10. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

548E/2020 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau: “Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, horien bidez Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzeko proiektuak gara ditzaten”. DDBN identifikazioa: 540530.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak ditu Nafarroako Gobernuaren herritarren parte hartzearen arloko politikaren eskumenak, eta Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez aplikatzen ditu. Zuzendaritza nagusi horrek esleiturik du, beste eskumen batzuen artean, herritarren partaidetza, arreta eta informazioa; horiek guztiak gauzatzeaz Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzua arduratzen da, halaxe baitagokio Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Toki entitateek, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa diren aldetik, zeregin garrantzitsua betetzen dute herritarrek udaletako bizitza politiko eta instituzionalean parte hartzeko kultura bultzatzeko garaian, eta, arlo horri dagokionez, aurreko urteetan izandako esperientzia positiboa izan delakoan, Nafarroako Gobernuak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuaren bitartez, asmoa du udal eta eskualdeetan sustatzen diren herritarren parte-hartze prozesuei finantzazioa ematen segitzeko, horrela erantzuna emanez dagoen eskaerari eta lan hori bultzatu eta errazteko xedeaz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoa kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra herritarren parte-hartze prozesuak bultzatzeko eta sustatzeko proiektuak egiten dituzten toki entitateei.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzen da, 100.000 eurokoa, Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateentzako dirulaguntza, herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuetarako” izeneko 010005 01720 4609 924900 partidaren baliokide den 2021eko partidaren kontura, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia baldin badago; diru zenbateko horretan aldaketak egiten ahalko dira jasotako eskaera kopuruaren arabera.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta dagozkion oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko abenduaren 21ean.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak dirulaguntzak emateko Nafarroako toki entitateei, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitatean 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta sustatzeko proiektuak garatzen dituztenei; hori guztia, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat eta kasuan kasuko aurrekontuko kredituak zehaztutako mugen barruan.

Zehazki, dirulaguntza hauen xedea da finantzaketarekin laguntzea Nafarroako udalerri eta mankomunitateei, batetik, bermatzeko herritarren eskubidea, gizon nahiz emakumea izan, arlo publikoaren kudeaketan eta erabakietan berdintasunez parte hartzeko, eta, bestetik, sendotzeko toki entitateen gaitasuna, parte-hartzea sustatzekoa.

Deialdi honetan toki entitateek bultzatutako parte-hartzea aipatzen denean, honi buruz ari gara: udalek, kontzejuek eta mankomunitateek bultzatzen eta sustatzen dituzten ekimen guztiak, herritarrek, berdin banaka zein taldean, gai publikoen gaineko erabakietan modu antolatuan parte har dezaten politika publikoak definitzean, proposatzean, betetzean eta ebaluatzean.

Ulertzen da herritarren parte-hartzea tresna eta lanabesa dela, herritarrei aukera ematen diena beren ingurunean edota beren bizi baldintzetan eragina duten alderdien edo elementuen gaineko erabakietan parte hartzeko eta horiek guztiak taldean eraikitzeko. Parte-hartze prozesuak entzute aktiborako eta eztabaidatzeko bide ematen du; komunitate bateko alde guztiak biltzen ditu, esparruak, baliabideak, estrategiak eta metodologiak partekatu behar baitituzte, komunitate horretako pertsonen eta taldeen bizi kalitatea hobetzea lortzeko.

Sustatu beharreko ekimenek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

a) Zuzenean entitateak sustatu behar du, eta Nafarroako Foru Komunitatean egin.

b) Zerbitzu edo politika publikoren baten garapenarekin lotura izan behar du.

c) Parte-hartzaileek aukera izan behar dute eragina izateko problema kolektibo bat ebazten, edo partaidetza prozesuarekin lotutako gaian, eta, beraz, baita emaitzetan ere, dela diagnostikorako elementuak aurkeztuz, dela proposamenak planteatuz, dela erabakiak hartuz, dela konponbideak inplementatuz.

d) Prozesuek indartu behar dute toki entitateen gaitasuna, parte-hartzea sustatzekoa, eta ikastea sendotzen duten esperientziak izan.

