106. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

95E/2021 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana; honen bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio proiektu honi: “Hondakin uren hustubidea eta lur azpiko goi tentsioko linea Arakilen Harivenasa ezartzeko”, Irurtzungo eta Arakilgo udal mugarteetan; sustatzailea Harivenasa SL da.

2020ko azaroaren 17an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I eta N epigrafeetan dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da Harivenasa enpresak Etxarrenen, Arakilgo 8. poligonoko 97. lurzatian dituen instalazioei saneamendua eta energia elektrikoa ematea. Hondakin ur ez-industrialetarako saneamendu kolektorea diseinatu da, 2,3 km ingurukoa, Irurtzungo hondakin uren araztegiarekin (aurrerantzean HUA) konektatuko dena, baita lur azpiko zirkuitu bikoitzeko 13,2 kV-eko linea elektriko berria ere, 2,7 km ingurukoa (“Irurtzun” BTA Transformazio Azpiestaziotik transformazio eta maniobrako zentro berri bateraino, instalazio horien inguruan).

Hasieran, saneamendua ur industrialen araztegiari lotutako sistema propio baten bidez egitea aurreikusi zen, eta hornidura elektrikoa aireko deribazio baten bidez egitea, industriaren alboko linea batetik.

Gaur egungo proposamena aurkeztu aurretik, argindarra airetik hornitzeko zenbait alternatiba aztertu eta baztertu dira, baita bi eroanbideetarako lur azpiko trazaduren beste alternatiba batzuk ere. Aurretiazko azterketa horietatik ondorioztatu da bi eroanbideek Larraun eta Arakil ibaiak zeharkatzea hinka bidez eginen dela, bi ibaien ibilguen azpitik eta ibaiertzei eragin gabe; baztertu egin da ibaiak aire zabaleko zanga bidez gurutzatzea, horretarako ibaiak behin-behinean desbideratu edo ur hesiekin lan egin beharko litzatekeelako eta horrek eragina izanen lukeelako ibaiertzetan eta ibilguetan.

Ebazpen honen I. eranskinean daude jasota proiektuaren laburpen xehatua eta haren ingurumen ukipen nagusiak.

Txostena eskatu zaie Arakilgo eta Irurtzungo udalei. 2021eko martxoaren 12an, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, sustatzaileak proposatutako zenbait neurri zuzentzaile eta ingurumen jarraipeneko neurriak kontuan hartuz. Txosten horretan ukipenak xehetasun handiagoz jaso dira, hain zuzen ere ibarrean, floran eta faunan espero diren ukipenak; bidenabar, zenbait neurri gehigarri ere proposatu dira, ukipen horiek kontrolatzeko eta ahalik eta inpakturik txikiena bermatzeko.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.–Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Hondakin uren hustubidea eta lur azpiko goi tentsioko linea Arakilen Harivenasa ezartzeko” proiektuari, Irurtzungo eta Arakilgo udal mugarteetan; sustatzailea Harivenasa SL da.

