10. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLAIBAR

Ordenantza fiskala, lizentziak emateko eta hirigintzako jarduketak egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Olaibarko Udalak, 2020ko ekainaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lizentziak emateko eta hirigintzako jarduketak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren iragarkia 2020ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 10ean, eta jendaurrean egoteko legezko aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betikoz onetsirik gelditu dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Olaibarren, 2020ko abenduaren 4an.–Alkatea, María Carmen Lizoain Osinaga.

ORDENANTZA FISKALA, TASAK ARAUTZEN DITUENA LIZENTZIAK EMATEKO ETA HIRIGINTZAKO JARDUKETAK EGITEKO

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atala), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak egokitu daitezen indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei.

3. artikulua. Udalaren hirigintzako jarduketa hauek daude tasei loturik:

–Partikularrek aurkeztu antolamendurako plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak, xehetasun-azterketak, aurrerapen azterlanak, antolamendurako planen aurreproiektuak eta birpartzelazioak tramitatzea, edo hirigintzako agiriak aldatzea.

–Partikularrek aurkeztu urbanizazio proiektuak tramitatzea.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan zehaztutakoak, Zoruari buruzko 1976ko Legearen testu bateginaren 178.1 artikuluan zehaztutakoak.

Aipatze aldera, honako hauek dira:

–Birpartzelazioak egiteko lizentziak.

–Honako obra lizentzia hauek: etxe berriak egitekoak, etxeak eraberritzekoak, tramitazio laburrekoak, obra txikiak, etxeak mantendu eta apaintzekoak eta eraikuntza txikietakoak.

–Lehen erabilerako lizentziak edo, oro har, eraikinak eta instalazioak okupatzekoak.

–Lizentziak eraikinak eraisteko, eta bota, hustu eta apeoa egiteko obretarako.

–Lurrak mugitu, zelaitu eta erauzteko lizentziak.

–Emandako lizentzien aldaketak.

–Eraikinen erabilera erabat edo hein batean aldatzea.

–Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen testu bateginaren 136. artikuluaren babesean emandako behin-behineko lizentziak.

–Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren aurkezpena.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da jarduketa edo espedienteari hasiera emanen dion eskabidea aurkezten den unean, bai hirigintzako lizentzien kasuan, bai plan partzialen edo berezien eta haien aldaketaren, xehetasun-azterketen, birpartzelazioen, hirigintzako proiektuen eta ordenantza honen xede diren edo bere tarifen eranskinean agertzen diren hirigintzako izapide ororen tramitazioaren kasuan.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare berezia diren entitateak, baldin egindako hirigintzako jarduketak eskatu badituzte edo haien eragina edo onura hartzen badute.

Tarifak eta karga-tasak

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean ageri dira.

Lizentzien tramitazioa eta haien ondorioak

7. artikulua. Hirigintzako jarduketetarako eskabide guztiak eginen dira Olaibarko Hirigintzako Udal Planean eta aplikatzekoa den gainerako araudian aurreikusitako erari jarraikiz. Plana behin betiko onetsi zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren apirilaren 22ko 433/1997 Foru Adinduaren bidez (199ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 9an, argitaratu zen oso-osorik).

8. artikulua. Lizentzien iraungipenari dagokionez, Olaibarko Hirigintzako Udal Planean xedatuari jarraikiko zaio. Plana behin betiko onetsi zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren apirilaren 22ko 433/1997 Foru Adinduaren bidez (199ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 9an, argitaratu zen oso-osorik).

Kudeaketa arauak

9. artikulua. Organo eskudunak planeamenduko espedienteak onesten dituenean edo lizentziak ematen dituenean, tasa likidatzeari ekinen zaio, eta bertan subjektu pasiboaren izena, tasa likidatzeko arrazoia, tarifa eta tasaren zenbatekoa azaldu beharko dira.

10. artikulua. Aginduzko lizentzia ematen denean, behin-behineko likidazioa eginen da. Haren zerga-oinarria kasuan kasuko elkargo ofizialak ikus-onetsita aurkeztu den obra gauzatzeko aurrekontuaren araberakoa izanen da (beraz, ordainsariak eta industria-mozkina kenduta), edo udal teknikariek aurreikusitako exekuzio proiektuaren kostuaren araberakoa.

Ez dira tasaren zerga oinarriaren zati izanen bertze elementu batzuk, hala nola altzariak eta bertze, ezta obra proiektuan funtsezko ez diren bertze batzuk ere.

11. artikulua. Proiektu edo dokumentu berean dauden hirigintzako obrak edo jarduketak, ordenantza honetan ezarritako sailkapenaren arabera, kontzeptu bat baino gehiagori dagozkionean, tasaren zenbatekoa sortuko da tarifetan jarritako portzentajeak edo kopuruak aplikatzetik.

