10. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

442/2020 FORU AGINDUA, abenduaren 28koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, prozedura garatzen duena Gizarteratzeko Aparteko Laguntzak balioetsi eta emateko.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duenak, gizarteratzeko aparteko laguntzak arautzen ditu, beste prestazio ekonomiko bermatu batzuen artean. Berriki onetsitako martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuak zenbait aldaketa ezartzen ditu Gizarte Zerbitzuen Zorroaren alderdi orokor batzuetan, besteak beste, gizarteratzeko aparteko laguntzetan. Aparteko laguntzeko arautze berri horrek laguntzen edukiarekin eta kudeaketarekin lotutako zenbait alderdi zehaztea eskatzen du, eta hori aurreko araudi bidezko garapena eguneratuz egin behar da.

Beraz, laguntza horiek arautu behar dira martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuan ezarritako manuetara egokituz (Foru Dekretu horren bidez aldatzen da ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena).

Horrenbestez, ikusita Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren aldeko irizpena, eta Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Irizpideak onestea Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren eranskinean (F10) ezarritako gizarteratzeko aparteko laguntzak balioesteko, bai eta laguntza horiek emateko prozedura ere.

2. Foru Agindu hau Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Indarrik gabe uztea 3422/2005 Ebazpena, abuztuaren 9koa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Gizarteratzearen Atalak ematen dituen laguntza berezien balorazioan eta kontzesioan aplikatu beharreko kontzeptuak, baldintzak, gehieneko zenbatekoak eta prozedura ezartzen dituena.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

ERANSKINA

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da gizarteratzeko aparteko laguntzak balioetsi eta emateko prozedura garatzea. Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren I. eranskinean (F10) daude jasota.

2. artikulua. Helburua.

1. Gizarteratzeko aparteko laguntzak izaera subsidiarioko prestazio ekonomikoak dira, behin bakarrik hartzekoak, ez aldian behin, helburu dutenak aparteko gastu berariazkoei erantzutea, ohiko etxebizitzaren bizigarritasunarekin eta ekipamenduarekin zerikusia duten berariazko arazoak konpontzeko, zorrak eta beste gastu batzuk ordainduz, baita erabilera libreko gastuak ere, foru agindu honetako araudiarekin bat.

2. Laguntza horien xedea da aparteko gastuei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonen behar espezifiko eta puntualei aurre egitea, baldin eta gastu horiei ezin bazaie erantzun beste prestazio edo laguntza batzuen bitartez edo ezin badira bideratu Nafarroako Foru Komunitatean dauden beste baliabide normalizatu batzuen bidez.

3. Laguntza horiek finalistak dira, hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.

3. artikulua. Bateragarritasuna.

1. Foru Agindu honen bidez arauturiko laguntzak bateragarriak dira xede berarekin emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta bi laguntzen baturak ez badu gainditzen laguntza balioesteko erabili den gastuen aurrekontua.

2. Dena dela, ezin izanen zaio aparteko laguntza bat eman pertsona bati haren familia-unitatea onuradun izan bada foru agindu honen 6.f) artikuluan ezarritako diruz laguntzen ahal den aldian.

4. artikulua. Pertsona onuradunak eta onartzeko baldintzak.

1. Laguntza hauen onuradun izanen dira norbanakoak edo familia-unitateetako kideak, baldin eta beren baliabideak nahikoa ez badira foru agindu honetan jasotako aparteko gastuei aurre egiteko eta horretarako baldintzak betetzen badituzte. Baldintzak eskabidea aurkezteko unean bete beharko dira.

