106. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15E/2021 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako artisau enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2021eko deialdia. DDBN identifikazioa: 555005.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak, aintzat hartuz artisautza sektorearen berezitasuna, ezinbestekotzat ikusten du aurreko urteetan sektore honetan abiarazitako laguntza neurriei eustea, sektoreko ETE-ei egin dituzten inbertsioetan laguntzen jarraitzeko. Xedea da artisau lantegiak modernizatzea, horien ekipamendua hobetzea, beren produktuak merkataritza elektronikoaren bidez sal ditzatela sustatzea, eta, azken batean, enpresa horien lehiakortasuna bultzatzea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du dirulaguntzak emateko hurrenkera.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako artisau enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2021eko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 35.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; indarrean den gastuen aurrekontuko partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83130-7701-431400 partida, “Artisautzako enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak. Inbertsioak lantegietan” izenekoa.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 25ean.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Nafarroako artisau enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2021eko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauek xede dute Nafarroako artisau enpresei dirulaguntzak emateko araubidea zehaztea, haien lehiakortasuna bultzatzearren. Horretarako, arlo hauekin zerikusia duten inbertsioak egiteko laguntzak emanen dira: artisau lantegiak modernizatzea eta egokitzea, horien ekipamendua hobetzea, eta artisautza sektoreko enpresen produktuak online saltzea ahalbidetzen duen teknologia garatzea.

Laguntza honen xedea da artisau enpresak eta haien produktuak bultzatzea, sektorea dinamizatzeko eta suspertzeko; izan ere, beharra dago artisautzako jarduera bizirik mantentzeko eta dinamizatzeko, aberastasun kulturala ematen baitio gizarte guztiari, eta Nafarroako ondare ez-materialaren funtsezko atal bat baita. Sustatu nahi da artisautza behar den bezala aintzatestea, eta aitortzea hari loturik dagoen tradizioa eta kalitatea: produktu jatorrak, bakarrak eta originalak diseinatu eta eskuz egiten dira, beste produktu mota batzuk ez bezala, zeinak ekoizten baitira era industrialean, katean edo mekanizazioa baliatuz.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

35.000 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, honela zehaztuta, diruz laguntzen ahal diren jarduketa moten arabera:

JARDUKETA MOTA

ZENBATEKOA

(eurotan)

a) Artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea

14.000

b) Artisau lantegien ekipamendua, inbertsioak COVID-19arengatik, online denda ezartzea, eta online denda duten web-orrien garapen ebolutiboak

21.000

Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, beste jarduketa motako eskaerei erantzuteko erabiliko da.

3. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.

2020ko azaroaren 10etik 2021eko azaroaren 2ra bitarte gauzatu beharko dira inbertsioak, egun hori barne. Ondorio horietarako, ulertuko da gauzatu dela epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

4. oinarria. Enpresa onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea entitate onuraduna izateko ezarritako debeku egoera batean, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluari.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu ziurtagiriak, frogatzeko egunean dituela aipatutako betebeharrak.

1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. Pertsona fisiko edo juridikoen elkarte bat eratzen duten eskatzaileek edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko egoeraren batean daudenek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

Gainera, berariazko beharkizun hauek bete beharko dituzte:

1.4. Nafarroako Artisau Enpresen Erregistroan izena emanda egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik. Erregistro hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari atxikirik dago.

1.5. Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunean Nafarroako artisau enpresa bat dela egiaztatzen duen txartela indarrean izatea. Artisau enpresa izateko eskatzen diren betebeharrak, betiere, bete beharko dira deialdiaren arabera diruz lagungarriak diren jarduerak egiteko ezarritako epe osoa bitartean. Horrenbestez, artisau enpresek betebehar horiek betetzen dituzten epean egindako inbertsioak baizik ez dira onartuko.

1.6. Hala badagokio, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik aurkeztu izana artisau enpresaren izaera berritzeko eskabidea.

2. Eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla, eta laguntzak kudeatzen dituen organoak ziurtatuko du berariazko baldintzak betetzen direla.