e) Informazioa emateko, kontsultarako, deliberatzeko edota elkarrekin erabakitzeko ekintzak aurreikusi behar dituzte.

f) Prozesuek herritarren parte-hartzea sustatuko dute modu antolatu, planifikatu eta ongi egituratuan.

g) Parte-hartzearen kultura modu errealistan zabalduko dute, udalerriaren eta ingurunearen idiosinkrasiarekin bat etorriz, egituratuta eta batez ere eraginkortasunez.

h) Garatutako esperientziak sistematizatzeko modukoak izanen dira.

i) Lurraldeko beste udalerri batzuek aukera izanen dute esperientzia horietatik ikasteko.

j) Entitateak herritarren proposamenak aztertu beharko ditu, eta horien gainean zer erabaki hartu duen jakinarazi beharko du, arrazoiak emanez.

k) Parte hartzaileek ebaluatuko dute.

l) Kalitatezko esperientziak izanen dira herritarren parte-hartzeari dagokionez eta oinarrituko dira parte-hartze prozesuen plangintzan eta ondorengo inplementazioan, arreta emanez, bereziki, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak desagertzeari eta genero rolak hausteari. Sexuaren aldagaia sartuko da estatistika, inkesta eta datu bilketa guztietan. Genero adierazleak sartuko dira, bide emanen dutenak zehaztasun handiagoz jakiteko zer desberdintasun dauden emakumeen eta gizonen balioen, rolen, egoeren, baldintzen, nahien eta beharren artean. Parte-hartzea nahikoa zabala izan dadin sustatuko da, emakumeen eta gizonen egoerak eta beharrak zein diren jakiteko behar adinakoa, alegia.

m) Pertsona orok baldintza berdinetan parte hartzeko duen eskubidea sustatuko dute, arreta emanez, bereziki, jatorri desberdineko elkarte eta/edo pertsonen parte-hartzeari, sexu orientazioaren edo genero identitatearen araberako aniztasunari, aniztasun funtzionalari eta desgaitasunari, aniztasun etniko eta erlijiosoari, besteak beste. Proiektuak gauzatzean, irisgarritasun unibertsalerako baldintzak beteko dira, beharrezkoak baitira pertsona guztien eta, bereziki, desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasuna, autonomia pertsonalaren sustapena, komunitateko inklusioa eta bizimodu independentea bermatzeko, gizartean erabat nahiz modu efektiboan txerta daitezen eta parte har dezaten.

2. oinarria.–Onuradunak.

Oro har, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartze prozesuak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean araututa daudenek.

3. oinarria.–Betekizunak.

Dirulaguntzen onuradun izateko, bigarren oinarrian aipatutako entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

3.1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

3.2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

3.3. Aurreikusia izatea 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra, beren eraginpeko eremuan, herritarren parte-hartzerako interes publikoko edota kolektiboko proiekturen bat sustatzea eta garatzea bizitza sozialaren, ekonomikoaren, kulturalaren edo politikoaren edozein esparrutan.

3.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.

4. oinarria.–Gauzatzeko epea eta proiektu eta ekintza diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra artekoa izanen da, eta horrek ez du galaraziko 4.5.a) oinarrian xedatutakoa deialdi honen aurreko laguntza teknikoko gastu eta jarduerei buruz.

4.2. Diruz lagungarriak izanen dira herritarren parte-hartzea bultzatzen duten esperientziak, eta entitate eskatzaileek epigrafe hauetako batekin lotu beharko dute eskaera:

–A epigrafea. Herritarren parte-hartzea sustatzen duten prozesuak.

Epigrafe honen helburua da herritarren parte-hartzea sustatzen duten proiektuak diruz laguntzea, herritarrei politika publikoen zuzenketa, egokitasuna eta eraginkortasuna hobetzeko bideak eskaintzeko: politika publikoaren identifikazioa, bultzada, exekuzioa eta ebaluazioa; ordenantzak eta planak egitea; administrazio prozedurak eta tokiko gobernu organoen erabakiak.