2. Familia-unitateak definitu eta kontuan hartzeko, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 6. artikuluan eta gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzko apirilaren 25eko 26/2018 Foru Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

3. Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 18 urtetik goitikoa izatea, edo ardurapean seme-alaba adingabeak dituen adingabe emantzipatua, edo nazioarteko babesaren eskatzailea izatea eta pertsonen harrerarako eta integraziorako entitate akreditatuetariko batek antolatutako programan parte hartu izana, bere egoerari buruzko txostena aitzinetik aurkeztuta.

b) Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea, eskaera aurkezten den data baino bi urte lehenagotik gutxienez, edo urtebete, familia-unitatean adingabeak, mendekoak edo %65etik gorako desgaitasuna duten pertsonak badaude.

c) Aparteko gastuei aurre egiteko nahikoa baliabide ez izatea. Gabezia hori dagoela ulertuko da eskatzailearen eta, dagokionean, familia-unitateko gainerako kideen ahalmen ekonomikoa apalagoa denean, osotara, eskatzailearen familiaren osaeraren arabera dagokiokeen errenta bermatuaren zenbatekoaren halako bi baino.

d) Edozein administrazio publiko eskuduni aldez aurretik eskatu izana zuzenbideari jarraikiz legozkiokeen prestazioak, pentsioak edo sorospenak, edozein motatakoak; baita mantenu eta/edo konpentsazioko pentsioak ezarri eta ordaintzeko zuzenbide-akzioak baliatzea ere.

4. Aitzineko baldintzez gain, Nafarroako Gobernuan osasun arloko eskumena duen departamentuak halakotzat aintzatetsitako komunitate terapeutiko batean tratamendua jasotzen duten pertsonei laguntza aitortuko zaie gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuan eskaera erregistratu ondoko hilaren lehen egunetik aitzina. Era berean, erabilera libreko laguntzak ematen ahalko zaizkie behar bezala egiaztatutako gizarte-bazterketako egoitza-baliabideetan arreta jasotzen ari diren pertsonei.

5. Salbuespenez, laguntzen onuradun izaten ahalko dira, ezarritako baldintzak bete gabe ere, gizarte-bazterketa larrian daudenak, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzko apirilaren 25eko 26/2018 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aurrekontua badago.

5. artikulua. Kontzeptuak eta zenbatekoak.

1. Laguntzak kontzeptu eta zenbateko hauetarako emanen dira:

a) Ohiko etxebizitzako bizigarritasunarekin eta ekipamenduarekin lotutako laguntzak:

a.1) Ohiko etxebizitza egokitzea. Ohiko etxebizitza egokitzeko lantzat hartuko dira bero galerarekin, hezetasunarekin eta itoginekin lotutako obra txikiak edo konponketak, etxebizitza bizigarritasun eta isolamendu baldintzetan mantentzeko beharrezkoak, baldin eta aurrekontua ez bada kide bakar baten errenta bermatua halako 5,5 baino gehiago. Gehienez ere kide bakarraren hileko errenta bermatua halako 5,1 emanen da.

Gainera, bizigarritasun elementu espezifiko gisa hartuko dira honako hauek:

ETXETRESNAK

ONARTZEKO GEHIENEKO ZENBATEKOA

Hozkailua

400 euro

Garbigailua

380 euro

Sukaldea

380 euro

Ur-berogailua

380 euro

Berogailua

380 euro

Berokuntza eta ur beroko galdara

1.300 euro

Ez da laguntza hau jasotzeko eskubiderik izanen errentapeko etxeetan, etxebizitzaren bizigarritasuna mantentzeko konponketak egiteko betebeharra errentatzaileari dagokionean. Ez da laguntza jasotzeko eskubiderik izanen, halaber, hirugarren batek badu etxebizitza bizigarritasun egoeran mantentzeko erantzukizuna.

Egokitzapen lanei ekiteko ezinbestekoa izanen da familia-unitatearen jabetzako etxebizitzaren bizigarritasun-zedula izatea.

a.2) Ohiko etxebizitzako oinarrizko ekipamendua, gehienez ere kide bakarraren hileko errenta bermatua halako 2,9.

