin.

Sortzapena

7. artikulua. 1) Zerga sortzen da:

a) Lurraren jabetza eskualdatzen denean, kostu bidez edo doan, bizien artean edo heriotzagatik, eskualdatzen den egunean berean.

b) Edozein gozamen-eskubide erreal, jabaria mugatzen duena, eratu edo eskualdatzen denean, eraketa edo eskualdaketa gertatzen den egun berean.

2) Epaitegiek edo administrazioak emandako ebazpen irmoaren bidez deklaratu edo onartzen denean lurraren eskualdaketaren edo horren gaineko gozamen-eskubide errealaren eskualdaketa zehazten duen egintza edo kontratua deuseztatu, hutsaldu edo suntsiarazi dela, subjektu pasiboak eskubidea izanen du ordaindutako zerga itzul diezaioten, egintza edo kontratu horrek irabazirik ekarri ez badio eta ebazpena irmo bihurtu eta bost urteko epean eskatzen badu itzulketa; irabaziak izan direla usteko da, interesdunek elkarri itzulketak egin behar dizkiotela egiaztatzen ez denean. Itzulketa horiek Nafarroako Foru Berriko 506. Legeak eta horiekin bat datozenek eta Kode Zibileko 1295. artikuluak aipatzen dituzte. Egintzak edo kontratuak irabazirik ekarri ez badute ere, hutsaltzen edo suntsiarazten bada subjektu pasiboak zergarekiko dituen betebeharrak bete ez dituelako, ez da deus itzuliko.

3) Kontratua indarrik gabe gelditzen bada kontratugile biek adostasun osoz hala erabaki dutelako, ordaindutako zergarik ez da itzuliko eta zergaren menpeko egintza berritzat hartuko da. Adostutako erabakitzat hartuko da abenikoarekin egindako adiskidetze-ekitaldia eta demandari amore ematea.

4) Baldintzaren bat tartean daukaten egintza edo kontratuetan, horren kalifikazioa Nafarroako Foru Berriko aginduek emanen dute. Baldintza hori etengarria bada, baldintza hori bete arte zenbatekoa ez da likidatuko. Baldintza hori suntsiarazlea bada, zerga berehala eskatuko da, baina, baldintza betetzen denean, itzulketa eginen da aurreko paragrafoko arauaren arabera.

Zergaren kudeaketa

8. artikulua. 1) Zergadunak edo, hala balitz, haien ordezkoak, beharturik daude aitorpen bat aurkeztera; aitorpen horretan agertuko dira bidezko likidazioa egiteko tributu-harremanerako elementu nahitaezkoak.

2) Aitorpen hori aurkeztuko da, zerga sortzen denetik hasita ondoko epe hauetan:

a) Bizien arteko egintzak direnean, epea bi hilabetekoa izanen da.

b) Heriotzaren ondoriozko egintzak direnean, epea 6 hilabetekoa izanen da, luzagarria, urtebetekoa izanen baita subjektu pasiboak hala eskatzen badu.

9. artikulua. 1) Subjektu pasiboak edo haren legezko ordezkariak sinatuko du zerga-aitorpena, eta harekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Subjektu pasiboaren NANaren, IFZren, bizileku-txartelaren, pasaportearen edo IFKren fotokopia, edo ordezkaritza frogatzen duen beste edozein agiriarena.

b) Zerga ordaindu beharra eragin duen egintza, egitatea edo kontratua jasotzen duen agiria. Agiri hori, hain zuzen, kudeaketa bulegoaren esku geratuko da dagokion likidazioa entregatu arte.

2) Udal administrazioak laguntza emanen die tributudunei aitorpenak egitean.

3) Aitorpena aurkeztean, zergadunak eska dezake behin-behineko deklarazio bat, dioena ez dagoela behartuta zerga ordaintzera ordenantza fiskal honetako 2.4. artikuluan aurreikusitako kasuren batean egoteagatik. Edonola ere, artikulu horretan kasu bakoitzerako eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu.

10. artikulua. 1) Subjektu pasiboak uste badu gertatu den balio igoerak salbuespen kasu bat dakarrela, eta ez dagoela ordaintzera behartua, horren berri ematen ahalko du legez ezarritako epeen barruan, adieraziz zein lege xedapenek babesten duten onura hori, eta, hala behar badu, horren frogagiriak aurkeztuko ditu, aitzineko artikuluan eskatzen ziren agiriez landa.