Parte-hartze prozesu baten definizioa da “parte hartzeko une eta ekintza segida bat (tailerrak, talde dinamikak, bilerak, erakusketa interaktiboak, foroak edo lantalde birtualak), zenbait eragile eta/edo pertsonaren parte-hartzearekin lotuta, erabaki beharreko gai edo arazo bati buruzko ikuspegi edo begirada desberdinak eskaintzeko”.

Hortaz, esperientzia batzuk dira, egitura, antolaketa eta plangintza egokiak dituztenak eta parte-hartze prozesuetarako egokien iritzitako formatu metodologikoetan proposatu daitezkeenak: deliberazio prozesuak, partaidetzazko aurrekontuak, herri galdeketak, plan komunitarioak, eta abar.

–B epigrafea. Udalerriko herritarren parte-hartze eredua egituratzeko ekintzak, programak eta tresnak.

Epigrafe honen helburua da toki entitateentzat herritarren parte-hartzerako sistema integral eta integratu bat eraikitzea sustatzea, sistema, koherente eta antolatua: herritarren parte-hartzea bideratzea udal eredu errealista bat garatuz, udalerriaren eta haren ingurunearen idiosinkrasiarekin bat datorrena, ongi egituratua eta eraginkorra.

Herritarren parte-hartzerako udal sistemaren egitura sortu edo berritzeko egokien iritzitako ekintzak, programak edo tresnak proposatu daitezke: parte-hartzeari buruzko araudia, parte-hartzearen arloko udal programa, aplikazio teknologikoak, herritarrekin edo herritarren entitateekin udal aholku-kontseiluak sortzea, erakundeen eta entitate sozialen arteko topaketa eta gogoetarako guneak, eta abar.

4.3. Herritarrekiko harremanekin zerikusia duten arren, maiz herritarren parte-hartze prozesuekin nahasten diren jarduerak deialdi honetatik kanpo daude, adibidez:

–Entitateen beraien dinamizazio soziokulturaleko urteko proiektu eta programak, zeinen xede nagusia ez baita elkarrizketarako eta ekintzarako guneak irekitzea eremu publikoan (informazioa-gogoeta-debatea-proposamena), inplikatutako giza taldeen dinamizazioan.

–Jarduera ludikoak, jaiak, kultur ekintzak edo dinamizazio sozialekoak, parte-hartze prozesuen osagarri ez direnak, hots, jardueraren helburua, hasi eta buka, jarduera bera gauzatzea denean, eta ez parte-hartze prozesu bati ekarpena egitea.

–Zabalkunde, komunikazio eta informazio kanpainak, parte-hartze prozesuekin loturarik ez dutenak, esate baterako, erakusketak, informazio orriak, buletinak, jardunaldiak eta informazio kanpainak. Jarduera horiek diruz lagunduko dira parte-hartze prozesu batean sartzen direnean, baina ez, ordea, eskaeraren xedea denean zerbitzu eta proiektuei buruzko informazioa ematea, herritarren arteko debaterako eta ekarpenen gaineko lanerako pizgarri izan gabe.

–Inkestak, galdeketak eta bestelako metodo demoskopikoak, parte-hartze prozesuekin zerikusirik ez badute eta haien emaitzen inguruko deliberazio eta debaterik aurreikusten ez badute.

–Prestakuntza jarduerak, parte-hartze prozesu bati laguntzeko estrategia baten parte ez direnean.

–Dagoeneko sortuta dauden herritarren parte-hartzerako egituren funtzionamendua edo aplikazio teknologikoen mantentze-lana.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren kontra doazen kontsultak edo prozesuak.

4.4. Eskaeren kopuru mugatua.

Proiektuak banaka nahiz mankomunatuta aurkezten ahalko dira.

Toki entitateek proiektu bakar bat aurkezten ahalko dute banaka.

Entitateek mankomunatuta aurkezten ahalko dituzte proiektuak, eta kasu horretan beste entitate batek aurkeztutzat joko dira. Proiektu bat mankomunatuta aurkezten duen entitate talde batek eskaera bakarra egiten ahalko du.