Oinarrizko ekipamendutzat hartuko dira behar-beharrezko altzariak, elementu hauek barne:

ELEMENTUAK

ONARTZEKO GEHIENEKO ZENBATEKOAK

Logela bikoitza

Somierra (150 × 190)

100 euro

Koltxoia (150 ×190)

200 euro

Armairua

250 euro

Banako logela

Somierra (90 × 190)

80 euro

Koltxoia

100 euro

Habia-ohea

200 euro

Literak

200 euro

Armairua

200 euro

Egongela

Sofa

250 euro

Mahaia eta aulkiak (egongelakoak edo sukaldekoak, aukeratzeko)

200 euro

Sukaldea

Sukalde funtzional/erabilgarri bat izateko altzariak

500 euro

b) Zorren eta bestelako gastuen ordainketarekin loturiko laguntzak:

b.1) Ohiko etxebizitzarekin lotutako zorrak, gehienez ere kide bakarraren hileko errenta bermatua halako 3,7 (gehienez ere sei hileko).

Erkidegoaren gastu orokorrak, ura, argia, saneamendua eta ekarpena sartzen dira.

b.2) Ohiko etxebizitzarekin lotutako zorrak eta errentamendu kontratu batetik heldu direnak (gehienez ere sei hileko), edo eskrituren ondoriozkoak, gehienez ere kide bakarraren hileko errenta bermatua halako 3,7.

Ondoko kontzeptu hauek hartuko dira kontuan:

1. Ohiko etxebizitzaren eskrituren, erregistroko idatzoharren eta horniduren kontratazioaren ondoriozko gastuak, Gizarte Integraziorako Etxebizitzen programako laguntzen bidez etxebizitza erostea erabaki duten familia-unitateen kasuan izan ezik.

2. Zorrak, ohiko etxebizitza erosteko maileguen amortizazioengatik eta interesengatik.

3. Errentamendu-kontratua formalizatzeko gastuak. Alokairuaren hil baten zenbatekoaren baliokidea den fidantza sartzen da.

4. Errentari bakoitzari dagokion ehunekoaren errentamendu-zorrak.

b.3) Gizarte Segurantzarekiko zorrak, epe motzean edo ertainean prestaziorik hartzea galarazten dutenak, gehienez ere kide bakarraren hileko errenta bermatua halako 5,1.

c) Laguntzak erabilera libreko gastuetarako (norberaren higienerako produktuak, arropa, garraioa eta abar), komunitate terapeutikoan tratamendua jasotzen duten pertsonendako: Laguntzaren zenbatekoa izanen da kide bakarraren hileko errenta bermatua halako 1,3, hau da, sei hilekoren pareko diru kopurua.

2. Edonola ere, gehieneko laguntza ez da kide bakarraren hileko errenta bermatua halako 5,1 baino gehiago izaten ahal. Gainera, artikulu honetan kontzeptu bakoitzerako ezarritako gehieneko zenbatekoa errespetatuko da.

6. artikulua. Balorazio irizpideak.

Laguntza alderdi hauek kontuan hartuz balioetsiko da:

a) Diru-sarrera konputagarriak. Eskubidea ebazteko eskaera aurkezteko hilean izandako diru-sarrerak hartuko dira kontuan. Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzko apirilaren 25eko 26/2018 Foru Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako kontzeptuen arabera balioetsiko dira. Diru-sarrera horiek ezin izanen dira izan eskatzailearen familiaren osaeraren arabera legokiokeen hileko errenta bermatua halako 2 baino gehiago.

b) Ondasun higigarriak. Kontuan hartuko dira kontu korronteko eta eperako gordailuak, akzioak, inbertsio funtsak eta pentsio funtsak, higigarrien baloreak, bizi-aseguruak erreskate kasuetan eta aldi baterako edo biziarteko errentak. Eskaera aurkezteko momentuko balio nominalaren arabera zenbatuko dira eta, diru-sarrera ekonomikoak bezala, ezin izanen dira izan eskatzailearen familiaren osaeraren arabera legokiokeen hileko errenta bermatua halako 2 baino gehiago.

c) Ondasun higiezinak. Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritako irizpideen arabera hartuko dira kontuan.