2) Alegatuagatik ere ordaindu beharra badago, Udal Administrazioak behar den likidazioa eginen du.

3) Ordainketak hamar urteko modalitatearen edo baliokidetza tasaren bidez egin dituzten zergadunei dagokion zergaldian modalitate horren bidez ordaindutakoa kenduko zaie ordaindu beharreko kuotatik. Modalitate hori, hain zuzen, xedatuta dago Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Arauaren 74.1 artikuluan, zeina Foru Parlamentuak onetsi baitzuen 1981eko ekainaren 2an hartutako erabakiaren bidez, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen bosgarren xedapen iragankorrean.

11. artikulua. Aitorpena aurkezten duena, aurkeztu hutsagatik, zerga ordaindu behar duenaren ordez ari balitz bezala jokatuko da, eta tributua kudeatzeko jardunbidean egiten diren jakinarazpenek orok, aurkeztu dituen agiriei dagokienez, nahiz sinatzen dituen eginbideek interesdunekin beraiekin egin izan balira bezainbateko balioa izanen dute, eta ondorio berdinak eraginen.

12. artikulua. Udal Administrazioak zergaren behin betiko likidazioa ezartzeko beharrezko diren bertzelako agiriak aurkezteko eskatzen ahal die subjektu pasiboei, hogeita hamar eguneko epean aurkezteko ere, non, interesdunak eskatuta, epe hori bertze hamabost egunez luzatu ahalko baita, halako eran non errekerimendu horiek ezarritako epeetan betetzen ez badute, hori arau-hauste soiltzat joko baita, betiere zehapen larriaren graduazioaren osagarri gisa bezala ez badu jarduten, Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskapenaren ordenantzan xedatutakoarekin bat.

13. artikulua. Udal Administrazioak, zerga honen likidazioak onesten dituenean, legezko eran jakinaraziko die hori subjektu pasiboei, betiere ordaintzeko epeak eta bidezkoak diren errekurtsoak adierazita.

14. artikulua. Ukatu gabe 13. artikuluan xedatua, halaber beharturik daude subjektu pasiboek dituzten epe eta molde beretan Udalari aditzera ematera zerga-egitatearen gauzatzea zein izan den, lurren eskualdatzaileak edo jabaria mugatzen duten gozamen-eskubide errealen eratzaile edo eskualdatzaileak, betiere irabazi asmoz eta bizien arteko negozio juridikoaren ondorioz eman badira.

15. artikulua. Notarioak beharturik egonen dira Noain Elortzibarko Udalari igortzera, hiruhileko bakoitzaren lehen hamabostaldian, aurreko hiruhilekoan baimendu dituzten agiri guztien zerrenda edo aurkibidea, zerga honen zerga-egitatea gauzatu dela agerian uzten duten egitate, egintza edo negozio juridikoei buruzkoak, azken borondatezko egintzak izan ezik. Halaber, beharturik egongo dira, epe berean, sinadura ezagutu edo egiaztatzeko aurkeztu zaizkien agiri pribatuen zerrenda, egitate, egintza edo negozio juridiko berberek osatutakoa, igortzera. Artikulu honetan ezarritakoak ez du galarazten lege orokor eta tributuzkoetan ezarritako laguntzeko betebehar orokorra.

TARIFEN ERANSKINA

Zerga-oinarria

Sortzapenaren unean lurraren balioaren gainean aplikatu beharreko koefizienteak, balio-gehikuntzaren sortzealdiaren arabera, izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 175.2 artikuluan ezarritako gehieneko koefizienteak eta etorkizunean gerta litezkeen eguneratzeak lege bereko 58.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hauek dira gaur egun indarrean dauden koefizienteak:

SORTZEALDIA

KOEFIZIENTEA

20 urte edo hortik gora

0,50

19 urte

0,52

18 urte

0,14

17 urte

0,13

16 urte

0,06

15 urte

0,06

14 urte

0,06

13 urte

0,06

12 urte

0,06

11 urte

0,06

10 urte

0,06

9 urte

0,06

8 urte

0,06

7 urte

0,13

6 urte

0,30

5 urte

0,36

4 urte

0,28

3 urte

0,20

2 urte

0,11

1 urte

0,06

Urtebetetik behera

0,06

Karga-tasa: %25.

II. ERANSKINA

Aitorpena / jakinarazpena, Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren eta katastroaren ondorioetarako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2106513