9. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Udal ordenantza, Ezkontza zibilak eta hil berrien aldeko agur edo omenaldi zibilak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2019ko irailaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Ezkontza zibilak eta hil berrien aldeko agur edo omenaldi zibilak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespen hori 2019ko 207. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 18an, eta jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza.

Horren ondorioz, bidezkoa da testua osorik argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Lekunberrin, 2019ko abenduaren 5ean.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

I. ERANSKINA

Udal ordenantza, Ezkontza zibilak eta hil berrien aldeko agur edo omenaldi zibilak arautzen dituena

HITZAURREA

Jakina denez, estatu akonfesional batean, erakundeek pertsonen askatasun ideologiko eta erlijiosoa bermatu behar dute, baita haiei aukera berdintasuna eskaini ere. Era berean, agerikoa da gure gizartearen dibertsitate ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala, gure gizartea askotarikoa baita eta gure artean etengabe eraldatzen baitira ohituren eta ekitaldi sozialen adierazpenak.

Gaur egungo gizartean beharrezkoa da ezkontza eta agur zibilak egiteko aukera ematea, ospakizun duin eta pertsonalak egin ahal izateko erlijiorik gabe bizitzea hautatu duten pertsonen omenez, hildakoaren bizi ikuskeraren arabera, alegia.

Gure gizartean eta gure herrian berean erlijio desberdinen jarraitzaileek hildakoak omentzeko ospakizun liturgikoak antolatzeko tokiak edo tenpluak dituzten gisa berean, Lekunberriko Udalari dagokio gure herritarrek gero eta maizago eskatzen duten behar sozialari erantzutea.

Beraz, ordenantza honen bidez arautu nahi dira, batetik, Lekunberriko ezkontza zibilak, eta bestetik, familiek, lagunek, erakundeek edo entitateek beren hildakoen omenez egiten dituzten omenaldi edo agurrak.

I. TITULUA

Ezkontza zibilak

I. KAPITULUA

Prozedura abiaraztea

1. artikulua.

Herritar guztiek, Lekunberrin erroldaturik egon ala ez, eskatzen ahalko diote Udalari ezkontza zibilak egitea Lekunberriko udal-mugartean. Eskaerak zeremonia egiteko egunaren eta orduaren erreserba baizik ez du ekartzen berekin; horregatik, Lekunberriko Udaletxearen barnean ezkontza zibila egin ahal izateko nahitaezko baldintza izanen da lehenago titularrek aldeko auto irmoa lortzea organo judizial eskudunaren aldetik (Erregistro Zibila, bake epailea eta abar), aldez aurretik haren aitzinean tramitatuta Kode Zibilean ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen espedientea.

Eskaera Lekunberriko Udalak horretarako ematen duen inprimakian egin beharko da; hura, baldintza guztiak bete ondoan, Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, ezkontza egiteko finkaturiko eguna baino hilabete lehenago, gutxienez.

Noiz eskatzen diren eguna, ordua eta lokala, ordena horri hertsiki loturik eginen dira erreserbak. Udalak lokal horien erabilerari dagokionez dituen premien arabera emanen da baimena, ordenantza honen 3. artikuluan xedatuarekin bat.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez baimenduko dira eguna eta ordua, baita ezkontza zibila egitea zer zinegotziren eskutan utziko den ere, hala egiten bada.

2. artikulua.

Ezkontzak egiteko ordutegi zehatzik finkatu ez den arren, ordua ospakizuna zuzenduko duen pertsonarekin adostuko da.

3. artikulua.

Ezkontza zibilak egiteko Udalak jarri duen lehentasunezko tokia Udaletxeko osoko bilkuren aretoa da. Aipatu aretoa okupaturik badago, beste toki bat utziko da ezkongaien eskura; bestela, ezkontza beste egun batean egiteko aukera izanen dute. Nolanahi ere, ezkontza herriko beste edozein tokitan ere eskatzen ahal da.

Udal jarduera dela-eta edo aurreikusi gabeko bertze arrazoiren bat dela-eta ezin bada ezkontza egin finkaturiko egun eta orduan, horren berri emanen zaie ezkontzen direnei, Alkatetzarekin aitzinetik ados jarrita, hura egiteko ordua, eguna edo tokia aldatzeko.

II. KAPITULUA

Zeremonia nola gauzatuko den

4. artikulua.

Zeremonia alkateak zuzenduko du, bake epaileak edo zinegotzi batek, haren eskutan utzi bada; horiek, ezkontzen direnekin mintzatuta, askatasun osoa izanen dute nola gauzatuko den finkatzeko. Hala ere, ezkontza zibilak izan ditzan legeak ematen dizkion ondorioak, nahitaezkoa izanen da Kode Zibileko artikulu aginduzkoen irakurketa.

5. artikulua.

Ekitaldia jasota gera dadin, ezkontzen direnek, lekukoek eta zeremonia zuzentzen duenak ezkontza egin izanari dagokion akta sinatuko dute, horretarako jasotzen dena.

II. TITULUA

Agur zibilak

I. KAPITULUA

Prozedura abiaraztea

6. artikulua.

Araudi honen helburua da agur zibilak egiteko Udalaren baimena eta lokalen eta espazio publikoen erabilera arautzea, Lekunberriko udal-mugartean.

7. artikulua.

Alkateak emanen du agur zibiletarako gordetzen diren guneak erabiltzeko baimena, betiere Lekunberriko Udalaren erregistroan eskabidea aurkezten duen ahaideak edo pertsonak bidali beharko dituen agiriak jaso ondoren.