Proiektuak mankomunatuta aurkezten badira, toki entitateek proiektuan ordezkatuko dituen toki entitatea izendatuko dute, eta ordezkapen hori ondorio guztietarako izanen da, barnean dela laguntza ekonomikoa jasotzea. Proiektua ordezkatuko duen toki entitatea izendatzeko, nahikoa izanen da proiektua sustatzen duten toki entitateetako alkatetzen edo burutzen ardura duten pertsonek sinatutako adierazpena aurkeztea.

4.5. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuek soilik jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta oinarri hauetan ezarritako epean gauzatzen badira. Zehazki, gastu kontzeptu hauek lagunduko dira diruz:

a) Laguntza teknikoa (entitate(eta)tik kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzea). Pertsona fisiko edo juridikoen kontratazioa diruz lagunduko da baldin eta frogatzen badute deialdi hau egin baino hiru urte lehenago garatu diren parte hartzeko 3 prozesu publikotan edota pribatutan, gutxienez ere, jardun dutela prestakuntzan edota kudeaketa eta dinamizazio lanetan. Pertsona juridikoen kasuan, frogatuko da proiektuaren ardura duen taldeak badituela arestian aipatutako esperientzia duten pertsonak, eta horiexek dutela proiektua gauzatzeko ardura zuzena.

Esperientzia frogatzeko, entitateak emandako ziurtagiria edo kontratatuen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

Diruz lagundutako jardueraren %100 ere azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa gabe), frogatu beharko da hornitzailea hautatu dela kontratazio publikoan bete beharreko eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Entitate onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira kontu horiek.

b) Kontratazio gastuak: teknikariak edo proiektua egiteko aski gradua duten langileak, zentro onuradunekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako loturarik ez dutenak, kontratatzekoak; proiektua gauzatzeko aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzen ahalko dira. Kontratazioaren gehieneko kostuak, dirulaguntzari egozten ahal zaizkionak, lansari gordinen ordainketari dagozkionak izanen dira, ez besterik.

c) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

d) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

e) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo jarduera garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.

f) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, eta abar).

g) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

h) Proiektuan sartutako jarduerekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak onartzen dituenak eta oinarri hauen 4.7 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.

4.6. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren %10 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.7. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen deialdi honetan:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, otordu eta antzekoen gastuak.

e) Entitatearen beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.

f) Material inbentariagarrien eta inbertsioen gastuak.

g) Jardueretan parte hartu dutenentzako eskersariak edo opariak, edonolakoak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Onartutako dirulaguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:

TOKI ENTITATEKO BIZILAGUN KOPURUA 2020KO URTARRILAREN 1EAN

GEHIENEKO LAGUNTZA

Proiektuaren aurrekontuaren portzentajea

Jaso daitekeen gehieneko kopurua

< 1.000

%80

12.000

1.001-5.000

%75

14.000

> 5.001

%70

16.000

5.2. Balorazio teknikoan gutxienez ere 70 puntu lortu dituzten proiektuei soilik emanen zaie dirulaguntza.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea eta eranskinak, behar bezala beteak, proiektuaren aurrekontua zein den adierazita eta jardueren aurrekontua xehatuta. Dirulaguntzen eskaerak egiteko “Eskabide eredua” erabiliko da nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan, laguntzen fitxan, eskura daiteke. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.

b) Baimena, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak egiazta dezan entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauzkala. Baimen hori eman ezean, ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko dute, deialdia argitaratu ondotik egindakoa, frogatzeko elkarteak edo entitateak badituela eguneratuak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Entitateko idazkariak edo haren legezko ordezkaritza daukan pertsonak egindako erantzukizunpeko adierazpena, puntu hauek baieztatzen dituena:

–Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

–Entitate eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

–Proiektuari atxikita dauden eta langileria gastuak aurkezten dituzten pertsonen soldataren zenbateko osoa.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

6.2. Ez da eskatuko agiri horiek aurkeztea baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak haren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikulua. Azken kasu horretan, dokumentua zer espedientetan dagoen zehaztu beharko da, eta, hala ere, aurkeztea errekeri dakieke. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Eskabideak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoan dagoen estekaren bitartez (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/), 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki entitateari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da, GHEra, aurreko paragrafoan ezartzen den bezala, eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskaera ereduan Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

Proiektua deskribatzeko dokumentazioa ezin da zuzendu.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari dagokio.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, oinarri arautzaile hauetan aldez aurretik ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, diruz lagundutako proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatzen baitituzte; irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleituko zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

8.2. Eskaerak 1.1 eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Gutxienez ere 70 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsiko dira.