2.–Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Espedientean aurreikusitako jarraipen arkeologikoa beteko da, bereziki aurkeztutako dokumentazioan aipatutako aztarnategien inguruetan (Ardantzeta II, Harivenasako instalazioen eremuan eta Ilarradia III, eroanbidearen alboan, saneamenduaren PK 1350 eta PK 1450 artean, gutxi gorabehera).
  • Obrako ingurumen jarraipenaren ardura duten langileekin kontatuko da; ukipenen azterketan eta ingurumen ukipenetarako baimen honetan aurreikusitako ingurumen jarraipeneko neurri guztiak betetzea gainbegiratuko dute, ukipenak saihestu edo murrizteko zein lehengoratze eta landareztatze neurriak betetzeko.
  • Jarraipen horretan trazaduraren zuinketaren moldaketa arinak aurreikusiko dira eta pilaketa zonen plangintza egokia eginen da, baita obretako lanena ere, landaredi naturalaren ukipena gutxitzeko.
  • Horrez gain, ingurumen jarraipenaren barruan, obrako zuzendaritzarekin eta kontratekin behar diren neurriak adostuko dira (espazioaren eta denboraren plangintza, neurri gehigarriak eta ohartarazpen sistema), Arakil ibaiaren edo Larraun ibaiaren uholde arrunt edo berezi batek obretan eragitea saihesteko, hain zuzen ere uholdeak izan ditzaketen zonetan eta lurra, obretako metak eta materialak gertuko ibilguetara eta lursailetara eramatea ekiditeko.
  • Arakil eta Larraun ibaiak zeharkatzeko ez da inolaz ere zanga irekiko lanik eginen, eta ez dira ibaiertzak aldaraziko. Ibilgu horietatik gertuen dauden kutxatila eta hinken sarrera eta irteera putzuak ibai ertzetako zuhaitz, sastraka edo larre eremuetatik kanpo jarriko dira. Hori bideragarria ez bada, ingurumenean ukipen txikiena izanen duen kokapena bilatuko da obraren zuinketa lanetan.
  • Saneamenduaren azken tartean landaredi naturala duen ezponda bat ukituko da, baratze partikular bateko heskaiaren alboan; ezpondak areka bat dauka, baratzea babesteko. Tarte horretako obretan saihestu egin beharko da heskaia ukitzea, eta ezponda lehengoratzea aurreikusi beharko da, areka berreginez, eta lur emankorrak zabalduko dira goiko geruzan, ereiteen bidez landareztatzeko.
  • Saneamenduaren azken tarte horren PK 1890 eta PK 1960 artean obren zuinketa eginen da saneamenduaren ibilbidean hazten den landarediari (alboko idoi abandonatuaren ertzean) eta PK 1960 puntuan gurutzatzen den ubide txikiaren ertzetako baso landarediari ukipenik txikiena eraginez.
  • Baliteke proiektuaren ibai inguruneetan bisoi europarra eta igaraba paleartikoa egotea; horregatik, Larraun eta Arakil ibaien inguruko eta PK 1890 eta PK 1960 aipatutako tarteko obrak abuztuaren 1etik martxoaren 15era bitartean eginen dira, espezie horien ugalketarako aldi kritikotik kanpo.
  • Baldin eta, arrazoi justifikatuak tarteko, baldintzetako aurreko puntua ezin bada bete, hala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari aski aurrerapenez, eta espezie horren ugaltze sasoiaren aurretik espezie horientzat potentzialtasuna duten zona horietako lan zerrendan belar-sastrakak garbitzea aurreikusiko da (espezie horietako emeek gordelekuak inguru horretan jartzea eragozteko).
  • Hezegune eta ibilgu horietatik gertuko puntu horietan obrak atzeratzea aurreikusiz gero, belar-sastrakak garbitzeko uneari dagokionez, orduan ondoz ondoko garbiketak eginen dira belar altuak edo sasiak haztea saihesteko, obrak egiteko unean hazkuntzaren uneren batean dagoen bisoi europarraren bat ez ikustea eragiten badute.
  • Saneamenduko eroanbidearen azken tarteak egindako ezpondaren gainerako zatian obren egutegiari mugarik ezartzen ez zaion arren, aurreikusiz gero obrak egin beharko direla bisoi europarraren kumeak hazteko sasoian, orduan, modu berean, sasoi horren aurretik lan zerrendan belar-sastrakak garbituko dira, obrak hastean ezponda horren inguruan espezie horretako animaliak egotea saihesteko.
  • Kontuan hartuz Monte Hermoso bidearen azken tartean hormigoia dagoela eta hiri inguruko zonak, obrako betelanak eta hondakinak elkartzen direla, sortuko diren hainbat hondakin mota indarrean dagoen legediarekin bat etorriz kudeatzea aurreikusi beharko da hondakinak kudeatzeko planean.
  • Ingurumen ukipenen azterketan proposatu bezala, obren eraginpeko zuhaitz aleak moztea edo botatzea beharrezkoa bada, behar diren baimenak eskatuko dira Basoen eta Ehizaren Zerbitzuan.
  • Proiektu honetan aurreikusitako ingurumen neurriak edo proposatutako trazadura nabarmen aldatu behar bada, horren aurretik txostena edo baimena aurkeztu beharko da Biodibertsitatearen Zerbitzuan, baloratzeko.

