10. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

547E/2020 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau: “Herritarren erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia, gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatu eta sustatzeko proiektuak”. DDBN identifikazioa: 540527.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak ditu Nafarroako Gobernuaren herritarren parte-hartzearen arloko politikaren eskumenak, eta Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez aplikatzen ditu. Zuzendaritza nagusi horrek esleiturik du, beste eskumen batzuen artean, herritarren partaidetza, arreta eta informazioa; horiek guztiak gauzatzeaz Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzua arduratzen da, halaxe baitagokio Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak, partaidetzazko gizarte bat sendotzeko asmoz, sentsibilizazio neurri batzuk ezartzen ditu 60. artikuluan, horien artean honako hau (b letran): gizarte erakundeen eta herritarren elkarteen jarduera sustatzeko dirulaguntzen deialdia, urterokoa.

Herritarrei kudeaketa publikoan parte hartzeko aukera ematen bazaie, konfiantza sortzen da; izan ere, horrela, gobernuak indartzen dira, politika publikoak legitimatzen dira, gizarteko pluraltasuna integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzea errazten da, herritarrak inplikatzen dira bizitza publikoa antolatzeko prozesuetan, eta gizarte zibilaren funtzioa indartzen da. Jakin badakigu herritarren erakundeek zeregin garrantzitsua dutela, herritarrengandik hurbilen diren erakundeak dira-eta; hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuaren bidez, eta lan hori sustatu eta erraztu nahian, asmoa du finantza laguntza ematen segitzeko Foru Komunitatean herritarren erakundeek bultzatzen dituzten parte-hartze prozesuei.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoa kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea herritarren erakundeei dirulaguntzak emateko, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitartean proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta sustatzeko. Herritarren erakundetzat ulertuko dira toki ekintzako taldeak, garapenerako lankidetzako GKEak, herritarren elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzen da, 60.000 eurokoa, Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretako “Elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuentzako dirulaguntza, herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuetarako” izeneko 010005 01720 4819 924900 partidaren baliokide den 2021eko partidaren kontura, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago; diru zenbateko horretan aldaketak egiten ahalko dira jasotako eskaera kopuruaren arabera.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta eranskinen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko abenduaren 21ean.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak dirulaguntzak eman diezazkien Nafarroako herritarren erakundeei, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitartean proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta sustatzeko, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat eta kasuan kasuko aurrekontuko kredituak zehaztutako mugen barruan. Herritarren erakundetzat ulertuko dira toki ekintzako taldeak, garapenerako lankidetzako GKEak, herritarren elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk, legez eratutakoak.

Zehazki, dirulaguntza hauen helburua da partaidetzazko demokraziako esperientziak gara daitezela bultzatzea. Esperientzia horiek bilatuko dute, herritarren inplikazio aktiboaren bidez, herritarrak ahalduntzea politikan gehiago parte hartzeko eta beren bizi kalitatea hobetzeko.

Deialdi honetan herritarren erakundeek bultzatutako parte-hartzea aipatzen denean, era honetako ekimenei buruz ari gara: erakundeok bultzatzen dituzten ekimenak, beren bazkideek edota boluntarioek barruko nahiz kanpoko dinamiketan parte har dezaten eta gobernu organoen erabakiak demokratikoak izan daitezen. Multzo horren barruan sartzen dira, era berean, komunitate garapena bultzatzeko asmoz erakunde horiek sustatzen dituzten ekimenak, eta sustatzen dituzten beste ekimen batzuk, herritarrek jarrera aktiboa izan dezaten bai inguruko arazo ekonomikoen, ingurumenekoen eta sozialen berri izateko eta horiei erantzuteko –nork bere aldetik zein taldean–, bai beren bizi baldintzak hobetzeko.

