97. ALDIZKARIA - 2020komaiatzaren11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

158/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 6koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 17ko 132/2020 Foru Agindua aldatzen duena. Haren bidez, prebentzio neurriak eta gomendioak ezartzen dira adinekoen, desgaitasuna dutenen eta adingabeen esparruan, koronabirusaren (COVID-19) eboluzio epidemiologikoak eragin duen alarma egoerak irauten duen bitartean.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez. Horren ondorioz, mugitzeko muga zenbait ezarri ziren, baina neurri horiek bete beharretik kanpo utzi ziren funtsezko zerbitzuak, besteak beste, adinekoak, adingabeak, dependentzia duten pertsonak, desgaitasunen bat dutenak edo bereziki ahulak diren pertsonak zaindu eta haiei laguntzearekin lotuta daudenak.

Gero, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez, hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz. Agindu horren 2. artikuluko 1. apartatuan ezarri zen zentro horiek jardunean segitu behar dutela, eta, COVID-19ak eragindako larrialdi egoera dela kausa, ezin dutela jarduerak ixtea, murriztea edo etetea edo lan kontratuak bertan behera uztea dakarren inolako neurririk hartu, salbu eta autonomia erkidegoko agintaritza eskudunak, gertatzen diren inguruabarrak ikusita, erabakitzen badu ez dela beharrezkoa zentroak jardunean segitzea.

Era berean, martxoaren 27ko 9/2020 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluak ezartzen du, batetik, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez ezarritako alarma egoerak iraun bitartean, adinekoen, dependentzia duten pertsonen edo desgaitasuna duten pertsonen gizarte zerbitzuak, edozein dela ere haien titulartasuna (publikoa edo pribatua) edo kudeaketa araubidea, errege dekretu horretan ezarritako helburuak lortzeko funtsezko zerbitzutzat hartuko direla, betiere Eskubide Sozialetako eta 2030 Agendako Ministerioak zehaztutakoaren arabera, eta bestetik, funtsezko zerbitzuak direnez, aurreko apartatuan adierazitako establezimenduek jardunean segitu beharra dutela, eta beren jarduera partez murriztu edo eteten ahalko dutela, bakar-bakarrik, agintari eskudunek baimentzen diotenaren arabera.

Eskumen horiek erabiliz, Eskubide Sozialetako kontseilariak, martxoaren 17ko 132/2020 Foru Aginduaren bidez, zenbait kasu zehaztu zituen gizarte zerbitzuei dagokienez, jarduerak neurri batean edo bestean eteteko.

Ministroen Kontseiluak 2020 apirilaren 28an Normaltasun berriranzko plana onetsi ondoren, zenbait ministro aginduren bidez onetsi da nola berreskuratzen ahal diren, zenbait fasetan, eten ziren jarduerak, betiere egiaztatuz gero, zenbait adierazleren arabera, baldintza eta helburu batzuk betetzen direla eta, era berean, behar diren bermeak ezarriz gero kutsatze arriskua ahalik eta txikiena izan dadin eta jarduerara itzultzeko prozesua segurua izan dadin, bai zerbitzuetako egoiliarrentzat edo erabiltzaileentzat, bai zerbitzu hori ematen duten langileentzat.

Zehazki, maiatzaren 3ko SND/388/2020 Aginduak, 1.2 artikuluko 2. paragrafoan, ezartzen du ezen, deusetan galarazi gabe martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak baimentzen dituen jarduerak, gizarte zerbitzuen egiazko erreaktibazioa sustatuko dela normaltasun berriranzko planaren 0 fasean beharrezkoak diren langile guztiak lanera itzuliz. Maiatzaren 3ko SND/386/2020 Aginduan, berriz, 1. fasean baimendutako jarduerak garatzeko baldintzak ezarri ziren.

Normaltasun berriranzko trantsizio planaren II. eranskinean aurreikusten denez, gizarte zerbitzuen esparruan, gizarte zerbitzuak mailaz maila jarriko dira martxan berriz, lehentasuna emanez giza talde behartsuenei, ezartzen diren osasun aholkuei jarraikiz. Besteak beste, eta desgaitasuna dutenei arreta emateari dagokionez, arreta goiztiarraren terapiak, terapia okupazionalak, errehabilitazio terapiak eta terapia psikosozialak. Aurreikusten da, halaber, etxeko laguntza eta zahar-etxeetan bizi ez diren adinekoen etengabeko jarraipena berreskuratzea, eten bazen.

Aurreko guztia kontuan harturik, bidezkoa da aurrez aurreko arretarik gabe edo etenik utzitako jarduera batzuen egiazko erreaktibazioa sustatzea, maiatzaren 3ko SND/388/2020 Aginduan, edo kasua bada, maiatzaren 3ko SND/386/2020 Aginduan ezarritako betebeharrak betez; era horretan, gainera, saihestuko da, eten digitala dela kausa, herritar batzuek jaso nahi luketen aurrez aurreko arreta ezin jasotzea.