II. KAPITULUA

Prozedura abiaraztea

8. artikulua.

Agurrak egiteko eskabideak berehalakotasun-printzipioaren arabera tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen duelako, eta horiek ebazteko eskumena duen pertsonari igorriko zaizkio.

9. artikulua.

Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

Zeremonia egiteko baimena eskatzen duenaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa.

Zenduaren izen-abizenak.

Eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer ordutan egin nahi den agur zibila, baita horretarako zer leku hobesten den ere.

Eskabidea zein toki eta egunetan aurkezten den.

Eskatzailearen sinadura edo, bestela, edozein bide erabili beharko da haren nahia benetakoa dela frogatzeko.

Ekitaldiaren deskribapen laburra, zer behar den orobat adierazita. Eskatzaileak aretoan dauden baliabideak erabili ahal izanen ditu. Beste baliabide batzuk behar izanez gero, erabiltzailearen kontura izanen da horien erabilera, betiere, Udalak aldez aurretik baimenduta.

Administrazioa ahaleginduko da adierazitako tokia, eguna eta ordua errespetatzen, eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari begira betiere. Kasu berezietan hurrenkera hori aldatzen ahalko da, aldaketa hori behar bezala arrazoitzen bada.

10. artikulua.

Eskabidean aurreko artikuluan zehazturiko baldintzak betetzen ez badira, interesdunari ahalik eta agudoen eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko agiriak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen, edo ondoren.

III. KAPITULUA

Instrukzioa

11. artikulua.

Eskatzaileek lehenetsitako egun eta orduen ordena kontuan izanik zehaztuko dira lekua, eguna eta ordua. Udal aretoen erabileraren ondorioz, zenbaitetan ezin izanen dira utzi eskabidean adierazitako orduetan. Nolanahi ere, horrelakoetan erabakia behar bezala arrazoituta egon beharko da eta zegokien eskubidean aldaketa jasan dutenei entzun beharko zaie.

12. artikulua.

Eskabidea ikusita, agur zibila Udalaren zein aretotan eginen den erabakiko da. Osoko bilkuren aretoa erabiliko da, oro har. Agur bakoitzerako lokala zein izanen den erabakitzeko, kontuan hartuko da aukeratutako egunak eta orduak ez ditzatela oztopa lokal horietan egiten diren ohiko jarduerak. Lokala hautatzeko orduan, haren edukiera ere hartuko da kontuan.

13. artikulua.

Agur zibilak astelehenetik igandera egiten ahal dira. Agurretan ezin izanen da gorputza bertan eduki.

III. TITULUA

Eskatzaileen betebeharrak

14. artikulua.

Eskatzailearen betebeharra izanen da udal lokalak txukun edukitzea ezkontza eta agur zibiletan.

Honetarako erabiliko diren aretoak behar bezala zaintzen direla bermatzearren, baimena eskuratzen duen pertsona kalte edo hondamenen erantzulea izanen da, eta berak ordaindu beharko ditu kalteen gastuak.

15. artikulua.

Debeku da arroza edo gisakoak botatzea udal lokalen barnean, ezta Udaletxeko karrerapean edo inguruetan ere, arriskutsua izan bailiteke. Betebehar hori bete ezean, Udalak ez du inola ere erantzukizunik izanen. Beraz, arau hori ez betetzeagatik istripuren bat edo antzekoren bat gertatuz gero, ospakizuna eskatu duten pertsonena izanen da erantzukizuna. Eskaeran behar bezala jasoko da pertsona horiek arauaren berri dutela eta hura betetzeko hitza ematen dutela.

Udal egoitza erabiltzearen ondorioz edo baldintza hauek ez betetzearen ondorioz kalterik egiten bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute; Udalak haiei pasatzen ahalko die konponketen kostua, baita, hala behar badu, udal egoitza lehengoratzeko lanen kostua ere, aitzinetik behar den espedientea irekita; hartan, hamar eguneko epea izanen da alegazioak egiteko.

16. artikulua.

Aretoa eskatu duen pertsonaren ardura da edukiera ez gainditzea (80 lagun), eta hori ez betetzeagatik istripuren bat edo antzekoren bat gertatuz gero, harena izanen da erantzunbeharra.

17. artikulua.

Ahaideek edo adiskideek lokala modu berezi batean apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Lekuaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta haien kontura izanen dira lokalaren apainketa eta egokitze gastuak, behar den garbiketa berezia barne. Zeremonia bukatuta, ezin izanen da lokalean ez apaingarririk ez hondarrik utzi (loreak, konfetia, paperak...), ez barnean ez kanpoan, hura zeremoniaren aurretik zegoen bezalaxe utzi beharko baita.

Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia gauzatzeko zerbitzu osagarriez. Lekunberriko Udalak zerbitzu horiek ikuskatuko ditu, nolanahi ere.

18. artikulua.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

19. artikulua.

Bi ospakizunetarako, Lekunberrin erroldaturik ez daudenek 50 euroko tasa ordaindu beharko dute.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lekunberriko Alkatetzari baimena ematen zaio honako ordenantza hau aplikatzeko behar diren jarduketa guztiak egin ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

TARIFEN ERANSKINA

Ezkontza zibila egiteko tasa: 50 euro.

Agur edo omenaldi zibila egiteko tasa: 50 euro.

Iragarkiaren kodea: L1915652