Proiektuak diruz lagungarriak ez diren ekintzak baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.

8.4. Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiari igorriko dio bere ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria–Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren atarian eta web orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

9.3. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren aurka, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

10.1. Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egin daitezke:

a) Proiektua gauzatu bitartean egin beharreko jardueren aldaketak.

b) Proiektuan egin beharreko ekintzen berrantolaketa ekonomikorako aldaketak.

10.2. Aurreko kasuetan, proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Entitate interesdunak dirulaguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen duen beste jarduera bat (edo batzuk) egitea proposa diezaioke Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, proiektuan sartuta ez egon arren.

Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 20 egun lehenago.

Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintza beretan justifikatu beharko dira.

Proposatzen den jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ordezten duen jardueraren maila edota konplexutasun tekniko bera izatea.

b) Oinarrietan ezarritako baldintza berberak betetzea, eta oinarrietan ezarritako modu berean aurkeztea.

Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta aldaketa horiek egiteko ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.

Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa espresuki baimendu edo ukatuko du Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak ebazpen bidez, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.

10.3. Proiektuan onartutako jardueretako bat egin gabe utzi behar denean, ez da aldaketarako aldez aurreko baimena eskatu beharko. Hala ere, jarduera horretarako aurreikusitako zenbatekoa ezin zaio gainerako jardueren aurrekontuari erantsi. Aurrekoa gorabehera, justifikazio agiriak aurkezten direnean, onuradunak behar bezala azaldu beharko ditu aldaketa horiek.

11. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

11.1. Dirulaguntza ordainduko da diruz lagundutako proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

11.2. Dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak egin ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dute diruz lagundutako proiekturako jaso dituzten funtsak osorik aplikatu dituztela. Bi epe ezartzen dira jarduerako ordainketak eta gastuak egin izana frogatzeko: 2021eko ekainaren 15a eta azaroaren 15a, biak barne. Proiektua gauzatu izanaren justifikazio memoria aurkeztu beharko dute, 4. ereduko inprimakiaren araberakoa.

Memoriarekin batera, egindako ekintzen frogagiriak aurkeztuko dira, bai eta ekintza horien ondoriozko produktuen edo zabalkunde eta publizitaterako prestatutako produktuen frogagiriak ere.

–Proiektua gauzatzeko laguntza teknikoa kontratatuz gero, horren adierazpena, frogatzeko partaidetzaren arloan esperientzia duten pertsonak badituela eta horiexek izan direla proiektua gauzatzeko zuzeneko arduradunak.

–Fakturen zerrenda eta egindako ordainketen frogagiriak.

Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak dirulaguntzaren xede diren jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak zehazturik. Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

–Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatiko gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa gabe), entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela legezkotasun irizpideei jarraikiz eta efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz (gainerako entitateen kasuan), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu duela adierazteko betebeharra, hau da, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatzea egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, baita honako hau idaztea ere: “Nafarroako Gobernuak diruz lagundua”. Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan eta hura aldatzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

–Egindako jardueren dokumentu bidezko frogak.

–Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zer zenbateko jaso duen eta nondik.

–Proiektua gauzatu bitartean hartan lanean ari diren pertsonen soldata gordinari buruzko adierazpena.

11.3. Instrukzio organoak antzemanez gero zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako frogagirietan, entitate eskatzaileari eskatuko dio beharrezkoak diren frogagiriak aurkez ditzala 10 egun balioduneko epean, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 71.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekerimendu hori 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eta, 7.1 oinarrian ezarri bezala, GHEra bidaliz egin beharko da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskabidean adierazitako helbide elektronikora.