d) Balioespen soziala: kontuan hartuko da oinarrizko gizarte zerbitzuek egiten duten balioespena sortutako beharrari, gizarte-bazterketan dauden pertsonak gizarteratzeko duen garrantziari edo lehentasunari dagokienez. 5.a) apartatuko diruz laguntzen ahal diren elementuen bizitza erabilgarriaren eta zaharkitzapenaren irizpideen arabera, familia-unitateak eskatutako elementu bererako aparteko laguntzarik jaso badu lehendik, gutxienez 10 urte igaro behar izan dira laguntza emateko ebazpenaren datatik.

e) Gastuen aurrekontua: foru agindu honen 5.a) artikuluan laguntzen kontzeptu bakoitzerako ezarritako gehieneko mugak errespetatuko ditu. Aurkeztutako gehieneko aurrekontua diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoa baino handiagoa bada, zuzentzeko eskatuko da. Apartatu guztietan sartzen ahalko da elementuen garraioaren ondoriozko gastua, baldin eta gehieneko muga gainditu ez bada. 5.b) artikuluan jasotako laguntzen kasuan, laguntzaren xede den gastuen aurrekontuak foru agindu honetan ezarritako gehieneko zenbatekoak eta epeak gainditzen dituenean, adieraziko da nola eginen zaien aurre eskatu diren eta diruz lagundu ezin diren zenbatekoei. 5.c) artikuluko laguntzek ezarritako zenbatekoa gainditzen badute, kontzeptu horretarako gehieneko zenbatekoa emanen da, zuzendu beharrik gabe.

f) Diruz lagundutako aldiak: Kontzeptu bakoitzeko diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoa lortu ondoren, familia-unitateak ezin izanen du beste laguntza bat lortu kontzeptu beragatik azken laguntza eman zenetik 24 hilabete iragan arte.

Gainera, 5. artikuluko b) apartatuko laguntzen kasuan, 6 hileko zorrak lagunduko dira diruz, gehienez ere, urte natural bakoitzean.

Erabilera libreko laguntzen kasuan, diruz lagunduko dira egonaldiko sei hilabeteren gastuak. Gehienez ere 4 laguntza-aldi eskuratzen ahal dira, elkarren segidakoak edo ez.

g) Zorrak eta gastu orokorrak: Zorrak behar bezala justifikatuko dira erakunde hornitzailearen dokumentu baten bidez. Dokumentu horretan jasoko da zor bat dagoela eta zor hori zer epealdiri dagokion adieraziko da. Beste tresna edo dirulaguntza batzuen bidez ordaindu ez diren zorretarako emanen da laguntza.

5. artikuluaren b.2.1 eta b.2.3 apartatuetako gastuetarako, laguntza eskaeratik gertu dauden datetan formalizatutako errentamendu eta hornidura kontratuak izanen dira kontuan eta, edonola ere, eskaera-dataren aurreko 2 hiletan sinatutakoak, gehienez ere.

h) Diruz laguntzen ahal den zenbatekoa: Ohiko etxebizitzarekin lotutako laguntzen kasuan, emandako ehunekoa familia-unitateari dagokion jabetza edo alokairu ehunekoaren araberakoa izanen da, kontratuan jasotakoaren arabera.

7. artikulua. Prozedura.

1. Prozedura interesdunak oinarrizko erroldaren arabera dagokion gizarte zerbitzuan eskabidea aurkezten duenean hasiko da. Eskabidea behar bezala sinatuta egonen da, eta agiri hauek ere aurkeztuko dira harekin batera:

a) Eskatzailearen nortasuna eta familia-unitateko gainerako kideena egiaztatzen duen dokumentua.

b) Familia liburua, baldin badago, edo erregistro zibileko ziurtagiria.

c) Dibortzio epaia eta/edo hitzarmen arauemailea, dagokionean.

d) Errolda eta bizikidetasun agiria, Nafarroan bizitzen zenbat urte daramatzan adierazten duena.

e) Diru-sarrerak justifikatzeko agiriak.