Ulertzen da herritarren parte-hartzea tresna eta lanabesa dela, herritarrei aukera ematen diena beren ingurunean edota beren bizi baldintzetan eragina duten alderdien edo elementuen gaineko erabakietan parte hartzeko eta horiek guztiak taldean eraikitzeko. Parte-hartze prozesuak entzute aktiborako eta eztabaidatzeko bide ematen du; komunitate bateko alde guztiak biltzen ditu, esparruak, baliabideak, estrategiak eta metodologiak partekatu behar baitituzte, komunitate horretako pertsonen eta taldeen bizi kalitatea hobetzea lortzeko.

Sustatu beharreko ekimenek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

a) Eskaerak eginen dira herritarren parte-hartzea sustatzen duten prozesuak garatzeko; ez da finantzatuko erakundearen ohiko jarduera.

b) Zuzenean erakundeak sustatu behar du, eta Nafarroako Foru Komunitatean egin.

c) Interes orokorreko helburu edo proiektu bat garatzea izanen du xede.

d) Prozesuek indartu beharko dute herritarren erakundeen gaitasuna, parte-hartzea sustatzekoa, eta ikaskuntza sendotzen duten esperientziak izanen dira.

e) Prozesuek bilatuko dute herritarrak ahalduntzea, beren bizi kalitatea hobetzea eta politikan gehiago parte har dezatela lortzea.

f) Parte-hartzaileek aukera izan behar dute eragina izateko problema kolektibo bat ebazten, edo partaidetza prozesuarekin lotutako gaian, eta, beraz, baita emaitzetan ere, dela diagnostikorako elementuak aurkeztuz, dela proposamenak planteatuz, dela erabakiak hartuz, dela konponbideak inplementatuz.

g) Partaidetzaren kultura hedatzea.

h) Esperientziek aukera emanen dute sistematizatzeko, erakundeak berak nahiz beste entitate batzuek esperientzia horietatik ikasi ahal izan dezaten.

i) Prozesuek herritarren parte-hartzea sustatuko dute modu antolatuan, planifikatuan eta ongi egituratuan.

j) Informazioa emateko, kontsultarako, eztabaidatzeko edota elkarrekin erabakitzeko ekintzak aurreikustea.

k) Erakundeak herritarren proposamenak aztertu beharko ditu, eta horien gainean zer erabaki hartu duen jakinarazi beharko du, arrazoiak emanez.

l) Parte-hartzaileek ebaluatua izan.

m) Kalitatezko esperientziak izatea herritarren parte-hartzeari dagokionez eta oinarri izatea parte-hartze prozesuen plangintzan eta ondorengo ezarpenean, arreta emanez bereziki gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eza desagertzeari eta genero rolak hausteari. Sexuaren aldagaia sartuko da estatistika, inkesta eta datu bilketa guztietan. Genero adierazleak sartuko dira, bide emanen dutenak zehaztasun handiagoz jakiteko zer desberdintasun dauden emakumeen eta gizonen balioen, rolen, egoeren, baldintzen, nahien eta beharren artean. Parte-hartzea nahikoa zabala izan dadin sustatuko da, emakumeen eta gizonen egoerak eta beharrak zein diren jakiteko.

n) Pertsona orok baldintza berdinetan parte hartzeko duen eskubidea sustatzea, arreta emanez bereziki jatorri desberdineko elkarte eta/edo pertsonen parte-hartzeari, sexu orientazioaren edo genero identitatearen araberako aniztasunari, aniztasun funtzionalari eta desgaitasunari, aniztasun etniko eta erlijiosoari, besteak beste. Proiektuak gauzatzean, irisgarritasun unibertsalerako baldintzak beteko dira, beharrezkoak baitira pertsona guztien eta, bereziki, desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasuna, autonomia pertsonalaren sustapena, komunitateko inklusioa eta bizimodu independentea bermatzeko, gizartean erabat eta modu eraginkorrean txerta daitezen eta parte har dezaten.

2. oinarria.–Onuradunak.

Herritarren erakundeek hartzen ahal dute parte deialdi honetan, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean herritarren partaidetzarako proiektuak sustatzen badituzte eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3. oinarria.–Betekizunak.

Dirulaguntzen onuradun izateko, bigarren oinarrian aipatutako erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

3.1. Indarreko legeriarekin bat eratuak egotea, nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuak egotea –publizitate ondorioetarako soilik eska daiteke inskripzio hori–.