5. oinarria. Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Jarduketa diruz lagungarriak.

1.1. Honako jarduketa hauetatik heldu diren inbertsioak dira diruz lagungarriak:

a) Artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea.

Lehendik dauden artisau lantegietan zein lokal berrietan horrelako tailerrak ezartzeko egiten diren obrek eta egokitze jarduketek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, beharrezkoak badira artisautzan jarduteko.

Etxebizitza partikularrean eta artisau lantegian eragina duten obren kasuan, artisautzako jarduera profesionalerako diren eta artisautzarekin zuzenean eta bete-betean lotuta dauden eraikin eta inbertsioen zati proportzionalak bakarrik jasoko du dirulaguntza.

Kontzeptu diruz lagungarrien artean, proiektu teknikoaren prestaketa eta obra zuzendaritza sartzen dira. Obrek etxebizitza partikularrean ere eragina izanez gero, kontzeptu horien zati proportzionala bakarrik onartuko da, hau da, artisau lantegiari egozten zaion inbertsioari dagokiona. Kontzeptu horiengatik, inbertsio onargarrien aurrekontuaren %20 onartuko da gehienez, diruz lagungarria izateko. Ehuneko hori bera izanen da kontzeptu horiengatiko dirulaguntza ordaintzeko orduan aplikatuko dena.

b) Artisau lantegien ekipamendua.

Artisautzan aritzeko berariazkoak, premiazkoak eta ezinbestekoak diren makinak, tresnak eta lanabesak eskuratu, muntatu eta instalatzeko emanen da dirulaguntza.

Makinak edo bigarren eskuko ekipoak erosteko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Enpresa hornitzaileak ekipoen fabrikatzailea edo merkaturatzailea izan behar du, edo bestela, ohiko jardueratzat bigarren eskuko ekipoen edo makinen salmenta duen enpresa.

–Ez da onartuko partikularrei edo beste artisau lantegi batzuei erostea.

–Instrukzio-organoak peritazioa aurkezteko eskatzen ahalko dio eskatzaileari, baldin eta ziur jakiterik ez badago ekipo horien prezioak ez duela gainditzen antzeko zehaztapen teknikoak dauzkan ondasun erabili edo berregokitu baten merkatuko balioa.

c) Inbertsioak COVID-19arengatik.

Diruz lagungarriak izanen dira artisau lantegia egokitzeko inbertsioak, beharrezkoak badira jarduera egokitzeko osasun agintariek emandako gomendio eta neurrietara, koronabirusak eragindako osasun krisia dela-eta; esaterako, babes itxiturak instalatzea, hesi eramangarriak jartzea, desinfekziorako ekipamendua erostea, etab.

d) Inbertsioak online denda ezartzeko eta web-orrien garapen ebolutiboetarako:

Honako hauek izanen dira diruz lagungarriak: merkataritza elektronikoko (e-commerce) web-orriak garatzea eta ezartzea, edo lehendik dauden web-orriak egokitzea funtzionalitate hori txertatzeko.

Merkataritza elektronikoa abian jartzea:

–Sistema estandarretan garatu beharko da, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko du.

–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

Diruz lagungarria izanen da merkataritza elektronikoa duten web-orrien garapen teknologiko ebolutiboa egitea, baldin eta jarduketa horrek hobekuntza eta bilakaera nabarmena badakar edo funtzionalitate berriak ekartzen baditu eta inbertsiotzat hartzen bada, ez gastu arrunt edo mantentze-lanetako gastutzat.

1.2. Kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

–Lokala edo lantegia erosteko inbertsioak.

–Dirulaguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ezta eskuratzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jarduketaren emailea ere, edo antzeko kasuak, non autofakturazioa izan daitekeen.

–Ondasun suntsigarriak eta lehengaiak eskuratzea, edo produktuaren elaborazioan parte hartzen duten gastuak.

–Artisautza prozesuarekin zerikusia ez duten altzari, ekipamendu edo tresnak erostea, non ez diren hartarako guztiz ezinbestekoak.

