97. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

402/2020 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, COVID-19ak eragindako krisia dela eta, ardi eta ahuntz aziendaren sektoreari laguntzeko, “minimis” araubideari lotutako ohiz kanpoko neurri bat emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena eta 2020ko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 504912.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiaren izaera eman zion COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdiari, gaitza nazioartean zabaltzeak herrialde guztietako osasun publikorako arriskua dakarrelako eta nazioarteko erantzun koordinatua eskatzen duelako. Testuinguru horretan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Alarma egoera deklaratzeak kalte larriak eragin ditu herritarren eguneroko bizimoduan eta ohituretan. Besteak beste, nekazaritzako eta abeltzaintzako zenbait produkturen kontsumoa aldatu da. Hala, batzuen demanda handitu da, eta beste batzuena oso modu nabarmenean erori. Beherakada jasan duten sektore horietako batzuetan, krisialdia kudeatzeko eta prebentzio neurriak ere hartu beharko dira, seguruenik. Horien artean nabarmenetakoa ardi eta ahuntz aziendaren sektorea da. Egungo krisiak ardi eta ahuntz produkzio mota guztietan du eragina, merkataritzako ustiategi gehienetan, kontuan hartu gabe aziendaren arraza edo ezaugarriak (esnetarako edo haragitarako).

Haragitarako ardi eta ahuntz aziendari dagokionez, kalte nagusia haragiaren merkaturatzean gertatutako beherakadatik dator, HORECA bideetan jarduerarik ez dagoelako. Egoera horretan, merkaturik ez badago, abeltzainek ezinezkoa dute arkumeak hiltegietara eramatea. Esnetarako aziendari dagokionez, bi arazo daude: batetik, ezinezkoa gertatu da esneko arkumeak edo antxumeak saltzea, eta bestetik, gazta egiten duten ustiategiek kalte handia hartu dute zuzeneko salmenta egiten dutelako tokian tokiko azoketan eta ostatu eta jatetxeetan, eta, orain, ezin dituztelako gazta produktuak saldu.

Ardi produktuen merkaturatzea %85 murriztu da. Txikizkako merkataritzara (harategiak) eta beste merkaturatzaile batzuetara bideratzen dena baizik ez da saltzen. Horri gehitu beharko diogu maiatzean erditzeak izanen direla abeltegietan, eta gehiago izanen direla merkatura atera ezin diren arkumeak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduak Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntza araubideen arabera nekazariei egiten zaizkien zuzeneko ordainketetan aplikatzeko arauak ezarri zituen, eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetu. Aipatu erregelamendu horren 52.2 artikulua aplikatuz, NPEaren 2015-2020ko erreforman, ardi eta ahuntz aziendaren sektoreari atxikitako laguntza bat ezarri zen Espainian, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren bidez (errege dekretu hori nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta laguntzeko beste araubide batzuen aplikazioari buruzkoa da, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketari eta kontrolari buruzkoa ere).

Laguntza honen helburua da sektoreari eusten laguntzea, COVID-19aren krisialdi larriak merkatuan eragin duena ikusirik.

Hala, proposatzen da 3 euroko laguntza ematea ardi edo ahuntz aziendako umetarako eme bakoitzeko.

Neurri hau Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduak ezartzen duenaren esparruan planteatzen da (erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorearentzako “minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da, eta Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean emandako 2019/316 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu zen). Erregelamendu horren 3.3 bis artikuluan ezartzen da ezen, 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoa gorabehera, Europar Batasuneko estatu batek ahalmena duela erabakitzeko “minimis” laguntzen bidez enpresa bakar bati ematen zaion zenbateko guztia ez izatea 25.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskaleko aldi batean, betiere hartan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Aipatu laguntzaren tramitazioa eta kudeaketa ahalik eta errazen egin ahal izateko, eskaera egiteko erabili beharko da Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien laguntza-eskaera bakarra atzemateko inplementatu den sistema.

