9. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

232E/2019 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana; honen bitartez ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen zaio proiektu honi: “Urzante” jabeen erkidegoaren zenbait lurzatitarako behe tentsioko banaketa linea elektriko berria jartzea Cascanteko 10. poligonoan. Sustatzailea Manuel Rubio Luis da, “Urzante” jabeen erkidegoaren ordezkaria.

2019ko martxoaren 6an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaerari sarrera eman zitzaion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuan aurreikusitako jarduketa da lur azpiko linea jartzea Cascanteko 10. poligonoko 536., 537., 538., 542., 543., 544. eta 545. lurzatiei energia emateko. Lurzati horietan daude Urzanteko aisialdiko etxolen finkak.

Espedientean Cascanteko Udalaren txostena ageri da. Bertan adierazten denez, eraikuntza egin nahi den lursailak honela daude kalifikatuta udal planeamenduan: lurzoru urbanizaezina, nekazaritzako produktibitate ertainekoa (ustiategi naturalen babesa).

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak proposamenaren aurkako txostena egin du, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz; adierazi du ezin dela baimendu hirigintzaren ikuspuntutik legezko egoeran ez dauden eraikin eta instalazioetan esku hartzeko jarduketarik. Hori horrela da arrazoi hauengatik:

–Eskaeraren xede diren lurzatiek dituzten erabilerak (igerilekuak, lorategiak, eta lurzoru urbanizaezinarekin lotuta ez dauden erabilerak) ez dira lurzoru urbanizaezineko berezko erabilerak, ez dutelako loturarik nekazaritzako, basogintzako, abeltzaintzako edo ehizako helburuekin, ezta baliabide naturalak modu arrazionalean erabiltzeko beste batzuekin ere. Erabilera horiek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 108.2 artikuluan definiturik daude.

–Lurzoru urbanizaezinean urbanizazio bat sortu da eta bertan txaletak, igerilekuak eta lorategiak eraiki dira; ez dute zerikusirik nekazaritza edo baratzezaintzako jarduerekin, Udalak emandako lizentziek justifikatu zituzten horiekin, eta zerbitzu honetan ez dago jasota lurzoru urbanizaezinean jarduera horietarako baimenik izapidetu denik.

–Proiektatutako energia elektrikoaren sarea ezin da ulertu lurzatietan dauden instalazio eta eraikinetatik bereiz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, lehendik dauden eraikuntza, instalazio eta eraikinek legezko egoeran egon behar dute. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskaerak lehendik dauden erabilerak eta jarduketa eta eraikuntzak legeztatzeko eskaera ere bildu beharko du.

Ingurumen Eraginaren Atalak aurkako txostena eman du, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena aintzat harturik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea proiektu honi: “Urzante” jabeen erkidegoaren zenbait lurzatitarako behe tentsioko banaketa linea elektriko berria jartzea Cascanteko 10. poligonoan. Sustatzailea Manuel Rubio Luis da, “Urzante” jabeen erkidegoaren ordezkaria.

2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Cascanteko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (11. barrutia, Tuterakoa), eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 13an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F1916123