–Hirigintzaren eta lurraldearen arlokoak:

  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera batzuk saneamendu edo hornidura sarera konektatzea edo handik harguneak ateratzea.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari; zehazki, hauei:
  • ADIF Tren Azpiegituren Kudeatzailearen txostena, 2021eko urtarrilaren 18koa; honako hau dio:
  • Arakil ibaia trenbide azpitik gurutzatzeak ez du zubiaren gaitasun hidraulikoa murriztea ekarri behar, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eduki beharko du.
  • Honako hau gogorarazi behar da, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 11ko 274E/2019 Ebazpeneko determinazioekin bat etorriz:
  • Saneamenduko hodi guztiak lur azpitik joanen dira eta bide sarearen eta espazio libreen trazadurak jarraituko dituzte. Kanalizazioen gutxieneko sakontasuna 1,2 metrokoa izanen da, lur naturalaren edo zoladuraren azpian; hala, edateko uraren sarearen azpitik gutxienez 0,8 metroko tartea egonen da beti, hala badagokio.
  • Lurzatiaren barruan ezin izanen da inolako hondakinik edo hondakin solidorik utzi. Lurzatiaren barruan kokatutako berariazko lekuetan behin-behinean biltegiratzen ahalko dira, aski gaitasun badute; hala, hondakinak ezin izanen dira ikusi errepidetik, bideetatik eta lurzatira iristeko sarbideetatik, eta ez da posible izanen haizearen, euriaren, animalien edo bestelakoen ondorioz sakabanatzea.
  • Lurzatiaren barruko argindar banaketako lineak, energiarako zein argiztapenerako, lur azpikoak izanen dira. Transformazio estazioak edo zentroak behar bezala adierazi eta babestu beharko dira.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 113.2 artikuluarekin bat etorriz, jarduketa hau ukitutako lurren balio gehikuntzaren % 10ari dagokion aprobetxamendua laga beharraren mende dago, behin baimena eman ondoren eta edozein jarduketari ekin baino lehen. Udalak ebatziko du baimen honetatik eratorritako aprobetxamendua zenbatzeko modua, lurren balioa handitu den ala ez kontuan hartuz.
  • Nafarroan industrialdeak eta industria jarduerak nola ezarri arautzen duen apirilaren 5eko 84/1990 Foru Dekretuaren 24. artikuluarekin bat etorriz, gogorarazi behar da kontzeju edo udal lizentziaren eskaerarekin batera enpresa sustatzaileak abal edo berme nahikoa formalizatu behar duela urbanizazio eta azpiegitura obrak egiteko, hain zuzen ere proiektuan jasotako urbanizazio obren kostuaren % 50ekoa.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Hain zuzen ere, Larraun eta Arakil ibaiak gurutzatzeari dagokionez, sustatzaileak kasuan kasuko arroko erakundearen baimena eskatu beharko du, eta ikusita trazadurak errepideen sarea ere ukituko duela, obrak egin aurretik sustatzaileak Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren baimenean jasotako xehetasunak bete beharko ditu (AOP 2021/31 Baimena).
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, baimena eman eta bi urteko epean egin edo jarri beharko dira abian ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Baimendutako jarduera eta/edo jarduera horri lotutako erabilera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3.–Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4.–Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ibai Ingurunearen Atalera, Arakilgo Udalera, Irurtzungo Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (“Sakana-Mendialdea” 4. Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko apirilaren 16an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

I. ERANSKINA

Ingurumen ukipenen azterlanaren eta proiektuaren laburpena

Proiektuaren trazadura aukeratua hau da:

–Kolektorearen hasierako tarteaz eta linea elektrikoko azken tarteaz gain, zeinak instalazioen barruan baitaude, bi ekipamenduek trazadura partekatuko dute tarte luze batean. Tarte partekatu horretan obrako zanga bakarra proposatu da, bi eroanbideak bertan hartzeko, horrelako proiektuetarako eraikuntzako betekizunak betez. Baterako tartea instalazioen ekialdean hasiko da, ur beltzen ponpaketan, Arakil ibaitik 16 metrora; iparralderantz joanen da, laborantza lurretatik, ibaiarekiko paralelo, horren gaineko trenbide zubira iritsi arte. Puntu horretan ibaia eta zubi azpiko trenbidea gurutzatuko du, hinka bidez. Gurutzagune horretatik Larraun ibaiaren ingurunera arte trazadurak 1.300 metro inguruko tartea egiten du Monte Hermoso bidetik, Carsalen instalazioak inguratzen ditu iparraldetik eta ekialderantz jarraitzen du, AP-15era gerturatu eta bide beretik gurutzatzen du, Larraun gaineko zubibidearen azpitik. AP-15 igaro ondoren, Larraun ibaia zeharkatzen du, hinka bidez hori ere, eta ezkerreko ertzean atera, Akaborro industrialdearen hego-mendebaldean. Puntu horretan, saneamenduaren azken tartea linea elektrikoaren eroanbidearen hasierako tartetik bereiziko da.