Hautatua izateko eskatuko diren betebeharrak ardi eta ahuntz aziendako ustiategiei loturiko laguntzarako ezarritako berberak izanen dira, alegia, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan agertzen direnak (errege dekretu hori nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta laguntzeko beste araubide batzuen aplikazioari buruzkoa da, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketari eta kontrolari buruzkoa ere); salbuespena izanen da ustiategietatik ateratzen diren abelburuei dagokiena (gutxienez 0,6 arkume edo antxume, hautagarria den eme bakoitzeko), betiere kontuan harturik eskaera aurkeztu aurreko urteko ekainaren 1etik eskaera aurkezten den urteko maiatzaren 31 bitarte doan aldia, aldi horren zati batean abeltegiek izan dituzten merkaturatze arazoak arintzearren. Izan ere, hori da neurri hau onesteko arrazoi nagusietako bat.

Bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuarekin, espediente hau bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, lehen sektoreko zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduarentzat ezinbestekoa den prozedura bat delako.

Krisialdi honetan, lehen sektorea funtsezkoa da elikagaien hornidura bermatzeko, hala ezartzen baitu aurreko paragrafoan aipatutako errege dekretuaren beraren 15. artikuluak, non agintaritza eskudunak behartzen baitira hura bermatzeko neurriak hartzera. Laguntza hauek funtsezkoak dira nekazaritzari eusteko, eta ahalbidetzen dute herritarrentzako elikagaien hornidura egitea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ardi eta ahuntz aziendako ustiategientzako “minimis” laguntzen oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak.

2. 2020an ardi eta ahuntz aziendako ustiategientzako laguntzak emateko deialdia onestea.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

4. 1.300.000 euroko gastua baimentzea 2020ko Nafarroako Gastuen Aurrekontu Orokorren “COVID19: nekazaritzako sektorearentzako laguntzak” ‘izeneko 710001 71230 4700 414200 partidaren kargura.

5. Bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuarekin, espediente hau bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, abeltzaintzako ustiategiei likidezia ematen dien funtsezko prozedura bat delako, lehen sektorearen oinarrizko funtzionamendurako ezinbestekoa, haren mantenimendua eta elikagaien hornidura bermatzen baititu.

6. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 5ean.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

COVID-19ak eragindako merkatu krisia dela eta, ardi eta ahuntz aziendako ustiategiei emanen zaizkien “minimis” laguntzen oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko ardi eta ahuntz aziendako ustiategiei emanen zaizkien laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, COVID-19aren ondorioz deklaratutako alarma egoerak merkatuan eragindako aldaketak ustiategiei ekarri dizkien kalte ekonomiko larriak arintzea helburu.

2. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Gehienez ere 3 euroko laguntza emanen da ardi edo ahuntz bakoitzeko.

2. Dirulaguntzen deialdi hau “minimis” araubidearen menpean dago. Araubide hori Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarrita dago, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektorean “minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoan (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa), zeina, gero, Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean emandako 2019/316 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu baitzen (L51 I Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2019ko otsailaren 22koa).

3. Onuraduna edozein dela ere, minimis laguntza hauek, guztira, ezin dira 25.000 eurotik gorakoak izan, hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan neurtuak. Era berean, hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan emandako minimis laguntzetan pilatutako guztizko zenbatekoa ezin da izan II. eranskinean adierazitako muga nazionala baino handiagoa, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

a) Produktu sektore bakar baten onerako diren laguntzen kasuan, hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan pilatutako guztizko zenbatekoa ez da handiagoa izanen 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 4. apartatuan ezarritako muga sektoriala baino.

b) Europar Batasuneko estatuak erregistro zentral nazional bat izanen du, 6. artikuluaren 2. apartatuarekin bat.

4. Minimis laguntzak emantzat hartuko dira enpresari onartzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea, kasuan-kasuan aplikatzekoa den araubide juridiko nazionalaren arabera, kontuan hartu gabe enpresari zein egunetan ordaintzen zaion minimis laguntza.

5. 2., 3. eta 3.bis apartatuetan ezarrita dauden minimis laguntzen gehieneko mugak eta muga nazional eta sektorialak aplikatuko dira edozein dela ere minimis laguntzak emateko modua edo bilatzen den helburua, eta kontuan hartu gabe Europar Batasuneko estatuak ematen duen laguntza Europar Batasunaren baliabideekin finantzatzen den osorik edo partez. Hiru ekitaldi fiskaleko aldia kalkulatuko da erreferentzia gisa hartuta enpresak kasuan kasuko estatuan erabiltzen dituen ekitaldi fiskalak.