Horiek guztiak horrela, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 14.1 e) artikuluan ezarritakoaren babesean,

AGINTZEN DUT:

1. Apartatu hauek aldatzen dira Eskubide Sozialetako kontseilariak martxoaren 17an eman 132/2020 Foru Aginduan, zeinaren bidez prebentzio neurriak eta gomendioak ezartzen baitira adinekoen, desgaitasuna dutenen eta adingabeen esparruan, koronabirusaren (COVID-19) eboluzio epidemiologikoak eragin duen alarma egoerak irauten duen bitartean:

1.–Honela idatzita geldituko da 1. apartatua (Adinekoei zuzendutako neurriak eta gomendioak):

“1. Egoitza zentroak:

a) Egoitza zentroetarako bisiten etenaldiari eusten zaio; salbuespena izanen da erabiltzaileak bere senideen laguntza behar duela beharrezkotzat jotzea (hori egoitza zentroak berak baloratuko du), eta senideen agurra erraztea egoiliarraren azken egunetan.

b) Egoiliar berriak hartzen ahalko dira. Osasun Departamentuaren gomendioak betez, zentro batean lehendabiziko aldiz ingresatzen direnei proba diagnostiko bat (PCR) eginen zaie, baita antigorputzen testa ere, egoitzaren espazioa ere babestearren.

c) Aldi baterako egonaldiek eta ahaideei atseden ematekoek (aparteko kasuak izan ezik) bertan behera jarraitzen dute; suspertzeko egonaldiak, aldiz, mantenduko dira.

d) Beste egoitza zentro batzuetatik lekuz aldatzeagatik datozenak ingresatzen ahalko dira, komeni denean egoiliarraren arreta beharrengatik, betiere Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak baimendu ondoan (aurrerantzean PAGNA).

2. Eguneko egonaldiak, eguneko zentroak eta autonomia sustatzeko zerbitzuak:

Zerbitzu horiek bertan behera jarraitzen dute. Hala ere, etxean arretarik gabe gera daitezkeen kasuak artatzen direla ziurtatzeko, zentroek pertsona bakoitzaren egoera indibiduala baloratuko dute, eta behar diren laguntzak antolatuko dituzte; gainera, telefono bidezko jarraipena ezarriko dute erabiltzaile guztientzat.

3. Erretiratuen elkarteak:

Zerbitzuek etenda jarraitzen dute alarma egoerak irauten duen bitartean.”

2.–Honela idatzita gelditzen da 2. apartatua (Desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako neurriak eta gomendioak):

“1. Egoitza zentroak:

a) Bisiten etenaldiari eusten zaio II. fasera arte; salbuespena izanen da erabiltzaileak bere senideen laguntza behar duela beharrezkotzat jotzea (hori egoitza zentroak berak baloratuko du), eta ahaideen agurra erraztea egoiliarraren azken egunetan.

b) Egoiliar berriak hartzen ahalko dira zentroetan. Aldi baterako egonaldiak premia justifikaturik dagoen kasuetara mugatzen dira, eta PAGNAk baimendu beharko ditu.

c) Egoitza zerbitzuen erabiltzaileek jarraitzen dute atera ezinda beren etxera joateko.

2. Esku-hartze Soziokomunitariorako taldea:

Aurrez aurreko arretari eusten zaio, ezpada pertsonek beste laguntza-modalitate batzuk behar dituztela.

3. Eguneko zentroak, eguneko egonaldietarako zerbitzuak, zentro okupazionalak eta errehabilitazio psikosozialerako zentroak:

Osasun Ministerioaren Normaltasun berriranzko trantsizio planak deskonfinamenduaren I. faserako ezartzen du zentro okupazionalak, errehabilitaziokoak eta psikosozialak irekitzea desgaitasuna dutenentzat. Ildo horretan, zentroek beharrezko prebentzio neurriak hartu beharko dituzte, eta bermatu neurri higienikoak eta urruntze sozialekoak hartzen direla zerbitzua berriz irekitzeko. Horretarako, esku-hartzeak egokitu beharko dituzte, laneko dinamika aldatuz beharrezkoa balitz, prebentzio neurri horiek betetzen direla bermatzeko. Honako hauek izan daitezke aldaketa horiek, besteak beste: asistentzia txandak sartzea, taldeko jardueretan parte hartzen dutenen kopurua murriztea edo garraio ibilbideak handitzea, betiere ezertan galarazi gabe maiatzaren 3ko SND/388/2020 eta 386/2020 aginduetan zehaztutakoa. PAGNAra igorri beharko dizkiote hartutako babes neurriak eta pandemiaren aurreko egoeraren aldean aldatu diren jardueren proposamena.”