–Saneamenduaren azken tartea iparralderantz proiektatzen da, Irurtzungo HUArantz, Akaborro industrialdearen mendebaldeko mugatik. Ezponda bat zeharkatzen du Larraun ibaiaren ibarren gainetik, eta idoi zahar abandonatu baten baso ertza, sasi eta larrez estalia, baita lehengoratzen ari diren ibarbaso gune txikiak ere. Azkenik, ubide bat gurutzatu ondoren, HUAra iritsiko da laborantza lurretan zehar.

–Lur azpiko linea elektrikoaren hasierako tarteari dagokionez, “Irurtzun” Transformazio Azpiestazioan (BTA) hasiko da, zoladuradun bidetik eramanen da instalazio horietan sartzeko eta beherantz eginen du NA-7010 Irurtzun-Asterain errepiderantz eta Akaborro industrialderantz, baso eremu txiki bat ukituz. Errepide hori gurutzatu ondoren hiri lurzoru urbanizagarrian sartuko da eta berriki hegoalderantz egindako kanalizazioan, NA-7010 errepidetik eta industrialdeko ertzetik AP-15 errepideko ezpondara iritsiko da, eta han lurzoru urbanizaezinera itzuliko da berriz ere, eta mendebalderantz biratuko du autobide horren iparraldeko ezpondaren oinarritik, Larraun ibaiaren ezkerreko ertzera iritsi arte; han trazadura kolektore berriaren trazadurarekin elkartuko da.

Eroanbiderako aurreikusitako zangekin, hinken sarrera eta irteera ahoekin eta erregistro putzuak, kutxatilak eta bestelakoak eginez ez dira ibaiertzeko zonak modu nabarmenean okupatuko.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proposamenak bi aztarnategi arkeologiko ukitzen ahal ditu edo horietatik gertu egonen da: “Ardantzeta II”, Harivenasako instalazioen ingurunean zedarritua, eta “Ilarradia III” (Arakilgo 4. poligonoko 288. lurzatia), saneamenduaren PK 1350 eta PK 1450 arteko ibilbide bateratuaren alboan. Proposamenak Ondare Historikoaren Zerbitzuaren 2021eko urtarrilaren 15eko aldeko txostena dauka, eta, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, obrak Ondare Historikoaren Zerbitzuaren irailaren 8ko 224/2020 Ebazpenaren bidez baimendutako jarraipen arkeologikoaren mende daude.

Proiektuak badu eraikuntza eta eraispen hondakinak kudeatzeko azterketa; adierazi denez, obretarako egokiak ez diren 1.100 tona inguru lur eta 42 tona inguru hormigoi sortuko dira.

Arakil ibaiko gurutzagunearen ingurunean proposatutako trazadura, Carsal lantegietatik Monte Hermoso ibilbidean zehar eta ezkerreko hinkaren ingurunea, uholdeak izan ditzaketen lurretan dago, eta uholde arriskua handia da. Larraungo hinkaren sarrera eta irteera puntuen ingurunea ere, bi ekipamenduak bereizteko kutxatilara arte, uholdeak izan ditzaketen lursailetan dago kokatuta.

Aurkeztutako ingurumen ukipenetarako azterketak jaso du ingurumen balioa duten zonetan eragin txikia izanen duela; izan ere, bi eroanbideen ibilbidea, lurzoru urbanizaezinean dagoen tarteetan, batez ere lehendik badiren bideetan, laborantza lurretan, hiri inguruneetan edo azpiegituren ertzetan proiektatu da. Horrez gain, bi ibaiak hinka bidez gurutzatuko dira, eta horrek ez du eraginik izanen ibilguetan eta ertzetan, ezta ibar horietako ingurumen balioetan ere. Ingurumen ukipenen azterketak erakutsi du bi ibaien tarte horietan ziurrenik bisoi europarra eta igaraba paleartikoa bizi direla.

Ukipenen azterketa horretan obrarako aurreikusitako lehengoratze eta landareztatzea deskribatu da, ereite eta landatze lanekin landaredi naturalari erasaten ahal zaion puntuetan (bereziki bi ibaien inguruan eta saneamenduaren azken tartean). Ingurumen zaintzarako behar diren neurriak ere jaso dira, obrak ingurumen zaintzaile bat izatea proposatuz.

Iragarkiaren kodea: F2106195