11.4. Egindako gastutzat joko da, oro har, bi justifikazio epeak bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2021eko ekainaren 15a eta azaroaren 15a baino lehen. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko data hori baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak benetan ordainduak izatea, horren arrazoia baldin bada likidatzeko borondatezko aldia oraindik irekita ez egotea. Edozein kasutan, mota horretako gastuen frogagiriak 2021eko abenduaren 5a baino lehen aurkeztu beharko dira.

12. oinarria.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren entitateek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditzen ez badute.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, eta idatziz eskatzea aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena; horren barruan da, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkunde ekintza guztietan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren berri ematea.

i) Entitate onuradunak erabakitzen badu emandako dirulaguntzari uko egitea, horretarako hilabeteko epea izanen du dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaionetik; telematikoki emanen du ukoaren berri, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari zuzenduta. Uko egindako zenbatekoa beste proiektu batzuei esleitzen ahalko zaie, baldin 5.2 oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu badute eta laguntzarik gabe gelditu badira aurrekontuan nahikoa kreditu ez izateagatik, edo, halako proiekturik ez badago, beste proiektu onuradunen artean hainbanatuko da.

14. oinarria.–Inbertitu gabeko gerakinak.

14.1. Dirulaguntza zertarako eman zen, helburu horiek bete ondoren eta baliabideak efizientziaz erabiltzearen poderioz gerakin inbertitugaberik baldin badago, horren barne direla diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak, onuradunek Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendariari eskatzen ahalko diote haiek erabiltzea izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz lagungarriak izan eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.

14.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.

14.3. Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendariak proposamena egin ondotik, ebazpena emanen du, gerakina zer dirulaguntzari aplikatu behar zaion, hura emateari buruzko ebazpena aldatuz, edo deskribatutako gerakinak itzul daitezen erabakiz.

15. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

15.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoek) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea ekarriko dute, baita berandutze interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

15.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16. oinarria.–Arau hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

17. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratzen denetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

18. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

1.1. ERANSKINA

Proiektuak baloratzeko irizpideak

A epigrafea: herritarren parte-hartzea sustatzen duten prozesuak.

BALORAZIO IRIZPIDEAK

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

PUNTU BERARIAZKOAK

PUNTU OROKORRAK

KALITATEA

Proiektuaren helburu orokorren deskripzioa

3

45

Jardueren helburu berariazkoen deskripzioa

5

Jardueren deskripzioa

17

Proiektuaren plangintza eta egutegia

5

Ebaluatzeko adierazleen deskripzioa eta koherentzia

10

Parte-hartzaileen definizio argia

5

BERRIKUNTZA

Parte hartzeko aurreikusitako metodologiak

10

30

Proiektuaren helburu diren pertsonen interesa erakartzeko ahalmena

5

Beste entitate batzuetara transferitzeko eta errepikatzeko aukerak

5

Sormena eta originaltasuna

5

Proiektuaren jasangarritasuna, hau da, jasangarritzat joko da baldin eta proiektua bukatu ondoan ere haren onurek irauten badute edo horiek handitzen badira

5

SAREKO LANA

Beste toki entitate batzuk proiektuan inplikatzea

5

10

Udalez gaindiko beste entitate batzuk proiektuan inplikatzea

5

GENERO IKUSPEGIA

Proiektua hizkera inklusiboz idaztea

1

5

Proiektuan genero irizpidea sartzeko aurreikusi diren neurriak

3

Proiektua gauzatzeko ardura duen lantalde teknikoak zer gaikuntza duen gizonen eta emakumeen egiazko berdintasunaren arloan. Hori frogatzeko, adieraziko da zer langilek gauzatuko duten, espresuki, kontratua, eta pertsona horiek zer titulazio, prestakuntza eta esperientzia duten hizpide dugun arlo zehatz horretan

1

KOLEKTIBOEN INKLUSIOA

Integratzeko oztopoak dituzten kolektiboak sartzea proiektuan

2

5

Proiektuan sartzea askotariko pertsonen parte-hartzea errazten duten neurriak (jatorri desberdinak, sexu orientazio eta genero identitate desberdinak, aniztasun funtzionala, etnikoa edo erlijiosoa)

3

PROIEKTUAREN KOMUNIKAZIOA

Proiektuaren komunikazioa ziurtatzeko proposatutako neurriak

5

5

100

B epigrafea: herritarren parte-hartzerako udal eredua egituratzeko ekintzak, programak eta tresnak.