3.2. Nafarroako Foru Komunitatean bakarrik aritzea, salbu garapenerako lankidetzako GKEak.

3.3. Aurreikusia izatea 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra, beren eraginpeko eremuan, herritarren partaidetzako interes publikoko edota kolektiboko proiekturen bat sustatzea eta garatzea bizitza sozialaren, ekonomikoaren, kulturalaren edo politikoaren edozein esparrutan.

3.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.

3.5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

4 oinarria.–Gauzatzeko epea eta proiektu eta ekintza diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra artekoa izanen da, eta horrek ez du galaraziko 4.5.1 oinarrian xedatutakoa deialdi honen aurreko laguntza teknikoko gastu eta jarduerei buruz.

4.2. Diruz lagungarriak izanen dira herritarren parte-hartzea bultzatzen duten esperientziak, eta erakunde eskatzaileek helburu hauetako batekin lotu beharko dute eskaera:

–Indartzea ikaskuntza eta herritarren erakundeak duen gaitasuna, herritarren parte-hartzeari dagokionez, honako jarduera hauen bitartez: hezkuntza-jarduerak, sentsibilizaziokoak, prestakuntzakoak, gaikuntzakoak edo herritarren komunikaziokoak.

–Kohesio soziala bultzatzea, belaunaldien arteko elkarlana sustatuz eta gizarteratzeko arazoak dauzkaten pertsonek edota gizarte bazterketa jasaten dutenen kolektiboek parte har dezatela bilatuz, haien gaitasunak sustatzeko eta bizi baldintzak hobetzeko.

–Erakundearen garapen estrategikoa sustatzea, pertsona edota entitate elkartuen partaidetzarekin.

–Parte hartzeko prozesu eta espazio pluralak eta irekiak ezartzen laguntzea, horrela lortzeko jende askok eta askotarikoak parte hartzea, herritarrak indartu eta inplika daitezen Nafarroako Foru Komunitatean dauden arazoetako baten gaineko diagnostikoa egiten eta horren aurreko erantzunak proposatzen, bai eta interes orokorrak defendatzeko ere, proiektua sustatzen duten erakundeen intereseko esparruan.

–Plangintza eta egitura zehatza duten esperientziak, berrikuntza soziala sustatzen dutenak, baita sareko lana ere, hala erakundeen artekoa nola erakundeen, instituzioen eta herritarren artekoa.

4.3. Ez dira diruz lagunduko, herritarrekiko harremanekin zerikusia duten arren, maiz herritarren parte-hartze prozesuekin nahasten diren jarduerak, adibidez:

–Erakundeen beraien dinamizazio soziokulturaleko urteko proiektu eta programak, xede nagusitzat ez dutenak elkarrizketarako eta ekintzarako guneak irekitzea (informazioa-gogoeta-debatea-proposamena) eremu publikoan, inplikatutako giza taldeen dinamizazioan edota komunitatean oro har.

–Jarduera ludikoak, jaiak, kultur ekintzak edo dinamizazio sozialekoak, parte-hartze prozesuen osagarri ez direnak, hots, horien helburua jarduera bera egitean hasi eta bukatzen denean, eta ez parte-hartze prozesu bati egiten dion ekarpenean.

–Zabalkunde, komunikazio eta informazio kanpainak, parte-hartze prozesuekin loturarik ez dutenak, esate baterako, erakusketak, informazio orriak, buletinak, jardunaldiak eta informazio kanpainak. Jarduera horiek diruz lagunduko dira parte-hartze prozesu batean sartzen direnean, baina ez, ordea, eskaeraren xedea denean zerbitzu eta proiektuei buruzko informazioa ematea, herritarren arteko debaterako eta haien ekarpenen gaineko lanerako pizgarri izan gabe.

–Inkestak, galdeketak eta bestelako metodo demoskopikoak, parte-hartze prozesuekin zerikusirik ez badute eta haien emaitzen inguruko deliberazioa eta debatea aurreikusten ez badute.