12. artikulua. Hasierako proiektua dagokion lizentzia eman ondoren aldatzen bada, lizentzia aldatzeko eskaera aurkeztu behar da, aurrekontu berriarekin batera, behin-behineko likidazio berria egiteko, aurrekontuan izandako aldaketaren arabera, lehenbizikoa gainditzen duen kopuru berean.

13. artikulua. Obra burutu edo behin-behinekoz onartu eta hurrengo hilabetean, inguruabar hori ziurtatzen duen aitorpena aurkeztuko da, obraren zuzendariak emandako ziurtagiriarekin batera, behar den elkargo profesionalak ikus-onetsia, bideragarria bada, zeinak obren kostu osoa ziurtatuko baitu.

14. artikulua. 12. eta 13. artikuluetan aurreikusitako bi kasuetan, aipatu kostua udal teknikariek aztertuko dute eta errealitateari ez zaiola egokitzen ikusten badute, egokitzen saiatuko dira, eta behin betiko likidazioa eginen da, obren kostu erreal eta benetakoa oinarritzat hartuz.

Partikularraren aldeko diferentziarik izanez gero, itzuli eginen zaio; Udalaren aldekoa bada, berriz, hura ordaintzeko hilabeteko epea emanen zaio. Ordaintzen ez badu, premiamendu bidez kobratuko da, besterik gabe.

15. artikulua. Tasen behin-behineko edo behin betiko likidazioa onartuta, interesdunari jakinaraziko zaio, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ezarritako epean ordaindu beharko du.

16. artikulua. Edozein motatako obra egitearen ondorioz eremu publikoa edo izaera publikoko bertze edozein elementu, instalazio edo azpiegitura kaltetu edo narriatzen bada, obraren sustatzailea beharturik egonen da hura konpontzera. Hala egin ezean, Udalak ahalmena izanen du egindako kalteak konpontzeko eta ondoren haien ordainketa obren sustatzaileari pasatzeko.

Tasaren sortzapena

17. artikulua. Lizentzia ematen den unean sortzen da tasa, eta 15 egun naturalean ordaindu behar da, eman egin dela jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Edonola ere, obrak egiten hasi aurretik ordaindu behar da.

Arau-hausteak eta zehapenak

18. artikulua. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa behin betiko onetsita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Ordenantza honek indarrik uzten ditu Obretarako lizentziak emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean jasotako xedapenak, baldin eta hemen adierazitakoaren aurkakoak badira. Ordenantza hori Olaibarko Udalak onetsi zuen 1992ko azaroaren 23an egindako bilkuran, eta 1992ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 21ean.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Antolamendurako edo Udal Plana aldatzeko plan partzial edo bereziak tramitatzea: 517,50 euro.

II. epigrafea.–Plan partzial edo berezien aldaketak tramitatzea: 465,75 euro.

III. epigrafea.–Xehetasun-azterketak, birpartzelazio eta urbanizazio proiektuak eta haien aldaketak tramitatzea: 465,75 euro.

IV. epigrafea.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluaren babesean emandako lizentziak.

IV.1. Finkak zatitu, banandu edo elkartzeko lizentziak: azaleraren arabera likidatuko dira.

–1.000 metro karratu edo zatiki bakoitza: 50 euro.

–Azalera txikiagoak: banandu edo elkartzen den lurzati bakoitza: 50 euro.

IV.2. Tramitazio laburreko obren lizentzia edo erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren aurkezpena.

Tasa honen kuota kalkulatzeko, 10. artikuluan xedatuari jarraikiz zehaztutako zerga-oinarriari honako karga-tasa hau aplikatuko zaio: OGAren (obra gauzatzeko aurrekontua) %0,10.

Gutxieneko tarifa, 50 euro.

IV.3. Lizentziak eraispen obretarako, eraikitze edo eraberritze lanetarako, instalazioetarako, zuhaitz-mozketarako, errotuluen instalaziorako eta oro har lizentzia behar duten gainerako ekintzetarako, baldin aurreko apartatuetan ez badaude:

Tasa honen kuota kalkulatzeko, 10. artikuluan xedatuari jarraikiz zehaztutako zerga-oinarriari honako karga-tasa hau aplikatuko zaio: OGAren (obra gauzatzeko aurrekontua) %0,10. Gutxieneko tarifa, 50 euro.

IV.4 Eraikinak eta instalazioak lehenengoz okupatzeko lizentziak: 170 euro.

Barne-urbanizaziorako proiektuaren zenbatekoa tasaren zerga-oinarriaren elementu bat da. Horretarako, interesdunek barne-urbanizaziorako proiektua aurkeztu beharko dute, aurrekontu eguneratuarekin batera.

Iragarkiaren kodea: L2016353