BALORAZIO IRIZPIDEAK

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

PUNTU BERARIAZKOAK

PUNTU OROKORRAK

PROIEKTUAREN KALITATEA ETA GAITASUNA HERRITARREN PARTE-HARTZE EREDU INTEGRAL ETA INTEGRATU BAT EGITURATZEKO

Proiektuaren helburu orokorren deskripzioa

3

45

Parte-hartzerako urteko udal programa izatea edo egin dadila proposatzea

1

Herritarren parte-hartzeari buruzko araudia izatea, hura eguneratu edo prestatzea proposatzea

1

Maila teknikoaren eta maila politikoaren arteko elkarrizketa sustatzea

2

Herritarren parte-hartzean zeharkakotasuna sustatzea udal arlo guztietan

3

Tresnak eta kanalak garatzea herritarrekin elkarlanean gobernatzeko edo haiekin batera sortzeko, proposamenaren bitartez eta/edo teknologia berriak integratuz udalaren kudeaketan

15

Proiektuaren plangintza eta egutegia

5

Ebaluatzeko adierazleen deskripzioa eta koherentzia

10

Parte-hartzaileen definizio argia

5

BERRIKUNTZA

Parte hartzeko aurreikusitako metodologiak

10

30

Proiektuaren helburu diren pertsonen interesa erakartzeko ahalmena

5

Beste entitate batzuetara transferitzeko eta errepikatzeko aukerak

5

Sormena eta originaltasuna

5

Proiektuaren jasangarritasuna, hau da, jasangarritzat joko da baldin eta proiektua bukatu ondoan ere haren onurek irauten badute edo horiek handitzen badira

5

SAREKO LANA

Beste toki entitate batzuk proiektuan inplikatzea

5

10

Udalez gaindiko beste entitate batzuk proiektuan inplikatzea

5

GENERO IKUSPEGIA

Proiektua hizkera inklusiboz idaztea

1

5

Proiektuan genero irizpidea sartzeko aurreikusi diren neurriak

3

Proiektua gauzatzeko ardura duen lantalde teknikoak zer gaikuntza duen gizonen eta emakumeen egiazko berdintasunaren arloan. Hori frogatzeko, adieraziko da zer langilek gauzatuko duten, espresuki, kontratua, eta pertsona horiek zer titulazio, prestakuntza eta esperientzia duten arlo zehatz horretan

1

KOLEKTIBOEN INKLUSIOA

Integratzeko oztopoak dituzten kolektiboak sartzea proiektuan

2

5

Proiektuan sartzea askotariko pertsonen parte-hartzea errazten duten neurriak (jatorri desberdinak, sexu orientazio eta genero identitate desberdinak, aniztasun funtzionala, etnikoa edo erlijiosoa)

3

PROIEKTUAREN KOMUNIKAZIOA

Proiektuaren komunikazioa ziurtatzeko proposatutako neurriak

5

5

100

1.2. ERANSKINA

Inprimaki ereduak:

–1. eredua: Proiektuaren aurkezpena:

  • 1.1. eredua: A epigrafea.
  • 1.2. eredua: B epigrafea.

–2. eredua: Erantzukizunpeko adierazpena.

–3. eredua: Baimena, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak eska ditzan Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eman beharreko ziurtagiriak.

–4. eredua: Memoria eta gastuen justifikazioa.

–5. eredua: Gastuak justifikatzeko taula.

Inprimaki ereduak jaitsi:

PDF formatuan.

WORD formatuan.

Iragarkiaren kodea: F2015856