–Prestakuntza jarduerak, parte-hartze prozesu bati laguntzeko estrategia baten parte ez direnean.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren kontra doazen kontsultak edo prozesuak.

4.4. Eskaeren kopurua mugatzea.

Proiektuak banaka nahiz mankomunatuta aurkeztu ahal izanen dira.

Herritarren erakundeek proiektu bakarra aurkezten ahalko dute bakarka.

Beste erakunde batek aurkeztuak balira bezala hartuko dira taldean aurkezten diren esperientziak. Erakunde talde bakoitzak eskabide bakarra aurkezten ahalko du.

Proiektuak mankomunatuta aurkezten badira, herritarren erakundeek proiektuan ordezkatuko dituen erakundea izendatuko dute, eta ordezkapen hori ondorio guztietarako izanen da, barnean dela laguntza ekonomikoa jasotzea. Proiektua ordezkatuko duen herritarren erakundea izendatzeko, nahikoa izanen da proiektua sustatzen duten erakundeen ardura duten pertsonek sinatutako adierazpena aurkeztea.

4.5. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuek soilik jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta oinarri hauetan ezarritako epean gauzatzen badira. Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute dirulaguntza, merkatu balioa gainditu gabe.

4.5.1. Zuzeneko gastuak:

a) Erakundeko langileria gastuak. Lana egiten dutenak erakundeko teknikariak badira, gehienez ere proiektuari atxikitako bi pertsonen gastuak hartuko dira aintzat, eta horietako bakoitzari dagokion gastu justifikagarria ez da izanen bere soldata gordinaren %20 baino gehiago.

b) Kontratazio gastuak: teknikariak edo proiektua egiteko behar den gradua duten langileak, zentro onuradunekin lan-kontratudun gisako loturarik ez dutenak, kontratatzeko gastuak; proiektua gauzatzeko aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzen ahalko dira. Kontratazioaren gehieneko kostuak, dirulaguntzari egozten ahal zaizkionak, lansari gordinen ordainketari dagozkionak izanen dira, ez besterik.

c) Laguntza teknikoa (erakunde(eta)tik kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzea). Pertsona fisiko edo juridikoen kontratazioa diruz lagunduko da baldin eta frogatzen badute deialdi hau egin baino hiru urte lehenago garatu diren parte hartzeko 3 prozesu publikotan edota pribatutan, gutxienez ere, jardun dutela prestakuntzan edota kudeaketa eta dinamizazio lanetan. Pertsona juridikoen kasuan, frogatuko da proiektuaren ardura duen taldeak baduela arestian aipatutako eskarmentua duen jendea, eta pertsona horiek dutela proiektua gauzatzeko ardura zuzena.

Eskarmentua frogatzeko, erakundeak emandako ziurtagiria edo kontratatuen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

Diruz lagundutako jardueraren %100 ere azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa gabe), frogatu beharko da hornitzailea hautatu dela kontratazio publikoan bete beharreko efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina erakunderik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Erakunde onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira kontu horiek.

d) Diruz lagundutako jardueren publizitate eta zabalkunde gastuak.

e) Dokumentazioa idaztea, hala prestaketakoa nola ekintzen ondoriozkoa. Hemen sartzen dira, besteak beste, datuen grabaketa, dokumentazio eta informazio zerbitzuak, memoriak idaztea eskatzen duten argitalpenak, bideoen, DVDen eta antzekoen edizioa, etab.

f) Saioetarako eta topaketetarako deia egitea, eta horiek prestatzea, dinamizatzea eta garatzea. Hemen sartzen dira, besteak beste, aretoak eta ikus-entzunezko ekipoak alokatzeko gastuak, baita honako hauekin zerikusia duten gastuak ere: prestaketa, dinamizazioa, hitzaldiak, material suntsigarria, etab.

g) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, eta abar).

h) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

i) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

j) Proiektuan sartutako jarduerekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak onartzen dituenak eta oinarri hauen 4.6 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.

4.5.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak.

