97. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

64/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 5ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuaren lehenengo hiruhilekoari dagokion kuota, 30/2020 Foru Agindua aplikatzearen ondorioz sortua, murrizten duena, eta foru agindu horrek garatutako araubideei uko egitearen efektuak aldatzen dituena. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 24ko 30/2020 Foru Aginduaren bidez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua garatzen dira 2020. urterako.

COVID-19 koronabirusaren bilakaerak sortu duen egoeraren ondorioz, zeharo ohiz kanpokoa baita, premiazko neurri bereziak hartu dira, osasun publikoko arrazoietan oinarrituta. Neurri horiek sektore ekonomiko ugariren jarduera geldiarazi dute eta nabarmen eragin diete PFEZean zenbatespen objektiboaren araubidea eta BEZaren araubide erraztua dituzten subjektu pasiboei. Araubide horiek dagozkien indizeak eta moduluak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 24ko 30/2020 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren.

Aipatu araubideak aplikatzeak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo BEZaren kuoten etekin garbia zehaztea dakar, jarduera ekonomiko hori garatzeko ahalmena neurtzeko zeharkako unitateen arabera. Ahalmen hori nabarmen desberdina da orain, 30/2020 Foru Agindua egiteko eta onesteko orduan kontuan hartu zenarekin alderatuta.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez, COVID-19 koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko presako neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legeak, zeina martxoaren 25eko 2/2020 Lege Dekretuaren ondorioa baita, 13.2 artikuluan kendu zuen lehen eta bigarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak egiteko beharra. Hori horrela, une honetan ez da premiazkoa PFEZaren indizeak eta moduluak aldatzea. Jarduera bakoitzean komenigarriak izan daitezkeen aldaketak egite aldera, zuhurragoa da alarma egoeraren eta ondorengo egoeraren eragina jakin arte itxarotea.

BEZari dagokionez, aldiz, lehenengo hiruhilekoari dagokion autolikidazioa aurkezteko epea ekainaren 1era arte luzatu den arren, 30/2020 Foru Aginduak onetsitako indizeak eta moduluak aplikatzeak egungo diru-sarreren errealitatearekin bat ez datozen zenbatekoak sortuko lituzke. Horrenbestez, bidezkoa da murriztapen bat egitea, lehen hiruhilekoan etenaldiak iraun duen denboraren proportzio berean.

Horrenbestez, foru agindu honek ehuneko 20ko murriztapena ezartzen du balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuaren lehenengo hiruhilekoari dagokion kuotan 30/2020 Foru Aginduak II. eranskinean jasotako jardueretarako, salbu funtsezkoak izateagatik etenaldirik izan ez duten jarduerak: elikadura, salgaien garraioa eta mezularitza.

Foru agindu baten bidez ezarriko dira, kasua bada, 2020. urteko gainerako hiruhilekoen kasuan aplikatuko diren murriztapen-portzentajeak, alarma egoeraren ondoriozkoa den jarduerarik gabeko aldia eta jarduera sektore bakoitzak dituen inguruabar bereziak kontuan hartzeko beharrezkoa den informazioa bildu ondoren.

Bestalde, aipatu den 7/2020 Foru Legeak ekainaren 1era arte luzatu zuen honako araubide hauei uko egiteko agiria aurkezteko epea: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezia. Uko egiteak hiru urterako ondorioak ditu, gutxienez, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 33. artikuluan (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) ezarritakoaren arabera.

Subjektu pasiboak, COVID-19ak eragindako larrialdi egoeraren ondorioz, 2020. urtean aipatu araubideak aplikatzeari uko egiteko beharrean egoten ahal direnez, beharrezkotzat jotzen da uko egiteko modua malgutzea. Horrenbestez, ukoa 2020ko martxoaren 7tik ekainaren 1era arteko tartean aurkezten duten subjektu pasiboak zenbatespen objektiboaren araubideari atxikitzen ahalko zaizkio 2021. urtean, betiere hura aplikatzeko baldintzak betez gero eta egindako ukoaren ezeztapena horretarako ezarritako epean eta moduan aurkezten badute. Bestela, uko egiteak Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren aipatu 33. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Horrenbestez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta balio erantsiaren gaineko zergaren foru-araudien bidez emandako gaikuntzak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuan 2020an sorrarazitako hiruhilekoko kuotaren kalkulua.

1. Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuaren mende dauden subjektu pasiboek, baldin eta 30/2020 Foru Aginduak II. eranskinean jasotako jarduerak egiten badituzte, ehuneko 20ko murriztapena aplikatuko diote lehenengo hiruhilekoari dagokion sartu beharreko kuotari. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 24ko 30/2020 Foru Aginduaren bidez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua garatzen dira 2020. urterako.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoa ez zaie aplikatuko loteria salmentagatiko komisioei, ezta honako jarduera hauei ere:

EJZ

JARDUERA
EKONOMIKOA

642.1, 2 eta 3

Txikizkako harakinek urdaitegiko produktuak prestatzea

642.5

642.5 epigrafean oilaskoak erretzeagatik matrikulaturiko txikizkako merkatariak

644.1

Ogia, pastelak, gozokiak eta antzekoak eta esnea eta esnekiak txikizka saltzea

644.2

Ogiaren, ogi berezien eta opilen saltokiak

644.3

Pastelen, opilen eta gozogintzako produktuen txikizkako merkataritza

644.6

Ore frijituen (estalkia edo betegarria izan ala ez), patata frijituen, zizka-mizken, fruitu lehorren, gozokien, txokolatekien eta edari freskagarrien txikizkako merkataritza

647.1, 2 eta 3

652.2 eta 3

eta 662.2

647.1, 2 eta 3, 652.2 eta 3 eta 662.2 epigrafeetan matrikulaturiko txikizkako merkatariak loteriak merkaturatzeko zerbitzuagatik

722

Salgaien errepideko garraioa

849.5

Mezuen eta mandatuen garraioa, jarduera hori bakar-bakarrik norberaren garraiobideekin egiten denean

3. Artikulu honetan xedatutakoa kontuan hartuko da erregularizazioa egiteko orduan, betiere hura egin behar bada, Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamendua onesten duen 86/1993 Foru Dekretuaren 27.3 artikuluan eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 24ko 30/2020 Foru Aginduaren argibideetan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua. PFEZren zenbatespen objektiboko araubideari eta BEZaren araubide erraztuari eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubideari uko egitearen aldi baterako ondorioen muga 2020ko zergaldirako.

1. Jarduera ekonomikoak egiten dituzten subjektu pasiboek, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko araubideari edo balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuari edo nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide bereziari uko egiteko agiria 2020ko martxoaren 7tik ekainaren 1era arteko tartean aurkezten badute, araubide horiei atxikitzen ahalko zaizkie 2021eko ekitaldian, betiere hura aplikatzeko baldintzak betez gero eta egindako ukoaren ezeztapena horretarako ezarritako epean eta moduan aurkezten badute.

2. Aipatu araubideak aplikatzeko baldintzak bete arren subjektu pasiboak 2021eko ekitaldian ez badu aurkezten ezeztapena, uko egitearen ondorioak Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 33. artikuluak (erregelamendu hori maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) eta Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 22.1. artikuluak (erregelamendu hori martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) ezarritakoak izanen dira. Epea kontatuko da uko egiteak ondorioak dituen ekitalditik.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, aginduan berean aurreikusitako ondorioekin.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 5ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2004767