f) Eskaeraren egunean familia-unitateko kide guztiek dituzten ondasun higigarrien zenbatekoa egiaztatzeko agiriak.

g) Zorra justifikatzen duen agiria edo laguntza eskatzeko behar espezifiko eta apartekoaren gastuen aurrekontua.

h) Txosten tekniko espezifikoak, halakorik behar duten kontzeptuetan.

i) Alderdi hauek jasotzen eta balioesten dituen txosten soziala: sortutako behar mota, behar horren premia, eskatzailearen egoera sozioekonomikoa, egoeraren ezohikotasuna eta erreferentziako oinarrizko gizarte zerbitzuko / auzoko unitateko profesionalaren proposamen teknikoa.

j) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera. Pertsona edo erakunde hartzailea eta eskatzailea pertsona bera ez badira, baimen espresua aurkeztu beharko da, orobat.

k) Genero indarkeriaren biktima izatearen froga. Genero indarkeriaren biktimek Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 4.2 artikuluan aurreikusitako bitartekoen bidez egiaztatuko dute hori.

l) Etxebizitza egokitzeko lanen kasuan, familia-unitatearen jabetzako etxebizitzaren bizigarritasun-zedula.

m) 5. artikuluko b.2.1 eta b.2.3 apartatuetako laguntzen kasuan, ohiko etxebizitzaren notarioaren erosketa dokumentua edo errentamendu kontratua eta/edo hornidura zerbitzuetako altak.

n) Sakelako gastuetarako laguntzetan, Komunitate Terapeutikoak zentroko txosten bat aurkeztu beharko du, eta bertan jasoko dira honako hauek:

a.–Pazientea Komunitate Terapeutikoan sartu zen data.

b.–Gastuen hileko aurrekontua.

c.–Laguntza kudeatzeko, jarraipena egiteko eta, emandako zenbatekoa guztiz erabiltzen ez denean, soberakina itzultzeko konpromisoa.

d.–Laguntzaren eskaera zehatzerako beharrezkotzat jo litezkeen bestelako agiriak, aurreko apartatuetan jaso ez direnak.

2. Administrazio jarduleak eskura dituen dokumentuei edo beste edozein administraziok eginikoei dagokienez, dokumentu horiek kontsultatzen edo eskatzen ahalko dira, salbu eta horri aurka egiten bazaio. Horretarako, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren dokumentu horiek.

Aurrekoa gorabehera, salbuespenez, aipatutako dokumentuak ezin badira eskuratu, berriz eskatzen ahalko zaio pertsona interesdunari horiek aurkezteko.

3. Aurkeztutako agirietan akatsik edo kontraesanik atzemanez gero, edo eskatutako baldintzak frogatzeko osatu beharra dagoela iritziz gero, eskatzaileari eskatuko zaio hamabost egun balioduneko epean akatsa zuzen dezala edo eskatutako agiriak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela.

8. artikulua. Prozedura ebaztea eta ebazpena emateko epea etetea.

1. Gizarteratzeko aparteko laguntzak izapidetu eta ebazteko organo eskuduna diru-sarrerak bermatzearen alorreko zerbitzu eskuduna izanen da.

Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena idatzi eta jakinarazteko gehieneko epea berrogeita bost egunekoa izanen da, eskaera Nafarroako Gobernuaren erregistro ofizialetako batean sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epea hilabetekoa izanen da eskatzailea indarkeria sexistaren biktima den emakume bat bada. Epe hori igarota, administrazioaren isiltasunez ezetsitzat joko da eskaera.

Laguntza ematen bada, ebazpenean pertsona onuraduna, laguntzaren kontzeptua eta zenbatekoa adieraziko dira. Emandako laguntza eskatutakoa baino gutxiago bada, murrizketa horren arrazoia adieraziko da.

Eskaera ukatzen bada, ukatze horren arrazoiak adieraziko dira.