3.–Azpiapartatu hauek aldatzen dira 3. apartatuan (Neurriak eta gomendioak adingabeen zerbitzuen arloan):

1. 3.1. apartatua aldatzen da, eta honela gelditzen dira idatzita d) eta e) letrak:

“d) Egoki diren osasun neurriak hartuta atera eta mugituko dira adingabeak, eta egoitzako garraiobide pribatuak izanen du lehentasuna garraio publikoaren gainetik.

e) Egoitzatik kanpoko pertsonen bisitak baimentzen dira (egoitzan bizi diren adingabeen senideenak barne), baita aurrez aurreko bisitak egiteko ateraldiak ere”.

2. 3.1. apartatuko f) letra kentzen da.

3. 3.2 apartatua aldatzen da, eta honela idatzia gelditzen da:

“a) Taldeko jarduerak baimentzen dira, baita etxeko bisitak, bilerak eta jarduerak ere.

b) Aurrez aurre egiten ahalko dira etxeko bisitak eta harrera/adopzioa egiten duen familiaren jarraipenak eta arreta, baina lehentasunezkoa izanen da arreta eta jarraipen telematikoa (posta elektronikoa, bideodeia/bideokonferentzia).

c) Baimentzen da adingabeek aurrez aurreko bisitak egitea senideekin eta bizikidetza-gunetik kanpoko senideen etxera joatea.”

4.–3.3.1. apartatua aldatzen da, eta honela gelditzen dira idatzita a), b) eta c) letrak:

“a) Baimentzen da senideek bisitak egitea egoiliarrei eta haiekin kontaktuan egotea.

b) Aisialdiko talde-irteerak baimentzen dira.

c) Baimentzen da egoiliarrek asteburuko baimenak eta baimen arruntak hartzea”.

5.–3.3.2 apartatua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“a) Mailaz maila eginen dira berriz tokiz aldatzea eta banaka eta taldeka hartu-emana izatea eskatzen duten jarduerak edo neurriak, betiere kasuan kasuko epaitegiari jakinarazita.

b) Eguneko zentroak jardunari ekinen dio.”

6.–3.3.3 apartatua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen dira b), c), d), e) eta f) letrak:

“b) Baimentzen da etxeko bisitak egitea eta aurrez aurreko arreta ematea familia eta adingabeekin.

c) Baimentzen da aurrez aurreko koordinazio bilerak eta saioak egitea, baina lehentasunezkoak izanen dira hartu-eman telematikoak.

d) Baimentzen da bisitak eta programatutako trukeak egitea familia elkartzeko guneetan. Horren berri eman beharko zaie lehenbailehen familiei eta dagozkien epaitegiei.

e) Baimentzen da Familia Bitartekotza eta Orientabide Zerbitzuek saio terapeutikoak egitea.

f) Adingabeentzako eguneko zentroaren jardunari eusten zaio, bermeak errespetatuz betiere, adingabeentzat eta haien familientzat.”

2. Apartatu berri bat eransten da, izen honekin: 3 bis.–Dependentziaren balorazioa eta prestazioa aldatzeko eskaera; honela idatzita gelditzen da:

“1.–Dependentziaren balorazioa: aintzat hartuz eskatzailearen osasun egoera eta kontuan izanik irizpide teknikoa nahiz jasotako informazio klinikoa, dependentziaren balorazioak egin daitezke, hala behin betikoak nola behin-behinekoak, eta balorazioa ez da etxean egin beharrik.

2.–Prestazio aldaketa: dependentzia duen pertsona bat prestazio edo zerbitzu baten onuraduna denean, prestazioa aldatzeko eskaera egin dezake zuzenean departamentuari igorriz edo, posta elektronikoaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Banakako Arreta Programen Bulegora zuzenduta, kasuan kasuko oinarrizko gizarte-zerbitzuaren edo osasun zentroaren bidez formalizatu beharrik gabe.”

3. Aurreko apartatuen ondorioz berreskuratzen diren jarduerak egiteko, neurri hauek hartu beharko dira kontuan: maiatzaren 3ko SND/388/2020 Aginduaren 2. artikuluan establezimendu eta lokalentzat ezarritako higiene neurriak; jendearentzat ireki ondoren, haietan lan egiten duten langileentzako arriskuen prebentzio neurriak, agindu horren beraren 3. artikuluan ezarrita daudenak; eta establezimendu eta lokal horien barruan erabiltzaileei aplikatu beharreko higiene eta babes neurriak, agindu horren beraren 4. artikuluan ezarrita daudenak; eta, kasua bada, maiatzaren 3ko SND/386/2020 Aginduaren 8. artikulutik 11.era bitartekoetan ezarrita daudenak.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 6an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004779