97. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

157/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 5ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Eskubide Sozialetako kontseilariak martxoaren 17an emandako 130/2020 Foru Agindua aldatzen duena eta, horrekin batera, gizarte zerbitzuetako egoiliarrak edo erabiltzaileak eta, orobat, zerbitzu horiek ematen dituzten langileak babesteko prebentzio neurriak hartzera premiatzen duena. Aipatutako 130/2020 Foru Aginduaren bidez, prebentzio neurriak eta gomendioak hartu ziren oinarrizko gizarte zerbitzuetan (OGZ), gizarte zerbitzuen zentroetan (GZZ), gizarteratze eta laneratze taldeetan (GLT), haurrei eta nerabeei laguntzeko taldeetan (HNLT), genero indarkeriaren biktimei osoko arreta emateko taldeetan (GIBOAT), etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeetan (EGT) eta etxegabeendako harrera zerbitzuetan, koronabirusaren (COVID-19) eboluzio epidemiologikoak eragin duen alarma egoerak dirauen bitartean aplika daitezen.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratu zen. Horren ondorioz, mugitzeko muga zenbait ezarri ziren, baina neurri horiek bete beharretik kanpo utzi ziren funtsezko zerbitzuak, besteak beste, adinekoak, adingabeak, mendekotasuna duten pertsonak, desgaitasunen bat dutenak edo bereziki ahulak diren pertsonak zaindu eta haiei laguntzearekin lotuta daudenak.

Gero, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez, hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz. Agindu horren 2. artikuluko 1. apartatuan ezarri zen zentro horiek jardunean segitu behar dutela, eta, COVID-19ak eragindako larrialdi egoera dela kausa, ezin dutela jarduerak ixtea, murriztea edo etetea edo lan kontratuak bertan behera uztea dakarren inolako neurririk hartu, salbu eta autonomia erkidegoko agintaritza eskudunak, gertatzen diren inguruabarrak ikusita, erabakitzen badu ez dela beharrezkoa zentroak jardunean segitzea.

Era berean, martxoaren 27ko 9/2020 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluak ezartzen du, batetik, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez ezarritako alarma egoerak iraun bitartean, adinekoen, mendekotasuna duten pertsonen edo desgaitasuna duten pertsonen gizarte zentroak, edozein dela ere haien titulartasuna (publikoa edo pribatua) edo kudeaketa araubidea, errege dekretu horretan ezarritako helburuak lortzeko funtsezko zerbitzutzat hartuko direla, betiere Eskubide Sozialetako eta 2030 Agendako Ministerioak zehaztutakoaren arabera, eta bestetik, funtsezko zerbitzuak direnez, aurreko apartatuan adierazitako establezimenduek jardunean segitu beharra dutela, eta beren jarduera partez murriztu edo eteten ahalko dutela, bakar-bakarrik, agintari eskudunek baimentzen diotenaren arabera.

Eskumen horiek erabiliz, Eskubide Sozialetako kontseilariak, martxoaren 17ko 130/2020 Foru Aginduaren bidez, gizarte zerbitzuei dagokienez, jarduerak neurri batean edo bestean eteteko zenbait kasu zehaztu zituen.

Ministroen Kontseiluak 2020 apirilaren 28an normaltasun berriranzko trantsizio plan bat onetsi ondoren, zenbait ministro aginduren bidez onetsi da nola berreskuratzen ahal diren, zenbait fasetan, eten ziren jarduerak, betiere egiaztatuz gero, zenbait adierazleren arabera, baldintza eta helburu batzuk betetzen direla eta, era berean, behar diren bermeak ezarri dira kutsatze arriskua ahalik eta txikiena izan dadin eta jarduerara itzultzeko prozesua segurua izan dadin, bai zerbitzuetako egoiliarrentzat edo erabiltzaileentzat, bai zerbitzu hori ematen duten langileentzat.

Zehazki, maiatzaren 3ko SND/388/2020 Aginduak, 1.2 artikuluaren 2. paragrafoan, ezartzen du ezen, deusetan galarazi gabe martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak baimentzen dituen jarduerak, gizarte zerbitzuen egiazko erreaktibazioa sustatuko dela normaltasun berriranzko trantsizio planaren 0 fasean beharrezkoak diren langile guztiak lanera itzuliz. Maiatzaren 3ko SND/386/2020 Aginduan, berriz, 1. fasean baimendutako jarduerak garatzeko baldintzak ezarri ziren.

Aurreko guztia kontuan harturik, bidezkoa da ahal izanez gero aurrez aurreko arretarik gabe edo etenik utzitako jarduera batzuen egiazko erreaktibazioa sustatzea, maiatzaren 3ko 388/2020 Aginduan ezarritako betebeharrak betez; era horretan, gainera, saihestuko da, eten digitala dela kausa, herritar batzuek jaso nahi luketen aurrez aurreko arreta ezin jasotzea.