–Etxebizitza partikularrean eta artisau lantegian eragina duten obren kasuan, artisautzako jarduera profesionalerako ez diren eta artisautzarekin zuzenean eta bete-betean lotuta ez dauden eraikin eta inbertsioen zati proportzionalari dagokion gastua.

–Etxebizitza partikularrean eta artisau lantegian eragina duten obren kasuan, proiektu teknikoaren idazketaren eta obra zuzendaritzaren zati proportzionalari dagokion gastua, artisau lantegiari ezin egotzi zaion inbertsioagatik.

–Ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, telefono mugikorrak erostea.

–Web-orrien mantentze-lanak, domeinua edo hosting-a berritzea, etab.

–Edozein programa edo aplikazio informatiko mantentzeko lanak, sare sozialen kudeaketa, marketin digitaleko ekintzak, etab.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.1. Diruz lagungarria den inbertsioaren %50 (BEZik gabe) izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa. Hona jarduketa bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa:

JARDUKETA DIRUZ LAGUNGARRIA

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA (eurotan)

Artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea

5.000

Artisau lantegien ekipamendua

3.000

Inbertsioak COVID-19arengatik

2.000

Web-orriak sortzea edo egokitzea online denda ezartzeko eta online denda duten web-orrien garapen ebolutiboak egitea

2.000

2.2. Jarduketa mota bakoitzerako, honako hau izanen da gutxieneko zenbatekoa (BEZik gabe):

JARDUKETA DIRUZ LAGUNGARRIA

GUTXIENEKO INBERTSIOA (eurotan)

Artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea

6.000

Artisau lantegien ekipamendua

500

Inbertsioak COVID-19arengatik

300

Web-orriak sortzea edo egokitzea online denda ezartzeko

1.000

Online denda duten web-orrien garapen ebolutiboak

500

6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Comercio+y+artesania (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikustako beste erregistroetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

3. Eskaerak eginen dira erabiliz laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizitan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):

4.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskabide ereduak honako adierazpen hauek ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko 4.1 oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla.

b) De minimis laguntzei eta jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, 12. oinarrikoa.

c) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzendua (Diruzaintza Atala), baldin enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen baditu laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.

4.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) Memoria teknikoa eta ekonomikoa, 2020ko azaroaren 10etik 2021eko azaroaren 2ra arteko epean egindako edo aurreikusitako jarduketak deskribatuko dituena eta honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza bilduko duena:

–Egindako edo aurreikusitako inbertsioen kontzeptuak eta zenbatekoak, exekuzioaren faseak, zer egoeratan dauden dirulaguntza eskatzen den unean eta haiek gauzatzeko aurreikusten den egutegia.

–Zergatik den komenigarria inbertsio horiek egitea eta noraino diren baliagarriak artisau produktuak prestatzeko prozesuan.

–Artisau lantegirako erostea aurreikusi den makineria edo ekipamendua aktibo finko berriei edo bigarren eskuko ekipoei dagokien.

b) Fakturen kopiak (inbertsioak dagoeneko egin badira) edo aurrekontuak, proiektuak edo proformako fakturak, aurreikusitako inbertsioak justifikatzen dituztenak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

c) Diruz lagungarria den gasturen bat 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuaren kasuan (artisau lantegiak instalatu, lekuz aldatu, berritu eta hobetzea), edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo-ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak emateko kasuetan (artisau lantegien ekipamendua, COVID-19aren ondoriozko inbertsioak eta online denden ezarpena edo garapen ebolutiboak), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez eskaera egiteko inprimakian dagoen “Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa” atalean.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

4.3. Eskabidean jaso beharreko informazioa.

Eskatutako laguntzaren xedea baldin bada aurretik zeuden web-orriak egokitzea online denda ezartzeko, edo online denda duten web-orrien garapen ebolutiboak egitea, web-orriaren helbidea adierazi beharko da.