Emandako dirulaguntzaren edo, hori baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu guztiaren %10 erabil daiteke objektiboki, gehienez, zeharkako gastu hauetarako: kudeaketa administratiboa, erakundearen lokalaren alokairua, argia, ura eta telefonoa; baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera gauzatzen den epean egin badira.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak, jarduerak eta gastuak:

4.6.1. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira deialdiaren oinarrien araberakoak ez diren proiektuak edota aisialdiko jarduerekin, jarduera ludikoekin edota boluntariotzako jarduerekin lotura dutenak.

4.6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen deialdi honetan:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, otordu eta antzekoen gastuak.

e) Erakundearen beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.

f) Material inbentariagarrien eta inbertsioen gastuak.

g) Jardueretan parte hartu dutenentzako eskersariak edo opariak, edonolakoak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Dirulaguntza inola ere ez da izanen proiektuaren guztizko kostuaren %80 baino handiagoa.

Erakunde bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu gehienez dirulaguntzaren kontzeptuan.

5.2. Balorazio teknikoan gutxienez ere 70 puntu lortu dituzten proiektuei soilik emanen zaie dirulaguntza.

5.3. Honela zehaztuko da zer zenbateko dagokion zehazki proiektu bakoitzari:

–70 eta 79 puntu bitarte eskuratzen dituzten proiektuek proiektuaren kostuaren %70 jasoko dute.

–80 eta 89 puntu bitarte eskuratzen dituzten proiektuek proiektuaren kostuaren %75 jasoko dute.

–90 eta 100 puntu bitarte eskuratzen dituzten proiektuek proiektuaren kostuaren %80 jasoko dute.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 1.2 eranskineko ereduekin bat:

a) Eskabidea eta eranskinak, behar bezala beteak, eskatutako zenbatekoa eta proiektuaren aurrekontua zein diren adierazita eta jardueren aurrekontua xehatuta. Dirulaguntzen eskaerak ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan eskura daiteke eskabide eredua. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa.

b) Erakunde eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak.

c) Baimena, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak egiazta dezan erakundeak egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baimen hori eman ezean, ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko dute, deialdia argitaratu ondotik egindakoa, frogatzeko elkarteak edo erakundeak badituela eguneratuak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Erakundearen legezko ordezkaritza daukan pertsonak egindako erantzukizunpeko adierazpena, puntu hauek baieztatzen dituena:

–Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

–Erakunde eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

–Erakunde eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

–Proiektuan arituko diren pertsonen soldataren guztizko zenbatekoa, toki ekintzako taldeen, garapenerako lankidetzako GKE-en, herritarren elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuen kasuan.

e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

6.2. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, halaxe xedatu baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan. Azken kasu horretan, dokumentua zer espedientetan dagoen zehaztu beharko da, eta, hala ere, aurkeztea errekeri dakieke. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Eskabideak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoan dagoen estekaren bitartez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/), 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, erakundeari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da eta, horrez gain, posta elektronikoz ohartarazpena bidaliko da eskaera ereduan Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbidera.

Proiektua deskribatzeko dokumentazioa ezin da zuzendu.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari dagokio.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, hau da, oinarri arautzaile hauetan aldez aurretik ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, diruz lagundutako proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatzen baitituzte; irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleituko zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

8.2. Eskaerak 1.1 eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz ebaluatuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Gutxienez ere 70 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsiko dira.

Proiektuak diruz lagungarriak ez diren ekintzak baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.

8.4. Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiari igorriko dio bere ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita erakunde onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria.–Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: erakunde eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren atarian eta web orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

9.3. Emateko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

10.1. Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egin daitezke:

a) Proiektua gauzatu bitartean egin beharreko jardueren aldaketak.

b) Proiektuan egin beharreko ekintzen berrantolaketa ekonomikoa.

10.2. Aurreko kasuetan, proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Erakunde interesdunak, proiektuan ez dagoen arren, dirulaguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen den beste jarduera bat (edo batzuk) egitea proposa diezaioke Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari.

Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 20 egun lehenago.

Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintza beretan justifikatu beharko dira.