Ebazpena laguntzaren onuradunari jakinaraziko zaio kasu guztietan.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea etenik geldituko da interesdunari eskatzen zaionean akatsak zuzentzeko eta beharrezkoak diren agiriak edo erabakitzeko beste elementu batzuk aurkezteko, errekerimendua jakinarazten denetik egiazki zuzendu edo aurkezten diren arte, edo, horrelakorik ezean, ematen den epea bukatu arte.

3. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena aurkaratzen ahalko da, administrazio prozedurari buruzko araudi orokorrean ezarritakoaren arabera.

9. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Emandako laguntzak ebazpenaren ondoren ordainduko dira, arau orokor gisa, ordainketa bakarrean. Aurrekoa gorabehera, etxebizitza egokitzeko laguntzen kasuan, ordainketa gastua justifikatu ondoren eginen da.

2. Oro har, eskatzaileak jasoko du laguntza. Salbuespenez, zilegi izanen da eskatzaileak baimendutako beste pertsona edo entitate bati ordaintzea. Sakelako gastuak ordaintzeko laguntzak direnean, Komunitate Terapeutikoari ordainduko zaio, ordainketa bakar batean.

3. Onuradunek zorrak ordaindu edo, dagokionaren arabera, diruz lagundutako elementuak erosi beharko dituzte, baita ordainketaren frogagiriak aurkeztu ere bi hilabeteko gehieneko epean, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Horrela egin ezean, laguntza itzultzeko dagokion espedientea abiaraziko da.

4. Etxebizitza egokitzeko obretarako laguntzei dagokienez, laguntzak egindako gastua justifikatu eta gero ordainduko dira. Egiaztagiri hori laguntza emateko ebazpena eman eta 12 hileko epean aurkeztu beharko da. Epe hori igarotzen bada gastuen egiaztagiria aurkeztu gabe, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da, eta laguntzaren konpromisoa deseginen.

5. 5. artikuluko b.2.3 apartatuan aipatutako laguntzen kasuan, fidantza eta lehen hilekoa errentamendu kontratuarekin justifikatuko dira, betiere dokumentu horretan espresuki jasotzen bada ordaindu direla.

6. Fakturek edo gastuen egiaztagiriek Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan zehaztutako datuak jasoko dituzte.

7. Era berean, egiaztatu beharko da fakturak ordaindu direla. Ondore horietarako, ordainketa egiaztatu dela joko da faktura edo egiaztagiriek hartze-agirian pertsona fisiko edo juridiko hartzailearen zigilua eta sinadura dutenean. Gastuak banku-transferentziaren bidez ordaintzen badira horren kopia erantsiko da.

8. Sakelako laguntzak Komunitate Terapeutikoari ordainduko zaizkio, hilean kontrola eta kudea ditzaten, gastua justifikatzeko beharrik gabe.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Aparteko laguntza jasotzen duten pertsonek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Oinarrizko gizarte zerbitzuetako / Auzoko unitateetako langileei laguntzea, ebaluatzeko lana erraztuz, eta beharraren egoera zehazteko eskatzen zaien agiriak aurkeztea.

b) Laguntzak oso-osorik bideratzea horiek emateko xedera, ordainketa egiaztagiriak ezarritako epeetan aurkeztuta.

c) Ordaintzeke dauden emandako laguntzen kasuan, gastua laguntza eman eta hurrengo 12 hiletan egitea.

d) Bidegabeki jasotako zenbatekoak itzultzea.

e) Erabilera libreko laguntzen jasotzaileak ez badu aitortutako epea amaitzen, alta ematen diotelako eta tratamendua uzten dutelako, komunitate terapeutikoak interesdunak erabili ez dituen hilekoei dagokien zenbatekoa itzuli beharko du.

11. artikulua. Laguntza itzuli beharra.

Aparteko laguntzak administrazio-prozedura erkidearen arabera itzuliko dira.

12. artikulua. Zenbatekoak eguneratzea.

Foru agindu honetan ezarritako zenbatekoak eguneratzeko aurreko urteko batez besteko KPIaren igoera erabiliko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arauak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko abenduaren 28an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2100161