Horiek guztiak horrela, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 14.1.e) artikuluan ezarritakoaren babesean,

AGINTZEN DUT:

1. Eskubide Sozialetako kontseilariak martxoaren 17an emandako 130/2020 Foru Aginduan apartatu batzuk aldatzen dira, beherago zehazten den bezala. Foru agindu horren bidez prebentzio neurriak eta gomendioak hartu ziren oinarrizko gizarte zerbitzuetan (OGZ), gizarte zerbitzuen zentroetan (GZZ), gizarteratze eta laneratze taldeetan (GLT), haurrei eta nerabeei laguntzeko taldeetan (HNLT), genero indarkeriaren biktimei osoko arreta emateko taldeetan (GIBOAT), etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeetan (EGT) eta etxegabeendako harrera zerbitzuetan, koronabirusaren (COVID-19) eboluzio epidemiologikoak eragin duen alarma egoerak dirauen bitartean aplika daitezen.

1.–“Oinarrizko Gizarte Zerbitzuendako neurriak” izeneko 2. apartatuaren 1. puntua honela idatzita gelditu da: “Aurrez aurreko zerbitzua ematea bermatuko da, foru agindu honen 2. apartatuan ezarritako babes neurriak errespetatuta, baita arreta telefoniko eta telematikoa ere, oinarrizko gizarte zerbitzuen harremanetarako telefonoak eta arreta-orduak jakinaraziz eta toki entitate bakoitzaren leku ikusgarri batean eta webgunean argitara emanez. Horretarako, toki entitateak behar diren antolaketa neurriak hartu beharko ditu.”

2.–2. apartatuaren 2. puntua kentzen da.

3.–2. apartatuaren 5. puntua honela idatzita gelditu da: “Taldekako jarduerak eta jarduera komunitarioak egiten ahalko dira, baldin eta foru agindu honen 2. apartatuan bildutako babes neurriak betetzen badira.”

4.–4. apartatuan, izena duena ”Honako zerbitzu hauendako neurriak: gizarte zerbitzuen zentroak (GZZ), gizarteratze eta laneratze taldeak (GLT), haur eta nerabeei laguntzeko taldeak (HNLT), genero indarkeriaren biktimei osoko arreta emateko taldeak (GIBOAT), etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeak (EGT)”, 1. puntua aldatzen da, eta honela idatzita gelditu da: “Aurrez aurreko zerbitzua ematea bermatuko da, foru agindu honen 2. apartatuan ezarritako babes neurriak errespetatuta, baita arreta telefoniko eta telematikoa ere. Horretarako, harremanetarako telefonoak eta arreta-orduak jakinaraziko dira, entitate bakoitzaren leku ikusgarri batean jarriz eta, ahal izanez gero, webgunean ere argitaratuz.”

5.–4. apartatuaren 2. eta 3. puntuak kentzen dira.

6.–4. apartatuaren 5. puntua honela idatzita gelditu da: “Taldekako jarduerak eta jarduera komunitarioak egiten ahalko dira, baldin eta foru agindu honetan bildutako babes neurriak betetzen badira.”

7.–4. apartatuaren 6. puntua honela idatzita gelditu da: “Behar-beharrezkoak diren egoeretan eginen dira etxeko bisitak, gomendatutako higiene-neurriak harturik. Etxez etxeko bisitaren aurretik, telefonoz jarriko dira harremanetan, sukarra edo arnasketa-sintoma akutuak dituen eta baieztatutako kasuren batekin harreman estua izan duen jakiteko. Kasu positiboa bada edo ikertzen ari bada eta bakartuta badago, dagokion osasun etxeari/zentroari galdetuko zaio jarduteko protokoloaz eta hartu beharreko babes-neurriez.”

2. Aurreko apartatuaren ondorioz berreskuratzen diren jarduerak egiteko, neurri hauek hartu beharko dira kontuan: maiatzaren 3ko SND/388/2020 Aginduaren 2. artikuluan establezimendu eta lokalentzat ezarritako higiene neurriak; jendearentzat ireki ondoren, haietan lan egiten duten langileentzako arriskuen prebentzio neurriak, agindu horren beraren 3. artikuluan ezarrita daudenak; eta establezimendu eta lokal horien barruan erabiltzaileei aplikatu beharreko higiene eta babes neurriak, agindu horren beraren 4. artikuluan ezarrita daudenak.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta ukitutako toki entitateei eta zerbitzuei igortzea.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 5ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004768