Proposatzen den jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ordezten duen jardueraren maila edota konplexutasun tekniko bera izatea.

b) Oinarrietan ezarritako baldintza berberak betetzea, eta oinarrietan ezarritako modu berean aurkeztea.

Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta aldaketa horiek egiteko ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.

Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa espresuki baimendu edo ukatuko du Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak ebazpen bidez, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.

10.3. Proiektuan onartutako jardueretako bat egin gabe utzi behar denean, ez da aldaketarako aldez aurreko baimena eskatu beharko. Hala ere, jarduera horretarako aurreikusitako zenbatekoa ezin zaio gainerako jardueren aurrekontuari erantsi. Aurrekoa gorabehera, justifikazio agiriak aurkezten direnean, onuradunak behar bezala azaldu beharko ditu aldaketa horiek.

11. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

11.1. Dirulaguntza ordainduko da diruz lagundutako proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.

11.2. Dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak egin ondoren, erakunde onuradunek justifikatu beharko dute diruz lagundutako proiekturako jaso dituzten funtsak osorik aplikatu dituztela. Bi epe ezartzen dira jarduerako ordainketak eta gastuak egin izana frogatzeko: 2021eko ekainaren 15a eta azaroaren 15a, biak barne. Proiektua gauzatu izanaren justifikazio memoria aurkeztu beharko dute, 6. ereduko inprimakiaren araberakoa.

Memoriarekin batera, egindako ekintzen frogagiriak aurkeztuko dira, bai eta ekintza horien ondoriozko produktuen edo zabalkunde eta publizitaterako prestatutako produktuen frogagiriak ere.

–Proiektua gauzatzeko laguntza teknikoa kontratatuz gero, horren adierazpena, frogatzeko partaidetzaren arloan esperientzia duten pertsonak badituela eta horiexek direla proiektua gauzatzeko zuzeneko arduradunak.

–Fakturen zerrenda eta egindako ordainketen frogagiriak.

Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak dirulaguntzaren xede diren jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak zehazturik. Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

–Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatiko gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), erakundeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela legezkotasun irizpideei jarraikiz (herritarren erakundeen kasuan) eta efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz (gainerako entitateen kasuan), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu duela adierazteko betebeharra, hau da, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatzea egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, baita honako hau idaztea ere: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

–Egindako jardueren dokumentu bidezko frogak.

–Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zer zenbateko jaso duen eta nondik.

–Proiektua gauzatu bitartean hartan lanean ari diren pertsonen soldata gordinari buruzko adierazpena.

11.3. Instrukzio organoak antzemanez gero zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan (zuzentzeko modukoak beharko dute izan akats horiek; izan ere, eskaera aski ez bada, dirulaguntza itzultzeko arrazoia izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 27.8 eta 35.2.c artikuluekin), erakunde eskatzaileari eskatuko dio beharrezkoak diren frogagiriak aurkez ditzala 10 egun balioduneko epean, 887/2006 Errege Dekretuaren 71.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eginen da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskaera ereduan adierazitako posta elektronikora.

11.4. Egindako gastutzat joko da, oro har, bi justifikazio epeak bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2021eko ekainaren 15a eta azaroaren 15a baino lehen. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko data hori baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak benetan ordainduak izatea, horren arrazoia baldin bada likidatzeko borondatezko aldia oraindik irekita ez egotea. Edozein kasutan, mota horretako gastuen frogagiriak 2021eko abenduaren 5a baino lehen aurkeztu beharko dira.

12. oinarria.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren erakundeek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

13. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, eta idatziz eskatzea aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena; horren barruan da, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, erakunde onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkunde ekintza guztietan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren berri ematea.

i) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honetako 14. oinarrian ezarritakoarekin bat.

j) Erakunde onuradunak erabakitzen badu emandako dirulaguntzari uko egitea, horretarako hilabeteko epea izanen du dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaionetik; telematikoki emanen dio ukoaren berri Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari zuzenduta. Uko egindako zenbatekoa beste proiektu batzuei esleitzen ahalko zaie, baldin 5.2 oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu badute eta laguntzarik gabe gelditu badira aurrekontuan nahikoa kreditu ez izateagatik, edo, halako proiekturik ez badago, beste proiektu onuradunen artean hainbanatuko da.