4.4. Jarduketa baloratzeko dokumentazioa.

Diruz lagundu behar den jarduketa baloratzeko 7. oinarriko 3. irizpideari jarraikiz (“Artisau lantegia jendeari irekitzea, bisitariei harrera egiteko”), aurkeztu beharko dira oinarri horretako 2. ataleko c) letran adierazitako agiriak. Ezin izanen da irizpide hori baloratu baldin dokumentazio hori ez bada aurkezten dirulaguntza eskaerarekin batera.

5. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzearren jarduketa mota bakoitzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, jarduketa bakoitzerako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, beste jarduketa motako eskaerei erantzuteko erabiliko da, behar izanez gero.

Baimentzen den kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen eskaeren lehentasun zerrenda prestatzea.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskatzaileren bati ezin bazaio eman legokiokeen laguntza osoa, kreditu aski ez dagoelako, laguntzak emateko ebazpena baino lehen, 3 egun balioduneko epea emanen zaio adierazteko ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzarekin. Proposatutako dirulaguntzarekin ados daudela adierazten duten onuradunek dirulaguntza osagarri bat jasotzen ahalko dute, baldin eta aurrekontu-baliabide gehiago sortzen badira azkenean ordaintzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoa txikiagoa izateagatik hasieran onartutakoena baino, edo onuradunen batek uko egiteagatik dirulaguntzari.

Dirulaguntza osagarri horiek emateko, hala badagokio, A proiektu moten mozte-espedienterako erabiliko da lehenbizi kreditu erabilgarria, eta gero, B proiektu moten mozte-espedienterako.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) 1. irizpidea. Enpresaren tamaina: enpresak eskaeran adierazitako tamaina hartuko da kontuan, eta puntuazio hau esleituko da:

ENPRESAREN TAMAINA

PUNTUAK

Mikroenpresa

8

Enpresa txikia

4

b) 2. irizpidea. Kontuan hartuko da ea 2017., 2018., 2019. eta 2020. urteetan laguntzarik eskuratu den Nafarroako artisau enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen deialdietan. Honela emanen dira puntuak:

HARTUTAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA

PUNTUAK

Ez zen dirulaguntzarik jaso

14

1.000 euro edo gutxiago

12

1.001 eurotik 2.000 eurora

10

2.001 eurotik 3.000 eurora

8

3.001 eurotik 4.000 eurora

6

4.001 eurotik 5.000 eurora

4

5.001 eurotik 6.000 eurora

2

6.000 eurotik gora

0

c) 3. irizpidea. Artisau lantegia jendeari irekitzea, bisitariei harrera egiteko. Artisau lantegian bisita orduak egotea baloratuko da, baita turistak, bisitariak eta bezeroak hartzeko aukera ematea ere. 2 puntu emanen dira ezarritako egutegi bat edo irekiera ordutegi argi, zehatz, egonkor eta egiaztagarri bat dagoenean, artisau lantegia urtean 20 egunez irekita egoteko bidea emanen duena, gutxienez. Hori frogatzeko, honako hauek aurkezten ahal dira: agiriak, publizitate euskarriak, iragarkiak, artisau enpresaren webgunea eta abar, salbu eta informazio hori Nafarroako Gobernuaren turismoko webgunean eskuragarri badago (https://www.turismo.navarra.es/eus/home/).

3. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

a) Nafarroako Artisau Enpresen Erregistroan lehenago inskribatu ziren eskatzaileak.

b) 2. irizpidean puntuaziorik altuena duten eskaerak.

c) Dirulaguntza eskaera aurkeztean inbertsio guztiak bukatuta zituzten eskatzaileak.

8. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua) aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda, jarduketa mota bakoitzeko, lortutako puntuazioaren hurrenkeran 7. oinarriari jarraikiz, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Ez da 250 eurotik beherako dirulaguntzarik emanen.

4. Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria. Inbertsioen justifikazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkezten ahalko dira egindako jarduketen frogagiriak, dirulaguntza onartzen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2021eko azaroaren 5ean, egun hori barne.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 6.2 oinarrian aurreikusitako modu berean aurkeztuko da, laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

3. Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) Azken txostena, egindako jarduketa guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerarekin batera erantsitako fakturak aurkeztea.

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresaren kontuan kargatu dela. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.

Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.

e) Artisau lantegiaren kanpoko nahiz barneko argazkiak, aurreko egoera eta jarduketak egin ondokoa egiaztatzeko aukera ematen dutenak, edota diruz lagundutako aktibo finkoenak.

f) Dirulaguntza jaso dela agerian jartzeko erabili den webgunearen helbidea, edo, bestela, hori frogatzen duten agiriak edo argazkiak.

g) Etxebizitzan eragina duten obren kasuan, ziurtagiri tekniko bat aurkeztuko da, obra zuzendaritzak edo horren parekoak emana, frogatzeko egindako inbertsioetatik zer zenbateko egozten zaion artisau lantegiari.

h) Online denda ezartzen bada, edo online denda duen web-orri bat hobetzen bada, web-orriaren helbidea adierazi.

i) Dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzko aitorpena: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, dirulaguntzaren xedeko jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Aitorpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

10. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Laguntza ordaintzeko ebazpena 2021eko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzak hartzen dituzten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

b) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak epe hauetan egitea:

–Artisau lantegiak, beranduenez, 2022ko otsailaren 1ean egon beharko du martxan, egun hori barne.

–Online dendak, beranduenez, 2021eko azaroaren 5ean egon beharko du martxan, egun hori barne.

d) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean, edo 2021eko irailaren 1a baino lehen (egun hori barne), uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin jarduketa diruz lagungarriren bat edo guztiak ez badira ezarritako exekuzio aldian egin behar.

Komunikazio hori kontuan hartuko da oinarri honen 2. zenbakian ezarritako murrizketak aplikatzeko orduan.

e) Baimena eskatzea diruz lagundutako inbertsioan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.

f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, baldin eta beste diru-sarrera, dirulaguntza edo babesletza bat lortzen bada deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako.

g) Dirulaguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez edukitzea etenik gabe enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, dirulaguntza ordaintzeko ebazpena ematen denetik hasita. Ondasunak erregistro publiko batean inskribatzen ahal badira, epea gutxienez 7 urtekoa izanen da, eta epe horretan enpresak jarraitu beharko du Nafarroako Artisau Enpresen Erregistroan.

h) Agerian jartzea dirulaguntza jaso dela, onuradunaren webgunean testu hau jarriz: “Artisau enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, artisau enpresen inbertsioetarako 2021eko deialdian”. Testu hori 2 urtez eduki beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen denetik hasita.

Enpresak webgunerik ez badu, kartel bat jarri beharko da artisau lantegian, ikusteko moduko toki batean, laguntzaren fitxan dagoen ereduari jarraikiz, eta baita tailerra jendearentzat irekitzen denean edo bisitariak joaten direnean ere.

i) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

j) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16an 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

k) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) 11.1.a) oinarrian ezarritako gardentasun betebeharra duten onuradunek 59/2013 Foru Dekretuaren 4.1 artikuluan eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

–Informazioa epez kanpo aurkezten badu, eta, betiere, 2021eko azaroaren 5era arte aurkezten badu (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da, eta, aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Justifikazio agiriak aurkezten badira 2021eko azaroaren 6tik 2021eko azaroaren 15era bitarte (bi egun horiek barne), %10 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

c) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat eginen ez dela jakinarazteko komunikazioa epearen barruan aurkezten bada, oinarri arautzaile honen 1.d) atalean adierazi bezala, jarduketa hori ez da kontuan hartuko exekuzio maila zehaztearen ondorioetarako.

Era berean, justifikatzen den inbertsio diruz lagungarria ezin da baxuagoa izan eskatutako gutxieneko inbertsioa baino. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

d) Oinarri honen 1.g) eta 1.h) ataletan ezarritako epeak betetzen ez badira, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

e) Artisau lantegia edo online denda ez badira martxan jartzen horretarako ezarritako epean (11.c) oinarrian aurreikusitakoaren arabera), jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira, behar diren berandutze-interesekin batera.

12. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak jarduketa beretarako ematen dituen bestelako dirulaguntzekin.

Hala ere, bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuek, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

14. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2105194