6. 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2., 3. eta 3 bis apartatuetan ezarritako minimis laguntzen gehieneko mugen eta muga nazional eta sektorialen ondorioetarako, laguntza hauek eskudirutan ordaindutako dirulaguntza gisa adieraziko dira. Erabiltzen diren zifra guztiak gordinak izanen dira, hau da, zergak eta bestelako kargak kendu aurretikoak. Laguntza ematen bada dirulaguntza gisa ez den beste modu batean, laguntzaren zenbatekoa izanen da haren baliokidea den dirulaguntza gordina.

7. Minimis laguntza gehiago ematen bazaizkio eta, horrenbestez, gainditzen badira minimis laguntzen gehieneko mugak eta muga nazional eta sektorialak, 2., 3. eta 3 bis apartatuetan ezarrita daudenak, laguntza berri horietako bat ere ezin izanen da erregelamendu honi lotu.

3. oinarria.–Onuradunak eta betebeharrak.

1. Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuak, zeinak arautzen baitu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta laguntzeko beste araubide batzuen aplikazioa, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere, 71. eta 74. artikuluetan xedatzen du laguntza hauen onuradun izan daitezkeela urtero laguntza bakarraren barruan laguntza hau sartzen duten ardi eta/edo ahuntz aziendako abeltzaintzako ustiategien titularrak, baldin eta aipatutako errege dekretuan horrelako ustiategiei lotutako laguntzetarako ezarritako baldintzak betetzen badituzte, salbu eta 71.4.b) artikuluan eta 74.4.b) artikuluan xedatutakoa ustiategitik atera beharreko arkumeen eta antxumeen gutxieneko kopuruari buruz.

2. Onuradun izanen dira, orobat, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 84. artikuluan aipatutako ardi eta ahuntz aziendako abeltzainak.

3. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

4. oinarria.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

1. Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 70. eta 73. artikuluetan bildutako laguntza atxikiak zer eta zenbat abelbururentzat eskatu diren eta zenbat abelburu deklaratzen diren, laguntza-eskaera haientzat dela ulertuko da (errege dekretu horrek arautzen du nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta laguntzeko beste araubide batzuen aplikazioa, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere).

2. Laguntza eskatuko da Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarraren bidez. Eskaera horiek telematika bidez aurkeztuko dira, horretarako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin dagokion lankidetza-hitzarmena izenpetu duten entitate laguntzaileen bidez. Eskatzaileak berak ere zuzenean aurkezten ahal ditu, bere ziurtagiri digitala erabiliz, Nafarroako Gobernuaren web-orrian eskuragarri dagoen “Laguntzak Kudeatzeko Sistema” (LKS-SGA) aplikazioaren bidez.

3. Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 95. artikuluan ezarritakoa izanen da aurkezteko epea. Errege dekretu horrek ezarri zuen nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen aplikazioa, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

5. oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Dirulaguntza zuzeneko prozeduraren bidez emanen da.

2. Dirulaguntza hauek emanen dira Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kasuan kasuko aurrekontu-aplikazioan kreditu egoki eta aski baldin badago. Dena dela, dagokion aplikazioa handitzen ahalko da onartzen diren obligazioak berdindu arte.

6. oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

7. oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jasota, Nekazaritza Zerbitzuak eskatzaileak 1., 3. eta 4. oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko du.

Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko du Nekazaritza Zerbitzuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaerak ebaluatu eta gero, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena egingo du. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzeko txostena aurkeztuko da.

3. Dirulaguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, non aipatuko baititu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jaso dituen gainerako laguntza guztiak.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte onuradun bati emandako “minimis” laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

8. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

9. oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntza ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Laguntzen helburua bete dela justifikatzeko, zenbat ardi eta ahuntz buru dituen deklaratu beharko da.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Laguntza hauek bateragarriak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, betiere errespetatzen badira Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritako mugak (erregelamendu horrek zehazten du nola aplikatu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “minimis” laguntzei nekazaritza sektorean).

2. Laguntza hauek aldi baterako laguntza-neurri batzuekin pilatzen ahalko dira, zehazki, COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia bultzatzeko estatu-laguntzen neurriei buruzko aldi baterako esparrua ezartzen duen Batzordearen Komunikazioarekin bat onetsi direnekin.

13. oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2004777