14. oinarria.–Gardentasuna.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, 1.2 eranskineko 4. eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian erakundearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten erakunde onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Erakundeak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, erakundeak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.

15. oinarria.–Inbertitu gabeko gerakinak.

14.1. Dirulaguntza zertarako eman zen, helburu horiek bete ondoren eta baliabideak efizientziaz erabiltzearen poderioz gerakin inbertitugaberik baldin badago, horren barne direla diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak, onuradunek Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendariari eskatzen ahalko diote haiek erabiltzea izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz lagungarriak izan eta elkarte edo erakunde onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.

14.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.

14.3. Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendariak proposamena egin ondotik, ebazpena emanen du, gerakina zer dirulaguntzari aplikatu behar zaion, hura emateari buruzko ebazpena aldatuz, edo deskribatutako gerakinak itzul daitezen erabakiz.

16. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoek) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea ekarriko dute, baita berandutze interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

16.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen erakundeak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

17. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratzen denetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

19. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

1.1. ERANSKINA

Proiektuak baloratzeko irizpideak

BALORAZIO IRIZPIDEAK

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

PUNTU BERARIAZKOAK

PUNTU OROKORRAK

KALITATEA

Proiektuaren helburu orokorren deskripzioa

3

45

Jardueren helburu berariazkoen deskripzioa

5

Jardueren deskripzioa

17

Proiektuaren plangintza eta egutegia

5

Ebaluatzeko adierazleen deskripzioa eta koherentzia

10

Parte-hartzaileen zehaztapen argia

5

BERRIKUNTZA

Parte hartzeko aurreikusitako metodologiak

10

30

Proiektuaren helburu diren pertsonen interesa erakartzeko ahalmena

5

Beste entitate batzuetara transferitzeko eta errepikatzeko aukerak

5

Sormena eta originaltasuna

5

Proiektuaren jasangarritasuna, hau da, jasangarritzat joko da baldin eta proiektua bukatu ondoan ere haren onurek irauten badute edo horiek handitzen badira

5

SAREKO LANA

Herritarren beste erakunde batzuk proiektuan inplikatzea

5

10

Udalez gaindiko beste entitate batzuk proiektuan inplikatzea

5

GENERO IKUSPEGIA

Proiektua hizkera inklusiboz idaztea

1

5

Proiektuan genero irizpidea sartzeko aurreikusi diren neurriak

1

Proiektua gauzatzeko ardura duen lantalde teknikoak zer gaikuntza duen gizonen eta emakumeen egiazko berdintasunaren arloan. Hori frogatzeko, adieraziko da zer langilek gauzatuko duten, espresuki, kontratua, eta pertsona horiek zer titulazio, prestakuntza eta eskarmentu duten hizpide dugun arlo zehatz horretan

3

KOLEKTIBOEN INKLUSIOA

Integratzeko oztopoak dituzten kolektiboak sartzea proiektuan

2

5

Proiektuan sartzea askotariko pertsonen parte-hartzea errazten duten neurriak (jatorri desberdinak, sexu orientazio eta genero identitate desberdinak, aniztasun funtzionala, etnikoa edo erlijiosoa)

3

PROIEKTUAREN KOMUNIKAZIOA

Proiektuaren komunikazioa ziurtatzeko proposatutako neurriak

5

5

100

1.2. ERANSKINA

Inprimaki ereduak:

–1. eredua: Proiektuaren aurkezpena.

–2. eredua: Zuzendaritza Batzordearen osaera.

–3. eredua: Erantzukizunpeko adierazpena.

–4. eredua: Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

–5. eredua: Baimena, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak eska ditzan Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eman beharreko ziurtagiriak.

–6. eredua: Memoria eta gastuen justifikazioa.

–7. eredua: Gastuak justifikatzeko taula.

Inprimaki ereduak jaitsi:

PDF formatuan.

WORD formatuan.

Iragarkiaren kodea: F2015855